Pello
Otxandiano
Kanpo

Kaixo!

Gobernu

Programa

2024-2028

Aurkibidea

Sar hitza

Euskal Herria Bilduren 2024-2028 legealdirako Hauteskunde Programa duzu eskuartean. Hauteskunde programa batek bozkak irabazteko desideratum modukoak bil ditzake, hauteskundeak pasa ondoren webgune batean zintzilikatutaeta ahaztuta geratuz edo programak talde politiko batek herritarren aurrean lau urtetarako hartzen dituen konpromisoak ezagutarazteko balio dezake. Bigarren mota honetako programa duzu hau, datozen lau urteotan EAEko Legebiltzarrean nahiz gobernatzeko ardurak izan ezkero Gobernuan egingo den jardunaren bide orri bat.

Politika konbentzionalak eragiten duen konfiantza falta ulergarria irauli nahi dugu. Esandakoa egin eta egindakoa esan. Beste faktore askoren artean horrek ere bereizten gaitu. Zentzu honetan, datozen orrietan jaso ditugun proposamenak gauzatzeko gure esku dagoen guztia egingo dugunaren zalantzarik ez izan.

Ziklo politiko berri baten aurrean gaude eta beraz, hauteskunde programa hau egiteko azken hamarkada luze honetako diagnosi sakon bat egin dugu. Balantzea egiteko ordua da eta honek eman duenaz dugun ikuspegia herritarrei zintzotasunez ematekoa. Gero herritarrak izango dira datozen hauteskundeetan aldaketa garaia iritsi ote den erabaki beharko dutenak, baina EH Bildun egiten dugun irakurketak baiezkoaren aldera garamatza.

Iñigo Urkulluren aroa deitu daitekeen honetan (azken hiru legegintzaldiak) EAJren bakarkako gobernua lehenik eta azken bietan EAJ eta PSEren koalizio gobernua ezagutu ditugu. Ez dugu irakurketa katastrofista bat egin nahi. Ez baita egia herri honek dituen arazoak nagusiki Eusko Jaurlaritzaren errua direnik, herri honen arrakastak berari egotzi ezin zaizkion hein berean. Herri honek Mendebaldeko beste herrialde askoren erronka eta krisi berdinak ditu: krisi demografikoa, klimatikoa, migratorioa, jendartean ezberdintasunen areagotzea… Eta baditu herri txiki eta estaturik gabekoek dituzten erronka propioak, hizkuntza, identitate eta kultur transmisioari lotutakoak, esaterako.

Herri honek jakin izan du iraganean aurrean zituen erronkei aurre egin eta bizirauten, bere sen komunitarioari eta antolatzeko moduei esker egoera zailak gainditzen. Eta aitor dezagun, horietako askok bultzada eta lidergo publikoaren laguntza behar izan dute prozesu arrakastatsuak izateko.

Herri bultzada eta instituzioen makulua elkarrekin jarduteak behar du ezinbestean aurrerantzean ere ongizatea, gizarte kohesionatu eta moderno baterantz urratsak emateko formula. Eta horretarako ezinbestekoa da lidergo publiko sendo eta anbiziotsu bat izatea eta, nola ez, aurrera egiteko ausardia eta kooperazio esparruak irekitzea.

Hori da, hain zuzen, faltan bota duguna: lidergo partekatuago eta kooperatzaileago bat, politika ausartak eta anbizioz egingo dituena, herritarrei, enpresei, elkarteei, administrazio publikoa osatzen duten profesionalei eta hauek ordezkatzen dituzten sindikatuei, euren esperientzia eta ezagutzaz baliatu eta talentu kolektiboa herri honen hobekuntzaren zerbitzura jarriko dituena. Ez dira izan horiek Urkulluren agintaldien markaren osagaiak.

Aitzitik, herri honetako zati honek izan dituen erronkei erantzuteko formula zaharkituak erabili dituen gobernua izan dugu. Egiten utzi, Administrazioaren funtzionamenduari inertziaz eutsi, gizarte eskaerei entzungor egin, interes pribatu indartsuak dituzten hainbat lobbyei (patronal batzuei, hainbat banku eta sektore energetikori…) men egin eta arlo askotan laissez faire laissez passer politikak egin dira, sektore publikoa pixkana ahulduz, uzkurtuz, inefizienteago eta zaharkituago bilakatu delarik. Jarrera politiko honek hasieran eskala makroan eragin badu ere, azkenean zerbitzu publikoen kalitatean, familia eta norbanakoetan eragiten bukatu du.

Herri hau ez doa bide onetik, lidergoa izan duen gaietan ere atzean geratu da. Momentu honek erronka berriak ekarri dizkigu. Erronka berri horiek, baina, soluzio berriak eskatzen dituzte eta hauek proposatu eta egikarituko dituzten lidergo eta gehiengo berriak behar ditugu azken hiru legegintzaldietan emandako politikak biziberrituko dituztenak. Testuinguru honetan egungo Gobernuak eta, konkretuki, PSE eta EAJren aliantza estatikoak herri honek parez pare dituen erronkei erantzuteko gaitasunik ez duela ikusten ari gara.

Politika aurrerakoiak behar ditugu eta horiek egikaritu ahal izateko erraminta juridikoak, subiranoak, handitzeko anbizioa. Egungo koalizio gobernuak bata bestea kamusten du etengabean, eta oposizioko indarrekin kolaboratu nahi ez izateak, gehiengo estu baten bidez herritar sektore zabalen ordezkariak politika publikoetatik kanpo uzteak, asko pobretu ditu aurrera eraman diren egitasmo asko.

Orokorrean honako hauek dira atera ditzakegun ondorio nagusiak:

  • Kontuen emaitza gazi-gozoa da: Arlo batzuetan aurrerapausoak eman dira eta txukun egin da lana, baina beste arlo batzuetan, berriz, kontuen emaitza kaxkarra da.

    Zerbitzu publikoen kalitatean adierazleek nabarmen egin dute atzerantz, batzuetan egoerak eta baldintzek eraginda (eta, beraz, ez dira fenomeno lokal bat, orokorra baizik), baina beste batzuetan kudeaketa eskas baten ondorioz.

    Osakidetza, Ertzaintza eta sektore publikoko langileen egoera dira horren hiru adibide esanguratsu. Baina hizkuntza politikak, politika industrialak edota digitalizazioan dugun atzerapenak argi erakusten dituzte gobernatzeko modu honek dituen gabeziak.

    Denboran gertatu diren aldaketetara egokitzeko malgutasunik eza ere nabarmendu da: politika industrialean, trantsizio ekosozialean, politika feministetan, digitalizazioaren esparruan… erronka berrietarako errezeta berriak falta izan dira.

    Orokorrean esan daiteke inertziaz gobernatu dela eta kudeaketa publiko eredu hau zaharkituta geratu dela, garai berriei egokitu ezinik eta aurrea hartzeko imintziorik gabe. Teknifikatuegia, bultzada eta helburu politikoak ezarri ez dituena, eskuhartze gutxikoa. Batzuetan borondate politiko faltagatik, 2015ean onartutako Etxebizitza Legearen aplikazioan, esaterako. Bestetan, prozedura burokratikoetan aurreikuspen eta kreatibitate juridikoa falta izan delako hauek azkartzeko (EPE-ak eta kontsolidazio prozedurak). Azkenik, profesional publikoen presio taldeekin ez konfrontatzeagatik edota ausardia politiko faltagatik (Ertzaintzarena dugu adibide paradigmatikoenetako bat).

  • Bultzada politiko faltari Administrazioaren beraren izaera eta funtzionamendua gehitu behar zaizkio. Arazo global baten aurrean gaude (kontratazioak, prozedura burokratikoak, Pertsonalaren selekzioa eta mugikortasunaren kausak…). Administrazio Publikoa munstro pisutsu bilakatzen da maiz, egoera berrietara egokitzeko zailtasun askorekin. Hortik dator eskuinak sektore pribatua eraginkorragoa dela esatea. Ezkerraren ikuspegitik, baina, ezin diogu sektore publiko ahuldu baten oparia eman. Administrazio Publiko efiziente eta modernoago bat behar dugu, malguagoa izango dena, aldaketetarako prestutasunarekin eta abiadura handiagoan funtzionatuko duena.

    Adierazgarria da Arabako Foru Aldundian egin berri den auditoriak eman duen emaitza kezkagarria: Administrazio Publikoa zaharkiturik geratu da, malgutasunik gabe… Eusko Jaurlaritzan ere beharrezkoa eta urgentea da mota honetako auditoria bat egitea.

  • Gobernu antolaketa berak ere ez die erantzuten dauden beharrei, alderdien paktu edo itunei baizik. Inolako koherentziarik gabeko gobernua egon da. Anbizio eskasekoa.

    Ez du gobernantza partekatua/ kooperatiboa sustatzen, ez oposizioarekin, ez eta herri honetako sektore esanguratsuekin ere: ez da herritarren parte hartzerako mekanismorik sustatu; sindikatuekin harremana ez da gozoa izan, hauek planteatu dituzten soluzioen aurrean entzungor eginez eta, areago, hauen parte hartzea mespretxatuz… Jaurlaritzak bera eta bereak ez diren orori errieta egitearena klasiko bihurtu da. Herritar axolagabe ezjakinak bailiran, sindikatuak beti gehiegikerietan eta ardurarik gabe arituz, …

  • Kargu publikoen eta sozietate publikoen gehiegikeria. Badira funtziorik gabeko karguak eta helbururik gabeko ente publikoak. Fiktizioki puztutako gobernu baten aurrean gaude.

  • Diru publikoaren banaketa egiteko moduek osoko zuzenketa bat behar dute, egun hedatu diren sare klientelarrak amaitu eta baliabide publikoak demokratizatzea urgente bilakatuz.

Jarduera legegileari dagokionez, legeen legealdia izan da hamabigarrena (2020-2024).

  • Azken legealdietan behar adinako babesik izan ez dutelako edo oposizioarekin adostasunetarako gaitasunik izan ez dutelako, onartu gabe geratu izan diren Lege Proiektu asko onartu dira EAJ eta PSEren gehiengo absolutuari esker. X. Legealdian (2012-2016) 30 lege proiektu eta proposamen onartu ziren, eta XI. Legealdian (2016-2020) 8 besterik ez, nahiz eta Legebiltzarrean askoz gehiago aurkeztu.

  • XII. Legealdian zehar, berriz, 47 lege proiektu eta lege proposamen onartu dira Legebiltzarrean. 44 Gobernuaren ekimenez etorriak eta 3 Euskal Herria Bilduk proposatutakoak (Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren otsailaren 5eko 1/1988 Legea aldatzekoa, Autokontsumoaren Tramitazioa Erraztekoa eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzekoa eta Deslokalizazioei aurre egitekoa, Diru-laguntzen Legearen baitan txertatuta onartu dena).

  • 47 lege ekimen horietatik: 
    • 23k EH Bilduren ALDEKO BOZKA jaso dute. % 48,93
    • 17k EH Bilduren AURKAKO BOZKA jaso dute. % 36,17
    • 7k EH Bilduren ABSTENTZIOA jaso dute. % 14,89

  • Onartu ditugun legeen artean, badira kualitatiboki erreferentzia eta eragin handia dutenak, hala nola Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketarena, Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzkoa, Landa Ingurunearen Garapenarena edo Memoria Historikoari buruzkoa.

  • Alderantziz, lanketa eta apustu handia egin eta azken orduan EAJk, PSEren betoa onartuz, atzera egin zuelako onartu zen Hezkuntza Legea aipatu beharrekoa da aukera galduen artean.

  • Legebiltzarrean azken legealdian onartu diren legeen %25 oposizioan egon diren alderdietako bozkarik gabe onartu dira. Legebiltzarreko alderdi guztien aldeko bozkarekin onartutako legeak 4 izan dira.

  • Onartu diren lege horietatik 14, Konstituzioaren aurkakoak izan daitezkeen atalak dituztela adieraziz, Espainiako Konstituzio Auzitegiaren inkonstituzionalitate errekurtso mehatxupean jarri izan dira. Urrats hori egin aurretik, legeen aldaketak egin edo interpretazioa adostea helburu duen Bitariko Batzordea osatu izan da hainbat aldiz. Honek Legebiltzarraren jarduera legegilean Estatuaren eskuhartze zuzena suposatzen du.

  • Euskal Herria Bilduk 19 lege proposamen aurkeztu ditu legealdi osoan zehar. Hauetatik 15 ez dira tramitera onartu, Jaurlaritzaren kontrako txostena medio, berau sustengatzen duten EAJ eta PSE alderdiek izapidetzearen KONTRAKO bozka eman dutelako.

  • Lege Proiektu edo Lege Proposamenen onarpenerako batez besteko epea (Legebiltzarreko erroldan sartzen denetik Osoko Bilkuran onartu arte, eta irakurketa bakarreko izapidetzaz onartu direnak ezik) 13 hilabete ingurukoa da.

  • Onartu diren lege hauen erregelamendu bidezko garapena oso atzeratua dago. Urte t´erdi eta bi urte bitartean behar izaten du dagokion Sailak Legebiltzarrean onartutako legeen arau bidezko garapenari ekiteko.


Aurrekontuen eboluzioa Urkullu lehendakariaren garaian ( 2012-2024).

Aurrekontuak finitoak direla badakigu. Halere 10.000 milioi euroko aurrekontu batetik 15.000 milioi eurotako batera pasa gara. Berez baliabide ekonomikoak dezente handitu badira ere, horrek ez du behar adinako islarik izan egun garrantzitsuenak diren erronka estrategikoetan aurrerapauso estrukturalak emateko. Aurrekontuaren antolaketa, lehentasunen aukeraketa edota diru-laguntzen banaketaren gainean izan dugun desadostasuna nabarmenak dira. Aurrekontu horien exekuzioan eta kontrolean ere gabeziak nabari dira.

Azken hiru legealdietako aurrekontuen ibilbidea oso baldintzatua egon da azken urteetan bizi izan ditugun krisien ondorioz.

Urkulluren lehen legealdia oso baldintzatua zegoen 2008an hasi izan zen krisi finantzarioak eragindako ondorioengatik. Batetik, ekonomiak bizi izan zuen krisiak jendartearengan eragin handia izan zuen: langabezia hazi zen, hipotekak ordaintzeko zailtasunengatik etxegabetzeak asko hazi ziren, enpresek zailtasun handiak zituzten finantzazioa lortzeko… Eta bestetik, krisiak berak eraginda, zerga bilketa ez zen aurreikusitako zenbatekoetara heltzen. Ezin dugu ahaztu ere Europa mailako arau fiskalek, gero Estatuko Gobernuak erkidego guztiei ere berean aplikatzen zizkienek, instituzioen gastu aukerak asko mugatzen zituztela.

Bigarren legealdia Estatuarekin Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren inguruko urte luzeetako desadostasunen konponketak markatu zuen, honekin batera ekonomiaren berrindartzea ere gertatu zen eta honek guztiak aurrekontu politiken aukerak zabaldu zituen. Bigarren legealdi honetan ere Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lehenengo aldiz Sanchezen Gobernuarekin lortu ziren EAErako arau fiskal berezituak, hau da, zorpetze eta defizit muga propioak, eta ez beste erkidegoen arau berberak.

Covid-aren krisiak guztiz baldintzatu zuen hirugarren legealdia hasieran, ondoren Ukrainako gerrak, eta jarraian etorritako inflazioaren krisiak. Legealdi honetan Kontzertu Ekonomikoaren Bitariko Batzordean adostu ziren ere zerga berrien kontzertazioak, bai eta aldi baterako karga energetikoan eta kreditu-erakundeetan zein kredituko finantza-establezimenduen aldi baterako kargan parte hartzea ere, diru-sarrera berriak sortu dituztenak.

Baina ez da aurrekontu politika gizarteko arrakalak txikitzeko, industria ehuna sendotzeko, euskal kulturgintza produkzioa indartzeko, familia politikak sustatzeko erronka demografikoari aurre egiteko, osasun sistema hobetzeko edota trantsizio ekosozialean behar adinako anbizioz jokatzeko erabili. Baliabideak handitzeak, 5000 milioi, ez du politika publikoetan jauzi kualitatibo garrantzitsu bat egitea ekarri berarekin.

Ibilbide honetan oso garrantzitsua da zerga bilketaren ibilbidea, eta zerga politikaren inguruan eman diren eztabaidek ere oraindik jarraitzen dute. Izatez, oraindik egiteko dago ekonomiak eta gizarteak behar duten zerga erreforma. Zerga bilketak, ekonomiak berak bezala, gorabeherak izan ditu urte hauetan. Krisi sakoneko urteetan eragina nabaria izan da, hortaz, Jaurlaritzak izan dituen diru-sarreretan eta ekonomiak hobera egin duenean, eta hau ere zerga bilketan nabaritu da zuzenean.

Arau fiskalei dagokienez, azpimarragarria da azken legealdi honetan Jaurlaritzak horiek zorrotz baino zorrotzago betetzea erabaki izana. Europatik arau fiskalen derrigortasuna lausotu arren, Jaurlaritzak ez du zorpetze aukera bere osotasunean erabili inflazioaren arazoei aurre egiteko hain beharrezkoak ziren politika publikoei bultzada emateko. Horren ordez, zerga bilketa handiek eman dizkioten aparteko diru-sarrerak zorpetzea murriztera bideratu ditu gehienbat. Azken urte hauetan, krisiak gogor jo duen urte hauetan, Jaurlaritzak zerbitzu publikoak are gehiago indartzeko aukera galdu egin du, bere aukeren azpitik gastatu izan duelako.

Horrela, hiru legealdi hauetan aurrekontu emaitza negatiboa izan duten urteak egon badira ere, aipagarria da gerakin erabilgarria 200 milioi ingurutik 1.400 miloi ingurura igo egin dela 2013tik 2022ra bitartean, tarte horretan izandako krisiek eskatzen zituzten sektore publikoaren apustu eta behar asko bidean galdu direlarik.

Aurrekontuen ibilbidea aztertzerakoan hainbat gai azpimarratu daitezke, baina, jendartearen ongizatea ardatz izanik, funtsezkoa da Osasuna eta Hezkuntzaren ibilbideak aztertzea.

2013an Osasun Sailaren aurrekontua EAEko Aurrekontu Orokorren ia % 35 suposatzen zuen; 2017an, bigarren legealdian jada, portzentaia % 32ra jaitsi zen; hirugarren legealdian, Covid-aren krisia jada hemen geneukanean, % 33,6koa izan zen 2021ean, eta Urkulluren azken aurrekontuan, aurten, % 32,5koa da, aurrekontu osoarekiko.

Hezkuntza Sailari dagokiola, Aurrekontu Orokorretan % 25eko pisua zeukan 2013an; % 23ra jaitsi zen 2017an, eta, jada hirugarren legealdian 2021ean % 25 ingurura bueltatu zen eta aurten horren azpitik kokatu da berriz, % 24,5 gainditu gabe.

Bai Osasun Sailak, bai Hezkuntza Sailak aurrekontuetan duten garrantzia kontuan hartuta, aipatutako datuek mahai-gaineratzen dute Urkulluren hiru legealdietan ez dela arlo horien pisu erlatiboa handitu, nahiz eta gizarteak gero eta hobekuntza gehiago eskatu bietan. Bi sail horien aurrekontuak hazi egin dira, bai eta inbertsioa ere, Aurrekontu Orokorrak berak hazi egin delako, baina horrek ez du Osasunak eta Hezkuntzak pisu handiagoa hartzea ekarri; hau da, Jaurlaritzaren lehentasunetan ez da aldaketarik nabaritu.

Aurrekontuak kapituluka aztertzen baditugu, 2013an inbertsio errealak egiteko 452 milioi euro bideratu ziren, gastatutako aurrekontu osoaren % 4,7, alegia; 2022an zenbateko hori 182 milioira (gastatutako aurrekontu osoaren % 1,34) jaitsi zen, nahiz eta hasieran Gobernuak 378 milioi inbertitzea aurreikusten zuen. Aurten 542 milioitik gorako inbertsioa aurreikusten du, aurrekontu osoaren %3,6. 2013tik 2024ra bitartean bere Aurrekontu Orokorrak 5.000 milioi baino gehiago igo direla jakinik, deigarria da inbertsio errealen kapitulua 100 milioi eskas hazi izana, urte hauetan Jaurlaritzak behin eta berriz inbertsioak azpimarratu dituen arren.

Bukatzeko, esan dezakegu 12 urte hauetan, krisiak presente izan diren urte hauetan, aurrekontuak unez uneko neurriak barne izan badituzte ere, kontinuistak izan direla, ez dela aldaketa sakonik somatu, nahiz eta euskal gizartearen beharrak sakondu eta berritu egin diren. Tamalez, oraindik bide luzea egiteko dago jada hemen ditugun eta etortzeko dauden erronka garrantzitsuei aurre egiteko.


Enplegu publikoa

Enplegu publikoari dagokionez, Euskal Herrian asko dago aurreratzeke. Izan ere, Europar Batasuneko edo OCDEko batezbestekoarekin alderatuz, defizita dugu. EAEn enplegu publikoaren pisua % 17,1ekoa da, OCDEn %18,6koa den bitartean, eta oso urrun gaude Norvegia, Suedia eta Danimarka bezalako herrialdetatik, han % 28ko tasa gainditzen baitute.

Enplegu publikoaren sorkuntzak gobernuen enplegu estrategien ardatz garrantzitsu behar luke izan, ez soilik enpleguaren kalitateak pertsona horiengan duen eragin positiboagatik, jendartean zerbitzu publikoen kalitatean duen eraginagatik baizik. Sektore publikoaren langileriaren artean egiturazko arazoak dira nagusi. Arazo hauek enplegu publikoaren kalitatean ez ezik, zerbitzu publikoen kalitatean ere eragin zuzena duten heinean, derrigorrezko eskuhartze urgentea eskatzen dute.

Une honetan 100.000 langile publiko ditu Administrazio autonomikoak. Aldi baterako langileen tasa eskandalagarria (10etik 4k dute izaera hori), Raxoiren Gobernuak ezarritako berrezartze-tasak eragin dituen belaunaldien erreleboaren arazoak, EPEetan atzerapen eta luzapenak, lanaldi partzialen abusua, kodifikatu gabeko postuak, azpikontratazio bidez pribatizatu diren postu publikoak… Enplegu publikoaren ahultzearen aldeko estrategia nabarmena izan da, kostu publikoen murrizte eta sektore pribatuaren puztutzearen mesedetan.

Plantillaren behin-behinekotasun tasa % 8ra murriztea agindu du Europak, baina tasa horretatik oso urrun dago egun Jaurlaritza, Europako behin-behineko tasarik altuena baitu, sektore pribatuarena halako hiru.

Jaurlaritza prestatzen ari den deialdi publikoek ez dute tasa hau modu esanguratsuan murriztuko. Izan ere, behin-behinekotasun tasa, egun % 44koa dena, soilik laurden batean murriztea aurreikusi da. Arlo honetan egon diren atzerapena eta luzapena justifikaezinak dira, eta are gehiago Europako justizia auzitegien ebazpenen osteko erantzunik eza.

Egonkortze prozesuetan Jaurlaritza erakusten ari den geldotasunak zuzeneko eragina du ere belaunaldi arteko erreleboak ez ziurtatzean. Plaza egonkorretako jubilazioak aldi baterako postuekin ordezkatzeak eta urteetako planifikazio faltak Osakidetzan eragin du bereziki, bai eta zerbitzu publiko horren bilakaera negatiboan ere.

Bestetik, egiturazko lanpostu asko azpikontratatuta daude, zuzenean kontratatu ordez. Hala da Hezkuntzan (sukaldeak…), Osakidetzako emergentzia zerbitzuetan, etab. Beharrezkoa da lanpostu horien detekzio egokia eta errebertsioa planteatzea, azpikontratazioaren formula baztertuz joateko.

Kalitatezko sektore publiko batek lan baldintza egokiak, egonkortasuna eta mugikortasun txikia, deialdi publiko garden eta egokiak… behar ditu, baina arlo askotan ikusi dira hutsuneak, eta horrek maiz ez du sektore publikoa lanerako erakargarri egin eta, bestetik, zerbitzu publikoaren kalitatean eragin du.

Berehalakoan egin beharrekoak dira kontsolidazio prozesuak, pribatizatuta dauden egiturazko postuen identifikazioa eta errebertsioa eta funtzionarioen lanpostuen zerrenda guztien errebisioa eta moldaketa.


ESTATUS POLITIKOA

2016-2020 legealdian lortutako adostasunek ez dute jarraipenik izan azken legegintzaldian. Estatus politiko berria kaxoian sartu eta Gernikako Estatutuaren garapenaren legealdia izan da, eskuduntzen eskualdaketan ere emaitza pobrea bada ere.

Legebiltzarrean burujabetzan sakontzeko eta adostasunak erdiesteko dagoen gehiengo kualifikatuari muzin egin dioten anbizio nazionalik gabeko legegintzaldi eta gobernua izan ditugu. Espainiar Estatuan inoiz baino ozenago entzuten da estatu plurinazionalaren ideia, nazio aitortzaren eta herritarren erabakitze eskubidearen beharra, estatus politikoak adosteko eta Espainiar Gobernuarekin negoziatzeko bide orriak, Madrilgo aukera leihoa… eta bitartean egun dugun autogobernuaren muga guztiak parez pare ikusi ditugu: euskararen aurkako epaiak, Auzitegi Konstituzionalaren eskuhartzea…

Autonomia Estatutuaren garapenean jarri ditu soilik indarrak orain arteko Gobernu autonomikoak. Zer eta ia bost hamarkada beranduago. Parez pare ditugun beharrak erantzuteko gai ez den testu legal zaharkituaren garapenak erraminta egokiak emango balizkigu bezala.


