Pello
Otxandiano
Kanpo

Kaixo!

Begiradak

Administrazioaren modernizazioa

Administrazioaren modernizazioa da daukagun zeregin politiko handietako bat. Administrazioak eraldaketa sakona behar baitu, ezbairik gabe. Izan ere, nahi dugu sektore publikoak lidergo rola joka dezan gizarte eraldaketan eta bereziki ekonomiaren garapenean. Horretarako, sektore publikoak ekonomia arloan duen zeregina birdefinitu egin behar da. Ikuspegi partziala nagusi da oraindik ere (enpresa energetikoen gaineko zergari buruzko eztabaidan berretsi denez); horren arabera, sektore publikoa aberastasuna kendu edo banatzen duen eragilea da, baina ezin du izan berritzailea, aberastasuna sortzen duena eta arriskuak hartzen dituena. Ikuspegi hori kalte ari zaio egiten lankidetza publiko-pribatu dinamiko eta interesgarri bat eraikitzeko aukerari.

Sektore publikoak aldaketa teknologikorako norabide bat sortu behar du, eta horretan inbertitu. Garaileak identifikatzeko eta aukeratzeko ahalegin zehatzak egin beharrean, garapen ekonomiko eta teknologikorako norabide bat proiektatzeak aukeren panorama zabaltzen du. Sektore publikoak aukera hori lankidetza publiko-pribatu orekatu eta arduratsuaren bidez baliatzeko prest egongo diren eragileen sare bat sortzea eskatzen du horrek. Alde horretatik, gobernuen zereginak proaktiboa izan behar du, sektore pribatua sustatuko duen eta berehalako erronkei eta epe luzekoei soluzioak emango dizkien industria estrategia modernoa sortuz. Dilema ez da ziklo ekonomikoaren fase atzerakorrean ekoizpena eta kontsumoa nola berreskuratu, hau da, merkatuaren akatsak zuzentzen dituen estatu keynestarra; baizik instituzioak eta enpresak merkatu sortzaile aktiboak izango diren misioek gidatutako berrikuntza politika. Laburbilduz, nola erlazionatzen diren erakunde publikoak eta pribatuak, arriskuak partekatuz baina baita onurak ere.

Hori posible izan dadin behar dugu, besteak beste, administrazio gaitu eta eraginkor bat, eta horretarako administrazioa modernizatu egin behar da. Lau hanka, gutxienik, ikusten dizkiot modernizazio horri:

  1. Langile publikoen lan eta soldata baldintzak bermatzea.
  2. Langile publikoen etengabeko formazioa eta gaikuntza: Administraziorako sarbidea definitzea eta kontu-emate mekanismoak birdefinitzea. Finean, administrazioaren funtzionamenduaren kontrol demokratikoa ziurtatzea.
  3. Administrazioaren digitalizazioa, zeinak funtzionamendu burokratikoa arindu behar duen eta gobernu ona deritzana garatzeko bidea ekarri behar duen: gardentasuna, parte-hartze politikoa.
  4. Birgaitze demokratikoa: Azken urte luzeetan garatu den erakundetze ereduak eta bere aparatu burokratikoak bezeria sare zabala sortu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Udalek, Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak, edota administrazioen bestelako fundazioek eta agentziek, erakundeak eta enpresak elkar berrelikatzeko sistema bat dutela erabat agerikoa da. Errealitate hau, ikuspegi demokratikotik, erabat deitoragarria da.

Elkar elikatze publiko-pribatu honen bidez, herritarren beharrak eta nahiak lehenetsi ordez, enpresa zehatz batzuen interesak sustatzeko egin da sarritan politika hiru herrialdeetan: horren arabera inbertitu edo desinbertitu da, erosi edo saldu da, ezarri da, azken finean, politika eredu jakin bat. Administrazioen paraleloan elikatu den bezeria sareak gure erakundeen gaitasunen garapenean eragin zuzena izan du, beti antzerako enpresak saritu dira, sarritan aukera hobeak baztertuz. Azken berrogei urtetako kultura burokratiko endogamiko honek dekadentzia zentzu nabarmenak adierazi ditu azken denboretan, bezeria sareena, datorren legegintzaldian landu beharreko auzi garrantzitsu gisara azaleratzeraino. Izan ere, funtzionamendu horrek gero eta eraginkortasun falta handiagoa ageri du, ikuspegi estrategiko kaskarra du, ez du berrikuntzarako grinarik eta talentu gutxi jasotzen du. Sare hori desmuntatu egin behar da, administrazio publiko eraginkorra, estrategikoa eta egokia izateko.

BESTE BEGIRADA BATZUK

Administrazioaren modernizazioa da daukagun zeregin politiko handietako bat. Administrazioak eraldaketa sakona behar baitu, ezbairik gabe. Izan ere, nahi dugu sektore publikoak lidergo rola joka dezan gizarte eraldaketan eta bereziki ekonomiaren garapenean.
‘Begirada. Herriari. Etorkizunera’ partekatzeko aukera izan dut Eoin Ó Broin, Sinn Fein alderdiko T.D. eta etxebizitza bozeramailearekin.
Bada ikusten ez den zerbait, esango nuke miresgarria, giza dimentsio oso sakon bat guztion artean osatzen dugun komunitate honetan. Honelako momentu intentsoetan azaleratzen da gure arteko konplizitatea eta zaintza.