Zorpetzeko planteamendua babesten dugu, tresna eraginkorra eta potentzial handikoa dela uste dugulako. Baina argi esan nahi dugu, halaber, Jaurlaritzak askoz serioago hartu beharko lukeela gai hau: ezin da industria-politikarik egin titular bidez.
Positiboki baloratzen dugu zorpetzera jotzea industria bultzatuko duen finantza tresna bat artikulatzeko. Lehen urratsa da askoz aurreratuago egon beharko ginatekeen ibilbide luzean, izan ere, industria-politika aktiboa ahalbidetzen duten finantza-tresnak EAJ-PSE gobernuen azken urte luzeetan presente egon dira. Hala ere, jarraitu den maxima ideologikoa “industria politikarik onena egiten ez dena” izan da.
Iragarpen efektistak saihestea
Iragarpen efektistak termino mediatikoetan eta aurkezten diren proposamenen beharrezko sendotasunik gabe egiteko beharrean oinarritutako politika arbuiatzen dugu. Finantza Aliantza “pintzekin” sostengatzen den “protokoloa” da. Gaur egun, ez dago finantza-eragileek partekatutako hausnarketa sendorik, euskal finantza-sistemaren oinarriak jarri eta ekosistema koherente bat antolatu dezakeenik, finantza-tresnak herri honetako industria-politikaren zerbitzura ordenatzeko. Ildo horretan, deigarria da, Finantzen Euskal Institutuak Indartuz funtsa sortuko duela iragarri duen arren, Kutxabankek, finantza-aliantzaren funtsezko agenteak, Indar Kutxa izeneko funts propioa aurkeztu izana. Era berean, gobernuak Indartuz Funtsean zorpetzearen bidez xedatuko dituen 1.000 milioi euroek inbertsio pribatuko 3.000 milioi mobilizatuko dituztela dioen aurreikuspenak ez du kontrastatzeko moduko oinarririk. Desideratum bat da, eta galde liteke ea komeni den iragarpenak modu honetara egitea. Ezin da industria-politikarik egin iragarki efektistetan oinarrituta.
Aurrea hartzea eta proaktibitatea
Kritiko agertu gara Finantza-Aliantza edo Industriaren Defentsarako Taldearekin. Ekimen inprobisatuak eta eznahikoak direla uste dugu. Gure iritziz ez da inprobisaziorako momentua: egungo abaguneak seriotasunez, ikuspegi argiz eta planifikazioz jardutea eskatzen du.
Zentzu horretan, apirilaren 15ean egindako bileran, gure gaitasunak indartzeko lehentasun estrategikoak ezartzen dituen proposamena helarazi genion Lehendakariari. Beste neurri batzuen artean, Industriaren Defentsarako Taldea Industria Politika Diseinatzeko Kontseilu bihurtzea, Finantza Aliantzatik Funts Subiranora igarotzea, eta prospektiba estrategikorako eta etorkizuneko analisirako organo bat sortzea planteatzen dugu.
Lehenago, 2025eko aurrekontuei buruzko eztabaidaren testuinguruan, denboraren poderioz berresten diren bi gai planteatu genituen: 1/ 2025eko ekitaldirako aurreikuspen ekonomikoak baikorregiak iruditzen zitzaizkigun; hilabete gutxiren buruan, Trumpen muga-zergen harira balizko “covid une berri” bati buruz hitz egiten amaitu dugu. 2/ Aurrekontu proiektuak aurrean ditugun erronka sozial eta ekonomikoen aurrean jarduteko tarte oso eskasa ematen zuen; gaur, industrian 1.000 milioiko inbertsioa aktibatzeko beharra eztabaidatzen dugu eta sindikatuekin akordio bat itxi berri da hezkuntza sistema indartzeko, Jaurlaritzaren arabera 100 milioiko memoria ekonomikoarekin. Itxura guztien arabera, oraindik ez gara gai eztabaidak aurreratzeko, agertokiei aurrea hartzeko eta gertaeren atzetik ez joateko. Gobernu honek oraindik ere zailtasunak ditu modu proaktiboan funtzionatzeko. Modu erreaktiboan egiten jarraitzen du.
Eztabaidak konektatzea eta politikak koherentziaz egitea
Ziklo ekonomiko berri batean gaude, mundu berri baten aurrean. Ukaezina den errealitate honen aurrean, pasa den urtarrilaren 28an, analisi ekonomikoa egin genuen Forum Europan. Han baietzatu genuen ez dela nahikoa aldaketa inkremental txikiekin: eraldaketa esponentzialak aktibatzeko unea dela. Eta horrek eskatzen du une historikoaren kontzientzia argia izatea, ortodoxia neoliberala alde batera uztea, zentzu komunitario indartsua gure egitea eta epe luzeko ikuspegia berehalakotasunaren eta irismen laburreko politikaren aurretik jartzeko gai den kultura politikoa eraikitzea.
Irudipena dugu modu desordenatuan ari direla jorratzen izaera sozioekonomikoko eztabaida ezberdinak, beharrezkoa den ikuspegi globalik gabe: soldatak, etxebizitza, politika industriala, fiskalitatea… ezin dira eztabaida isolatuak izan. Politika koherentea behar dugu, epe ertain-luzerako ikuspegia duena. Onartu berri den doikuntza fiskala egin behar ez denaren erakusgarri ona da. Doikuntza hori unerik txarrenean eta modurik txarrenean egin da. Zerga-eztabaida partzialegia planteatuz, kenkari jakin batzuetan zentratuta eta, horrelako une disruptiko batean, eredu sozial eta ekonomikoarekin zerikusia duten funtsezko gaiak kontuan hartu gabe. Gaur 1.000 milioi zorpetuko gara eta Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan akordio bat lortu da 2.000 milioi gehiago zorpetzeko aukera gaitzeko. Zorrak tabu izateari utzi izana txalotzen dugu. Hala ere, zorraren erabilera adimentsua eta estrategikoa egin behar da, eta epe ertainera finantza politika iraunkorra planteatu. Zor gehiago eta diru-sarrera fiskal gutxiago (zerga-doikuntzaren ondorioz aurreikusten den bezala) ez da finantza-politika jasangarria.
Beraz, biharko bilkuratik harago, uste dugu ekainaren 4an Eusko Legebiltzarrean egingo den osoko bilkura monografikoa aukera ona izango dela hausnarketa hori irekitzeko. Izan ere, ziur gaude herri honek goi-mailako elkarrizketa publiko bat behar duela, zorroztasunez eta seriotasunez, irismen luzeko begiradaz, bere etorkizun sozial eta ekonomikoari buruz. Eztabaida horrek, ezinbestean, justizia soziala eta belaunaldien arteko elkartasuna izan behar ditu ardatz.