Eskuduntzen eskualdaketa azken legegintzaldian

BURUTU direnak honakoak dira:

  • Eskola-aseguruaren osasun-prestazioak kudeaketa
  • Farmazia-produktuei buruzko Estatuko legeriaren betearaztea
  • Kaleratze kolektiboko espedienteen eraginpean dauden langileentzako erretiro arruntaren aurreko laguntzak
  • ISSN (International Standard Serial Number) esleitzeari buruzkoa
  • Espetxe arloko Estatuko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzea.
  • Errepideko garraioari dagokionez, uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoan aurreikusitako ahalmen jakin batzuei atxikitako giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarezkoak.
  • Trenbideak (aldirikoak)
  • Unibertsitate Irakaskuntzako Atzerriko Titulu eta Ikasketak Jaulki Homologatu eta Baliozkotzekoa
  • Inmigrazioa

Oraindik transferitzeko 28 eskuduntza daude:

  • Zinematografia Babesteko Funtsa
  • Lanerako eta Gizarte Segurantzarako Ikuskaritza
  • Langabeziako Prestazioak
  • Turismo Paradoreak
  • Nekazaritza Aseguruak
  • Arrantza Ikuskaritza
  • Arrantza eta itsas haztegietako produktuen merkatua antolatzea eta bideratzea
  • Udal hauteskundeen araubidea
  • Segurtasun zerbitzu pribatuak
  • Zirkulazio Baimenak Ematea eta ibilgailuen matrikulazioa
  • Hidrokarburoak
  • Estatuko Sektore Publikoko prozesu erabakitzaileetan EAEren parte hartzea (Industria eta Energia)
  • Erakunde Administrazioa. Laguntza enpresa ertain eta txikiei eta berrikuntza teknologikoko programei
  • Baloreen merkatua
  • Kreditu ofiziala
  • Aseguruak
  • Kredituak eta bankuak
  • Itsas Salbamendua
  • Herrilanen azterlan eta ikerkuntza zentroa (CEDEX). Zientzia, teknologia eta berrikuntza ikerketaren eta garapenaren arloko transferentzia zabaltzea.
  • Interes Orokorreko Portuak
  • Aireportuak
  • Meteorologia
  • Soldatak bermatzeko funtsa
  • Ikerketa eta laguntza teknikoko zentroak
  • Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren Kudeaketa
  • Itsasoko Gizarte Institutua
  • Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala
  • Itsasertza Antolatzea eta Kudeatzea

Balantze pobrea dudarik gabe herritarren ongizatea bermatzeko edo herri bezala bizirauteko ez ezik, tresna juridiko eta politikoetan aurrera egiteko ere. Herri honek behar dituen tresna politiko eta juridikoen eta hauentzako berme sistema baten aldeko kontsentsuez gain, behar-beharrezkoa da Estatus Politiko Berri baten alde Legebiltzarrean erdietsi zen akordioari jarraipena ematea eta lan horiek berrartzea, herri gisa jokatuz bertoko herritarrok estatus politiko hori alde biko negoziazio batera eraman dezagun. Legebiltzarra eratzen denetik lehen hiru hiletan lanak berriro aktibatzeko konpromisoa hartzen dugu.


Programa kapituluka

Hauteskunde programa honek 9 kapitulu hartzen ditu bere baitan:

  1. Burujabetza estrategikoa. Herri honek aurrera egin dezan estrategikoak diren gaietan sustrai sendoak ezartzeko konpromisoak jasotzen ditu, hala nola subiranotasun energetikoa, elikadura burujabetza, garapen ekonomikoa, politika digitalak eta zerga eta finantza sistema burujabeak.

  2. Ongizatea bermatzeko eta aberastasuna banatzeko neurriak: Osasuna, etxebizitza, gazteria, enplegua, zaintza, erronka demografikoa eta familia politikak, gizarte babeserako politika eta prestazioak eta pentsioak.

  3. Trantsizio ekosoziala gauzatzeko helburua: energia, ingurumena eta biodibertsitatea, lurralde antolaketa, mugikortasuna eta azpiegiturak, trantsizio agroekologikoa, elikadura eta landa eremu biziak.

  4. Ezagutza sistemaren gaineko konpromisoak, hezkuntza-ziklo osoari dagozkionak.

  5. Identitate komunitarioa: hizkuntza politika, kultura, komunikazio sistema, nazioarteko politika eta kanpo ekintza, garapenerako lankidetza.

  6. Askatasun demokratikoak: segurtasuna, justizia, euskal espetxe sistema, gatazkaren konponbidea, Arartekoa.

  7. Administrazio publikoaren eraldaketa: administrazio publiko digitala, enplegu publikoa, gardentasuna eta ustelkeriaren aurkako borroka.

  8. Gobernantza kooperatiboa: gobernantza feminista, LGTBI politikak, kultur aniztasuna, desgaitasuna duten pertsonak, haur eta nerabeak.

  9. Herri anbizioa erakusten duen Estatus Politiko Berria atxikitzeko bide orria.

Halere, planteatzen ditugun hainbat politiken zeharlerrotasunak eraginda hainbat proposamen kapitulu ezberdinetan aurkitzea eragin du. Hala, osasun politikak, politika feministak, euskerari lotuak edo trantsizio eko-sozialarekin zerikusia duten neurri andana testu osoan zehar ageri dira.

Hori dela eta, programaren irakurketa osoa egitera gonbidatzen zaituztegu, herri anbizioaren erakusle diren proposamenen gaineko begirada zabalago bat eskuratze aldera.Interesgarria irudituko zaizuelakoan.

 

 

Euskal Herria Bildu.

1. Burujabetza estrategikoa indartu

SARRERA

Mundua abiadura handian aldatzen ari da. 2008ko krisiak oparotsaun neoliberal globalaren ameskeria kolpe batean deuseztatu bazuen ere, azken urte hauetan metatzen joan diren arazoak eta hauen ondorioak biziki azeleratu dira. Izan pandemiak utzitako ondorioak, izan hornidura-kateen tentsionamendua, izan oinarrizko baliabideen akaparamendua, izan energia edo elikadura-krisiak, izan tentsio geopolitiko eta gerra-arrabots berrituak, izan krisi ekologiko orokortua, sakoneko eraldaketen aroan murgilduak gaude, ziurgabetasuna nagusitu delarik. Finean, multipolarra eta gatazkatsua bihurtzen ari den mundu honetan, burujabetza kontu estrategikoa bihurtzen ari da.

Bere burua gobernatu nahi duen edozein herrik ahalik eta burujabetza formal handiena (eskuduntza maila gorena) eskuratzea behar du helburu. Baina, horretaz gain, burujabetza materiala ere ezinbesteko osagaia da bizi baldintza duinak garatzeko oinarrizkoak diren hainbat esparru estrategikotan eta, zentzu honetan, gure burua etorkizunari begira prestatzeko premia handia dugu. Gure elikadura edo energia sistemak, industria eta, oro har, ehun produktiboa, digitalizazio-prozesua edo zerga eta finantza sistema ez ditugu egokitu bizi dugun testuinguru ezegonkorrari. Egoera honek zaurgarri bihurtu gaitu ur handi nahasietan.

Testuinguru historiko honetan, garrantzi berezia hartzen du subiranotasun estrategikoaren kontzeptuak: oinarrizko prozesu sozioekonomikoetan ahalik eta autosufizientzia handiena izatea, fenomeno globalen aurrean erresilientzia irabazteko. Euskal Herriak urgentziaz egin behar du hausnarketa estrategiko bat: nola egin aurrera elikadura autosufizientzian nazioarteko merkatuen eragin erabakigarriaren menpekotasunetik aldendu eta gertuko elikadura osasuntsu bat lortzeko, nola iraultzen hasi egun dugun kanpo energia iturri kutsakorrekiko menpekotasun itzela, nola garatu estrategia digital burujabe bat gure bizitzak hein handi batean digitalizatu diren honetan, nola errotu gure lurraldean industria-ehuna eta, oro har, gure garapen ekonomiko osoa eta nola eraldatu ehun hori paradigma ekonomiko berri batera egokitu dadin, nola antolatu gure zerga eta finantza sistema, jendartearen kohesioa eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuz aberastasuna banatzeko edota egin beharreko eraldaketak nahikotasunez finantzatzeko.

Erregai fosilek bultzatutako ekonomia linealetik energia iturri berriztagarriekin funtzionatuko duen ekonomia digitalizatu eta zirkularreko eredu berri batera igarotzea eredu ekonomikoaren eraldaketa da, aurrekaririk gabea eta arriskuz betea, baina baita aprobetxatzen asmatu behar dugun aukera handiak dituena ere. Gure jarduera sozioekonomikoak behar duen energia sortzea funtsezkoa da subiranotasun estrategikoa irabazteko eta, aldi berean, lehengai kritikoak berreskuratzera bideratutako industriaren alde egitea aukera bat da Europako testuinguruan dugun posizio estrategikoa hobetzeko.

Esku-hartze integral eta koherente bat egin ahal izateko beharrezkoak liratekeen tresna guztiak ez daude gure esku, eta horiek eskuratzeko helburuarekin lan egitea ezinbestekoa da, ezinbestekoa den bezala egun ditugun gaitasun eta inteligentzia kolektibo osoa eman beharreko eraldaketaren mesedetan jartzea.

Atal honetan arreta berezia ipiniko diogu energiari, elikadurari, industria eta ehun produktiboari, digitalizazioari eta zerga eta finantza sistemari. Subiranotasun estrategikoak diren neurrian, arlo horietan guztietan burujabetza materiala mantentzea, esparru berriak eskuratzea edota berau areagotzea funtsezkoa da gure herriaren erresilientzia bermatuko badugu.

Subiranotasun energetikoaren bila

Euskal Autonomia Erkidegoan, gure jarduera ekonomiko eta sozialak burutzeko, energia asko erabiltzen dugu, estatuko zein europar batasuneko bataz bestekoak gaindituz eta mundu mailakoak bikoiztuz. Energia iturri nagusiak petrolioa eta gas fosila dira eta horien ezaugarri nagusien artean bi azpimarratu behar ditugu. Alde batetik, baliabide fosilen erretzetik dator larrialdi klimatikoa eragiten duten Erkidegoko berotegi efektuzko gasen isurketaren zati nagusia (hain zuzen ere % 86a). Bestetik, gure lurraldean erabilitako baliabide fosil guztiak inportatuak dira, eta horrek subiranotasun energetikoa erabat baldintzatzen du. Izan ere, gure kanpo energia menpekotasuna % 90tik gorakoa da. Menpekotasun horren faktore nagusia baliabide fosilen inportazioa bada ere, kontuan hartzekoa da kontsumitzen dugun elektrizitatearen zati handi bat kanpoan ekoitzia dela (% 67a 2023. urtean). Bertako energia berriztagarrien bidez lortutako elektrizitatea kontsumo elektrikoaren %15aren bueltan dabil. Eta kontsumo energetiko osoari begira, bertako energia berriztagarriek behar energetikoen % 8a inguru besterik ez dute asetzen.

Kanpo energia menpekotasuna aztertuz, hainbat kontu dira azpimarragarri. Hasteko, energia lortzeak inpaktu ekologikoa du eta, gaur egun, erabiltzen dugun energiaren sorkuntzaren inpaktua, batez ere, kanpoan gertatzen da. Energia garraiatzeak ere inpaktu ekologiko bat du, eta inpaktu hori ere ez gara ari barneratzen. Gainera, ez dugu kanpoan sorturiko energiaren inguruko baldintzekiko inolako kontrolik eta sorkuntza horri loturiko aberastasunean ez dugu parte hartzen, izan lanpostuak, zergak eta abar.

Aurrekoa gutxi balitz, kanpo energia menpekotasunaren arrisku eta ondorioak gero eta nabarmenagoak dira. Gure inportazio eta esportazio balantza, azken urteetako energiaren arloko gorabeheren menpe ibili da, eta ordaindutako faktura energetikoa Barne Produktu Gordinaren %10 langa gainditzeraino iritsi da. Energiaren garestitzeak, horniduren katean izandako tentsionamenduak, ezegonkortasun geopolitikoak, baliabide fosilen agortze-zantzuak, gure jarduera sozial eta ekonomiko guztia kolokan jartzen dute, 2022ko energia krisiak modu argian erakutsi zigun moduan.

Gauzak horrela, esan genezake kanpo-energia menpekotasuna herri gisa dugun zaurgarritasun estrategiko nagusienetarikoa dela eta buru-belarri egoera hau iraultzen hasi beharrean gaudela. Gure etxebizitzek, zerbitzuek, industriak, garraioak, nekazaritzak eta abar energia-hornidura egonkor eta eskuragarriak behar dituzte, eta epe ertainean hori bermatzeko modurik eraginkorrena, energia gutxiago kontsumitzea eta bertako energia berriztagarriaren garapena da.

Azken urteotan, hainbat aurrerapen izan dira. Eraginkortasunean eta aurrezpenean pausoak eman dira, eta kontsumoak zertxobait behera egin du. Bestalde, banakako zein partekatutako autokontsumoak, energia komunitateek edo kooperatibek bere ekarpena egin dute, baina aurrerapen hauek, kualitatiboki funtsezkoak badira ere, kuantitatiboki mugak dituzte. Horregatik, ahalik eta subiranotasun energetiko handiena lortu ahal izateko, eskala eta teknologia berriztagarri guztiak esploratu behar ditugu. Bide horretan, energiaren demokratizazioa sustatu behar dugu, energiaren esparru ahalik eta handiena ahalik eta esku gehienen eta sektore publikoaren kontrolpean egon dadin.

Energiaren atala subiranotasun estrategikoen ikuspuntuaz gain trantsizio ekosozialaren atalean lantzen denez, proposamen programatikoak bi atalen artean banatu dira. Atal honetan, subiranotasun energetikoko maila irabazteko oinarrizko neurriak zerrendatuko ditugu.

 

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Energia arloko eskumenak eskuratu

    Energiaren arloko eskumen nagusiak estatuarenak diren neurrian (politika energetikoaren gidalerroak barne), Jaurlaritzatik eskumen horiek handitzearen alde egingo du lan estatus berriaren eztabaidaren testuinguruan.

  2. Kanpo energiaren menpekotasuna murrizteko Plana

    Datorren legealdian kanpo-energiarekiko menpekotasuna % 10ean murrizteko plangintza egin eta burutuko da. Plangintza honek, autokontsumoaren bide orria, kontsumoa murrizteko bide orria eta berriztagarrien hedapenerako bide orria barnebilduko ditu.

  3. Elektrizitate-banaketa eta garraio-sareak trantsizio energetikora doitzeko mapeoa

    Neurri honek sare elektrikoaren trantsizio berriztagarriarekiko doikuntza izango du helburu. Jaurlaritzak sare elektrikoaren egungo eta epe ertaineko beharren identifikazioa eta mapeoa egingo du, elektrizitate-kontsumo handiko zein banaketa eta garraio elektrikoaren enpresetatik eskuraturiko informazioa kontutan hartuta.

  4. Energia-kontsumoa murrizteko Plana onartu

    Energiarik ekologikoena kontsumitzen ez dena da. Gure herrian, oraindik tarte handia dago energia aurrezpenerako gure bizi kalitateari eutsiz. Energia murrizteko, klima eta energia legeak ezartzen dituzten aurrezpen helburuak gainditzeko moduko plangintza egingo da.

  5. Berriztagarrietan inbertitzeko funts herritarra sortu

    Energia trantsiziorako eredu publiko-herritarra sustatu. Herritarren aurrezkiak energia trantsiziorako beharrezko inbertsioetara bideratzeko: teknologia berriztagarri ezberdinak, biltegiratze sistemak edo energia eraginkortasuna hobetzeko neurriak bultzatzeko.

  6. Autokontsumoa hirukoiztu

    Autokontsumoa sustatzeko dirulaguntzak handituko ditugu. Pertsona partikularrentzako zein merkataritza, nekazaritza eta industria sektorearentzako dirulaguntza lerro bat irekia mantenduko da 2024-2028 legealdi osoan, autokontsumo bidez gutxienez 600 MWko potentzia instalatua izateko helburuarekin.

  7. Trantsizio energetikorako bulegoak ireki

    Euskal administrazioak herrialde bakoitzeko trantsizio bulego bat irekiko du, energia berriztagarrien hedapenean, kontsumoaren murrizketetan, komunitate energetikoen sorreran eta abar laguntzeko. Herri edo eskualde mailako bulegoak irekitzeko laguntzak ere emango dira.

  8. Eskala guztietako proiektu energetiko berriztagarrietan parte-hartze publikoa bermatu

    Ingurumen balioekin bateragarriak diren proiektu nagusietan Energiaren Euskal Erakundearen parte hartzea sustatuko da eta toki zein foru erakundeen parte hartzea sustatuko da. Onartu berri den klima eta energia legean txertatutakoa probestuko da bertako energia berriztagarrien parte-hartze publikoa zein komunitarioa handitzeko. Baita kontrol publikoa eta onura soziala bermatzeko.

Elikadura burujabetzarantz

Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren funtsezko zeregina elikagai osasuntsuak eta kalitatezkoak ematea da, eta biztanleriaren hornidura iraunkortasun baldintzetan bermatzea. Beraz, definitutako edozein estrategiak, helburuk edo jomugak kontuan izan beharko luke jarduera honen izateko arrazoiaren funtsezko printzipio hori.

Hala ere, gaur egungo nekazaritzako elikagaien sistemek, eskalako ekonomiaren, intentsifikazioaren, espezializazioaren eta uniformizazioaren logika industrialetik bultzatuta, ez dute bermatzen elikagaien segurtasuna ezta jendearentzako nutrizio egokia ere.

Lehen sektorea gainbeheran dator aspalditik; bizi eta lan baldintza ez duinak, elikagai industriekiko eta merkatuekiko menpekotasuna, errelebo-falta… Baserritar batek dirulaguntza gabe, bataz beste 5 €/orduko kobratzen ditu; dirulaguntzekin, 7 €/orduko. Baserritarren errenta maila euskal batez besteko errenta baino % 49 baxuagoa da.

Gainera, gero eta lur gutxiago dago nekazal erabileretarako. 1990. urtean 255.385 hektarea zeuden, 2009.ean 190.385 eta 2020an 180.196 baina ustiategien tamaina 2009tik 2020ra % 38,4 handitu da. Lurra gero eta esku gutxiagoen artean banatzen da.

Horrek azken hamarkadatan nekazarien kopurua nabarmen murriztea ekarri du. Azken hiru hamarkadatan baserrien herena hustu da. Egun titularren % 4ak soilik ditu 35 urte baino gutxiago. Ondorioz, gero eta elikagai gutxiago ekoizten da eta euskal nekazaritza-sektorea urrun dago biztanleria elikatzeko adina ekoiztetik.

2022an EAEko biztanle bakoitzeko 42kg. haragi, 22,9 kg. arrain, 9,7 litro oliba olio, 55,7 kg. barazki fresko eta 94,7 kg. fruta kontsumitu genituen.

Hego Euskal Herrian ekoizten eta kontsumitzen diren elikagaien alderaketa eginez gero, datuak ez dira txarrak, nahiz eta elikagaien artean alde nabarmenak egon. Esnearen auto-hornikuntza maila EAEn % 91koa da. Arraultza, eztia, haragiak, barazkiak, fruta freskoa, fruitu lehorrak, lekaleak, patata, arroza eta oliba olioa kontutan hartuta, EAEk behar duenaren % 25a ekoizteko gaitasuna izango luke baina, Nafarroak soberakinak izanik, Hego Euskal Herrian % 105 ekoizpena lortzeko gaitasuna izango genuke.

Datu hauek, ordea, ez dute elikadura-burujabetzaren maila erakusten, elikatzeko potentziala baizik, praktikan ez baitago barne ekoizpena eta kontsumoaren arteko loturarik. Izan ere, Euskal Herrian kontsumitzen diren elikagaien % 90 inguru kanpotik datoz. Euskal Autonomia Erkidegoan 842 miloi € jasotzen dira elikagaien esportazioak direla eta, baina, aldi berean, 786 miloi € gastatzen dira inportazioetan.

Euskal herriak bere nekazaritzako elikagaien politikei buruz erabakitzeko ahalmena behar du. Elikadura subiranotasuneranzko eredu agroekologiko bat gauzatzeko, tokiko elikagaiak eta jasangarritasuna ardatz dituen elikadura sistemaren eraldaketa bultzatzea ezinbestekoa da.

EHBILDUK elikadura politika publikoen erdigunean jarri nahi du, nekazari, abeltzain eta arrantzaleen eskutik hainbat eskalatako neurriak antolatuz, elikadura burujaberantz bidea egiteko. Baserritarren eta kontsumitzaileen beharretan oinarritutako tokiko elikadura sistemak nahi ditugu, agroekologiaren eta arrantza selektiboaren bidetik, baserritarren eta arrantzaleen bizi eta lan baldintza duinak bermatuz eta kontsumitzaileei elikagai osasuntsuak bertatik bertara eskainiz. Elikadura burujabetza ezin baita ulertu soilik elikagai gehiago ekoizteko gaitasun gisa. Elikagaiak nola ekoizten diren eta ekoizpen horren eraginak hartu behar dira kontuan, ezkerreko ikuspegi batetatik, lurra, landareak, animaliak eta pertsonak modu osasuntsuenean elikatu eta zaintzeko. Elikadura-subiranotasuna sustatzea alternatiba eraldatzailea delako. Elikadura trantsizio ekosozialaren atalean ere lantzen denez, hemen elikadura-burujabetza handitzeko konpromisoak zehazten dira.

 

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Elikadura Burujabetzaranzko estrategia diseinatu eta egikaritu

    Azalpena: Eredu agroindustrial globalizatuak porrot egin du eta ezinbestekoa da elikadura-burujabetzaranzko urratsak egitea. Sektorearekin eta administrazio eta eragileen arteko lankidetzan egingo dugu bidea.

  2. Elikadura Kontseilua eta Tokiko Elikadura Kontseiluen sarea sortu

    Azalpena: Kontseilu hau euskal elikadura-sistemaren gobernantzan erabakigunea izango da. Euskal elikadura-sistemaren datuen behatokiaren eraginkortasuna indartuko dugu eta, tresna hori erabilita, Elikagaien Bidezko Prezioen Itun Soziala bultzatuko dugu.

  3. Elikadura Katearen Jardunbide egokiak bermatzeko baliabideak indartu.

    Azalpena: Lehen sektoreak prezio duinak behar ditu. Jaurlaritzak badu hori bermatzeko eskumena. Kontrolerako baliabideak indartzeaz gain, elikadura katearen eragileen arteko jardunbide egokiak baldintzatzeko irizpideak txertatuko ditugu.

  4. Baserritarrei errenta duinak bermatu eta dirulaguntzen irizpideak berrikusi nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorra, agroekologikoa eta familiarra hauspotzeko.

    Azalpena: Zuzeneko laguntza lerroa ezarriko dugu, nekazariei gure errealitateari egokituriko lanbide arteko gutxieneko soldata eman arte konpentsatzeko (1.400 euro), eta baserritar jubilatuen pentsioak ere, gutxienez, 1.080 eurora osatuko ditugu. Eta, dirulaguntzen irizpideak iraunkortasuna sustatzera zuzenduko ditugu.

  5. Nekazaritza eta Elikadura Legean eta Nekazari Gazteen eta Emakume Nekazarien Estatutuetan jasotako tresnak garatu.

    Azalpena: 17/2008 Legeak, Nekazari Gazteen Estatutuak eta Emakume Nekazarien Estatutuak tresna batzuk aurreikusten dituzte landa-lursailek lurraren erabilera soziala, belaunaldien arteko erreleboa eta emakumeen eta gazteen partaidetza areagotzeko. Horiek guztiak orain arte ez dira behar bezala garatu.

  6. Eskualdeka tokiko eta sasoiko elikagaiak prozesatzeko eta banatzeko sistema publiko bat sortzea, eredu dibertsifikatu eta planifikatua ardatz hartuta.

    Azalpena: hiltegi eta elikagaiak prozesatzeko azpiegituren faltak nahitaezko bihurtzen ditu azpiegitura publiko-kolektibo berriak. Baita, ekoizle txikiei transformatzeko baldintza malguagoak ezarriko dizkien araudia bideratuko dugu, Nekazaritza eta Elikadura Legea garatuz.

  7. Arrantza iraunkorrerako trantsizio-plana martxan jarri bertoko arrainaren aldeko sarea jorratuz.

    Azalpena: Artisautzako eta baxurako arrantza-sektorea desagertzen ari da, baita ere, itsas ekosistemen kudeaketa eredu eraginkorra. Arrantzaren etorkizuna babesteko, gure elikadura subiranotasunaren funtsezko faktore bihurtzeraino, politika publikoak osatuko ditugu.

Garapen ekonomiko burujabea

1 INDUSTRIA-POLITIKA EKINTZAILEA; lidergo publikotik euskal industria-eredu jasangarri, sozial eta aurreratu bat eraikitzeko.

Azken urteetan, testuinguru ekonomikoa ondo ulertzeko arazoak izan dira. Ez da asmatu egun bizitzen ari garen une ekonomikoa era aproposean irakurtzen, eta horrek, erabaki arbuiagarriak ekarri ditu. Gobernu autonomikoak aurrera eraman duen politika industrialak inpultsua galdu du eta inertzia hutsean murgilduta dago, izaera liberal eta erreaktibo nabariaz. Azpiegitura handien aldeko apustua egin da, horien inpaktu sozial eta ekonomikoaren azterketa zehatzik gabe. 90eko hamarkadaz geroztik ez da inbertsio estrategikoko proiekturik garatu, eta bere garaian sustatu zirenak deserroturik geratu dira. Ez badira abian jartzen bultzada eta lidergo publiko berrituko industria-politikak, zeinak eraldaketarako asmo handiko ahaleginetan inplikatu eta lerrokatuko dituzten ekoizpen-sarea eta zientzia- eta teknologia-sareak, belaunaldi baten buruan, gainbeheran dauden nazioen artean topatzeko arriskua daukagu, zailtasunez beteriko etorkizun baten aurrean.

Kontestu honetan, administrazio publikoek haien lehentasunak birpentsatu behar dituzte, politikak bernorabidetu eta errekurtsoak era estrategikoan esleitu ehun produktibo baten sustapen eta kontsolidazioa lortzeko, gure lurraldean errotuta eta konprometituta egongo dena, balio erantsi altukoa eta daukan ardura sozialaren mailakoa: lan baldintza eta soldata duinak ezartzea, langileek haien bizi-proiektuak eratu ditzaten eta jasangarritasunarekin konprometitua.

