Burujabetzan aurrera egin eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean.

Zure etxea, gure lehentasuna

Etxebizitzaren auzia bihurtu da gizartearen kezka nagusia inkesta guztien arabera. Lehen mailako arazo soziala da, kalte ekonomiko larriak sortzen dituena norbanakoentzat zein gizartearentzat oro har. Esan daiteke, gainera, gizarte-sektore eta interes-talde askotarikoei eragiten diela aldez edo moldez: gazteei emantzipatu ezin daitezkeen neurrian, gurasoei seme-alabek bizitza autonomoak garatzeko ezintasunak lehen pertsonan eragiten dienez gero, enpresei etxebizitza-prezio eskuragaitzek langileen soldatak debaluatzen dituztelako ibilbide profesionalak beren bizitzetan duen lekua desplazatzeraino, hiri zein udalerriei eskaintza eskuragarriaren gabeziak komunitateak hausten dituelako.

Etxebizitzaren prezioen gorakadaren atzean, batez ere, eskaintza arazo bat dagoela diosku diskurtso ofizialak. Diagnosi horretatik eratortzen den soluziobidea, finean, eskaintza areagotzea da; uler bedi, nagusiki, eraikuntza sustatzea. Izan ere, ikuspegi honen arabera, eskaintza eta eskariaren legeak aterako gaitu ataka honetatik. Hau da, merkatuaren logikan sakonduz egin nahi zaio aurre egoerari: joko-arauak, gutxi-asko, bere horretan mantendu eta eraikuntza sektore pribatua sustatuz.

Baina, zer da higiezinen sektorean gertatzen ari dena? Arazoa globala da. Azken hamarraldian ELGAko herrialdeetan etxebizitzaren prezioak % 95 egin du gora batez beste (% 41 inflazioa deskontatuz gero), 2007ko burbuilaren mailara iristeraino, familien diru-sarrerak % 16 igo diren bitartean. Ondorioz, etxebizitza ordaintzeko egin beharreko errenta-ahalegina izugarri hazi da. Errealitate honek ez du esplikazio bakarrik, baina, Europan negu demografiko betean gaudelarik, segurtasunez esan dezakegu ez dela eskaintza arazo bat, edo gutxienez, ez dela inolaz ere eskaintza arazo huts bat, baizik eta bestelako faktore batzuk ari direla determinatzen prezioen gorakada hau.

Gako nagusia etxebizitza merkatuaren finantzarizazioa da, hau da, etxebizitza inbertsio aktibo bilakatu izana: etxebizitza geroz eta gehiago da aktibo finantzario espekulatiboa eta gutxiago oinarrizko funtzio sozial bat betetzen duen ondasuna. Izan ere, interes tipoak hain baxu mantendu dituen azken 15 urteetako politika monetarioak aktibo finantzario tradizional batzuen errentagarritasuna gutxitu du, eta ondorioz, kapital-fluxuak etxebizitza merkatura bideratu dira: Espainiako Bankuaren arabera, 2024ko lehen hiruhilekoan, etxebizitza baten erosketak % 9,7ko errentagarritasuna izan zuen estatu espainiarrean. Gainera, eskariak asko egin du gora nazioarteko turismoaren dinamikaren ondorioz: 2005etik gaur egunera 700 miliotatik 1.500 milioitara igo dira nazioarteko turismo mugimenduak estatu espainiarrean, bereziki hiriguneei eraginez.

Beraz, etxebizitza gehiago eraikitzeak ez du zertan prezioak jaitsarazi, 2000-2007ko burbuilaren zikloan frogatu zenez gero: Espainiar estatuan, Alemanian, Frantzian eta Britainia Handian batera baino gehiago eraiki zen eta prezioak bikoiztu egin ziren. Hain zuzen ere, eraikuntzari loturiko inbertsioa 2007ko burbuilaren mailara iritsi da dagoeneko EB-27an. Hau da, eraikuntza errekuperatu egin den bitartean (herrialdeen artean diferentziak badiren arren) prezioek goraka jarraitu dute etengabe.

Hamarraldi galdua

Esan dezagun, historikoki, Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiarekin konparazioan, europar gisako etxebizitza politika egin dela. Jabier Madrazo etxebizitza sailburu zela urrats sendoak eman ziren, hiru aipatzearren: etxebizitza babestuen kalifikazio iraunkorra, lurzoru legea eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko Bizigune programa. Ondoren, krisi ekonomiko-finantzarioa etorri zen eta higiezinen burbuila lehertu egin zen. Lukurreriak jandako errealitate jasangaitza atera zen urgainera, zeinak bete-betean harrapatu zituen gainzorpetutako herritar asko. Egoera horretan, esango nuke, 2015eko Etxebizitza Legea onartuz, Eusko Legebiltzarrak erreakzionatzen jakin zuela. Lehen aldiz, etxebizitza baterako sarbidea eskubide subjektibo gisa aitortu zen.

