Osasun Itunaren oztopo nagusia izan da nola planteatu den harreman publiko-pribatua. Gure ikuspuntutik, osasun publikoa ez da behar bezala blindatu irabazi-asmoaren aurrean, eta hori izan da EH Bilduk ituna ez sinatzeko arrazoi nagusia.
Azken asteetan behin eta berriz esan da testuak jasotzen zuela osasun pribatuarekin kontzertazio maila %6 ez gainditzeko konpromisoa, eta hori nahikoa zela ez pribatizatzeko konpromisoa egiaztatzeko. Hala ere, adierazle hori, osasun-mahaiaren diagnostikoak berak aitortzen duen bezala, lausoa da, ez baitakigu zehazki zer zenbatzen duen. Gure susmoa da Osasun Sailaren kontzertuei dagokiela, baina Osakidetzak gaur egun sektore pribatuarekin duen harremana askoz harago doa.
Errealitate saihestezin bat dago, eta, horren ondorioz, sentsibilitate sozial handiko mahaiko parte-hartzaileak bereziki zuhurrak izan dira gobernu-alderdiek emandako mezuen aurrean. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu pribatizaziorako joera dagoela: osasun kontzertaziora bideratutako gastua %9,1 hazi da aurreko urtearekin alderatuta; kontzertazio soziosanitariora bideratutakoa %47 hazi da 2023tik; deribazioak estaltzeko aurrekontua %4,4tik %6,5era igo da aurreko ekitalditik aurtengora.
Baina, gainera, azken urteetan, osasun-zerbitzuak ez diren baina kritikoak diren zerbitzuak pribatizatzeko prozesuak izan ditugu; esaterako, Iurretako zentro logistikoa, orain bertan behera geratu dena. Ondo, baina ez dakigu aurrera begira zer gertatuko den. Dakiguna da EAJ-PSE Gobernu honek berak sustatu zuela funtsezko azpiegitura logistiko baten pribatizazioa eta horrek erakusten du pribatizatzeko tentazioa benetakoa dela.
Gainera, Osasun Sailaren kontzertazio-maila ez da nahikoa adierazle, irabazi-asmoak askotariko bideak erabiliko baititu osasun-zerbitzua emateko. Adibidez, itxarote-zerrendei deribazioen bidez aurre egiten badiegu eta hori egoera puntuala izatetik ohiko praktika izatera pasatzen bada, egiten ari garena da sistema publikoak osasun pribatuarekiko duen menpekotasuna sakontzea.
Osasun publikoak hurrengo urteetan biziko duen testuinguruari erreparatzen badiogu, susmo txarra hartzeko arrazoiak soberan daude: Europa BPGren %5era bidean da defentsa gastuan, eta hori zerbitzu publikoak murriztuz baino ezin da egin, eta gogora dezagun osasuna dela zerbitzu publiko garestiena. Gainera, populazioa zahartzen ari da, eta osasungintzan inbertsio publikoa handitzea eskatuko du, orain arte ezagutu ditugun kalitate-estandarrei eutsi nahi badiegu. Digitalizazioa, datuaren erabilerarekin batera, aukera berriak ekarriko dituen hirugarren faktore bat da, irabazi-asmoak osasun-zerbitzua emateko espazio berriak irabaz ditzan. Beraz, inbertsioa murrizteko edo biztanleriaren zahartzearen arabera ez handitzeko presioa oso presente egongo da. Dagoeneko gertatzen ari den osasun sistemaren dualizazioan (debaluatutako osasun publikoa eta gero eta hartzaile gehiago dituen osasun pribatua) sakontzeko arriskua oso erreala da.
Beraz, adierazle bakar batekin ere ez da nahikoa, eta Gobernuko alderdiak ez daude prest gizarteak fede ekintza bat egin dezan eta egungo eta etorkizuneko agintarien borondate onean konfiantza izan dezan eskatzeko. Osasun publikoaren aldeko konpromisoa zehatz-mehatz egiaztatu behar da, behar besteko zehaztasunez eta anbiguotasunik gabe: Irabazi asmoari bidea itxi behar zaio eta osasun publikoaren autosufizientzian sakondu.
Helburu horrekin, EH Bilduk zuzenketa bat egin zion harreman publiko-pribatuari dagokion osasun mahaiaren testuari. Zuzenketak Osasun Sistema Publikoa indartzeko helburua planteatzen du, zerbitzua baliabide publiko eta propioen bidez ematea lehenetsiz eta zerbitzu estruktural eta kritikoak biritzuliz, efizientzia, ekitate eta kalitate printzipioen pean, herritarra erdigunean jarriz. Eta bost jarduera-ildo proposatzen ditu:
- Zerbitzuen prestazioaren inbentarioa egitea, kontratuak, itunak, hitzarmenak, diru-laguntzak eta beste tresna batzuk barne.
- Sektore pribatuarekin zerbitzuak emateko egindako kontratu bakoitza ebaluatzea.
- Administrazioak, elkargo profesionalek, langileen ordezkariek eta erabiltzaileen ordezkariek osatutako esparru bat sortzea, zerbitzuak esternalizatzeko egoera puntualak, behar bezala justifikatuak, aztertu eta onartzeko.
- Sektore publikoak zuzenean hornitu behar dituen zerbitzuak integratzeko plan bat egitea, osasun-zerbitzuak nahiz zerbitzu osagarriak izan, eta kronograma bat egitea, pixkanaka publifikatzeko.
- Planifikatzeko, antolatzeko eta kontratatzeko gaitasun publikoa indartzea.
Uste genuen hori zela Osasun Itunak ezarri behar zuen oinarria. Galdera hauek egiten dizkiogu geure buruari: bost jarduera-ildoetatik zeinekin ez daude ados, eta zergatik? Gure ustez, publikoaren eta pribatuaren arteko harremanak, osasun-mahaiaren korapilo gordiarrak, azterketa- eta eztabaida-ariketa patxadatsua eskatzen zuen. Egin nahi izan ez den zerbait.
Izan ere, prozesua ixteko eta Itun bat iragartzeko presak gailendu dira mahaiak gordiar korapiloa modu egokian askatzeko bultzatu behar zituen baldintzen gainetik. Azken asteetan, mahaiaren lan-dinamika presio politiko baten menpe egon da, eta horrek mahaiaren jarduna bera hutsaldu du. Adibidez, 24 txostenetatik 22tan adostasuna zegoela zuzenketa-aldian, edo gobernu-alderdiek interpelazio publikoak egin zituztela hemen EH Bilduri kotoia pasatzeari buruz, lankidetza-ariketa baten instrumentalizazioa dira, epe motzeko interes politikoen mesedetan.
Gaur ez dago Osasun Itunik. Ostiralean bi bozketa planteatu ziren. Lehena, 24 ponentziak biltzen dituen Itunarekin bat egiten genuen ala ez. EH Bilduren botoa aurkakoa izan zen, Sumarrekin eta Osakidetzako sindikatu guztiekin batera. EAJk, PSEk, Confebaskek eta PPk, besteak beste, alde bozkatu zuten. EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean bigarren indar gisa 27 eserlekurekin ordezkatzen duena alde batera utzita, iruditzen zait ezin zaiola Osasun Itun deitu Osakidetzako langileen ordezkari guztien kontrakotasuna duen zerbaiti. Zerbait gaizki egin da osasun-mahaian, baldin eta sindikatu guztiek ulertzen badute osasun publikoarekiko konpromisoa ez dela behar bezain argia.
Ostiralean bigarren bozketa izan zen, jarraipen batzordean parte hartuz osasun mahaian jarraitu edo ez erabakitzeko. EH Bilduk baietz bozkatu du. Prest gaude osasun mahaian parte hartzen jarraitzeko eta zintzilik geratu diren eztabaidetan sakontzeko. Azken hilabeteetan, lan eskerga egin dugu, eta ekarpen kualitatibo nabarmena egin dugu 24 ponentzietako bakoitzean. Horietako 11 sinatu genituen, 8rekin ez gaude ados eta bostetan abstenitu egin gara. Uste dugu lankidetza-ariketa honen jatorrizko espirituari heldu behar zaiola, azken fasean galdu izan baitu, eta zehaztasunezko azterketa- eta eztabaida-gune bat osatu behar dela. Eta horrek ezin du inola ere Legebiltzarra ordezkatu: Hemen badago gobernatu behar duen gehiengo absolutua duen gobernu bat eta bere lana egin behar duen oposizio bat.