Euskal ekonomiaren inguruko analisia ez da katastrofikoa. Baina kezkatu egiten gaitu analisi autokonplazente batek euskal ekonomiaren hipozentroan gertatzen ari dena arretaz aztertzea galarazteak. EAEko ekoizpen-sarea Europako erregioekin alderatzean, kezka-elementu hauek azpimarratu behar dira:

  • Eros-Ahalmenaren Parekotasuneko per capita BPGa %12,94 hazi da 2010etik 2021era, KPIaren azpitik (%17). Europako erregioen artean 24 posizio galdu dira, 47 posiziotik 71ra igaroz.
  • Manufaktura-industriak beheranzko joera izan du aldi horretan: 2000n %28,5ekoa zen, eta 2022an %22,2koa. Industria-enpleguari dagokionez, Europako eskualdeen rankingean 16 postu galdu dira, 66 postutik 82ra igaroz.
  • 2000. urtetik aurrera, maila teknologiko ertain-altuko eta altuko esportazioak %44-47ko urkilan gelditu dira, %56ko maila izatera heldu zirenean. Gainera, maila teknologiko handiko esportazioek ez dute % 3 gainditu 2005etik.
  • Teknologian eta jakintzan intentsiboak diren sektoreetako portzentajezko enpleguari dagokionez, 11 lanpostu galdu dira Europako erregio-rankingean, 73. postutik 84. postura pasatuz.
  • Ikerketan eta garapenean egindako ahaleginari dagokionez, 2010etik aurrera I+Gko gastua BPGaren 1,7 eta 2,1eko tartean mugitu da. Europako punta-puntako erregioetatik urrun. BPGaren %3 baino gehiago inbertitzen duten 42 erregio daude, eta BPGaren %4 baino gehiago inbertitzen duten 19 erregio. EAE 71. postuan dago.
  • Regional Innovation Scoreboard-en (RIS) arabera, EAEk ahultasun nabarmenak ditu honako kontzeptu hauetan: enpresa-prozesuen berritzaileak; produktu-prozesuen berritzaileak; ETE berritzaileetako enplegua; diseinu-aplikazioak; I+G ez den berrikuntza-gastua; sektore publikoko I+Gko gastua.
  • Sektore publikoaren ahalegina oso eskasa da. Administrazioak bideratutako I+Gko gastuari dagokionez, EAE 121. postuan dago, eta BPGaren %0,15eko gastu publikoa du. Hain zuzen, 35 erregiok hirukoitza bideratzen dute. Horrek eragina du goi-mailako hezkuntzaren I+Gko gastuan (BPGaren % 0,39); 155. postuan gaude. Neurri batean, gobernu autonomikoak UPV/EHU finantzatzeko erabilitako aurrekontuaren bilakaeraren isla da hori.

Bien bitartean porlan eta asfaltoan oinarrituta dagoen agortutako inbertsio eredu baten aldeko apustua egiten jarraitu da. Horren ondorioz, EAEk autobia eta autobideen proportzio handienetako bat du Europa mendebaldean. Hala, erregioen rankingaren goiko aldean dago, autobien eta autobideen gainazaleko kilometro-kopuruari dagokionez (17. posizioa) eta autobien proportzioari dagokionez, errepideen kilometroen gainean (8. posizioa). Gure errepideen % 12,86 autobiak dira, eta mendebaldeko Europako batez bestekoa % 1,99koa da. Inbertsio publikoei dagokienez, desoreka horrek aukera-kostua dakar berekin. Berrikuntzaren edo industria-politika proaktiboaren aldeko inbertsio eta aurrekontu publikoa berrorekatuz gero, gure lurraldearen eta produkzio-sarearen edo gizarte-azpiegituren posizio estrategikoa hobetuko litzateke.

Lan-egoerari dagokionez, teknikoki, enplegu osotasuna dagoela esan daiteke, baina lan-merkatuek beste arazo batzuei egin behar diete aurre, hala nola prekarietateari, behin-behinekotasunari eta enpleguaren kalitateari; lanpostu bat edukitzeak ez du pobrezia-arriskua saihesten; ahuldadea dago gazteen bizi-proiektuak eraikitzea ahalbidetuko duten egonkortasun- eta sustapen-ibilbideak eskaintzeko orduan; langile faltak eragindako errelebo-arazoak… Gainera, talentua galtzen ari da; izan ere, emigratzen duten gazte kualifikatuak iristen direnak baino gehiago dira, eta Estatuko gainerako autonomiekin alderatuta, erditik behera gaude.
Aldi berean, industria-politikaren apustu handiak, “4.0 industria” deiturikoak, emaitza mugatuak izan ditu; izan ere, “4.0 industria”-rekin lotutako teknologien txertatze-mailak ahulezia eta gabezia nabarmenak erakusten ditu. Horrela, teknologia sofistikatuenak, Big Data, fabrikazio gehigarria, simulazioa eta robotika, enpresen % 29-21ean eskuratu dituzte. Aldiz, adimen artifiziala, errealitate areagotua, zibersistema fisikoak eta biki digitalak enpresen % 15-8an baino ez dira.

Bestalde, duela gutxi sektore teknologikoarekin eta IKTekin lotutako enpresek deserrotze prozesu bat bizi izan dute, administrazioak bere garaian haien aldeko apustu handiak egin ostean. Adibide latzak ditugu, Euskaltel enpresa esaterako, atzerriko multinazional baten eskuetan pribatizatu ondoren edota Gamesa, Ibermatica, Informática Euskadi edo Bilbomática bezalako enpresak, denak atzerriko kapitalaren eskuetan amaitu dute. Bien bitartean, produkzio-sarean jarduten duten finantza-tresnen ahultze nabarmena gertatu da, batez ere Kutxabankena, eta horrek sustapen- eta sustraitze-funtzioa murriztu du, Euskaltel, Ibermática, NH Hoteles… bezalako enpresen jabetzan dituen partaidetzak salduz. Gainera, “Finkatze Kapitala Finkatuz, SA” sozietate publikoak, 307 milioi euroko kapital eskasarekin, esku-hartze apala erakusten du, bere kapitalaren % 34 baino ez baitu erabiltzen hiru enpresatan.

Mendebaldeko euskal ekonomiaren egoera desplazamendukoa da, argi eta garbi. Denborarik galdu gabe erreakzionatzen ez bada, belaunaldi baten buruan, gainbehera-fasean sartzeko arriskua izango dugu. Gobernu autonomikoak bere burua berrasmatu behar du arlo honetan, inertzia eta ikuspegi liberal, eroso eta erreaktiboa alde batera utzi eta, gutxienez, mendebaldeko herrialdeetan dauden haize berriak aprobetxatu, “ekonomian paper aktiboagoa” duen eta “produkzio-egitura bideratzeko ahalegin aktiboa” egingo duen industria-politika baten alde.

Industria-politika berriak produkzio-ehunari eragiten dioten hiru erronka hauei egin behar die aurre, gutxienez:

  • Produkzio-adarretan duen posizioa egokitzea eta berrasmatzea, balio-kateetan maila globalean zein kontinentalean eragiten dituzten eraldaketen, berrikuntza disruptiboen, erronka klimatiko eta energetikoen eta eskaeren eraldaketaren arabera.
  • Energia-iturri fosilak ordeztea, energia-kontsumo handia duen industria batean.
  • Biztanleriaren piramidearen inbertsioa. Piramide horrek hamarkadak daramatza jalkitzen, eta eragina izango du lan-merkatuetan eta langile kualifikatuen beharretan.

Administrazio publikoaren zeregina ezin da mugatu apustu estrategikoak irizpide eztabaidagarriekin, eraginkortasunik gabe hautatutako enpresen interes partikularretan oinarrituta egitera, ez eta sektore pribatuari apustu estrategikoetan akritikoki laguntzera, ezta funts publikoek onartutako arriskuaren araberako itzulerarik ez duten ekintzailetza-ekosistemetan parte hartzera, ezta I+G bultzatzeko diru laguntzak ematera, berrikuntza-estrategia argirik gabe. Are gutxiago proiektu estrategikoak martxan jarri eta, azkenean eskaintzaile onenari saldo-prezioan saltzera. Administrazio publikoek gure sare ekonomiko eta industrialaren eraldaketa bideratuko duten etorkizuneko apustu handiak babestu behar dituzte.

Erronkei aurre egiteko gaitasuna, besteak beste, administrazioak dituen tresnen, gaitasunen eta konpetentziek baldintzatzen dute, baina baita enpresa-, erakunde- eta gizarte-eremuetako gobernantza motak eta inplikazio mailak. Erregulazio ekonomikoaren arloko funtsezko eskumenak bereganatu behar dira, estatus politiko berri baterako oinarrien akordioan jasotzen den bezala. Lankidetza publiko-pribatuko sistema orekatua izan behar da, arduratsua, gardena, elkarrekikotasun justukoa, hautaketa-irizpide objektiboekin eta aukera-berdintasunarekin. Sektore publikoak dinamizatu behar du lankidetza publiko-pribatua; izan ere, sektore publikoak biltzen eta osatzen ditu ikuspegia eta misioa, eta era askotako laguntzak ematen ditu. Gainera, ekitatezko itzulera eskatu behar da sektore pribatura, lurraldearekiko erantzukizun konpartituari dagokionez.

Instituzio publikoek anbizioa eta ikuspegi estrategikoa berreskuratu behar dute ezinbestean, eta XXI. Mendeko politika industrialetara egokitu.

2028rako KONPROMISOAK:

  1. Tresna eta gobernantza berri batez osatutako arkitektura berri bat eraikitzea XXI. mendeko politika industrial proaktiboa garatzeko, honako sei elementu hauekin:

    Prospektiba Ekonomikoko Zentroa, industria-politikak eta enpresa-jarduera bera bideratzeko analisi garrantzitsuak egiteko.

    Ekintzailetza Publikorako Institutua, sektore estrategikoetan enpresa-proiektu publikoak eta erdipublikoak diseinatu eta abian jartzeko baliabideak, gaitasunak eta ezagutzak bilduko dituena.

    Industria Politikaren Behatoki independentea, arlo horretako jarduerak zorrotz ebaluatzeko eta hobekuntzak proposatzeko.

    Industria Politika Diseinatzeko Aholku Batzordea. Bertan parte hartuko dute: erakundeek, SPRIk, klusterrek, Innobasquek, enpresa-elkarteek, sindikatuek, kooperatiba-elkarteek, unibertsitateek, eskualdeko garapen-agentziek…

    Inbertsio Estrategikorako Funts Subiranoa, inbertsioa sustatzeko bai balio erantsi handiko eta ertaineko dibertsifikazio erlazionatuko proiektuetan eta baita misioaren arabera (mission oriented projects) bideratutako proiektuetan.

    Eskala anitzeko gobernantza-sistema, politika industriala diseinatu eta inplementatzeko. Politika horrek marko autonomikotik, tokian tokira helduko da, eta administrazio eta erakunde publikoak, zentro teknologikoak, eskualdeko agentziak eta abar bilduko ditu. Eremu autonomikoko gobernantza-arkitektura horiek koordinatu eta sinergiak ezarri behar dira EAEren eta NFKren artean, gutxienez, eta Iparraldeko Mankomunitatera ere zabaldu ahal izango da.

  2. Berrikuntza eta teknologiaren aldeko apustu irmoa egitea.

    – Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzara bideratutako ahalegin publikoa zein pribatua handitzea, BPGren %3ra heldu arte.

    – 5.0 industriari lotutako teknologiak enpresetan txertatzeko jauzia egitea eta produktibitatea hobetzea. Etorkizuneko teknologia-sektorearen oinarriak finkatuko dituzten azpiegiturak eraikitzea. Berrikuntza irekiko ekosistema bat sortzea adimen artifizialean eta bertatik eratorritako ezagutza eta irtenbideak industriara transferitzea.

    – Zientzia eta Teknologia Planeko proiektuak garatzea, egungo ezagutza zientifikoa aprobetxatzeko teknika eta prozeduren arabera, produktu eta zerbitzu bihurtutako emaitza praktikoak lortzeko. “Core” teknologietan eta teknologia euskarrietan dugun eta lortu behar dugun garapena eta menderatze-maila sustatzea.

    – Zientzia-, berrikuntza- eta teknologia-sarearen gobernantza indartzea (unibertsitateak, BERCak, CICak, zentro teknologikoak, enpresetako I+G unitateak), administrazio publikoaren exigentzia maila handiagoarekin.

    – Enpresetako klusterren, zentro teknologikoen eta I+G unitateen barruan sortutako oinarri teknologikoko ekintzailetza sustatzeko liderrak identifikatzea, prestatzea, motibatzea eta erakartzea.

    – Epe ertain eta luzerako garapen teknologikoko ibilbideak definitzea eta kudeatzea, enpresari bermatuz era iraunkorrean merkatuaren balio erantsiaren aportazioa. Horretarako, irtenbide teknikoan ardaztu beharrean, gizartearen eta merkatuaren beharrizanetarako konponbideak bideratzeko bidea hartu beharko litzateke: oinarrizko finantzaketa handiagoa eta proiektuetarako finantzaketa txikiagoa. Ahalegin horrek balio erantsi handiko enpresari lotutako zerbitzuak indartzea eskatzen du, baita azpiegitura teknologiko estrategikoen aldeko apustu argia egitea ere. Gizarte-berrikuntza bultzatzea.

    – Enpresetan berrikuntza ez-teknologikoa (marketina, merkaturatzea, diseinua, antolaketa…) sustatzeko estrategia garatzea.

    – Lurraldearentzat interes estrategikoa duten nazioarteko lantalde, foro eta plataformetan aktiboki parte hartzea.

    – Arrisku-kapitaleko funtsak (SPRI, CDTI, Estatuko Administrazio Orokorra, Europako Batzordea) eta funts pribatuak eskuratzea erraztea, berrikuntza-jarduerak elkarrekin finantzatzeko.

  3. Enpresen arteko lankidetza politikak birdiseinatzea eta klusterrak suspertzea. Kluster politika eta egituren gaineko gogoeta eta berrebaluazioa, batez ere haien eraginkortasun, eragin, efizientzia eta ahalmenei dagokienez. Identifikatutako misioei eta erronkei lotutako eragile publikoen barne-dinamizazioa sustatzea. Enpresa bazkideen arteko lankidetza eta elkarrekikotasun giroa hobetzea eta ibilbide proaktiboagoa eta asmo handiagokoa sustatzea. Helburuen arabera, klusterren arteko lankidetza bultzatzea. EAEko eta NFEko klusterren artean aliantzak eta sinergiak bilatzea.

  4. Enpresa traktoreen eta enpresa hornitzaileen artean irismen handiko kooperatiben oinarriak ezartzen saiatzen diren antolamendu-praktikak eta -berrikuntzak zabaltzeko programak, elkarrekikotasun erlatiboko printzipioetan oinarrituak.

  5. Etengabeko jarraipena eta elkarrizketa eta ‘txapeldun ezkutuak’ izeneko enpresak indartzeko berariazko programak. Klub honetan enpresa berriak sar daitezen sustatzea eta enpresa horiek lurraldean sustraitzen jarraitzea.

  6. Enpresak lurraldera sustraitzeko politikak. Lurraldeari lotzeko mekanismo pizgarriak ezartzea (testuinguru elementuak, hala nola kualifikazio ona, zentro teknologikoak, hainbat motatako gaitasunen hobekuntza, enpresa hornitzaileekiko hurbiltasuna, etab.) eta deslokalizatzeko disuasio-mekanismoak (diru-laguntzak eta laguntzak baldintzatzea, laguntzak itzultzea, lurren salmenta arautzea, etab.). Funts Subiranoa gaitzea funtsezko enpresetan posizioak hartzeko.

  7. Gure finantza-sistema indartzea. Euskal finantza-sistema publikoa sortzeko jardueretan sakontzea, aurrezpen publikoa gizarte-beharretara eta ekoizpen-inbertsiora bideratzeko. Finantzen Euskal Institutua eta haren tresnak suspertzea eta indartzea, euskal industriaren eraldaketaren zerbitzuan jarrita baitaude. Bankuen ordezko finantziazio-mekanismo berriak aztertzea eta, hala badagokio, bultzatzea; esate baterako, enpresa txiki eta ertainak kapitalizatzeko Burtsako Merkatu Alternatiboa.

  8. Inbertsio Estrategikorako Funts Subiranoa sortzea, orain arte mobilizatu diren zuzkiduretatik nabarmen gorago egongo dena, euskal enpresak lurraldean errotzeko, euskal enpresa estrategikoen kapitaleko partaidetza publikoa bideratzeko eta inbertsio estrategikoak sustatzeko.

  9. 100 langile baino gutxiagoko enpresen arteko lankidetza-sareak eta praktikak sustatzea, berrikuntzaren, merkataritza-artikulazioaren eta merkaturatzearen arloetan. Eskualdeko agentziek enpresen arteko lankidetza-praktikak eragin, sustatu, dinamizatu eta tutorizatzea berrikuntza-prozesuetan (ezagutza formalaren eta informalaren transmisioa; produktuaren eta prozesuaren berrikuntza) eta merkaturatze-prozesuetan (azoketara joatea, katalogo partekatuak, atzerriko merkataritza-azterketa, eskaera-zentrala, etab.). Trinkotasun- eta artikulazio-komertziala sustatzea lurraldeko enpresen artean, kanpo-lokalizazio eta –jakintzen sorrera areagotuz. Inter-ekintzailetzako proiektu berritzaileak sustatzea, azken produktu propiorik ez duten enpresak zentro teknologikoen laguntzarekin produktu berri bat sortzen lagun dezaten. Enpresen bat-egitea sustatzea tamaina handitzeko.

  10. Eskualde premiadunenei bultzada ematea (Ezkerraldea, Oarsoaldea, Aiaraldea, Busturialdea…), azterketa- eta lan-ponentzien, txokeplanen eta plan estrategikoen bidez, eremu horietan industriaren presentzia indartzeko helburu nagusiarekin, lehentasunezko inbertsiorako eremuak izendatuz eta horietan industria-jardueren instalazioa sustatuz.

  11. Enpresa txikien ahultasunei banan-banan aurre egiteko programa berezia. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011-2015 aldian UPV/EHUrekin eta TKNIKA-rekin lankidetzan egindako Garaituz programak eskainitako esperientzian oinarrituta, enpresa txikien ahultasunak eta hutsuneak ebaluatzeko eta konpontzeko berariazko programak bultzatzea, eskualdeko agentzien laguntzarekin.

  12. Zailtasunak dituzten enpresetarako laguntza eta/edo ekintzen programa, langileak birkokatzeko neurriekin, era ordenatuan berregituratu, berbideratu edo ixteko.

  13. Industria-garapenerako kontratazio publikoko programa, erakunde publikoek beren funtsen zati bat erosketa publiko estrategikora konprometitzeko baldintzak arautzen dituena, administrazioarentzako arazoak konponduko dituzten eta, aldi berean, enpresa berritzaileen artean merkatuak sortzeko balioko duten helburuen inguruan. Administrazioen erosketa eta lizitazioetan gizarte- eta ingurumen-klausulak sartzea.

  14. Enpresei ematen zaizkien laguntza publikoak, horien justifikazioa, hautapen eta laguntzei lotutako emaitzak fiskalizatzeko kontrol-tresnak aktibatu, kasuistikari eta eskatzen den malgutasunari egokituta, adibidez, enpresa edo teknologia arloko ekintzailetza prozesuetan.

  15. Ekonomia sozial eta kooperatiboaren aitorpena eta indartzea.

  16. EAEko industria deskarbonizatzeko plana, ekoizpen-prozesuen eraginkortasuna hobetzeko (karbono-aztarna txikiagoa duten materialak, ekoizpen-prozesuen zirkulartasuna, materialen iraunkortasuna, ekodiseinua…) eta energia-autokontsumoa, industria-prozesuen elektrifikazioa eta hondar-beroaren aprobetxamendua sustatzeko. Isuri gehien sortzen dituzten adarretan ibilbide-orri sektorialak garatzea.

  17. Enpresa integratzaile, parte-hartzaile eta inplikazio handiko eredu bat bultzatzea. Horretarako, langileek hiru esparrutan parte hartzea sustatuko da: kudeaketan, emaitzetan eta jabetzan. Parte-hartze hirukoitz horrek kudeaketa aurreratuko eredu bat dakar, kudeaketa eraginkorragoa, produkzioaren eta lanaren barne-antolaketan hobekuntzak egitea, produktibitatea handitzea, enpresaren gaitasun estrategiko eta berritzaileetan aurrerapenak egitea, lan-harreman egokiak eta lan-baldintzak hobetzea. Halaber, langileek enpresaren informazio ekonomiko eta finantzario zehatza eta beste edozein informazio garrantzitsu aldian behin eskuratzeko aukera izan dezaten mekanismoak sustatzearen alde egiten dugu; halaber, langileen ordezkariek enpresako zuzendaritza-organoetan parte har dezaten, beste herrialde batzuetan egiten den bezala.

  18. Enpresetan genero berdintasunerako planak bultzatzea, emakumeek barne promoziorako (kristalezko sabaia) dituzten oztopoak, soldata-arrakalak eta genero, sexu orientazio edota beste edozein diskriminazio mota ezabatzeko helburuarekin.

  19. Euskararen presentzia lan-hizkuntza gisa bultzatzea industrian, lantokietan, mintegietan, argitalpenetan…

  20. Lan Harremanen Euskal Esparrua defendatzea eta indartzea, euskal eskalan “langilearen estatutua” zehazteko, langileen oinarrizko lan-eskubideak sendotuz; negoziazio kolektiboa garatzea, estatuaren esparruak oztopatu gabe; gaitasun propioak eta esklusiboak dituzten enplegu-zerbitzuak politika aktiboen eta pasiboen diseinuan eta etengabeko prestakuntzako politiketan; eta askatasun sindikalari buruzko gure legea, beste gauza batzuen artean, langileak baloratzeko modu berri bat landuz.

  21. Lanaldiaren murrizketan aurrerapenak sustatzea, Europako proba pilotuen emaitzak kontuan hartuta (32 orduko lanaldia hainbat sektoretan).

Merkataritza, turismoa eta autonomoak

MERKATARITZA

Tokiko merkataritza sustatzea, bere dimentsio ekonomiko eta sozialagatik, lehentasuna izango da gobernuarentzat eta, horretarako, arlo horretara bideratutako baliabideak biderkatuko dira, sektorea sustatzeko, defendatzeko eta hobetzeko politiketan jauzi kualitatiboa emateko, epe laburrean talka egiteko planteamenduarekin eta etorkizunerako egiturazko neurriekin. Hurbileko merkataritzari esker, herriak eta hiriak bizirik daude, harreman sozialetarako sareak sortzen dira, giroa eta segurtasuna sortzen dira, oinarrizko produktuak unibertsalki eskuratzeko aukera ematen du, auto pribatua erabiltzea saihesten du eta hiri atseginagoak ahalbidetzen ditu. Hori defendatzeak apustu estrategikoa izan behar du.

  1. Merkataritza arlorako aurrekontua bikoiztea.

    Lau urteko epean, EAEko aurrekontuetan merkataritza arlora bideratutako aurrekontua bikoiztea, urtean % 25eko gutxieneko igoerarekin.

  2. Merkataritzako alokairuen prezioen indizea.

    Alokairu komertzialen prezioen indize bat egitea, lurraldeetako Batzar Nagusiekin adostuta, alokairuko preziorik altuenak aplikatzen dituzten errentatzaileak fiskalki zigortzeko, baldin eta prezio horiek kokatuta dauden eremuko batez bestekoa gainditzen badute portzentaje jakin batean.

  3. Merkataritza gune handien gaineko ingurumeneko kanona.

    Hirigintza eta ingurumen inpaktua dela eta, merkataritza gune handien gaineko ingurumen kanona ezarriko duen lege bat aurkeztea.

  4. Denda tradizionalaren eta denda historikoaren figurak sortzea.

    Sektorearekin adostuta, denda tradizionalaren eta denda historikoaren figurak sortzea, hurrenez hurren, 50 urtetik gorako antzinatasuna duten eta 50 urtetik gorako antzinatasuna eta aparteko arkitektura ondarea edo altzari ondarea duten saltokietarako. Azterketa horrek babes eta laguntza neurriak ekarri beharko lituzke berekin.

  5. Merkataritza elektronikoko enpresen gaineko zerga-ezarpena handitzea.

    Foru aldundiekin batera e-commerce enpresen gaineko zerga-ezarpena handitzeko plan bat adostea, batez ere nazioartean jarduten dutenena eta zergak saihesteko praktika sistematikoak egiten dituztenena.

  6. Jaiegunetan saltokiak irekitzeari uko egitea.

    Jaiegunetako merkataritza irekierak baztertzea, irekiera horiek babesten dituen Estatuko araudia indargabetzea eskatzea eta irekiera horiek saihesteko ekintza sindikalak babestea.

  7. Merkataritza-asoziazionismoari laguntzea.

    Merkataritza-asoziazionismoari laguntzea estrategikotzat jotzea, eta, ondorioz, elkarteen eta konfederazioen zeregina aitortzea, elkarte eta konfederazioen zeregina aitortzea eta konfederazio horiekin etengabe hitz egitea eta haien egituren finantzaketa egonkorra, nahikoa eta egiaztatutako ordezkagarritasun-mailarekiko proportzionala izatea.

  8. Merkataritza digitalizatzeko plan integrala.

    Euskal txikizkako merkataritza digitalizatzeko plan integral bat adostea merkataritza-sektorearekin, denda txikiak denda fisikoaren digitalizazioaren erronkei (wi-fi, ordenagailuak, sare sozialak, pantailak…) eta tokiko merkataritzako produktuen salmenta elektronikorako teknologiaren erabilerari erantzun ahal izan diezaien.

  9. Belaunaldi- aldaketa bermatzeko programak.

    Adinagatik ixteko bidean dagoen txikizkako merkataritzaren zentsoa egin eta horien itxiera saihesteko laguntza-programak indartu. Familia mailako belaunaldi-aldaketa zein hirugarren batekin eginak sustatuz. Horretarako, merkatari berriaren eta aurrekoaren arteko harremana garatzeko elkarlana indartu lan kontratu-programa bidez eta finantzazio-lerro bereziak garatuz.


TURISMOA

Aldaketa soziologikoek, low cost hegaldien boomak eta ostatu modalitate berrien agerpenak turismoaren hedapen handia eragin dute. Horrek aurrekaririk gabeko masifikazio fenomenoa eragin du, eta larriki aldatzen hasi da eremu kaltetuenetako biztanleen bizimodua. Alokairuaren prezioa garestitzen den eta egoiliarrentzako dendak turismora bideratutako negozio bihurtzeko desagertzen diren herri eta auzoak; aisialdi tradizionaleko leku kolapsatuak; nortasuna galtzea… gainustiapen turistikoaren arriskuak eta kalteak ukaezinak dira.