2015-2025 hamarraldiak izan behar zuen europar erako etxebizitza politikan sakontzeko garaia, ondoren etorri den etxebizitza krisiari aurre hartzeko momentua. Bagenituen horretarako oinarriak eta baldintzak, baina ez da urrezko denbora hori baliatu nahi izan: VISESAk, Eusko Jaurlaritzaren sustatzaile publikoak, 3.000 etxebizitza baino ez ditu eraiki denbora tarte horretan, eta 2021ean Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean gaurdaino aurreikusi ziren etxebizitza babestuen erdia baino ez; ez da Lurralde Plan Sektorialik egin etxebizitza publikoak non eraiki antolatzeko nahiz Legeak hala agintzen zuen; ez dira gure lurraldean izan badiren gaitasun finantzario publiko-sozialak aktibatu etxebizitza publikoa sustatze aldera; ez da etxebizitza babestuak lehentasunez erosteko Eusko Jaurlaritzak duen eskubidea baliatu nahi izan; Bizigune programari anbizio gutxiz heldu zaio; alokairuen prezioen igoeraren aurrean ez da esku-hartzerik egin nahi izan; turistifikazioaren ondorioei kasu egin behar zitzaiela zioten ahotsei entzungor egin zaie; etxebizitza hutsen dekretua ez da garatu; edota etxebizitza babestuen salerosketetan zegoen iruzurraren aurrean esku hartu behar zela genionoi “intereseko arrazoibideak” baliatzea egotzi izan zaigu. Finean, gaur egun egin behar dela esaten den ezer ez da egin iragan hamar urteetan.

Ondorioz, hauxe da gaur egungo egoera: 2024ko ekainean 108.000 herritar zeuden babes publikoko etxebizitza bat eskuratzeko Etxebideren zerrendan, azken bi urteetan % 46 igo da eskatzaile kopurua; Eusko Jaurlaritzaren “Emantzipazioaren giltzak Euskadin” informeak dioenez, gazteei % 100dik gora igo beharko litzaieke soldata bataz beste mailegu bat ordaindu ahal izateko, ondorioz, emantzipazio adina ia 30 urtetan kokatzen da, Europako bataz bestekotik oso gora (26 urte inguru).

Egoera horretan, geroz eta gehiago da prestazio zein dirulaguntza bidez etxebizitza politikara bideratzen den aurrekontu publikoa (Emantzipa eta Gaztelagun prestazioen bidezko gastuak exponentzialki egin du gora azken bost urteetan), eta geroz eta gehiago da, mailegu bati zein alokairu pribatu bati aurre egin ezinik, Etxebiden izena ematen duen jendea. Etxebizitza politika honek huts egin duela begi bistakoa da, ez baitu egoera konponbidean jartzeko ahalmenik eta, gainera, eutsiezina baita aurrekontu publikoen ikuspegitik.
Bada datu argigarri bat: oso denbora gutxian Etxebiden izena emandakoen gehiengoa etxebizitza jabetzan eskatzetik alokairuan eskatzera pasa da (egun ia % 80ak alokairua eskatzen du). Zergatik? Etxebizitza babestu baten jabe izatea (zer esanik ez etxebizitza libre batena) bere eskura ez dagoela ulertzera iritsi direlako geroz eta herritar multzo zabalagoak. Hauxe da egia: merkatu librearen eta jabetza pribatuarekin defendatzaileen etxebizitza politikak jabetzarako sarbide-baldintzak ezinezko bilakatzen dizkie geroz eta gizarte sektore zabalagoei.

Etxebizitza politika bat arazoaren neurrikoa

Badago beste ikuspegi bat, hautu neoliberalaren parean kokatzen dena, orientazio sozialistako etxebizitza politika bat. Bi oinarriren gainean eraikitzen da etxebizitza politika hau: etxebizitza aktibo finantzario espekulatibo izatera bultzatzen duen guztiari pizgarriak kentzea eta higiezinen merkatua desmerkantilizatzea modu progresiboan. Horretarako, politika publikoen erraminta kutxa bat behar da, ez baitago neurri bakar bat korapiloa aska dezakeenik. Ez dago soluzio majikorik, ez, politika publiko jarraituen multzo bat behar da, eskala instituzional guztietan modu koherentean aplikatuko dena. Euskal Autonomia Erkidegoan badira gaitasun instituzionalak zein baliabide finantzarioak, eta badago araubidea, hamar urteko denbora tartean etxebizitzaren korapiloa askatu eta egoera errotik eraldatzeko.

Posible30K proposamena erraminta inportantea da kutxa horretan. Iniziatiba honek zehazten du posible dela 30.000 etxebizitza berri sortzea egun eraikita dagoen etxebizitza-parkea aprobetxatuz eta posible dela 30.000 etxebizitza publiko eskuragarri berri sortzea hurrengo hamar urteetan. Horretarako, erakunde berri bat sortzea behar da, Etxebizitza Eskuragarriak Sustatzeko Erakundea, zeinak lankidetza publiko-soziala artikulatuko lukeen etxebizitza parke publiko handi bat sortzeko helburuz: azpiegitura sozial estrategiko bat merkatuaren logika espekulatibotik kanpo erantzun ahal izateko etxebizitza eskariari.

Burujabetzan aurrera egin eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean.