Arabako Errioxa, bertako jende ona eta errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan dut. Nabaria da instituzio ezberdinen partetik egondako utzikeriak zerbitzu publikoetan zein eskualdearen garapenean izan duen eragina. Ekoizpen txikia babestu eta bultzatu beharra dago, honen biziraupena mehatxatzen duen produkzio eredu menderatzailea arriskutsua delako.
Potentzial handiko eremua da Arabako Errioxa eta ekarpen handia egiten dio herri honi. Eskualdearen etorkizuna identitate indartsu bat josi, garapen endogenoa sustatu eta bere buruarengan sinestean oinarritzen da. Balio erantsi hori kanpora zein barrura proiektatu behar dugu, etorkizuneko belaunaldiei ere etorkizuna eskaintzeko.