Pandemiak jarduera turistikoa izoztu zuen, baina hori ez zen baliatu eredua birpentsatzeko. EAJ-PSE gobernuak hazkunde turistiko kuantitatiboko eredu bat aktiboki sustatzen jarraitu du, eta horren ondorioz, zenbait eremutako egoera larria areagotu egin da, jasanezina bihurtu arte. Duela urte batzuk EAJk eta PSEk turismofobiaz hitz egiten zuten, turismoaren kontrolik gabeko hazkundearen aurkako kritikak deskalifikatzeko. Bere jarrera okerraren ondorioz, gaur egun, gehiegizko presio turistikoa arazo nagusietako bat da euskal hiri eta herri askotan.

EAEko turismo-sektorearen kudeaketa politikek naturguneak eta hiri-eremuak degradatuko ez dituen turismo iraunkorra sortzera bideratuta egon behar dute, eremu tenkatuak identifikatuz eta, aldi berean, jarduera ekonomikoa ahalik eta modu deszentralizatuenean eta desestazionalizatuenean sortzea ahalbidetuz, eskaintza turistikoan gaur egun periferikoak diren eremuak eta errealitateak txertatuz, hori guztia euskal nortasuna eskaintzaren ardatz nagusitzat hartuta eta lan eskubideekiko errespetua ezinbesteko baldintzatzat hartuta.

  1. Tenkatutako turismo eremuak izendatzeko prozedura ezartzea.

    Eremu horietan moratoriak eta murrizketak aplikatuko zaizkie hotelei, ostalaritzari eta etxebizitza turistikoei.

  2. Erabilera turistikoko etxebizitzak mugatzea.

    Jaurlaritzak erakunde arteko lan-mahai bat sortuko du, eremu saturatuetan erabilera turistikoko etxebizitzen ezarpena murrizteko, zerga-neurrien, lege-neurrien, ikuskapen-neurrien, hirigintza-neurrien eta ostatu-modalitate horren gehiegizko zabalpena geldiaraz dezaketen beste neurri batzuen bidez.

  3. Turismo eskaintzaren deszentralizazioa.

    – Tenkatutako eremuak izendatuz.
    – Eremu saturatuak sustatzeari utzita.
    – Arlo berriak aktibatuz, hala nola turismo industrialarekin lotutakoak.

  4. Euskal Herria-Basque Country eskaintza aktibatzea.

    Nafarroarekin eta Iparraldearekin batera, Euskal Herriaren irudia landuko da eskaintza turistikoaren elementu nagusi gisa, nortasunaren, hizkuntzaren, euskal tradizioen, gastronomiaren eta abarren proiekzioa sustatuz, erakargarritasun turistikoaren egituratzaile gisa.

  5. Kalitatezko lan-baldintzak defendatzea.

    Turismo-sektoreko langileentzako lan-eskubideak bermatzea, prekarietatea saihestuz eta enpleguaren prestakuntza eta kalitatea hobetuz, ikuskapen eta prestakuntza plan iraunkorren bidez.


LAN AUTONOMOA

Langile autonomoak ekonomiaren zati garrantzitsu bat dira, hainbat arazo konplexurekin. Sektore atomizatua eta heterogeneoa da, eta, beraz, zailtasunak ditu eskaera partekatuak antolatzeko eta agenda politikoan sartzeko presioa egiteko. Baina arazoak hor daude: azpisektore bakoitzari lotutakoez gain (merkataritza, ile apaindegiak, ostalaritza…), ohikoak dira bajekin eta jarduera uztearekin sortzen diren arazoak, presio burokratikoa, pentsio baxuak… Lan autonomoaren munduari ahotsa emango dioten elkartze egiturak sustatu behar dira, eta foroak antolatu, arazoak konpontzeko.

1. Elkartze egiturak indartzea eta Lan Autonomoaren Euskal Mahaia sortzea.

Jaurlaritzak hobetu egin beharko du lan autonomoko elkarteei ematen dien laguntza ekonomikoa eta beste mota batekoa, sektorearen antolaketa hobetzeko. Ezinbestekoa da elkarteek, gizarteko eta erakundeetako ordezkariekin batera, sektorea hobetzeko hausnarketarako, azterketarako eta proposamenak egiteko espazio iraunkor bat partekatzea, Lan Autonomoaren Euskal Mahaian forma hartuko lukeena.

Burujabetza eta eraldaketarako politika digitalak

Digitalizazioaren eta adimen artifizialaren aroa: estatu egitura digitalak eraikitzen
Gero eta mundu eta Euskal Herri digitalizatuagoan bizi gara. Jendarte digitalean bizi gara. Egunero, uneoro kasik, gaude gailu eta zerbitzu digitalen menpe. Oraintsu arte, gure paisaiak eta gure espazio sozio-ekonomikoak sailkatzean landa ingurunea, ingurune urbanoa edota ingurune industriala hartu izan ditugu erreferentziatzat. Gaur egun, edozein dela ere gauden espazioa, ingurune digitalean bizi gara eta ingurune digitalak bizi gaitu, nahitaez. Teknologiak gure gizarteak eta bizi esparruak zeharkatzen ditu.

Iraultza digitalak informazioaren aroa ekarri zuela esaten genuen XX. mendearen hondarrean. XXI. mendea aurrera doakigun honetan, are irmoago esan daiteke digitalizazio prozesuak bizi ohituren aldaketa errotikoa ekarri duela, eta astindu horrek gure bizimoduaren alderdi ia guztiei eragin diela oso modu nabarmenean eta masiboan. Are gehiago, mundu globalean bizi ditugun eta neoliberalismoak indartutako bizi joerak (indibidualismoa, kontsumoaren fragmentazioa, bitartekaritza sistema tradizionalen ahultzea) bizkortu eta azeleratzen ditu; bizimodua azeleratuz, bizkortuz eta etenik gabe doanaren sentsazioa orokortua da dagoeneko.
Era berean, digitalizazio prozesuan giltzarriak diren teknologia disruptiboak (Adimen artifiziala, teknologia kuantikoak,..) eta horiek garatzeko lehengaien lehia auzi geopolitikoa bihurtu da, eta Europako batzordea bera konturatu da Europaren ekosistema zientifiko-teknologiko, ekonomiko eta industrialaren ahultasun estrategikoaz.

Digitalizazioa, hortaz, eraldaketa prozesu globala eta zeharkakoa da. Izaera globala eta transbertsala duen eraldaketak, molde bereko trataera eskatzen du. Alegia, estrategia digital beregaina landu eta hedatu behar da, ezinbestean berria izango dena, dinamikoa eta etengabe eguneratua. Estrategia digital horrek, gurean, balore eta mekanismo propioak eduki behar ditu eta estatu-egitura digitalak garatzen lagundu behar digu. Enpleguaren baitan, jada automatizazioak lan errutinario eta errepikakorrak ordezkatu ditu eta adimen artifizialaren eraginez, ezinbestekoa izango da langileak orohar egokitzapen digitalerako prozesu integral batean barneratzea eta adimen artifizialak langileen gaitasunak areagotzeko aplikazioetan arreta jartzea.

Gobernantza-ikuspuntutik eta maila ekonomiko, sozial eta kulturalean, erronka teknologikoa globala da, eta, une berean, tokian tokiko estrategia digitala eskatzen du: herritarrak erdigunean jarriko dituena; burujabetza teknologikoa ortzi-mugan izango duena.

Burujabetza teknologikoa eraiki egiten baita eta ahalduntze digital indibidual eta kolektiboa eskatzen baititu. Era berean, apustu sendo eta handi bat egin behar dugu beharrezkoak ditugun azpiegituren inguruan; zuntz optikoaren herri-sare komunalak sustatuko ditugu, telekomunikazioak, datu-zentroak, eta tokiko telekomunikazio eta datu-kooperatibei aukera zabalduz. Azpiegitura teknologikoak dira garapen digitalerako zutarri nagusia eta herrialde aurreratuenetan, azpiegitura horien gaineko kontrola publikoa da, eta horien planifikazioa, garapena eta hedapena bitarteko publikoz egiten da.

Arlo honetan badaude kezkagarriak suertatzen diren faktoreak eta herri bezala eraldaketa digitalari ahots eta egitura propioz heltzeko ahalegin faltaren erakusgarriak dira; hala nola:

  • Adimen artifizialaren alorrean Jaurlaritzak ez du estrategia globalik esaterako eta garatu diren estrategia eta plan desberdinen arteko koordinazioa, sinergia eta osagarritasunak oso ahulak dira: RIS3 estrategia, 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza plana, 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategia eta berriki sortu den IKUR estrategia.
  • Enpresa-ehun teknologikoaren jabetzak galdu dira, enpresa horien partaidetzak atzerriko kapital edo funtsei salduz, edo diru publikoz eraikitako azpiegitura teknologiko estrategikoak (Euskaltel). Enpresa teknologiko traktoreak eskas ditugu eta aktiboki eramandako politika oker baten ondorioa da.
  • Europako Batzordearen DESI panelean (Digital Economy and Society Index) Orkestraren azken txostenaren arabera 7. lekuan geundeke, baina lidergo-lekuetan dauden herrialdeetatik oso urrun, eta finantza-baliabide eta prestakuntza-alorrean ahul gaude.
  • Euskararen osasun digitala hobetu eta gainerako estatu-hizkuntzen pare egoteko estrategia, baliabide eta egituretan eskala-jauzia egin beharra dago eta pausuak eman diren arren Jaurlaritzak ez dio euskararen garapen digitalaren behar den indarrez eta estrategikotasunez heldu.
  • Talentu teknologiko digitala: eraldaketa digitala egikarituko duen ZTIM talentuari buruz ere, inongo planifikaziorik ez dago. Urtero, 1.500 profesionalen gabezia aurreikusi da, ZTIM emakumeen beharra nabarmenduz, baina ez dago talentua sortu, egokitu, atxiki eta erakartzeko estrategia integralik. Zibersegurtasun profesionalen gabezia bereziki kezkagarria da, zibersegurtasuna eraldaketa digitalaren zutabe funtsezkoetako bat da eta.

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Eskubide digitalak: arrakala digitalak murriztu eta herritarren ahalduntze digitala bultzatu.

    Gaitasun digitalekin, inongo motako arrakala digitalik gabe eta pentsamendu kritikoaz aro digitalean euskal herritarrei parte-hartze demokratikoa bermatuko dien ahalduntze digitala sustatuko da. Herritar, langile eta langile publikoei bideratutako prestakuntza digitala eta gaitasun digitalen egokitzapena bermatuko duten plan estrategiko integralak diseinatuko dira. KZGuneen egitasmoaren eraldaketa bultzatuko dugu horretarako. Eskubide Digitalen Euskal Behatokia eratuko da, herritarren eskubide digitalak sustatu eta betetzen direla baieztatzeko.

  2. Konektibitatea eta puntako azpiegitura teknologikoak bermatu.

    Gure lurraldeetako auzo, herri, enpresa eta erakundeetan banda zabal ultralasterraren hedapena eta beharrezko diren azpiegitura teknologiko digitalak bermatu behar dira. Tokiko azpiegitura teknologikoa babestu eta osotzeko hautua hartuko da: tokiko telekomunikazio, zuntz optikoaren herri-sare komunalak eta datu-kooperatibak, alegia.

  3. Adimen artifizialaren estrategia diseinatu gizarte-erronka nagusien zerbitzuan jarriz

    Adimen Artifizialaren olatuari eredu propio eta autozentratu batekin erantzungo dion estrategia integrala, dinamikoa eta globala diseinatuko da esku artean ditugun erronka ekologiko, sozial eta ekonomikoei erantzutera bideratuko duguna; adimen artifizialaren arriskuei galga jarri eta bere potentzialitateak eraldaketa sozialaren zerbitzuan jartzea izango da xedea. BAIC zentroak norabide berria izango du eta indartu beharreko egitura izango da.

  4. Ikerketa eta garapenean bikaintasuna eta teknologia propioaren garapena bultzatu.

    Adimen artifizialean eta espreski estrategikoak diren jakintza-alorretan (Hizkuntza-eredu neuronalak; datu eta konputazioaren efizientzia; alborapenak, teknologia kuantikoak…) ezagutza sortu eta teknologia propioa sortzeko bultzada zientifiko-teknologikoa emango dugu. Bereziki zainduz baliabide publikoz lagundutako ekimenen itzulkin publikoa zientzia irekiaren (Open Science) filosofian, azpiegitura konputazional irekien sorrera, ikertzaileen baldintzen hobekuntza eta emakumeen presentzia indartzea. IKUR estrategia berria, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria, RIS3 estrategia eta 2030 Eraldaketa Digitalerako estrategia lerrokatu behar ditugu ezinbestean.

  5. Datuen kudeaketa publikoa, soziala eta eredu komunitarioak bultzatzeko Euskal Datu Publikoen Agentzia sortu.

    Datuen bilgune zentrala izango da. EAEko erakunde publikoetan eta gizartean sortzen diren datuak (datu egituratuak eta egituratu gabeak, multimodalak) modu integralean eta zirkularrean kudeatzeko azpiegitura antolatuz eta martxan jarriz. Herri-erakundeen eta herritarren datuak gizarte kohesioa indartzeko eta ebidentziatan oinarritutako erabakiak hartzeko erabiliko dira, hau da, herritarren datuek sortzen duten balioa sortzen dituen gizartera itzultzeko ikuspegi etiko zorrotz eta eraldatzailean.

  6. Azpiegiturak teknologiko eta konputazional puntakoak garatzeko Euskal Superkonpuntagailu Zentroa sortu

    Abian dauden azpiegituretatik (DIPC,..) lurraldean ekosistema zientifiko-teknologiko eta enpresen zerbitzura egongo den prestazio altuko eta goi-mailako konputazio-zentroa eratuko da. Adimen artifizialak dakartzan erronkei erantzungo die eta burujabetza teknologikoa urrats handia izango da. Euskal Zientzia eta Teknologia Sarearen eta enpresen eskura egongo da; beti ere zehaztu ditugun helburuei erantzun eta baldintza jakinen arabera.

  7. Hizkuntza Prozesamendu Automatikoaren Erreferentziazko Nodo Zientifiko Teknologikoa eratu.

    Hizkuntzaren prozesamendu automatikoa adimen artifizialaren alor garrantzitsuena da egun eta Euskal Herria Europako mailako erreferentziazko nodo zientifiko-teknologikoa izatea gaitasuna eta egiturak ditu. Gaitasun horiek indartzeko konpromisoa hartzen dugu beharrezko baliabideak eta estrategiak martxan jarriz. Inpaktu handia izango du goi-mailako enplegu teknologikoan, irisgarritasunean, ehun ekonomikoan eta euskararen garapen digitalean.

  8. Euskara aro digitalean osasuntsu izateko Aliantza Digital publiko-soziala bultzatu eta Enbaxada Digitala sortu.

    Euskara ingurune digitalean sustatu eta bultzatzeko gizarte-erakunde eta herri-erakundeek osatutako Aliantza Digital publiko-soziala sortzen laguntzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu Kataluniako ereduari jarraiki, erakunde bakoitzaren gaitasun ezagutza, esperientzia, solaskidetza eta mobilizatzeko gaitasuna bateratuz. Korporazio teknologiko handiekiko Enbaxadore Digital rola beteko luke eta gailu nahiz aplikazio nagusietan euskararen presentzia bermatzea lortzeko lan egin.

  9. Teknologia libreen aldeko apustu estrategikoa egingo dugu eta “Teknologia Libreen Berrikuntza Laborategia/LIBREGune” sortuko dugu

    “Teknologia Libreen Berrikuntza Laborategia – LIBREGune” sortuko dugu software askearen eta teknologia libreen berrikuntza, ikerketa, garapena eta partzekatze kolaboratiboa sustatzen duen gunea izango da. Administrazio publikoaren teknologiak, azpiegiturak eta kudeaketa teknologien libreetara transitatzeko estrategia garatuko da. TEKS bezalako proiektuak sustatuko dira lurralde guztietan.

  10. Cyberzaintza zibersegurtasun agentzia indartuko da

    Herritar, enpresa eta erakundeak zibersegurtasunaz babestuko dira, gizarte digitala eraikitzeko beharrezko den konfiantza sustatuz, Cyberzaintza zibersegurtasun agentzia indartuko da horretarako.

    Zaintza horretan enpresen eta herri-egituren azpiegitura, datu eta zerbitzuen segurtasuna bermatzea eta prebenitzeaz gain, Interneteko eduki eta erabilera baztertzaileak saihesteko lana ere egingo da, Internet neutral, unibertsal eta etiko baten bila Puntueus fundazioa bezalako erakundeekin elkarlanean.

  11. Industriaren eta ehun ekonomikoaren Eraldaketa Digitalerako Zentroa sortuko da

    Industriaren, ehun ekonomikoaren eta eragile sozioekonomikoen (gurean nagusiki enpresa txiki eta ertainen sarea) beharrei erantzuteko lehen mailako arreta teknologikoa eskainiko duen gunea izango da. Zaintza-sistema eta prosprektiba-lana, aholkularitza, metodologiak eta prestakuntza esparruan egingo du lan. Enpresen eraldaketa digital jasangarria, irisgarri eta adimentsua bizkortzeko helburua izango du; Industria 5.0 kontzeptuaren bidean.

  12. Langile eta ehun ekonomikoaren Egokitzapen Digitalerako Prestakuntza Integralaren estrategia.

    Automatizazioak enpleguan eta hainbat sektoretan izango duen inpaktuaren inguruko aurreikuspenak eta prosprektiba-lana egitea ezinbesteko da, horren arabera, Langileriaren eta Sektoreen Egokitzapen Digitalerako Prestakuntza Integrala planifikatuko da. Arreta berezia jarriko zaio ere langileen gaitasunak areagotuko dituen adimen artifizialaren aplikazioetan eta ordezkatzeko arriskua dauden horietan egokitzapen goiztiarra martxan jarriaz. 11. Puntuan aipatutako zentroaren eginkizunetako bat izango da.

  13. Digitalizazioaren trantsizio-ekologikoa: karbono aztarna murriztu eta gailuen birziklapena sustatu

    Digitalizazioak dakarren karbono aztarna eta energia kontsumoa murriztera joan behar dugu ezinbestean; hala nola, algoritmo berdeak, datuen efizientzia, gailuen berrerabilpen eta birziklapenean eta gaitasun konputazionalen arrazionalizazioan. Hiru arlotan egingo dugu lana: 1) Administrazio publikoak parte hartzen duen azpiegitura teknologiko digital guztietan; 2) Software garapenari dagokionez, konputazio berdea eta algoritmo berdeak sustatuko dira administrazio publikoan.; 3) Hardwareari dagokionez, gailu digitalak berrerabiltzeko eta hauen osagaiak berreskuratzeko protokoloa zehaztuko da.

  14. Txipak estrategia: Digitalizaziorako lehengaien birziklapena eta materialen (semikonduktoreak, mikroelektronika..) ekoizteko gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzeko estrategia garatu.

    Ongi aztertuko da balio-katearen eta zein produktu segmentutan espezializatu nahi dugun lehendabizi, baina herri-erakundeetatik ahalegin berezia egingo dugu estrategikoa den alor industrial honetan fabrikazio-gune propio eta aurreratuak garatzeko. Horretarako Txip Estrategia diseinatu eta garatuko da alorreko kluster (GAIA, AFM,..) eta enpresa-sareekin batera Europako Batzordeak alor honetan zehaztu dituen gidalerroak jarraituz eta geurera egokituz.

  15. Enpresa teknologikoak sustraitzeko eta garatzeko finantza-erraminta berriak eta Erosketa Publiko Berritzailea

    Enpresa teknologikoen sustraitzea eta indartzean lan berezia egingo da GAIA, ESLE, TEKS, Langune eta antzeko enpresa-egiturekin batera. Horretarako, Erosketa Publiko Berritzailea bezalako mekanismoak (barne-merkatuak sortu eta bideratzeko) eta finantza-erraminta berriak ere jarriko dira martxan. SPRI-ren jarduna aztertuko da, ehun produktiboan duen eraginari jarraipena egin eta planetan zehaztutako helburuekin lerrokatuta dagoen balioztatzeko.

  16. Telekomunikazio eta enpresa teknologiko traktoreetan parte-hartze publikoa bermatu.

    Estrategikoak eta traktoreak diren egitura eta enpresetan parte-hartze publikoa handitzeko ahalegina ere egin behar da. Urteetan egin den desinbertsio eta akats estrategikoak norabidetzeko unea da; prozesu konplexua izango den arren ezinbesteko ahalegina egin behar da, estatu aurreratu askotan egiten ari den bezala.

  17. Talentu teknologiko digitala areagotu eta ZTIM bokazioak.

    Euskal Herrian dagoen ZTIM profesionalen gabeziaren aurrean, diagnostikoa egin eta estrategia integrala diseinatuko da, ZTIM bokazioak sortzeko, egokitzeko, erakartzeko eta atxikitzeko, bereziki hain beharrezkoak diren ZTIM emakume garatzaileen parte-hartze eraginkorra bermatuz.

Fiskalitatea eta finantza sistema burujabe baterantz

Atal honetan landu diren energia, elikadura, industria, merkataritza, digitalizazioa eta abarretan burujabetza estrategikoak mantendu eta zabaltzerako ezinbesteko osagaia da fiskalitate zein finantza sistema ere ahalik eta burujabeena izatea. Izan ere atal horietan guztietan burujabetza materiala mantentzea, esparru berriak eskuratzea edota berau areagotzea funtsezkoa da gure herriaren erresilientzia bermatuko badugu. Eta horrek guztiak harreman zuzena du fiskalitatearekin, batetik, gaur egun duguna baino burujabetza fiskal handiagoa eskuratzea ezinbestekoa delako, eta Kontzertu Ekonomikoak eskaintzen digun horretatik haratago joateko beharra dugulako. Baina bestetik, eta hein berean, baliabide publiko nahikoak lortuko dituen erreforma fiskal sendo bat ere ezinbestekoa bilakatu delako, gorago aipatu ditugun esparru guztietan beharrezkoak izango diren esku hartze publikoko egitasmo, zerbitzu eta etorkizunerako inbertsioak egin ahal izateko. Hor kokatzen dira jarraian aipatuko ditugun proposamen zehatzak.

Bestalde, beharrezkoa da euskal finantza sistema publiko bat sortzeko lan egitea, aurrezpena gizarte beharretara eta inbertsio produktibotara bideratu ahal izateko, espekulazio jardunbideetatik urrun.

Gizartean dauden desparekotasunak gero eta handiagoak badira ere, indarrean dauden zerga-sistemak ez daude ez diseinatua ez kudeatuta dualizazio gehikorrera garamatzan bilakaera horri aurre egiteko. Ezaugarri hori gure zerga-sistemetan ere egiazta daiteke: azken hamarkadatan gero eta erregresiboagoak bihurtu dira, aberastasun handien eta kapital errenten gaineko exijentzia fiskala arinduz joan den bitartean, zerga-zama batez ere lan errenta eta zeharkako zergetara bideratu da.

EAEko zerga-bilketa 17.130milioitik gorakoa izan zen 2022an, honela banatua: % 51,28 zeharkako zergak eta % 48,51 zuzenekoak; zeharkako zergapetzea nagusi, erregresibitate fiskalaren ezaugarri nabarmenetako bat dena. Gainera bilketa horren % 40,4 BEZari zor zaio eta % 37,9 PFEZari, nagusiki langileei eragiten dizkieten zergak. Eta PFEZean oso larria da lan errenten aldeko deskonpentsazioa. 2020ko datuei erreparatuta, errenta zergan deklaratzen diren errenta guztien % 85,6 lan errentetatik eskuratu zen, agerian utziz langileen sarreren gaineko desoreka larria.

Sozietate zergak, aldi berean, oso ekarpen txikia egiten dio zerga-bilketari. 2022an bere ekarpena ez zen heldu BPGren % 1,2ra. EB-27ko batezbestekoa % 2,9an izanik, bistakoa da zein puntutaraino den premiazkoa zerga horren diseinu eta aplikazioa goitik behera berrikustea.

Presio fiskala sarrera tributarioek ekonomian duten garrantzi kuantitatiboa erakusten duen adierazlea da. Inguruko herrialdeekin alderatuta gure maila oso baxua da; eta horrek margen handia uzten digu zerga-sistema sendotu eta zerga-bilketa ahalmena handitzeko. Datuak argigarriak dira: presio fiskala 2021. urtean % 33ren inguruan kokatu zen EAEn, EB-27aren batezbestekoa ia % 41ekoa zenean. Bi datuen arteko aldea 7 puntutik gorakoa da (EAEko zerga bilketan 5000 milioi baino gehiago izango litzatekeena).

Aberastasunaren gaineko zergapetze eskasak aberatsak aberatsago egiten ditu. Aberastasun handien Forbes zerrendan agertzen diren lehen bi euskaldunen ondarea bataz bestez 2,4rekin biderkatu da azken 10 urteetan.

Bestalde, kezkagarria da zerga-iruzurrak hartu duen maila, berdintasun printzipioa eta sistemaren zilegitasuna bera zalantzan jartzen baititu. Alor honetan EAEn egin den azterketa osatuena 2016koa da, eta horren arabera iruzurraren ondorioz urtean gutxienez 2.300 milioiko galera estimatu zuten, zegozkion zergak ez jasotzeagatik (eta beste 1.400 milioi kotizazioen sozialei egokituko litzaiekeenak).

Aipatu behar dugun beste ezaugarri bat da burujabetza fiskalean dauzkagun mugak. Zerga-politika integral eta koherente bat egin ahal izateko beharrezkoak liratekeen tresna guztiak ez daude gure esku: Gizarte Segurantzaren eskumena Estatuarena da eta beraz ez daukagu kotizazio sozialen gain eragiteko ahalmenik; eta bestetik, Kontzertu Ekonomikoak zerga-eskumenari dagokionez maila garrantzitsua onartzen badigu ere, aldi berean badira zenbait muga garrantzitsu, bereziki zeharkako zergapetzean, sozietate handien araugintzan eta ikuskaritzan edota nazioarteko fiskalitatean.

Azkenik, gogoratu nahi dugu EAEn zerga alorreko eskumenak Lurralde Historikoei dagozkiela, nahiz eta gastu publikoaren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak eta EAE mailako erakunde komunek egiten duten. Baldintza horiek izanik ere, EAE mailako arduradun eta erakundeek lidergoa hartu dezakete zerga erreformak bultzatu eta inplikatutako lau erakunde mailen arteko lanketa partekatuak sustatzeko.

