Kanpainaurreko lehen ordu eta egunak erronka honen alde positiboetako bat deskubritzeko baliagarriak izan dira niretzat.
Bada ikusten ez den zerbait, esango nuke miresgarria, giza dimentsio oso sakon bat guztion artean osatzen dugun komunitate honetan. Honelako momentu intentsoetan azaleratzen da gure arteko konplizitatea eta zaintza. Nola gauden galdetzea, nola lo egin dugun, ondo jaten ote dugun, denbora hartzen ote dugun etxekoekin egoteko, kirola egiteko, etb. Elkarri egiten dizkiogun galderak dira kotxean goazela, herrietara goazenean eta jendearekin egoteko aukera daukagunean. Nik sentitu dut babes hori eta saiatzen naiz babes hori ematen taldekideei eta bidelagunei. Lehen pertsonan sentitu dut eta oso benetako da.
Lehengo egunean, Arabako Errioxan sentitu nuen komunitate honek badaukala lurralde irismen nahikoa eta zenbat jende dagoen Euskal Herriaren luze zabalean komunitate honen balio sistema ezin hobeto ordezkatzen duena. Zaintzen dugu elkar eta horrelako momentuak, batzuetan intentsoak, arindu egiten ditugu. Indargarria da. Ondo goaz, ondo ari gara. Aurrera beraz, bide ederra dugu aurretik.