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Fiskalitate aurreratu baten aldeko jarrera aktiboa eta lidergoa hartzeko konpromisoa hartzen dugu

    Neurriak
    – Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa baliatu zerga-politikaren koordinazio eta elkarlana burutzeko, azken erabakiak foru erakundeetan garatu eta onartu beharko diren arren.
    – Zerga Koordinaziorako Organoan bertan ere berdintasun lantaldea sortzea
    – Lurralde Historikoen artean Ogasun Bakarra osatzearen aukera aztertzen hastea, besteak beste zerga kudeaketan (bereziki zeharkakoan) eta iruzurraren aurkako borrokan ekarriko lukeen hobekuntza nabarmenagatik.

  2. Burujabetza fiskal handiagoren alde egingo dugu: Estatuarekin Kontzertu Ekonomikoaren modernizazioa bultzatuko dugu egun dauden hainbat gabezia zuzentzen joateko

    Neurriak
    – Fiskalitate arloan honakoak: (i) BEZ eta Zerga Berezietako araugintza eskumena eskatzea; (ii) Nazioarteko fiskalitatean aurrera egitea (iii) Sozietate zergan enpresa handien araugintza eta ikuskaritza eskumenak berrikustea
    – Gizarte Segurantzaren kudeaketaren eskumenaren transferentzian ematen diren urrats eta erabakiei dagozkien alderdiak Kontzertu Ekonomikoan enkajatzea txertatzea
    – Zorpetzearen eta defizit publikoaren bide orri propioa egiteko ahalmena izateko urratsak ematea
    – Zentzu orokorragoan, Kontzertu Ekonomikoaren baitan benetako aldebikotasunean aurrera egitea.

  3. Legebiltzarrak zergak sortzeko duen ahalmena aztertuko dugu egungo eskumen banaketaren baitan.

    Neurriak
    – Gaiari buruzko azterketa orokor bat egitea.
    – Fiskalitate berdean dauden aukerak aztertu eta urratsak egitea, adibidez tasa turistikoa garatuz.
    – Luxuaren zergapetzean ere azterketa egin eta urratsak egitea, kasu honetan pertsona juridikoen aktibo ez produktiboen gaineko zerga proposatuz.

  4. Zerga-sistemaren bilketa ahalmena gehitzea: presio fiskala pixkanaka inguruko herritako batezbestekoetara gerturatzea

    Neurriak
    – Dauzkagun eskumen mugak kontuan izanda (ezin dugu eragin ez zeharkako zergapetzean ezta kotizazio sozialetan, eta ikuskaritza eta iruzurraren aurkako borrokan ere bitarteko mugatuak dauzkagu), gure jarduna gauzatuko da: (i) zuzeneko zergen araugintzan aldaketak egitera, eta (ii) kudeaketan zein ikuskaritzan eragitea, Ogasunen funtzionamenduaren eraginkortasuna bermatzeko
    – Prozesu horretan zerga-politikaren inguruko eztabaida soziala pizteko helburua dugu.

  5. Sakoneko zerga erreforma, zerga-sistema bidezkoa, progresiboa, ekitatiboa eta solidarioa bilakatzeko

    Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiekin batera zerga-sistema bidezkoagoa eta solidarioago bat eraikitzeko urratsak egingo dira, presio fiskala handitu eta zerga-bilketa ahalmena handitzeko; eta zerga-zama modu justuagoan banatzeko. Erreformaren ardatz nagusiak aipatuko ditugu laburki

    Neurriak
    – PFEZean oinarri bakarrera bueltatzeko bidea irekitzea, kapital errentek lanaren errenten trataera berdina izan dezaten (modu progresiboan egin daitekeena, aurrezpenaren oinarriaren zerga-tarifa pixkanaka egokituz).
    – Sozietateen gaineko zergan goitik beherako erreforma, enpresek benetan lortutako irabaziekin bat datorren arrazoizko maila batean tributa dezaten (besteak beste, gutxieneko zerga-tasa erreal bat ezarriz); inguruko herrialdeetako posizioetara hurbiltzea, ehun ekonomiko erreala sendotzea eta bilketa ahalmena igotzea helburu izango lituzkeena.
    – Aberastasunaren zergapetzeari dagokionez ondarearen gaineko tributazioa termino eraginkorretan arautzea, aberastasun handienek dagokien neurrian ordain dezaten.
    – Ingurumen zergen eremua lantzea, zerga-bilketan izan dezaketen eraginez harago, trantsizio ekologikoaren bidea sustatzeko osagai inportantea izan daitezkeenak.

  6. Iruzurraren aurka 0 tolerantzia: gai hau lehentasunez hartu eta iruzurraren aurkako borrokan lidergoa hartzea

    Neurriak:

    – Iruzurraren aurkako Euskal Behatokia sortzea
    – Administrazio maila guztietan kontratazio publikoan ardura fiskalari buruzko klausulak ezartzea
    – Foru Ogasunen iruzurraren aurkako jarduna bultzatu eta babestea, bai baliabide tekniko eta giza baliabide gehiago lortzeari dagokionez, baita lege eta araudietan edo kudeaketan zerga-ihesa mugatzeko beharrezkoak diren jarduketetan
    – Egun gure eskumenetik kanpo dagoen arren, edozein forotan paradisu fiskalekin eta eskala handiko nazioarteko iruzurrarekin bukatzeko hartzen diren erabaki eta konpromisoak hartzearen alde egitea
    – Herritarrei begira, kontzientziazioa lana eta kanpainak, gehi zerga betebeharrak betetzeko erraztasunak (esaterako titulartasun publikoko oinarrizko banku zerbitzuak eskaintzea)

  7. Finantzen Euskal Institutua garatzea, banku publikoa izateko norabidean.

    – Finantzen Euskal Institutua eta bere tresnak suspertu eta indartu behar dira, ESG (Environmetal, Social, Governance) parametro argien pean euskal industriaren eraldaketaren zerbitzura jarrita, eta Banka Publikoarenganako bilakaerari begira, euskal banku publiko bihurtzeko bidean aurrera egitea ahalbidetzen duten aukera guztiak aztertuz (banku-fitxa, enpresentzako kreditua…) Gainera, bankuen ordezko finantzaketa-mekanismo berrien oinarriak ezar litezke, hala nola enpresa txiki eta ertainak kapitalizatzera bideratutako Burtsa Merkatu Alternatiboa. Proiektu txikiagoetarako crowdfundinga arautzea (laguntza mekanismoak, bermeak… ezartzea). Finantza-sektore publikoaren panorama honetako beste tresna interesgarri batzuk dira arrisku-kapitaleko sozietate publikoak (premiazkoa da sektorea berrantolatzea) edo BGAE publiko bat edo Rating Agentzia Publiko bat eratzea.

  8. Kutxabanken kontrol publikoaren alde lan egitea.

    Kutxabanken inguruko eztabaida berriz ireki behar da. Aski ezaguna da kutxen jatorri publikoa eta soziala, eta, beraz, baita bankua eratzeko oinarri izan ziren funts eta aktiboena ere; eta, era berean, banku-fundazioek, erakundearen jabetzaren egungo titularrek, ez dute inola ere bermatzen haren kontrol demokratikoa. Horregatik, gure ustez, euskal herritarren interes orokorrarekiko jarrera arduratsu eta konprometitu batetik, erakundeek ahalmen handiko finantza-tresna izan litekeenaren kontrola berreskuratzeko bide guztiak aztertu behar dira, gure herriaren garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko.

  9. Aurrezki pribatuen erabilera jakin batzuk sustatzea

    Jarduera produktibo edo estrategikoetara bideratutako kreditua sustatzeko zenbait neurri inplementatu behar dira, hala nola: (i) BGAEei (EPSV) buruzko araudia aldatzea, industria-proiektuetan eta enpresa-proiektuetan inbertsio handiagoa sustatzeko; edo gizarte-intereseko proiektuetan; (ii) arriskuak estaltzeko eta euskal banku eta kutxekin aliantzak egiteko politika bultzatzea, mikrokredituak sustatzeko edo enpresentzako abalen sistema indartzeko hitzarmenen bidez, adibidez; (iii) bankuei produkzio-enpresetan inbertitzeko nahitaezko koefiziente bat ezartzea, haien pasiboen arabera; horri dagokionez, eta ondorio gaiztoak eta nahi ez direnak saihesteko, legeria zehatza eta gainbegiratze zorrotza garatuko litzateke.

2. Ongizatea bermatu eta aberastasuna banatu

SARRERA

Herritarren ongizate mailak lotura estua du politika publikoen zein zerbitzu publikoen garapen mailarekin. Zerbitzu publiko sendoak izatea da herri eta komunitatearen ongizatearen bermea eta, horrekin batera, egungo eta etorkizuneko gizarte kohesiorena. Are gehiago, politika publiko indartsuak zein erreferentziazko zerbitzu publikoak dira aberastasunaren banaketa bidezkoaren bermerik onena, bai eta gizarte gisa ditugun erronkei heltzeko biderik seguruena. Oinarri garrantzitsua ziurgabetasun garaietan, etorkizuneko kezkak eta bizitzaren garestitzeak gehiengoen egunerokotasuna eta bizi proiektuak mehatxatzen dituzten honetan.

Garapen maila egoki hori lortzeko, baina, diagnostiko zorrotza izateaz gain, gaitasuna, borondatea eta ausardia beharrezkoak dira, eta baita epe ertain-luzeko begirada, herritarren pultsioak jaso eta horiek ekimen publikoa bihurtzeko. Beharrezkoak dira hautu irmoak egitea zein eredu argia izatea. Eta zorrotz begiratuta, ikusten dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez gaudela behar genukeen lekuan. Ez dugula aprobetxatu azken hamarkada politika publikoetan behar dugun jauzia emateko. Jaurlaritzaren jarduna inertzian kateatu da, aurreikuspen falta, utzikeria, epe motzeko interesa edo kudeaketa eskasa agerian utziz. Osakidetzaren gainbehera paradigmatikoa, etxebizitza eskubidearen garapen eza edo gazteen emantzipazioaren datu bereziki kaskarrak dira hautu oker horren ondorio nabarmenak. Eta badira beste batzuk.

Ongizatea bermatzeko eta herritarren egunerokotasuna zein bizi proiektuak babesteko, jauzia eman behar dugu politika publikoen garapenean. Ausardia eta lidergoa erakutsi behar da, gizarte zibil anitzak osatzen duen inteligentzia kolektiboa aktibatuz eta horrekin batera ibilbide orri konpartitua diseinatuz. Eta aldarrikatu behar dugu burujabetasun beharra, martxan jarri nahi ditugun eta herri honek behar dituen politikoa publikoak osatzeko tresna guztiak gure esku izatearen beharra, zerbitzu publikoak indartu eta eraldatzeko zein etorkizunari aurrea hartzeko.

Atalez ataleko azterketa eginez, Osakidetza indartu eta garai berriei egokitzeko, arazoaren tamainaren diagnostiko partekatu batetik eredu aldaketa bideratu behar dugu, Lehen Arreta indartzea, Itxaron Zerrendak jaistea, Kontratazio Eredua aldatzea, pribatizazioaren aldeko joerari buelta ematea zein behin-behinekotasun tasa onartezinekin amaitzea lehenetsita.
Etxebizitzarako eskubidea gauzatzea helburu, 2015eko Etxebizitza Legea zein tresna berriak garatu nahi ditugu, merkatu pribatuko alokairuen prezioak mugatuz, alokairuzko parke publikoa nabarmen handituz, etxebizitza hutsak mobilizatuz edo denboraldiko alokairuei muga jarriz.

Gazteon premiak eta begirada modu integralean erabaki politikoetan txertatu nahi ditugu, emantzipazioa ahalbidetuz eta gazteen erabakitzeko gaitasuna handituz. Etxebizitza eta enplegurako talka neurriak edo Belaunaldi arteko Justizia ahalbidetzeko Legea indarrean jarriko ditugu.

Enpleguaren eraldaketaren garaian, kalitatezko enpleguaren aldeko hautu irmoa egingo dugu, bizi baldintzak eta bizi proiektuak zeharo baldintzatzen dituen prekarizazioaren aurka eginez. 1.400 euroko gutxieneko soldata, 32 lan orduak soldata jaitsi barik, lan osasuna eta lan ikuskaritzaren erabateko indartzea, soldata arrakala irmo borrokatzea edo Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko Ituna sinatzea dira gure konpromiso nabarmenenak.

Zaintzaren arloan behar-beharrezkoa da jauzia ematea eta horren aldeko konpromisoa hartzen dugu, erakundetze berria egituratzeko, elkarrizketa eta elkarlanerako espazioak sortzeko -batez ere mugimendu feministarekin-, zaintza arloko lurralde arteko edo errentagatiko desberdintasunekin amaitzeko edo arloko lan baldintzak nabarmen hobetzeko, besteak beste.

Erronka demografikoak gure politika publikoak berriz diseinatzea eskatzen du, ugalketari eta hazkuntzari buruzko erabakiak eta aukerak benetan askeak izan daitezen beharrezkoak diren baldintza sozial eta ekonomikoak bermatzeko. Bide horretan, familia prestazioen sistema unibertsal berria premiazkoa da, besteak beste, seme-alaben hazkuntzagatiko 200 euroko prestazio unibertsal bat, seme-alabak gutxienez 18 urte bete bitartean, indarrean jartzeko. Garraioari dagokionez, 0-12 urte bitarteko doakotasuna proposatzen dugu.

Gizarte babeserako politiketan, bizitzaren garestitzeak gogor jotzen duen honetan, bizi-baldintza duinak izateko eta erosahalmena ziurtatzeko neurriak hartuko ditugu, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta indartuz, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskubide subjektibo bihurtuz edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak berdimentsionatuz.

Azkenik, pentsiodunen mugimenduarekin bat eginik, pentsio guztiak, gutxienez, 1.080 eurokoak izateko konpromisoa gure gain hartuko dugu, bai eta pentsiodunen Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak ofizioz tramitatzeko, osagarri hori behar duten guztiak jaso dezaten. Ahaztu gabe Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren eskualdaketa, helburu dugun sistema propio burujabea eraikitzeko mugarri garrantzitsua.

Osasuna

DIAGNOSTIKOA

Osakidetza arazo nagusi bat bilakatu da. Jaurlaritzak 2024ko otsailean publikatutako 82. Soziometroak hala baieztatzen du, Osasungintza bigarren kezka nagusia da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrentzat.

Datuak datu, Osakidetzan gertatzen ari den gainbehera eztabaidaezina da, paradigmatikoa da, kudeaketa eredu baten agorpen froga nagusia. Lehen Arreta, Itxaron Zerrendak, Etengabeko Arreta Guneak, pribatizazioak… Zantzu asko daude, gehiegi, norabide aldaketa eskatzen ari direnak.

Pandemiak egoera horretan eragina izan arren, horrek ez du azaltzen egungo narriadura, egungo atsekabea. Inolaz ere. Osakidetzan dauden arazoak aspalditik datoz, neurri handi batean azken urte luzeetan egindako kudeaketa txarraren ondorioa. Nabarmena izan da planifikazio falta, etorkizunari aurrea hartzeko ezintasuna, kontratazio politika okerra edo gobernantza eredu bertikala.

Adibidez, Lehen Arretan, kontratazio politikak ezarritako prekarietatearen ondorioz, osasun profesional eta herritarren arteko arretaren longitudinalitatea eta erreferentzialtasuna apurtu da. Jada, herritar askok eta askok ez dute lehen bezala euren medikua eta ez dute elkar ezagutzen. Eta horrek, ebidentzia zientifikoaren arabera, ondorioak ditu herritarren osasunean eta hilkortasunean.

Enplegu Publiko Eskaintzak EPE-ak egiten badira ere, horiek berandu eta gaizki egiten ari dira, Europatik igorritako ohartarazpen eta sententziek eta Madrilen onarturiko 20/2021 Legeak –behin-behinekotasuna murriztea helburu duena- hala behartuta. Baina hartu diren neurriekin ez da inondik inora behin-behinekotasuna %8ra murriztea lortuko. Gainera, Osasun Saila egonkortze prozesua probesten ari da lanpostuak suntsitzeko, Mahai Sektorialean azaleratu den bezala. Gauzak aldatu ezean, aurreikusten da 2025eko bukaerarako 3.600 lanpostu suntsitu daitezkeela.

Zer esanik ez gertatzen ari diren jubilazioen inguruan. Oso agerikoa zen erronkaren aurrean, belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko ez da plangintzarik, ez neurririk aktibatu. Adibidez, 2023 eta 2025 arteko aurreikuspena da 1.391 mediku, 913 erizain eta 63 Osasun Publikoaren profesionalak jubilatzea. Eta horren aurrean ez dago estrategiarik.

Gobernantza eredua ere eskasa izan da. Soilik azken legegintzaldi honetan Osasun Sailari pilatu zaizkion arazoak asko, askotarikoak eta denak nabarmentzekoak dira, funtzionamendu bertikalaren ondorioak. Horren lekuko dira Donostiako ESI-ko zuzendaritzaren zeseak eta dimisioak, Basurtoko Bihotz Kirurgiaren auzia, Bidasoako ESI-ko obrak edo Etengabeko Arreta Guneen inguruko gatazkak, adibide esanguratsuak jartzearren. Osakidetzako 2009ko lan hitzarmena berritu gabe dago eta Mahai Sektoriala ez da sindikatuekin elkarlanerako eta negoziaziorako gunea izan, informazio hutsa helaraztekoa baizik. Halaber, Osakidetzako erabiltzaileen zein pazienteen ikuspegia eta ekarpena txertatzeko ez dago tresnarik. Ez da harritzekoa, beraz, 2020 – 2024 legegintzaldian Osasun Sistema Publikoaren defentsan mobilizazio eta greba ugari gertatzea, bai Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek bai herritarren hainbat plataformek deituta.

Bestetik, Jaurlaritzak gaixotasunean zentraturiko Osasun Sistema Publikoa eraiki du eta apenas ez da ahaleginik egin osasun sustapenean, zaintzan eta osasun ahalduntzean oinarrituriko Osasun Sistema Publikoa eraikitzeko. Munduko Osasun Erakundeak osasun politikak politika guztietan txertatzeko markoa eta estrategia ezarrita izan arren, Jaurlaritzak orain arte ia ez du norabide horretan ahalegin berezirik egin. Halaber, Osasun Sailaren lehentasunen artean Osasun Publikoa, Osasun Mentala, Soziosanitarioa, Adikzioak edo Emergentziak ESI-a bigarren plano batean geratu dira, Ospitaleak lehenetsita.

Beraz, premiazkoa da norabide aldaketa bat. Osakidetzaren egoeraren diagnostiko partekatu batetik abiatuta, arazoak ondo identifikatuta, konponbide berriak proposatu behar dira, gobernantza eredu berri batetik martxan jarri beharrekoak. Eredu aldaketa bat, Osakidetza eta Osasun Sistema Publikoa indartu eta garai berriei egokitzeko.

Ildo horretatik, jarraian proposamen sorta bat agertzen dugu, hainbat neurri eta lehentasun islatzen dituena. Hala ere, proposamen hauek guztiak jasota daude EH Bilduk Osasun Sistema Publikoaren inguruan egin duen Gobernu Programa luze eta sakonean, gure ikuspuntutik, une honetan dauden arazo eta erronkei erantzun egokiak eskaintzen dituena.

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Lehen Arreta

    1.1 Plantilla gutxienez %10 handitzea
    . Plantilla estrukturala eta funtzionala plantilla bakar batean bateratzea, gardentasun irizpideak erabilita.

    1.2 Lehen Arretan ratioak araudi bidez ezarriko dira. Kolektibo ezberdinen arteko proportzionaltasunari eutsiz, diziplina anitzeko ekipoak hartuko dira erreferentziatzat profesionalen ratioak finkatzeko, betiere biztanle-kopurua eta lan-kargan eta osasun arloko desberdintasunen inpaktuan eragin dezaketen biztanleriaren ezaugarriak kontuan hartuta.

    1.3 Lehen Arretak erabakitzeko gaitasuna eta autonomia izango du ESI barruan jarduteko. Aurrekontu bat, inbertsioa igotzeko kronograma bat eta plantilla propio bereizia izango ditu.

    1.4 Gure erronka longitudinalitatea bermatzea izango da, ekipo baten eta bere pazienteen arteko harreman egonkor eta iraunkor bat hilkortasuna murrizteko. Horretarako, kontratazio politika aldatzeaz gain, kategoria funtzional ezberdinak barne hartuko dituzten ekipoak sortzea sustatuko da.

    1.5 Neurriak hartuko dira Lehen Arretako osasun zentroak sozialagoak izan daitezen:

    – Osasuna zaindu, sustatu eta prebenitzeko ekimen komunitarioen bitartez.
    – Lehen Arretako ekipoetan lan egiteko profil profesional berrien kontratazioaren bitartez, hala nola fisioterapia, psikologia, podologia, farmazia, gizarte lana, geriatria, heziketa fisikoa eta kirol-zientziak.

  2. Politikak ESI-Erakunde Sanitario Integratuetan

    2.1. Datuen Babeserako Legea aintzat hartuta, ESI bakoitzak neurriak hartuko ditu herritarrek sarbidea izan dezaten itxaron-zerrendetara.

    2.2. Neurriak itxaron-zerrendak murrizteko.


    – Arratsaldeko ohiko txanda ezartzea (malgutasunez, agendetan zein jardunaldietan)
    – Kontsultak, proba osagarriak edota espezialitate ezberdinetan programatutako kirurgiak ESIen artean banatzea, pazienteek aldez aurretik oniritzia emanez gero.
    – Bloke kirurgikoen erabilera eta aprobetxamendua hobetzeko irizpideak aplikatzea.

    2.3. Ospitaleratze kasuetan, zirkuitoa antolatzea pazienteari eta bere familiari egiteko dituzten gestio pertsonalak eta profesionalak tramitatzen laguntzeko.

    2.4. Ospitaleko altak berrantolatzea, anbulantzia beharrezkoa denean, pazienteak zehatz-mehatz jakin dezan zein ordutan joan ahalko den etxera.

    2.5. ESI-Emergentziak eta mobilizatzen dituen baliabide kontzertatu guztiak publifikatzeko plana.

    2.6. ESI bakoitzean, Osasun Sailean eta Osakidetzako Zerbitzu Zentraletan dauden kontratu guztiei buruzko auditoria bat, zerbitzu batzuk publifikatzeko.

    2.7. Zuzendariordetza bat sortzea Osakidetzan osasun arretan, ibilbideetan eta ikerketan generoaren ikuspegia txertatzeko.

    2.8. ESI bakoitzak lan bat egingo du herritarrei, euren aniztasuna aintzat hartuta, arreta egokia emateko neurriak identifikatu eta garatzeko.

    2.9. Osasun arreta bermatzea adinekoen egoitzetan eta mendekotasuna edota desgaitasuna duten pertsonen erresidentzietan eta etxebizitza tutelatuetan.

    2.10. PADI programa hedatzea. 0-6 urteko tartea eta 65 urtetik gorakoak programan txertatzea. Zerbitzu zorroa zabaltzea errentaren arabera, gutxieneko soldatatik beherako errentei eta behar bereziak dituzten pertsonei estaldura integrala bermatuz.

    2.11. Prestakuntza doakoa, iraunkorra eta egonkorra eskaintzea euskara ez dakiten osasun arloko profesionalei.

  3. Entzutea, elkarrizketa eta negoziazioa metodo gisa

    3.1. Osasun Sailean eta Osakidetzan existitzen diren lan egiteko moduak eraldatzea. Akordioak sustatuko dira egunerokoan lanean ari diren kategoria (osasun arlokoak direnak eta ez direnak) guztietako zuzendaritzekin, sindikatuekin eta profesionalekin.

    3.2. Entzuteko eta elkarlanean aritzeko prozesuak abiaraziko dira osasun eta zaintza arloetan jarduten duten herri mugimendu eta plataformekin. Legealdirako neurriak adostuko dira, kronograma eta aurrekontu-partidekin.


    3.3. Lehentasunezkoa izango da Mahai Sektorialaren izaera berreskuratzea
    eta neurriak hartzea horretarako.

  4. Pertsonal arloko Politika eraldatzea

    4.1. 2009az geroztik berritu gabe dagoen lan-hitzarmena eguneratzea.


    4.2. Koderik gabeko lanpostuak azaleratzea eta identifikatzea, bai eta dauden beharrak zehaztea ere.
    Koderik ez duten lanpostuak identifikatu eta gero, ESI bakoitzean erabaki eta adostuko da zenbat profesional behar diren kategoria guztietan. Gure helburua plantilla bakar batera joatea da. Gardentasuna bermatuko dugu.

    4.3. Osasun arloko profesionalak Osakidetzari atxikitzeko kontratazio eredua aldatzea eta Lehen Arretan longitudinalitatea bermatzea.
    – Lanpostu egonkorrak eta iraupen luzekoak.
    – Arretari, prestakuntzari eta ikerketari dagozkien portzentajeak erregelamendu bidez zehaztuko dira.
    – Garapen Profesionalerako ibilbide berri bat zehaztuko da kategoria guztietarako, azpimarra inplikazioan, lortu beharreko helburuetan eta prestakuntzan ipiniko duena.

    4.4. Osasun profesionalentzat erakargarriak ez diren eremuetan, eskualdeetako ospitaleetan zein Lehen Arretan, soldata-pizgarriez gain, bestelako pizgarriak ere eskainiko dira (puntuazioa, kontziliazioa, malgutasuna ordutegietan eta lanaldietan…) langileen garapen profesionalerako.

    4.5. EPEren eredua aldatzea. Besteak beste, azterketa bakar bat nahikoa izango da lan-bizitzan, eta emaitza hurrengo EPEetarako gordeko da. Baten batek azterketa berriz egin nahi badu emaitza hobetzeko, egin ahalko du. EPEen ebazpen-prozesuak hobetzea, batez ere azkarrago egiteko.

    4.6. Espezialitate guztietako egoiliarren prestakuntzari buruzko eskumenak lortzeko lan egingo dugu, gure eredu propioa diseinatu eta gure osasun sistema publikoa indartu ahal izateko.

    4.7. Prestakuntzaren gaineko eskumena berreskuratu bitartean, Gobernu espainolarekin negoziatzeko eta elkarlanerako eremu bat sortzeko konpromisoa dugu zenbait neurri sustatzeko, hala nola, prestakuntza espezializatuan sartzeko gutxieneko notak ezabatzea.

  5. Osasun Mentala

    5.1. Herritarren osasun mentala sustatzeko, euren ongizate emozionalerako baliabideak eta gaitasunak eskuratu ahal ditzaten, ekimen komunitarioak jarriko dira martxan Lehen Arretatik. Ekimen komunitario horiek gizarte-langileen eta psikologoen eskutik inplementatuko dira.

    5.2. Osasun Mentalaren sarean, hiru herrialdeetan, profesionalen kontratazioak areagotuko dira psikologian, psikiatrian eta erizaintzan, herritarrek arreta egokia eta etengabea jaso dezaten.

    5.3. Buruko gaixotasunekin lotzen den estigmaren aurkako borroka sustatzea.

  6. Osasunaren Sustapena

    6.1. Osasun Publikoaren Zuzendaritzatik edota Institututik, Osakidetzarekin, udalekin eta mugimendu feministarekin elkarlanean, prestakuntza eta ahalduntze programak antolatuko ditugu osasunean eragiten duten determinatzaileei buruz. Lehentasuna emango diegu ingurune zaurgarrienei eta ez ditugu patologizatuko emakumeek euren bizitzan zehar izaten dituzten fase biologiko ezberdinak.

    6.2. Osasunaren sustapena eta prebentzioa hobetzea xede duten ekimen komunitarioak martxan jartzeko, Orientazio Zerbitzuak edo orientazio guneak irekiko ditugu udalerrietan (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren 2/2023 Legea). Proiektu hau elkarlanean garatuko da Lehen Arretarekin, Foru Aldundiekin, Udalekin eta tokiko eragileen ordezkaritza batekin.

    6.3. Ekimena hartuko dugu udaletan osasunaren aktiboen mapak osatzeko, udalerrietako eragileen eta herritarren parte hartzearekin.

  7. Gobernantza

    7.1. Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua bitartekari bihurtuko da pazienteen eta osasun profesionalen artean, Osakidetzako Arartekoa bailitzan.

    7.2. Zuzendaritza ekipoak prestatzeko eta gobernantza hobetzeko, zuzendaritza eskola publiko bat ipiniko dugu martxan EHUrekin elkarlanean.

    7.3. Parte hartzeko hainbat formula irekiko dira ESIetako zuzendaritzek pazienteen edota herri elkarteen iritziak aintzat har ditzaten.

Etxebizitza

DIAGNOSTIKOA

Gaur egun etxebizitzarekin dugun arazoa kontuan izanik, etxebizitza larrialdi baten aurrean aurkitzen garela adierazi genezake. Ingurura begiratu besterik ez dugu konturatzeko jendartean dauden arazoak etxebizitza duin bat eskuratzeko: diru sarrera baxuak dituztenak eta egoera zaurgarrietan aurkitzen diren asko etxebizitza mantendu ezinik dabiltza, edota alokairuak ordaindu ezinagatik kaleratuak izaten ari dira; pertsona gazteak emantzipatzeko dituzten egiturazko zailtasunak; familia askotan diru sarreren gehiegizko zati bat bideratzen da etxebizitza kostuei aurre egitera; hainbat eremutan segregazio sozioekonomikoa areagotzen ari da. Ez da harritzekoa, beraz, etxebizitza izatea une honetan kezka nagusietarikoa, nagusia ez bada.

Etxebizitza duin eta egoki baterako eskubidea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 25. artikuluan jasoa dago, beraz, eskubide hori egikaritzea betebehar bat da. Eta hemen, eskubide hori Etxebizitza Legean onartua dagoen arren, ez dago bermatua herritar orok etxebizitza duin eta egoki bat eskuragarri izatea, eta are gutxiago arrazoizko prezioan.

Etxebizitza eskuratzeko bide gisa alokairuaren aukerak garrantzia izugarri hartu du, eta gaur gaurkoz 130.688 alokairu etxebizitza daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Era berean, alokairuen prezioak neurrigabe garestitu dira azken urteetan. Egoera hau bereziki larria da gazteentzat, abusuzko alokairu prezio altuek euren bizitza proiektuak guztiz baldintzatzen baitituzte. Era berean, putre funtsen presentzia EAEn areagotzen ari da azken aldian, eta honek gero eta pertsona gehiagori eragiten die.

Zer egin du Jaurlaritzak egoera honen aurrean?

  • Babes publikoko etxebizitzen sustapena ez da inolaz ere nahikoa dagoen eskaerari aurre egiteko, batez ere alokairura bideratutakoa.

  • Gobernua ez da gai izan alokairuen prezioen kontrolerako mekanismoak martxan jartzeko, alokairua mugatzeko aurkeztu genuen legearen aurka egin zuen, eta Espainiar Estatuko Etxebizitza Legeak ematen dituen tresnen aplikazioa atzeratu du sistematikoki, horren aurkako helegitea jartzeaz gain.

  • 2015ean onartu zen Etxebizitza Legeak ez du ia garapenik izan.

  • Gazteei bideratutako “Gaztelagun” edo “Emantzipa” laguntzek alokairu parke pribatuko prezioen gorakadan lagundu dute.

Etxebizitza eraldaketa sozialerako ezinbesteko tresna da. Izan ere, etxebizitza politika zuzen eta eraldatzaile batek aurrean ditugun hainbat erronkei erantzun diezaioke: emantzipazio arazoari, zaintza krisiari, segregazio eta bazterketa sozialari… Gainera, jabetzatik harago alokairuan bizi ahal izateko helburua etxebizitza politikaren erdigunean kokatu behar da. Izan ere, bizitza proiektu osoa alokairuan egin ahal izateak aukera eraldatzaileak barnebiltzen baititu, besteak beste emantzipazioaren eta autonomiaren arloan, bizitza osorako hipotekatu behar izan gabe. Etxebizitza eskubidea negozio iturri bilakatu nahi izan badute ere, oinarrizko eskubide den heinean, kohesio soziala helburu izango duen etxebizitza politika egokiak egiteko beharrizana jartzen dugu erdigunean.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Merkatu pribatuko etxebizitzen gehiegizko alokairu prezioei muga jartzea

    1.1. Area tentsionatuak izendatzea, haien eremuetan neurri zehatzak hartzeko helburuarekin, etxebizitza-eskaria eta eskaintza orekatzeko.

    1.2. Erreferentziazko prezio-indizeen sistema propio bat garatzea, 2025etik aurrera eremu tentsionatuetako alokairuen igoerak horren arabera mugatzeko.

    1.3. Alokairuen prezioa kontrolatzeko mekanismo propioak garatzea.

  2. Alokairu parke publikoa nabarmen handitzea


    2.1. Eraikitako etxebizitzen erosketa publikoaren bitartez -berehalako interbentzioa-.

    2.2. Urbanizatua dagoen lurzorua aprobetxatuz, lurzoru berriaren okupazioa saihestuz.

    2.3. Egoera txarrean dauden eraikinak erosi eta birgaitu edo berreraikiz.

  3. Etxebizitzarekin diharduten fondo espekulatibo eta etxebizitza-edukitzaile handiak kontrolatzeko eta euren eragina mugatzeko neurriak hartzea.

  4. Alokairuko eskaintza arrazoizko prezioan izan dadin sustatzeko eta alokairuen gehiegizko prezioei muga jartzeko norabidean neurri fiskalak ezartzea.

    4.1. Erreforma fiskal bat sustatzea, Foru Aldundiekin koordinatuta, erreferentziazko prezioen araberako alokairu eskuragarriak saritzeko eta garestiak zigortzeko, bereziki izendatutako eremu tentsionatuetan.

  5. Alokairu iraunkorra sustatzeko neurriak eta programak egitea.

    5.1. Denboraldiko alokairuak mugatzea, alokairu turistikoak barne, batez ere, arazo handiak sortu diren hiri eta auzoetan.

    5.2. Gelakako alokairuaren fenomeno gero eta zabalduagoa kontrolatu, arautu eta mugatzea.

  6. Babes publikoko etxebizitza sustapen guztien erdia gutxienez alokairura bideratzea


    6.1. Babes publikoko 500 etxebizitza erosi urtean, lehentasunez erosteko eskubidea aplikatuz, prezio maximoa arautua dutela, lortutako etxeak Alokabideren bidez alokairu sozialean merkaturatuz.

    6.2. Hirigintza-plangintzatik bermatu babes publikoko etxeen erdia gutxienez alokairu babesturako kalifikatzen dela.

  7. Erabilerarik ez duten etxebizitza eta eraikinak mobilizatzea


    7.1. Jenderik gabeko etxebizitzen erregistroa martxan jarriz.

    7.2. Etxebizitza hutsa dagoenaren deklarazioa egiteko prozedura zehaztuz.

    7.3. Etxe hutsen kanona aplikatzea, udalak teknikoki eta ekonomikoki lagunduz.

    7.4. Erabiltzen ez diren etxebizitzak eta eraikinak mugiaraziz.

    7.5. Bitartekaritza-programa erakargarriak eta bidezkoak indartuz.

    7.6. Hala badagokio, eraikinen kalifikazioak aldatzeko aukera emanez, etxebizitza bihurtzeko.

  8. EAE etxegabetzerik gabeko lurralde izan dadin urratsetan sakontzea


    8.1. Bigarren Aukerako Lege bat aurkeztuz, bankuko jardunbide egokien kodeak jasotzen dituen aukerak bilduko dituena: kapitalaren ordainketen eteteak, kitak edo alokairu soziala aurreikusten duten neurriak, ordainetan ematearekin batera.

    8.2. Ematen diren etxegabetzeak saihesteko beharrezko protokoloak egokituz eta gauzatuz.

    8.3. Atzeraeraginezko ordainezko ematea arautuz, hau da, zor osoa ordaintzetik askatuz bankuak hasitako prozedura baten ondorioz ohiko etxebizitza galdu dutenak.

    8.4. Alokairuaren gain-garestitzearen ondorioz gerta daitezkeen etxegabetzeak saihesteko neurriak ezarriz.

    8.5. Zor-pakete handien salerosketak saihestuz, fede oneko zordunen eskubideak murriztu ez daitezen.

  9. Etxebizitza eredu publiko-komunitarioak eta bizilagunentzako espazio komunak sustatzea


    9.1. Erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatibo proiektuak sustatu eta diruz laguntzea.

    9.2. Gazteentzako etxebizitza komunitarioak sortzea, baita belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioak ere.

    9.3. Etxebizitza hedatuen esperientziak gauzatu: etxebizitza eraikinen azpian edo kale horretan hutsik dauden lokalak birgaitzea eta espazio komunitario gisara erabiltzeko laguntza berezituak emanez.

    9.4. Honelako proiektuak garatzeko aholkularitzarako bulego tekniko bat sortzea.

    9.5. Ikasle egoitza publiko-komunitarioak sortzea, ikasleek alokairu pribatu ezegonkorrera jo behar ez dezaten.

  10. Zahartua dagoen etxebizitza parkearen birgaitzea


    10.1. Etxebizitza parkean trantsizio ekosozialerako aurrerapausoak emanez, horretarako, efizientzia energetikoa hobetuz.

    10.2. Birgaitzea eta auzoen berroneratzea lehenetsiz, eraikuntza berrien sustapenen aurretik.

    10.3. Birgaitze plan integralak garatzea, efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna bermatzeko. Horretarako, diru-laguntza deialdiak indartu eta finantza tresna egokiak eskuragarri jarriko dira, birgaitze politika hauek hiri eta herrietako eremu zaharkituenetara heltzeko eta diru baliabide gutxien dituzten herritarrak bazterrean ez geratzea ahalbidetzeko. Irisgarritasun arazo larrien kasuan, interbentzioak ahalbidetzea.

  11. Eraberritzea sustatzeko eta hirigintza-espekulazioa mugatzeko neurriak hartzea


    11.1. 2006ko Lurzoru Legearen berrikuspen partziala egin: eraberritzea piztu eta operazio espekulatiboak zigortu asmoz, derrigorrezko lagapenak eta estandarrak berrikustea.

  12. Prestazioetan oinarritutako sistema osoa epe labur-ertain batean gainditzeko bide orri bat egin eta aplikatzen hastea. Horretarako, etxebizitza eskubide subjektiboa benetan gauzatzeko plan bat egitea, neurriekin, aurrekontu bide eta kronograma zehatz batekin prestazio-programak gradualki gainditzeko.

  13. Etxebizitza Legearen garapen integrala, etxebizitzarako eskubide unibertsala gauzatzeko tresna baliagarri gisa. Horretarako, legearen garapena amaitzeko eta garapen hori burutzeko beharrezkoak diren bitartekoak eskuratzeko konpromisoa hartzea.

Gazteria

DIAGNOSTIKOA

Agerikoa da azken urteetan gazteek pairatzen dituzten arazoak areagotzen eta azkartzen ari direla. Emantzipatzeko arazoak, lan baldintza prekarioak, etxebizitza duin eta eskuragarrien falta, aisialdi eredu desfasatuak, ikasketen garestitzea, eta orohar, gazteria politika eraginkor eta ausarten falta. Honek guztiak gazteon eguneroko bizitzan eragiten du, bizitza proiektu independenteak eta jasangarriak garatzeko oztopo izanik.

Era berean, ondoeza edo gaizki izatea orokortu egin direla esan dezakegu. Etorkizunak esperantza baino beldurra ematen du eta eguneroko ziurgabeari aurre egiteko ezintasuna zabaldu da. Tresnak eta baliabideak (ekonomikoak, emozionalak edota bestelakoak) falta zaizkigu. Gauzak hala, osasun mentaleko arazoek, antsietateak zein depresioak nabarmen egin dute gora pertsona gazteen artean.

Egitate hau ordea, ezin dugu modu isolatuan ulertu, aipatu errealitatearen ondorio zuzen bezala baizik. Izan ere, politika neoliberalek eta betiko errezetek gazteok orain eta etorkizun prekariora kondenatzen gaituzte. Gure bizitzen gaineko erabakimena eta protagonismoa deuseztatzeaz gain, gure nahi eta beharrak alboratuz erabakitzen jarraitzen dute egun. Horren aurrean, premiazkoa da gazteon parte hartze eredu aktiboa sustatu eta neurri zehatzak hartzea, egoera errotik eraldatu eta epe ertain zein luzean aldaketak gerta daitezen.

Zentzu honetan, EH Bildutik apustu garbia egiten dugu: Euskal Herriko gazteon nahi eta beharrak erdigunean izanik, orain eta etorkizun duin bat bermatzeko beharrezkoak diren politika publikoak proposatu eta martxan jarri behar dira iraunkorki. Gazteon begirada modu integralean txertatuko dugu erabaki publikoak hartu eta politikak gauzatzeko unean, gazteon erabakitzeko gaitasuna handituz. Orain eta etorkizun duin baten aldeko borroka izango da gure jarduna.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Gazteek etxebizitza duina eskuratzeko eta herri zein auzoan errotzeko Plan Estrategikoa

    1.1. Etxebizitza komunitario eta kolaboratiboen esperientziak biderkatu, belaunaldi arteko etxebizitzen alde eginez.

    1.2. Alokairu publikoa nabarmen sustatzea herri eta auzoetan.

    1.3. Zuzkidura bizitokiak jabego publikoan sustatzea, 34 urtetik beherako pertsonentzat bizitokien herena erreserbatuz.

    1.4. Etxebizitza hedatuak sustatzea, etxebizitza blokeetan edota kaleetan topaguneak sortuz.

    1.5. Alokairu pribatuaren ezegonkortasunari aurre egiteko, prezioen igoerei muga jartzea.

  2. Gazteei zuzendutako Enplegu Plana


    2.1. Gazteak enpleguratzeko programa masibo bat sortuz.

    2.2. Gazteen enplegua sustatzera bideratutako diru-laguntzen eta pizgarrien bidez, kalitatezko baldintzak eskainiko diren lanpostuak eta proiektuak soilik lagunduz, prekarietatea bultzatuko duten aukerak baztertuz.

    2.3. Autonomo faltsuen penalizazio eta ikuskaritza gogortuz eta plataforma birtualen jarraipen zorrotza eginez.

    2.4. Praktika lanaldiak duintzeko neurriak hartuz eta horiek berrikusiz.

  3. Heziketa ziklorako babes neurriak aktibatzea


    3.1. Derrigorrezko hezkuntzaz haragoko ikasketak burutzen jarraitzeko beka sistemak indartuz.

    3.2. Kudeaketa publiko komunitarioa izango duten ikasle egoitzak sortuz.

  4. Gazteen parte hartzea areagotzeko neurriak aktibatzea


    4.1. Erabaki politikoetan parte hartzeko adin muga 16 urtera jaitsiz.

  5. Belaunaldi arteko justizia bermatzea


    5.1. Egungo eta etorkizuneko belaunaldien ongizaterako legea onartuz.

  6. Aisialdi eredu berriak sortu


    6.1. Gazteek euren autonomia garatzeko espazio propioak sortuz eta sustatuz.

    6.2. Mendekotasuna sortzen duen eta arriskutsua den jokoa mugatzeko legedia bultzatuz.

    6.5. Oporraldi jasangarriak eta Euskal Herrian igarotzeko proposamen bat martxan jarriz.

  7. Mugikortasun jasangarria errazteko neurriak hartzea


    7.1. Txartel bakarra martxan jarri eta sustatuz.

    7.2. Garraio publikoaren maiztasuna nabarmen handituz.

    7.3. Beherapenen betierekotasuna mantenduz.

  8. Ondoeza gainditu eta osasun mental egokia bermatzeko neurriak hartzea


    8.1. Artatze publiko eta egokia bermatuz, neurri berezituak pertsona gazteentzat.

    8.2. Osasun Sistema Publikoan, Osasun Publikotik eta Lehen Arretatik lanketa komunitarioak eginez, gazteen eremuetara hurbilduta.

Enplegua

DIAGNOSTIKOA

Langabeziari buruzko datuek lan merkatuaren eta langileen bizi baldintzen adierazle zorrotza izateari utzi zioten aspaldian. Gaur egun Jaurlaritzak balorazio autokonplazienteak egiten ditu enpleguaren datu kuantitatiboei buruz, baina datu estatistiko horiek benetako egoeraren zati bat bakarrik erakusten dute, eta kronifikatzen ari den prekarietatea ikusezin bihurtzen laguntzen dute. Horrek, gainera, eragin zuzena du lan istripuen tasa kezkagarri eta onartezinean, prekarietatearen eta indarrean dugun laneko osasun eta segurtasun ereduaren ondorio dramatikoenean.

Gaur egun enplegu askok ez dituzte bizitza duina garatzeko behar besteko diru-sarrerak bermatzen, eta arazoa larriagotu egiten da bizitzaren garestitzea areagotzen ari den egungo testuinguruan.

Hori dela eta, ekimen publikoaren helburu nagusiak kalitatezko enplegua sustatzea izan behar du, lan baldintza justuetan oinarrituko dena, inor baztertu eta diskriminatuko ez duena, aberastasunaren banaketa zuzen eta bidezkoa ahalbidetuko duena, ingurumen inpaktua murriztuko duena eta trantsizio ekologikoaren bidean jarriko dena, gizonen eta emakumeen artean enplegua eta bizitza sostengatzeko lanak era justuan banatzea sustatuko duena.

Alde horretatik, politika publikoen bitartez, ezinbestekoa da urratsak egitea beste eredu sozioekonomiko baterantz, kooperazio kolektiboan oinarrituko den eta kapitalari izaera instrumentala aitortuko dion ekonomia baterantz. Ekonomia horren helburuak gizartearen bizi baldintzak hobetzea eta komunitatearen beharrak modu jasangarrian asetzea izango dira.

Ezin dezakegu ahaztu enpleguaren mundua aldaketa sakon batean murgilduta dagoela robotikaren, adimen artifizialaren eta digitalizazioaren bitartez. Aldaketa horren gaineko kontrola nahitaezkoa da sektore popularren aldeko trantsizio ordenatu bat egin ahal izateko. Trantsizio horrek orain arte erabilitako estrategietatik urrun egon behar du; izan ere, estrategia horiek aurrerapen teknologikoak kapitalismo neoliberal basatiaren mesedetan erabiltzea ahalbidetu dute prekarietatea areagotzeko, etekinak gutxi batzuek pilatu bitartean.

Hori guztia egiteko Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko Itun bat behar dugu, gure errealitate sozioekonomikoa aintzat hartuta, etorkizuneko erronkek eskatzen dituzten erabakiak hemen hartu ahal izateko.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko Herri Ituna, alderdi politikoen, sindikatuen, enpresa-elkarteen, kooperatibismoaren eta, oro har, ekonomia sozialeko eragileen parte hartzearekin. Itun horrek agenda politikoa zehaztuko du eskumen eta tresna berriak eskatzeko, etorkizuneko erronkek, gure errealitate sozioekonomikoa aintzat hartuta, eskatzen dituzten erabakiak hemen hartu ahal izateko behar direnak, hain zuzen ere.

  2. Negoziazio kolektiboaren euskal esparrua defendatu, bermatu eta zabaltzea.

    2.1 Negoziazio kolektiboaren euskal esparrua defendatu eta bermatzea kanpoko esku-hartzerik gabe eta Estatuko hitzarmenak aplikatzea saihestuz.
    2.2 Negoziazio kolektiboaren euskal esparruaren jarduteko eremua zabaltzea gaur hortik kanpo dauden hainbat gai txertatuz.

  3. Enpleguaren prekarizazio estrukturalaren aurka, 1.400 euroko gutxieneko soldata. Europako Gutun Sozialaren arabera, gutxieneko soldatak herrialdeko batez besteko soldataren %60 izan behar du. Horretarako, ondorengo neurriak proposatzen ditugu:


    3.1 Sindikatuen eta enpresa-erakundeen arteko EAEko Lanbidearteko Akordioaren sinadura sustatu eta irmotasunez bultzatzea, gure errealitate sozioekonomikoa kontuan hartuta lanbidearteko gutxieneko soldata ezartzeko.

    3.2 Diru publikoarekin sustatutako kontratazioetan 1.400 euroko gutxieneko soldata.

    3.3 Eskumena exijitzea gutxieneko soldataren erregulazioa EAEn erabaki ahal izateko.

  4. 32 orduko lan-astea soldata murriztu gabe, enplegua eta zaintza lanak gizonen eta emakumeen artean, modu justuan, banatzen lagunduko duena.


    4.1 Neurri hori martxan jartzea eta orokortzea eremu publikoan zein pribatuan, negoziazio kolektiboan akordioak sustatuz, kontratazio publikoan ezarriz eta sektore estrategikoetan plan-pilotuak diruz lagunduz.

  5. Lan Ikuskaritza indartzea eta osorik transferitzea, beharrezko dituen giza baliabideak kontratatzeko hautaketa-prozesuak EAEn deitu ahal izateko. Lan Ikuskaritzaren plantillan ratioak handitzea, Europako batezbestekora iristeko.

  6. Lanbide indartzea Euskal Enplegu Zerbitzu Publiko gisa.

    6.1 Bere izaera publikoa indartzea erakunde autonomo gisa eta pribatizatzeko saiakerak galaraztea.

    6.2 Plantilla egoki prestatzea eta dimentsionatzea, Europako herri garatuenen antzerako ratioekin.

    6.3 Irabazi-asmoa duten enplegu agentzia pribatuen azpikontratazioa baztertzea.

    6.4 Kooperatibak Lanbideren Administrazio Kontseiluan sartzea eta bertan ahots propioa edukitzea.

    6.5  Administrazio-egoera irregularrean dauden migratzaileei enplegurako prestakuntza jasotzeko aukera bermatzea.

    6.6 Enplegurako prestakuntza norberak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean ematen dela bermatzea.

  7. Enplegu politika pasiboen transferentzia exijitzea, Lanbidek kudeatu ditzan langabezia-sariak eta prestazioak.

  8. Soldata arrakalaren aurkako estrategia integrala, zaintza lanak proposamenen erdigunean ipiniko dituena.

    8.1 Soldaten auditoria bat egitea sektore maskulinizatuen eta feminizatuen hitzarmen kolektiboak alderatzeko. Auditoria horren emaitzak soldata arrakala gainditzeko estrategian txertatuko dira.

    8.2 Egun indarrean dagoen kontziliaziorako prestazioen sistemaren berrikuspen kritikoa, zaintza lanak emakumeen, gizonen eta sistema publikoaren beraren artean modu bidezkoan banatzeko.

    8.3 Kontratu partzialak lanaldi osokoak bihurtzea sustatzeko laguntzak.

    8.4 Emakumeak industria arloan sartzeko estrategia planifikatua.

    8.5 Sektore feminizatuetako zerbitzuen azpikontratazio publikoan gizarte klausulak txertatzea, administrazio publikoek zuzenean kudeatzen dituzten balio bereko jarduerekin homologatu daitezkeen lan baldintzak bermatzeko.

  9. Enplegu arrunta sustatzea desgaitasuna duten pertsonen artean. Enplegu arloko politika publikoak aldatzea, gaur egun enplegu babestua bultzatzen dutelako nagusiki (baliabide publikoen %95) eta, gainera, gehienetan politika horiek ez direlako eraginkorrak izaten ari enplegu arruntera, inklusibora, pasatzeko.

  10. Diru-laguntzen programa masibo bat sektore berrietan eta estrategikoetan gazteen kontratazioa bultzatzeko.

  11. Talka plana iraupen luzeko langabetuak behar bezala artatzeko.

  12. Langabezia-tasa altuenak dituzten eskualdeak behar bezala artatzeko planifikazio berezituak eta enplegu planak sustatzea eskualde zein udalerri mailan.

  13. Digitalizazioak ahalbidetzen duen muturreko prekarizazioari aurre egitea. Lan Ikuskaritzak esku hartzeko eta jarraipena egiteko plana, neurriak har ditzan plataforma digitalen lan baldintzetan esplotazioa eta abusuak zigortu eta zuzentzeko, betiere lan harremanen eredu duin baten alde.

  14. Ekonomia digitalerako gaitasunen garapenerako planifikazioa. Gaitasun digitalak oinarrizko prestakuntzatik eskuratzen hasi behar dira eta horrek zeharkako ildoa izan behar du hezkuntza-maila guztietan eta enplegurako prestakuntzan, lan bizitza osoan zehar.

  15. Etxeko langileen enplegua duintzeko konpromisoa.


    15.1 Lanbide erreferente publiko bilakatzea etxeko langileen kontratazioan eta euren enpleguaren kudeaketan.

    15.2 Lan Ikuskaritzari eskatzea etxeko langileen eskubideak errespetatzen direla kontrolatzeko mekanismoak antola ditzala.

    15.3 Lanaren ondoriozko gaixotasun eta lesioengatiko bajen izaera profesionala osasun zerbitzu publikoan aitortzea.

    15.4 Negoziazio kolektiborako eskubidea sustatzea sektorean, lan baldintzak modu adostuan arautuko dituen hitzarmen kolektibo bat onartu ahal izateko.

  16. Ekonomia Sozialaren Legea. Ekonomia sozialaren ikuspegi berritu eta indartua definituko du, behar berriei erantzuteko eta ekonomia pertsonen zerbitzura sustatzeko, bizitzak erdigunean jarrita.

Zaintza: gizarte zerbitzuen euskal sistema

DIAGNOSTIKOA

Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen onarpenetik 15 urte pasa direnean EAEko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren inguruko diagnostikoa ezin da etsigarriagoa izan.

Gizarte Zerbitzuen Legeak aurreikusten zuen Gizarte Zerbitzuen Sistema bat izatearen helburua ez betetzeaz gain, lurraldeen arteko eta lurraldeen barruko desorekak eta desberdintasunak, eta, ondorioz, pertsonen artekoak, murriztu beharrean, areagotu egin dira azken hamarkadan. Jaurlaritzak aspaldi egin zion uko legeak ematen dizkion eskumenei eta, hala, lurralde historiko eta udalerri bakoitzak ematen dituen zaintza erantzunak oso desberdinak dira, baita zenbait kasutan, kontraesankorrak ere (adibidez, ardura publikoko egoitza arretak Araban Gipuzkoakoak duenaren estalduraren erdia du). Ondorioz, Gizarte Zerbitzuetarako onartua dugun eskubideari dagokionean, ez da aukera berdintasunaren printzipioa betetzen, eta, beraz, herritarrak beren eskubideetan bizitokiaren arabera diskriminatzen dituen Gizarte Zerbitzuen Sistema bat da EAEkoa.

Bestalde, pribatizazio politikek azken hamarkada luzean hedatzen ari den Gizarte Zerbitzuen Sistema zeharkatu dute. Datuak oso argigarriak dira zentzu honetan: adikoentzako egoitza-zentroen kasuan, adibidez, azken hamarkadetan 280 zentro ireki dira, horietatik 80 bakarrik titulartasun publikokoak. Pribatizazioan oinarritu da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren hedapena.

Gainera, azken urte hauetan, zaintza-lanen delegazioari emandako erantzun instituzionala merkantilizazio formula muturrekoa izan da: “zerbitzu txekea”. Sare publikoaren estalduraren murriztearen ondorioz, gero eta gehiago dira (bereziki Araba eta Bizkaian) zaintza eta arreta bila Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemara jo eta erantzun moduan “zerbitzu txeke” bat jasotzen duten pertsonen kopurua.

Bestetik, kontrakoa adierazten bada ere, Mediterraneoko herrialdeetan gertatzen den bezala, gure erregimenak familia jartzen du zaintza arduraren erdigunean oraindik ere. Apenas garatu dira azken urte hauetan zaintza egitura publikoak, zaintza beharren erantzun publikoa murriztu egin da eta itxaron zerrendak handitu (EAEn geroz eta gehiago dira onartua duten zerbitzu baten zain hiltzen direnen kopurua). Errealitatea da pertsonek/familiek “ahal duten moduan” moldatu behar direla zaintza beharrak dituztenean eta zerbitzu pribatuetara jo behar izaten dutela (ahal dutenek). Zaintzak ko-ordaintzen diren zerbitzu publiko bakarrak dira eta errenta nahikoa dutenek bakarrik bermatu ditzakete beharrezkoak dituzten zaintzak, koste ekonomiko haundiarekin gainera. Zaintzak desberdintasun sozialen eta genero-desberdintasunen iturri bilakatu dira bide honetatik, eta, egoera horretan, milaka emakumek, familien barruan edo etxeko enpleguaren bidez, zaintza-lanak modu ikusezin eta eraginkorrean dituzte. Ondorioz, zaintzek askotariko ondorioak dituzte zaintza horiek egiten dituztenen oraingo eta etorkizuneko bizitzetan: orainaldian bere burua zaintzea sakrifikatzetik hasi, eta ordaindu gabeko lan bat egiteagatik etorkizuneko zigor eta mendekotasun ekonomikora arte.

Gainera, zaintza lanen merkantilizazioa milaka emakumeren lan-prekarietate izugarriaren kontura sostengatzen ari da ekonomikoki eta sozialki. Zaintza beharrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ebazten ari dira milaka emakumeren (erdi) esplotazioaren bitartez, erakundeetan edo etxeetan. Zaintza-lanak balio publikoa dira; gaur egun, ordea, lan horiek egiteak dakartzan ondorioak norbanakoak dira, eta ez dugu onartu behar horrela izaten jarraitzea.

Aparteko aipamen berezia merezi dute egoeraren diagnosia egiterakoan adinekoentzako egoitza-zentroek. Momentu honetan, eta Covid-aren krisian egoitza horietan utzitako bizipen gordinak eta gero, EAEn ez dago adinekoentzako egoitza-arretarako eredu berritu bat. 20 urte baino gehiago dituen araudi bat eguneratzeari ekin zitzaion 2019an, baina eguneraketa hori ez da oraindik burutu. Covid-aren krisiak egoitza hauetan sortutako ondorio tragikoak ere ez dira nahikoa izan hobeto zainduko duen eredu baterako trantsizioa egiteko, ezta espazio sozio-sanitarioari nolabaiteko bultzada bat emateko.

Argi dago, Gizarte Zerbitzuetako Euskal Sistema eta, oro har, ohiko zaintza sistemak gainbeheratu egin dira, eta erakunde publikoek ez dute beharrezko erantzunik ematen. Horren ondorioz, egungo zaintzak eskasak, desegokiak eta prekarioak dira, eta ez dira libreki aukeratuak. Horrela, Gizarte Zerbitzuen Legea onartu zenetik 15 urte pasa direnean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek lege horretan aurreikusitako zaintzarako eskubide unibertsala erakundetzeko bide graduala erabateko porrota izan da.

Testuinguru honetan, zaintza lanak kolektibizatu eta duintzea aurrera begira dugun erronka nagusienetako bat da. Zaintzen antolaketa gaur egun ezagutzen dugun moduan ez da jasangarria. Biztanleriaren zahartzearen ondoriozko desoreka demografikoak zaintza lanak areagotu ditu, eta are gehiago areagotuko ditu etorkizunean. Zaintzaren krisi sakon batean murgildurik gauden honetan, eta Mugimendu Feministak Zaintza Sistema Publiko Komunitario bat eraikitzeko bidean erakunde publikoak interpelatu dituen honetan, zaintza beharrezkoa den ondasun unibertsal bezala onartu, zaintza lanak familia eremutik atera eta zaintzen duten erakundetzeak sortzea da herri bezala dugun premia handienetako bat. Horretan, ezinbesteko izango da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eraldaketa sakona.

Horregatik guztiagatik, jauzi bat egitea beharrezko ikusten du EH Bilduk, batetik, Zaintza Duin eta Unibertsalen Sistema Publikoaren erakundetze berri bat egituratzeko helburuarekin, bestetik, gizarte zerbitzuen eraldaketa sakon bat sustatzeko eta, azkenik, zaintzak baloratu, aitortu eta konpentsatzeko.

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

Lau urteko helburu nagusia zaintza duin eta unibertsaletarako eskubidea bermatuko duen erakundetze berri bat abian jartzea izango da.

  1. Gizarte Zerbitzuen Sistemaren Mahaia


    Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako interpelazioari erantzunez, herri bezala zaintzen krisi anizkoitzari heltzeko sortuko den organo intersektorialean, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioari buruzko Herri Ituneko Mahaian, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari dagozkion hausnarketa eta erabakiak hartzeko mahi berezitua eratuko da. Mugimendu feminista, aditu, eta antolatutako gizarte zibilarekin -sindikatu, erabiltzaile eta senitartekoen elkarte, arloko eragile, etab.- zaintzen antolaketaren inguruko eztabaida eta proposamenak lantzeko elkarrizketa eta elkarlanerako espazioa izango da.

  2. Zaintzen unibertsalizazioa eta aukera askea bermatuko duen lege berri bat aurkeztea


    2008ko Gizarte Zerbitzuen Legea ordezkatzera etorriko dena; zaintza eta babeserako eskubidea berdintasunean bermatuko duen Gizarte Zerbitzuen Sistemaren Erakundetze berri bat zehaztuko duena. Sistemarako sarbidea ez da mendekotasun-egoera iraunkorretara mugatuko eta zaintzak aukeratzeko askatasuna dimentsio guztietan ematen dela bermatu beharko du.

  3. Premiaz, epe objektiboak ezartzea mendetasun- eta desgaitasun-graduak aitortzeko

    Desgaitasun- eta mendetasun-graduen aitorpenean gertatzen ari diren atzerapenek, lurraldeen arteko desberdintasun nabarmenekin, gizarte-zerbitzuetarako eskubidea gauzatzeko sortzen dituzten eragozpenak gainditzeko, premiaz, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea aldatu behar da, graduak aitortzeko gehieneko epe batzuk ezartzeko. Epe horiek igarota, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako erreferentziazko profesionalari ahalmena emango zaio egokitasun-preskripzioa baldintza nahikoa izan dadin dagokion prestazioa edo zerbitzua jasotzeko.

  4. Zaintzetara zuzendutako prestazio ekonomikoak eta zerbitzuak birdefinitzea

    4.1. Prestazio ekonomikoen eta zerbitzuen zorro berri bat, autonomia pertsonalaren promozioa, bizitza independenterako babesak, harreman-integrazioa eta zaintzen komunitarizazioa barne hartzen dituena.

    4.2. Gizarte Zerbitzuen zerbitzu eta prestazio ekonomikoen zorro berrirako sarbidea aurreikusi bezala ematen dela bermatuko da, horietarako sarbidea eskubide subjektibo bezala aitortuz eta zerbitzu horiek emateko betebeharra prestazio ekonomiko batengatik ordezkatzea eragotziz.

  5. Zaintzara zuzendutako zerbitzuen estaldura berriak eta lurraldeen artean orekatzeko ibilbide orria definitzea.

  6. Iraupen luzeko zaintzen eredu berria egoitza-zentroetan.

    Diseinu material berriak, langile-eskakizun berriak eta handiagoak, eta antolaketa- eta kudeaketa formula berriak. Hori guztia desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonen bizi-proiektuei jarraipena ematera bideratua.

    6.1. Adinekoentzako egoitza-zentroen dekretu berria, arloko sindikatu, eragile eta antolatutako senitartekoen elkarteekin landua.

    6.2. Ratioak ezartzeko formula berriaren ezarpena, zentroetako erabiltzaileei, gutxienez, bi orduko arreta zuzena bermatuz eta ekipo sozio-sanitarioak indartuz.

    6.3. Adinekoentzako 300 egoitza-zentro baino gehiago fisikoki egokitzeko premiazko inbertsio erakunde arteko plana: banakako gelen kopurua handitzea, banaketa modularra eta, aldi berean, plaza berriak irekiz sarearen estaldura mantentzea bermatzea.

    6.4. Euskal administrazioek, gomendioak, neurriak eta jarduteko arauak ez betetzearen ondorioz erabiltzaileen zaintza arriskuan jarriz gero, titulartasun pribatuko zentroetan esku-hartzeko duten eskumena erabiltzea.

  7. Etxez etxeko laguntza-zerbitzua arautzea


    Hartzaile berriak jasotzea, prestazio eta modalitate gehiago, intentsitate handiagoa eta prezio publikoen murrizketa helburu izanik.

  8. Errentaren arabera, zaintza formalerako sarbidean desberdintasuna sortzen duten oztopoak kentzea


    Erabiltzaileen parte hartze ekonomikoa murriztea zerbitzuen finantzaketan eta doakotasunerako prozesu graduala.

  9. Gizarte zerbitzuen euskal sistemaren desmerkantilizazio prozesua burutzea


    9.1. Kudeaketa publiko zuzenari lotutako zerbitzuen kopurua handitzea

    9.2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman Itun Sozialaren Araubidea eta Hitzarmenak arautzen dituen 168/2023 Dekretua aldatzea, horretatik irabazi asmoa erabat desagerrarazteko.

    9.3. Merkatu erreserbak gauzatu eta zaintza zerbitzuen kontratazioan klausula sozialak txertatzea.

    9.4. Zaintzak baloratzea, aitortzea eta konpentsatzea eta arloko lan baldintzak duintzera bideratutako neurri zehatzak.

  10. Zaintza sektorean lan baldintzak duinak ezartzea


    10.1. Erakunde arteko funts bat sortu lan baldintzak hobetzeko.

    10.2. Administrazioak kontratatu, itundu eta hitzartutako gizarte zerbitzuetan lan eta soldata baldintza duinak ezarri eta klausula sozial eta laboralak txertatzea.

    10.3. Zaintzaren sektoreko langileen lan baldintzak gorantz parekatuko dituen EAE mailako hitzarmen kolektibo bat onar dadin sustatzea.

    10.4. Lan sektore maskulinizatuetan baino soldata-igoera handiagoak bermatzea.
    Kooperatibizazio prozesuak laguntzea.

    10.5. Sentsibilizazio, arreta, orientazio, prestakuntza eta laguntza programak eta baliabide publikoak eta komunitarioak etxeko langileen elkarteei eta zaintzaile profesionalei eskaintzea, bai eta sektore informaleko/familiarreko zaintzaileei laguntza programak ere.

  11. Gizarte Zerbitzuei buruzko ebaluazio organoa abian jartzea.

  12. Gizarte Zerbitzuen erabiltzaile eta horien senitartekoen partehartze efektiborako organo partehartzaile eta gardena eratu eta arautzea.

Erronka demografikoa eta familia politikak

DIAGNOSTIKOA

Zahartze demografikoa eztabaida publikoaren erdigunean jarri da azken urteotan. Bizitza luzearen demokratizazioan izandako arrakastak eta ugalkortasun-tasen murrizketak, neurri handi batean lan- eta bizitegi-prekarietatearekin lotuta, gure populazio-piramidearen egitura eraldatu dute. Irakurketa apokaliptikoetatik eta emakumeak ‘arazoaren’ errudun egiten dituzten eta beren gorputzak eta bizitzak erabili nahi dituzten erantzun natalistetatik urrun, EH Bildun uste dugu ugalketa-iraultza honek gure herriak aurre egin beharreko erronka batzuen aurrean jartzen gaituela, eta erronka horiek harreman handiagoa dutela ondo bizitzearekin jaiotza-tasekin baino.

Jaurlaritzak familiei laguntzeko bultzatutako erakunde arteko planek eta itunek porrot egin dute, nabarmen. Europako testuinguruan familia-politikak gero eta garrantzia haundiagoa izaten ari badira ere, EAEkoek ageriko defizitak dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arlo horretako gastu publikoa ez da ia iristen gure inguruneko herrialdeek arlo horretako politiketan eta haien Barne Produktu Gordinari dagokionez egiten duten batez besteko gastuaren heren batera. Azken hiru-lau urtetan familia politikei dagokienean aurrerapauso epelen bat eman bada ere, finantzaketa nahikorik ez izateak eta familietan benetako eragina izango duen neurri garrantzitsurik ez egoteak ezaugarritu ditu EAEko familia politikak. Hala, gure herriko gizarte-babeseko sistema zerbaitetan nabarmentzen bada, familiak babesteko politiken multzoaren orientazio ahul eta desegokian da. Gainera, familiei bideratutako prestazio multzoari bisio sozioekonomikoa falta zaie eta, ondorioz, genero desberdintasunak areagotu eta pertsona zaurgarrienak kanpo uzten dituzte, besteak beste, ordainketa moduagatik.

Azken pobrezia datuek agerian utzi dituzte familiak babesteko politiken ahultasuna: haur pobreziak gora egin du, pobrezia seme-alabak dituzten familietan metatzen da, oinordetzan jasotzen da pobrezia gurean eta haurrak izatea pobrezia arriskurako faktorea da EAEn.

Horrela, familiei -emakumeei- areagotu egin zaie zaintza-lana, kasu batzuetan muga eutsiezinetaraino, inolako laguntza-neurririk gabe.

Ugalkortasun-tasa handitzea behartu nahi duten natalismo-politikek, ‘arazoari’ irtenbidea eman beharrean, mendekotasun-tasa handitzea eragingo dute, eta, ondorioz, zaintza-premia handiagoa izango da. Gure ongizate erregimena ahula denez, familiarizazioa -lan-merkatua uztea- sendotzeko arrisku larria dago, hau da, ongizatea lortzeko emakumeek gizonekiko duten mendekotasuna betikotzea.

EH Bilduren ustez, aurrean dugun erronkak eraldaketa sozial sakona eskatzen du. Gure politika publikoak berdiseinatu behar dira, ugalketari eta hazkuntzari buruzko erabakiak eta aukerak benetan askeak izan daitezen beharrezkoak diren baldintza sozial eta ekonomikoak bermatzeko. Era berean, emakumeei ugalketaren erantzukizun bakarra ezartzen dien indarkeria sinbolikotik aske.

Ildo horretatik, eta, zehazki, familia politikei dagokienean, gizarte-politiken arloko beste ikusmolde edo paradigma bat nagusitu behar da, inbertsio sozialarena, alegia.
Europako beste herri batzuetako arrakasta esperientziak jarraituz, prestazio ekonomikoek haur-pobreziaren murrizketan eta, oro har, seme-alaben hazkuntza-kostuen konpentsazioan duten garrantzia aitortu eta horiek familia politiken diseinuaren abiapuntutzat hartu behar dira. Hori dela eta, prestazio horiek hedatzera eta normalizatzera bideratuko diren neurriak ezinbestekoak gertatzen dira. Horretarako, osorik diseinatu behar dira berriro EAEko familiek gaur egun jasotzen dituzten zuzeneko laguntzak, horiek ordaintzeko moduak, diru-sarrerak bermatzeko prestazioak eta kenkari fiskalak. Prestazioak gero eta anitzagoak diren familiak zein zaurgarriak diren familiak sendo babestu, familiak osatzen dituzten kide bakoitzaren ongi bizitzeko aukerak bermatu eta berdintasun logika batean kokatzea litzake helburu nagusia.

Horrekin batera, unibertsaltasun progresiboa ere funtsezkoa gertatzen da, ulerturik haur-pobreziari aurre egiteko arrakasta gehien izan duten estrategiak haur guztien ongizatea hobetzera zuzendutako politiketan oinarritutakoak direla.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Familia prestazioen sistema unibertsal berria


    Sistema berriak hazkuntzan lagundu, zerga-kenkariak hobeto integratzeko aukerak aztertu, errentarik baxuenak dituzten etxeek zerga onurak eskuratzeko dituzten ezberdinkeriak murriztu, zerga-kenkari itzulgarri unibertsala bermatu, laguntza fokalizatuak indartu eta genero ikuspegia eta haur eta nerabeen interes gorena bere diseinuan barneratuko ditu. Besteak beste, seme-alaba bakoitzak, gutxienez 18 urte bete bitartean, hilero jasoko duen hazkuntzagatiko 200 euroko prestazio unibertsal bat jarriko da martxan sistema berrian.

  2. Kontziliazio eta erantzunkidetasuna sustatzeko prestazio eta laguntzak


    2.1. Diseinuan elementu hauek hartuko dira kontuan: unibertsaltasuna, titulartasuna, zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

    2.2. Laguntzak eskatzen diren unean ordainduko dira.

  3. Baimen parekideak eta bateraezinak eremu pribatuetara zabaltzea, soldata arrakala murrizteko beharrezko neurriekin batera.

  4. Garraioaren doakotasuna 0-12 urte bitarteko haur eta nerabeentzat. Halaber, beste kolektibo batzuentzako doakotasunerantz pausuak ematea.

  5. Lan eta Hezkuntza ordutegiak harmonizatzea eta malgutzea.

  6. Laguntza ekonomikoetan, finantzaketa-jardueratan eta kontratazio publikoan lehentasuna ematea lana, kontziliazioa eta bizitza pertsonala bateragarriak egiten dituzten neurri eraginkorrak dituzten enpresa eta erakundeei.

  7. Guraso bakarreko familiaren kontzeptua definitzea, EAErako jarduera-irizpide homogeneoa ziurtatuz.


    Familia-aniztasuna aitortzeko oinarrizko printzipioarekin bat etorriz, guraso bakarreko familien interesak, feminismoa, gizarte-bazterkeriaren eta pobreziaren aurkako borroka eta haurren eskubideak defendatzen dituzten erakunde eta elkarteen partaidetzara irekitako lan-prozesu baten bitartez egingo da.

  8. Zaurgarritasun maila handiko familiak babesteko neurriak: guraso bakarrekoak, ugariak, desgaitasun bat duten seme-alabak edo gurasoak dituztenak, adopzio anizkoitza edo harreran hartutakoak.


    8.1. Lehentasuna prestazioak eta enplegua sustatzeko politikak eskuratzeko.

  9. Prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko familia-errenta estandarizatutako sistemaren erregulazio berria.

  10. Seme-alabengatiko prestazio ekonomikoen eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren arteko bateragarritasuna.

  11. Seme-alabengatiko zerga kenkaria itzulgarri bihurtzea, behar adinako zenbatekoarekin -hazkuntza kostua- eta izaera linealarekin, familia guztiek onura bera jaso ahal izan dezaten.

  12. Kalitatezko Arreta Goiztiarreko eredu baten garapen homogeneoa.

Gizarte babeserako politikak eta prestazioak

DIAGNOSTIKOA

Ziurgabetasuna areagotu eta bizitzaren garestitzea herritarren kezka nagusi bilakatu da. Herritarrek bere egunerokoan pairatu dute elikagaien garestitzea, etenik ez duen etxebizitzaren garestitzea edo energiaren garestitzea. Oro har, bizitza duin bat izateko oinarrizko premiak direnak izugarri garestitu dira, eros-ahalmena galdu dute herritarrek eta, horrekin, areagotu egin dira lehenagotik nabarmenak ziren prekarietate, zaurgarritze eta pobretze joerak. Bereziki kaltetuak izan dira honetan guztian emakumeak.

Bizitzeko beharrezkoak diren baliabideak eskuratzeko ziurgabetasunarekin batera hedatzen ari dira prekarietatea eta zaurgarritasuna. Honek guztiak hautatutako bizi-proiektuari ekiteko ezintasuna ekartzen du, eta baita ustekabeko egoerei aurre egiteko zailtasuna edota ezintasuna ere, egunean-egunean bizitzera behartuz inolako aurrera begirako proiekziorik eta erreserbarik gabe. Inoiz ez da gurean hainbeste jende egon bere etorkizuna ezin aurreikusi dezakeena.

Tamaina honetako egoeren aurrean erreakzionatzeko gaitasunik ez dagoenean edo erabaki politikoak hartzen ez direnean, erraz prekarizatzen dira bizitzak. Eta horren adierazle dira azken pobrezia datuak. INEren arabera, % 9raino igo da EAEn gabezia material eta sozial larriak dituzten herritarren ehunekoa; herritarren % 9,3ak hilaren bukaerara zailtasun handiekin iristen zela adierazi zuen 2023an, eta % 37,1ak ezustekoei aurre egiteko gaitasunik ez zuela.

Bizi-baldintza duinak izan eta erosahalmena ziurtatzeko zerbitzu publikoetarako sarbidea eta prestazioak jasotzeko eskubidea bermatuak izatea erabakigarria den arren, ez da bide horretan kokatu politika instituzionaletik eman den erantzuna. Eros-ahalmena galdu dute herritarrek, diru sarrerak, soldatak zein pentsioak izan, eta ez da horren inguruko apenas neurrik hartu. Zerbitzu publikoetan ez da behar bezala inbertitu, eta publiko-pribatu elkarlanaren izenean pribatizazio prozesuak ez du etenik. Eta gizarte babesera bideratutako prestazioei dagokienean, helburua egoera eramangarria egitea izan arren, gutxi dira eta gaizki antolatuta daude eta, gainera, pobrezia murriztera bideratutako inbertsioa mugatu egin da -Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma horren adibide nagusia da-.

Horrela, prekarizazio eta pobretze prozesua azkartzen duen krisi bat bilakatu da bizitzaren garestitzea. Politika publiko horiek, gainera, larriki areagotzen dute babes erregimenaren familiarizazioa eta, ondorioz, handitu egiten dute gizonek emakumeekiko duten nagusitasuna.

Gizarte babeserako politiketan eraldaketa ezinbestekoa bilakatzen da horrenbestez, bizitzen ari garen egoera irauli eta bizitza duinak, autonomia materiala eta erabateko integrazioa bermatzeko. Zentzu honetan, batetik, enpleguak erabateko ongizatearen berme izateari utzi badio, pertsonen babesak ezin du horren inguruan aritu. Bestetik, “Aukera Berdintasunean” oinarritutako justizia sozialaren teoriaren aurrean, “Posizio Berdintasunean” oinarritutako justizia sozialaren teoriara igaro behar dugu. Eta, azkenik, gizartean pertsonen erabateko integrazioak izaera dimentsioaniztuna duenez eta ez denez alderdi ekonomikora mugatzen, gizarte lanak zentralitate berria lortu behar du, integraziorako ezinbesteko baldintzak diren herritartasun politikoa (eskubideak eta parte hartze politikoa), herritartasun soziala (hezkuntza, etxebizitza, gizarte zerbitzuak eta osasuna) eta gizarte harremanak erabat eskuratzeko.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

Posizioen Berdintasuna

  1. Diru Sarrerak Bermatzeko Legearen erreforma egitea


    1.1 Banakotasunaren, unibertsaltasunaren, nahikotasunaren, inbertsio sozialaren eta baldintzazkotasunik ezaren printzipioetan oinarrituta

  2. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskubide subjektibo gisa konfiguratzea, aurrekontu-erabilgarritasunaren mende egon gabe


    2.1. Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan eman daitezkeen diru-kantitateak handitu eta gutxieneko zenbatekoak ezartzea, bizitzaren garestitzearekin bat etor daitezen.

    2.2. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzeko baldintzak malgutzea.

    2.3. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzeko gehienezko diru sarreren langa igotzea.

  3. Oinarrizko errentaren edo kapital-zuzkiduraren proiektu pilotu bat ezartzea, 18-25 urte bitarteko gazteen emantzipazioa sustatzeko


    Integrazio politikoa, soziala eta harremanetakoa

  4. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen berdimentsionamendu eta indartzea

    4.1. Biztanle bakoitzeko gizarte langileen kopurua handitzea; gizarte langile bat 1.700 biztanleko.

    4.2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen gizarte langileen plantilla handitzeko laguntza ildoa.

    4.3. Gizarte Zerbitzuetako profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntza.

  5. Lehen Mailako eta Bigarren Mailako arreta zerbitzuen arteko integrazio prozesua: arretaren jarraitasunaren printzipioa.

  6. Babesgabetasun eta arrisku egoerak goiz detektatzeko programak unibertsalizatzea.

  7. Gizarteratzerako Lege bat onartzea, aktibazio inklusiboa oinarri izango duena.

  8. Egoitza Bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategia lotesle bilakatu eta giza baliabide eta baliabide ekonomiko nahikoekin hornitzea.

  9. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketan gehiegizko kontrol, diziplina eta normatibizazio praktikekin amaitzea.

Pentsioak

DIAGNOSTIKOA

Gizarte-babeseko sistemaren funtsezko zutabeetako bat, zalantzarik gabe, pentsio-sistema da. Pentsioak estu-estu lotuta daude gaixotasunaren, desgaitasunaren, alarguntzaren eta erretiroaren kasuetan izango ditugun bizi-kalitatearekin eta baldintzekin. Horregatik, gure hautua, bizi-baldintza duinak bermatuko dituen gizarte-segurantzako sistema publiko indartsu baten aldekoa da. Eta hori, gaur egun, ez dago bermatuta. Inolaz ere.

Krisi ezberdinen testuinguruan, pentsio publikoak jomugan egon dira, erreforma eta murrizketa gogorrak jasan dituzten pentsio-sistema publikoak higatzeko helburuarekin. Pentsioen sistema publikoaren jasangarritasunaren izenean, beldurra eta ziurgabetasuna zabaldu dituzte murrizketak saihestezinak direla konbentzitzeko.

Erreforma horiek ondorio larriak izan dituzte euskal pentsiodunen bizi-baldintzetan, batez ere emakume pentsiodunenean. Pentsioen arrakala handia da emakumeen eta gizonen artean, soldata-arrakala baino askoz handiagoa. Hainbat hamarkadatan errekonozimendu ekonomiko, sozial eta politikorik gabe bizitzari eutsi ondoren, emakumeak dira pentsio txikienak pairatzen dituztenak eta, beraz, haien bizi-baldintzen prekarietate handiena pairatzen dutenak.

DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren osagarria jasotzen duten pentsiodunen artean, hirutik bi emakumeak dira. Beraz, pentsioen eztabaidaren erdigunean kokatu behar da emakume horien bizitzari eusteari, aitorpenari, ordainari eta konpentsazioari ematen diogun garrantzia.

Egungo sistemaren gabeziek eta erreformei aurre egiteko beharrak pentsiodunen euskal mugimendu bat aktibatu dute, erabakitasunez eta etengabe antolatua, gaia agenda politikoan indarrez sartzea lortu duten mobilizazioen protagonista direnak.

Aldarrikapen hauekin bat eginez, premiazkoa da kalean adierazitako eskaerak politikoki antolatzea eta pentsioen inguruan neurri ausartak hartzea, pentsiodunen mugimenduaren eta gehiengo sozial eta sindikalarekin batera. Alde horretatik, ezinbestekoa da pentsio-sistemaren iraunkortasunean arreta berezia jartzen duen eztabaida gainditzea eta bizitzaren iraunkortasuna eztabaidaren muinera ekartzea.

Beraz, urratsak egin behar ditugu bizitza duinak bermatuko dituen pentsioen euskal sistema lortzeko bidean aurrera egiteko. Bien bitartean, lehentasunezkoa da gaur egun Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa eskuratzeko dagokigun eskumena betetzea, bai eta, Europako Gutun Sozialak markatutako bidetik, jada gure esku dauden baliabide eta tresnak erabiliz egungo pentsioak duintzeko behar diren konpromisoak hartzea eta garatzea ere.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Pentsio guztiak gutxienez 1.080 eurokoak izateko konpromisoa, pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenekin bat etorriz eta Europako Gutun Sozialarekin bat eginez.

  2. Pentsiodunek osatutako bizikidetza-unitateentzat diru-sarrerak bermatzeko errenta ofizioz izapidetzeko eta ordaintzeko prozedura adostea foru-ogasunekin. Pentsiodunen kopuru handi bati erantzun behar zaio, hainbat arrazoi direla medio, ez baitute eskatzen eskubidea duten osagarria.

  3. Zaintza-lana aintzatesteko funtsa sortzea, lan horretan urteetan aritu diren emakumeak konpentsatzeko eta erreparatzeko.

    Gizarte-eredu berri baten oinarriak sendo eraiki nahi baditugu, bidezkoa da atzera begiratzea eta, neurri batean bada ere, egoera estrukturalki bidegabea jasan duten emakumeen -pentsiodunak eta ez-pentsiodunak- zaintza-lana aitortzea eta konpentsatzea, betiere 1.080ko gutxieneko pentsioaren helburuarekin.

  4. Pentsioen Euskal Sistema sortzeko konpromisoa, plangintza-, lege- eta kudeaketa-gaitasun osoarekin.

    4.1. Estatuak Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketaren transferentzia behingoz betetzeko beharrezkoak diren neurriak betearaztea.

    4.2. Pentsio-sistema bidezkoa eta bideragarria eraikitzeko, kotizazioei, erretiro-adinari eta -baldintzei, prestazioei, gutxieneko pentsioei, pentsio-motei eta abarri buruzko erabakiak euskal erakundeen esku egon behar dutela aldarrikatzea.

    4.3. Pentsioen euskal sistema publiko iraunkor eta koherente baten eraikuntza, belaunaldien arteko elkartasunean oinarritua, lan-harremanen eta gizarte-babesaren euskal esparru batean integratu behar da, kalitatezko enplegua eta enpleguaren eta zaintza-lanen bidezko banaketa emakumeen eta gizonen artean bultzatuko dituena.

  5. Sindikatuekin eta beste erakunde sozioekonomiko batzuekin enpleguko borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeen gizarte-balioari eta etorkizunerako aurreikuspenei buruzko azterketa eta hausnarketa egitea, pentsio publikoak hobetzeko, enpleguaren kalitatea hobetzeko eta euskal produkzio-sareari laguntzeko tresna gisa.

3. Trantsizio ekosoziala

SARRERA

Munduko Meteorologia Erakundearen babespean, urte oro argitaratzen da “The State of The Climate” (klimaren egoera) txostena. Azken aleak, 2023ko urrian argitaratua, klima larrialdiaren egoerari buruzko kezka areagotzen du, hainbat erakunde zientifikoen ildoa jarraituz. Egileen arabera, klimari dagokionez orain arte esploratu gabeko eremu batean gaude eta beldur dira. Zientzialariek etengabe ohartarazi dute muturreko baldintza klimatikoek markatutako etorkizun bati buruz, giza jardueren berotegi efektuzko gas kaltegarrien isurien ondorioz. Beraien esanetan, denbora amaitu da eta iragarpen horien agerpena ikusten ari gara, eta aldaketa klimatikoak eragindako sufrimenduzko eszena larriak dagoeneko gertatzen ari dira. Laster, Parisko Akordioaren helburuen porrotaren lekuko izan gaitezke, baina berotze globalaren hamarren bakoitza saihestearen garrantzia sekulakoa da.

Hil ala bizikoa izan arren, klima larrialdia ez da aurrean dugun funtsezko erronka ekologiko bakarra. Planeta mailako bederatzi muga ekologikoetatik seietan gainditua dago planetaren karga ahalmena, izan CO2 isuriak, biodibertsitatearen galera, kutsatzaile berrien agerpena, ur gezaren zikloa eta abar. Hau da, termino ekologikoetan, krisi ekologiko orokortuaren garaian gaude eta, egoera iraultzeko, eraldaketa sakonak abiatu behar ditugu gure sistema sozial eta produktibo osoan.

Euskaldunon bataz besteko aztarna ekologikoak aspaldi gainditu zuen ere planetaren karga kapazitatea. Erabiltzen ditugun material eta energiaren ikuspuntutik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jarduera sozial eta ekonomikoaren azterketak hainbat kontu uzten ditu agerian. Gure jarduera, gehien bat kanpotik datorren lehengaiak energia berriztaezin askorekin eraldatu eta merkaturatzean datza, bidean isuri kaltegarri eta hondakin asko sortuz. Munduko biztanle guztiek gure baliabide material ete energetikoaren kontsumoa izango balute, ia hiru planeta beharko genituzke eta, noski, bakarra daukagu. Kontsumo maila jasangaitz honek oinarrizko bi injustizia ditu. Alde batetik, ipar hego arrakala, zeinaren bitartez ipar globalean hegoaldeko herrialdeetan kontsumitzen ez dutena kontsumitzen dugun. Bestalde, belaunaldien arteko arrakala, zeinaren bitartez egungo belaunaldiek ondorengoei dagozkien baliabideak xahutzen ari garen, beraien bizi baldintzak. Genero edo klase arrakalek ere baldintzatzen dute aztarna ekologikoa.

Gauzak horrela, ispiluaren aurrean ipini eta gure jarduera guztia berrikusi behar dugu. Erantzukizun maila ezberdinduarekin baina jendarte osoa interpelatuz, premiazko ariketa kolektibo baten aurrean gaude. Gure jarduera sozio-produktibo jasangaitza iraultzen hasi behar dugu, oinak lurrean eta begirada ortzimugan, gure jarduera berriro muga ekologikoetan sartuz eta bidean herritar guztientzat gutxieneko bizi baldintza duinak bermatuz. Hori da, finean, eraldaketa edo trantsizio ekosoziala.

Atzeraezina den prozesu hau behar ekologiko eta sozialei erantzunez egiteko, hazkundea eta metaketa beste helburu ez duen logika sistemikoa zalantzan jartzeko ordua iritsi da eta galdera potoloak egitea dagokigu. Zein politika publiko behar ditugu krisi ekologiko orokortu garaiotan? Nola ulertzen ditugu etorkizuneko garapena eta ongizatea? Ze eredu energetiko nahi dugu? Nola elikatuko gara? Nola mugituko gara? Nola antolatuko dugu gure lurraldea egin beharreko eraldaketa produktiboa ingurumenaren eta biodibertsitatearen zaintzarekin uztartzeko? Nola egingo dugu hau guztia kohesio eta justizia soziala mantenduz? Nola azpiratuko dugu interes lukratiboa interes sozialaren mesedetan?

Elkarrekin hausnartu beharrean gaude. Horregatik, programa neurriez gain, urgentziaz eman behar diren eztabaidei bide ematea ezinbestekoa da, erronka ekosozialak mahaigaineratzen dituen hari mutur guztiek herri honen inteligentzia kolektibo osoaren aktibazioa eskatzen duelako. Gobernantza kooperatiboaren bitartez prozesu deliberatiboak abiatuz, erkidego zein eskualde mailako prozesuak baliatuz. EH Bilduk, azken urteetan eremu instituzionalean egindako proposamen ugariez gain, eztabaida ekosozialari bide emateko bi proposamen nagusi egin ditu. Alde batetik, trantsizio ekologikorako estrategia energetikoa, bestalde, “EH2040 eraldaketa ekosoziala” lemapean, politika publiko eraldatzaileen hogei bektore nagusien aurkezpena.

Ez ditugu erantzun guztiak, baina bai trantsizioa egiteko halabeharrez eraldatu behar diren esparruen identifikazioa, eta agerikoa da politika publikoen eremu zabal batean eraldaketa sakonak behar ditugula, hezkuntzatik hasi eta finantza eta zerga sistemaraino, politika industrialetik nekazal politiketaraino, bidean etxebizitza, garraio, turismo eta beste hainbat politika begirada ekosozialekin berrikusiz. Energiaren arloan, fosilak atzean utzi eta berriztagarriak bultzatu behar ditugu, sektore energetiko publikoa indartu eta energia demokratizatu, aldi berean kanpo energia menpekotasuna murriztuz. Kanpo menpekotasun estrategikoei aurre egiterakoan, energiaz gain elikadurari ere premiaz erreparatu behar diogu. Hor, kontratazio publiko ekologikoak bere papera jokatu behar du. Baita eman beharreko birlokalizazioak sustatzeko ere. Izan ere, inbertsio publiko guztia berrikusteko ordua da, eta azpiegituren lehentasuna, industriarena bezalaxe, deskarbonizazioari egiten dioten ekarpenaren araberakoak izan behar dute. Lana eta enpleguaren banaketa berri eta justuago bat bultzatzea dagokigu, ekonomia zirkularrago bat bultzatuko dituzten jarduera eta enpleguak sustatuz. Baita aberastasunaren neurketa berriak egitea ere, Barne Produktu Gordinak ez baitu barneratzen krisi ekologikoaren aldagaia. Kontsumo ohiturak eraldatzeko beharra ahaztu gabe, gure bizitzako arlo guztien ekologizazioa bultzatuz, eraldaketa ekosoziala eraldaketa kultural sakona dela kontutan hartuz.

Finean, eraldaketa ekosozialerako politikak, politika feministak bezala, guztiz zeharkakoak dira. Programa osoan zehar begirada ekosoziala duten hainbat politika eta neurri sektorial ezberdin txertatu ditugu, izan industrian, enpleguan, digitalizazioan, etxebizitza politikan eta abar. Edozein kasutan, atal honetan, energia, ingurumena, biodibertsitatea, lurralde plangintza, azpiegitura, garraioa, edo elikadurari zein lehen sektoreari lotutako neurri espezifikoak txertatzen dira.

Energia

DIAGNOSTIKOA

Aldaketa klimatikoari eraginkortasunez aurre egiteko, sistema energetikoaren erabateko eraldaketa behar dugu, izan ere EAEn gure berotegi efektuzko gasen (BEG) isurketen %80 baino gehiago baliabide fosilen erretzetik baitator, batez ere petroliotik eta gas fosiletik eratorriak. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan baliabide fosilekiko berebiziko menpekotasuna dugu, bai gure ehun produktiboa martxan mantentzeko bai gure egungo bizimoduko jarduera gehienak burutzeko. Azken datuen arabera, energia kontsumoaren %84a baliabide fosiletatik dator.

Klima larrialdiari aurre egiteko, lau oinarri dituen trantsizio energetikoa burutu beharrean gaude. Energia gutxiago kontsumitu, baliabide fosilak alboratu, energia berriztagarrien hedapen zabal eta azkar bat sustatu eta gaur egun esku gutxiren kontrolpean dagoen esparru energetikoa demokratizatu behar dugu.

Azken legealdian trantsizio energetikoan aurrerapauso eskasak eman dira. Fosilen kontsumoak, pandemiaren gora-beherak gainditu ostean, bere horretan jarraitu du, eta energia berriztagarriak, autokontsumoan egon diren aurrerapen apalak kenduta, ez dira hedatu. Eskala ezberdinetako proiektu berriztagarriak iragarri dira, baino legealdi osoan ez dira gauzatu. Berriztagarrien hedapenaren prozesu hau, gainera, zalapartatsua eta desordenatua suertatzen ari da, besteak beste Jaurlaritzak ez duelako Jasangarritasun Energetikoaren Legeak agintzen zuen Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala indarrean jarri.

Energia alorrean, hurrengo legealdiaren ezaugarri nagusia, onartu berri den 1/2024 Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legearen garapena izan beharko luke, bertan ezartzen baitira trantsizio energetiko justu eta demokratiko baterako hainbat oinarri eta tresna. Trantsizio energetikoa burutzeko, legeak aurreikusten dituen eskualdeetako prozesu deliberatiboak zein asanblada klimatikoak abian jarri beharko dira, autokontsumoa zein komunitate energetikoak bultzatu (besteak beste espazio publikoaren lagapenen bitartez), baliabide publiko fosilen desinbertsio planak ahal eta lasterren egikaritu, berriztagarrien kanonarekin ingurumenaren zaintzarako ekimenak sustatu, eskala guztietako berriztagarrien proiektuetan administrazio publikoak zein tokiko pertsona zein enpresak tartean sartuz, beste ekimen askoren artean.

Finean, kontsumo gutxiagoko etorkizun berriztagarri baterantz pauso sendoak eman beharrean gaude. Horretarako, sektore guztietan eta gure bizitzako esparru guztietan aldaketak sustatu behar ditugu eta gure mugitzeko, ekoizteko zein kontsumitzeko ohituretan eragin beharrean gaude. Azpiatal honetan, trantsizio ekosozialari lotutako energia arloko neurriak zehazten dira, baina energia subiranotasun estrategikoen atalean jorratzen den neurrian, horri lotutako proposamen energetikoak lehen atalean jorratu dira dagoeneko.

2028. Urterako konpromisoak

  1. Trantsizio energetikoaren aldeko itun soziala onartu

     

    Klima eta energiaren legeak jasotzen duen deliberazio prozesuetatik abiatuta, legealdi honetan trantsizioaren aldeko akordio soziala egikaritzea, partaidetza zabal eta anitzarekin.
  2. Berriztagarrien Energiaren Euskal Erakundea sortu

     

    Energiaren Euskal Erakundea eraldatu behar da, legealdi honetan baliabide fosilen erabateko desinbertsioa gauzatuz eta aurrezpenean eta berriztagarrien hedapen publikoan zentratuz.
  3. Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu

     

    2024. urtea amaitu aurretik, dagoeneko aurreratua dagoen planaren behin betiko onarpena egin, natur balio handiko eta nekazal balio estrategiko lurrak berriztagarrien hedapenetik kanpo utziz.
  4. Baliabide fosilak alboratzeko Plana egin eta egikaritu

     

    Legealdia amaitu aurretik Energiaren Euskal Erakundeak bere aktibo fosil guztiak besteratuko ditu, etekinak berriztagarrietara bideratuz. Honek Hidrocarburos de Euskadiren desagerpena eta baliabide fosilen bidezko sorkuntza elektriko publikoa alboratzea ekarriko du. Horretaz gain, planak administrazio publikoaren fosilen erabilpena murrizteko neurriak zehaztuko ditu, besteak beste bero sistemak elektrifikatzeko neurrien bitartez.
  5. Energia merkaturatzaile publikoa eratu

     

    Sektore publikotik eratorritako energia berriztagarria saltzeko, merkaturatzaile publiko bat eratuko da. Honen bitartez, trantsizio justua bermatzeko, energia prezio eskuragarrietan eskainiko da, pertsona zaurgarriei arreta berezia eskainiz.
  6. Ongizate energetikoaren legea onartu

     

    Energia-ongizatea eskubide subjektibo bihurtzeko lege bat onartu eta garatuko da, herritar guztiek gutxieneko behar energetikoak bermatuak izan ditzaten.
  7. Trantsizio energetikoaren eta aldaketa klimatikoaren legea garatu

     

    1/2024 Legearen garapena funtsezkoa da legealdi honetan; izan gobernantza arloan asanblada klimatikoak, eskualdeetako deliberazio prozesuak edo batzorde zientifikoa abiatuz, izan eraginkortasunean edo berriztagarri bananduen hedapenean ezarri behar diren erregelamendu bidezko derrigorrezko ekintzak, izan marko estrategikoaren berritzea, izan trantsizioaren finantzaziorako tresnak izan fosilen desinbertsiorako plangintza eta abar.

Ingurumena eta biodibertsitatea

DIAGNOSTIKOA

Biodibertsitatea baliotsua da, ez berez bakarrik; baita ekosistemen funtzionamenduaren oinarria delako ere, eta hortaz , gure osasunaren eta oparotasunaren oinarria.

Espezie baten desagerpenak oreka naturala aldatzen du, ekosistema guztiaren funtzionamendua arriskuan jartzen du eta, lehenago edo beranduago, gure bizi-kalitatean eta ekonomian eragiten du, modu batean edo bestean. Ikerketek erakusten dute ekosistema zenbat eta anitzagoa izan orduan eta egonkorragoa dela eta ez hain hauskorra.

Hortaz, biodibertsitatea kontserbatzea eta bere galera gelditzea gure gizartearen erronka handienetako bat da.

EAEko natura-ondarea eta bere ekosistema-zerbitzuen galera edota narriadura sortzen duten presio nagusiak honako hauek dira: lurraren artifizializazioa/urbanizazioa, nekazaritza, basozaintza edo arrantza jarduera desegoki batzuk, baldintza naturalak aldatzea, kutsadura, klima-aldaketa eta espezie exotiko inbaditzaileak.

Aipatu beharra dago, baita ere, lehen sektorearen garrantzia ingurune-naturalaren kontserbazioan, izan ere EAEko azaleraren zati handi bat (% 81) nekazaritza eta basozaintzako sektorearekin dago lotuta. Horregatik, natura-ondarearen kontserbazioan beharrezkoa da lehen- sektorearekin elkarlana.

Bestalde, naturgune babestuetan lortzen den ekosistema ez da nahikoa bioaniztasunaren galera ekidin eta egoera hobetzeko. Beharrezkoa dugu ekosistemak berroneratzea babesguneetatik kanpo ere. Batez ere karbono gehien xurgatzeko ahalmena duten horiena, hala nola, baso konplexuak, hezegune eta zohikaztegiak.

EAErako interesekoak diren habitaten % 75 kontserbazio egoera txarrean daude, horien atzerakada, zatiketa edo degradazioa dela eta. Kostaldeko eta baso habitatak daude egoera txarrenean. Hezeguneak eta zohikaztegiak egoera txarrean daude ere.

Espezieen kontserbazio-egoerari buruz ez dago informazio nahikorik. Informazio eskasia hori bereziki nabarmengarria da onddoei, likenei, baskularra ez den florari eta ornogabeei dagokienez.

Mehatxatutako Espezieen Euskadiko Katalogoan, 202 espezie jasota daude arrisku gehieneko bi kategorietan (87 «galzorian» eta 115 «kaltebera»).

 

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Natura 2000 sarearen azalerari, 2030 urterako %9,5 gehitu. Itsas espazioari %13,5

    Azalpena: Hemendik 2030era bitartean EBn gutxienez lur-azaleraren % 30 eta itsas azaleraren % 30 babesteko modu eraginkorrean kudeatuta egon beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegora ekarrita, 2030erako egungo Natura 2000 Sarearen azalerari % 9,5 gehitu behar zaio (70.000 ha), gutxienez, eta itsas espazioei ere %13,5, gutxienez.

  2. Azpiegitura Berdearen Estrategia onartu eta garatuko da.

    Konektagarritasun ekologikoa bermatzeko. Igarobide ekologikoak osatzen dituzten azpiegitura berde-urdinak lurralde osoa sare ekologiko moduan egituratuko du, degradatutako ekosistemak lehengoratuz eta inguruko lurraldeekiko irazkortasuna bermatuz.

  3. Naturgune Babestuen Sarearen Plana onartu eta martxan jarriko da.

    Azalpena: Naturgune babestuen kudeaketa koordinatua erraztuko duen tresna bat izango da, Foru Aldundiekin elkarlanean sortu beharko dena.

  4. Babestutako espezie eta habitaten kontserbazio egoera %30 gutxienez hobetzeko Plan estrategikoa onartuko da.

    Biodibertsitateari buruzko Europar Batasunaren estrategia 2030erako betetzeko, hemendik 2030era bitartean bermatu beharko da gaur egun egoera onean ez dauden espezieen eta habitaten % 30 gutxienez, 2030erako egoera horretara iristen direla edo joera positiboa dutela. Horretarako, berreskuratze planak onartu eta praktikan jarriko dira, egoera hobetzeko epeak finkatuz.

  5. Zaintza: Ingurumen ikuskaritzaz arduratzen den entitatea sortuko da.

    Azalpena: Erakunde hau ingurumen delituen arloko koordinazioaz arduratuko da. Horretarako, ertzaintza, basozain eta udaltzaingoak koordinatuz, ingurumen ikuskaritza eraginkor bat bermatuko du, delitu eta arau-hausteak prebenitzeko eta zigortzeko gaitasuna bermatuz.

  6. Lurraldearen zaintza eta natura-ondarearen babesa arautzeko dekretua indarrean sartuko da.

    Modu aktiboan natura-ondarea kontserbatzeko lurraldearen zaintza sustatuko da, erakundeen eta lur-jabeen arteko akordioen bitartez. Akordio hauek bertako habitaten berreskurapen eta lehengoratzea izango dute helburu.

  7. Lurzoruen osasunaren mapa egingo da (baso lurrak barne).

    Lurzoruaren kontserbaziorako neurriak garatuko behar dira: Lurra, ozeanoen ondoren karbono gehien metatzen duen egitura da. Lurreko funtsezko ekosistemak berreskuratzeak eta lurzorua modu iraunkorrean erabiltzeak klima-aldaketa arintzen eta klima-aldaketa horretara egokitzen lagun diezagukete.
    Lurzoru naturalen galerarekin amaitzeko neurriak hartu behar dira. Abiapuntu gisa, lurzoruen egoeraren mapak egin eta egoera txarrenetan dauden eremuak identifikatuko dira hauen lehengoratzea lehenetsiz.

  8. 1994-2030 Euskadiko Baso Plana eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala eguneratzea

    Biodibertsitatea eta ekosistemak babesteko irizpideak hartuta, basogintza eredu berri baterako plangintza egingo da, zaharkituriko 1994-2030 Euskadiko Baso Plana eta Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala gaurkotuz eta moldatuz.

Lurralde-antolamendua, azpiegiturak eta mugikortasuna

DIAGNOSTIKOA

Lurralde Antolamenduaren 1997ko Gidalerroak onartu zirenetik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduko eredua «Euskal Hiria» delakoa da. Bertan, «Hiriburuen Gune Anitzeko Euskal Sistema» antolatzen da; hiriburuen metaketan oinarrituta dago eta nabarmen indartzen ditu hiriburuen arteko konexioa eta, hein txikiagoan, eremu funtzionaletako buruen arteko konexioa.

Parke naturalak eta biosferaren erreserba izan ezik, lurraldea ingeniaritzaren eta diru-kopuru itzelen bidez gainditu beharreko oztopotzat jotzen da. Hortaz, ezinbestekotzat iragartzen diren azpiegiturak eraikitzen dira, baina azkenean konpondutakoak baino arazo gehiago sortu ohi dituzte. Adibidez, bide-azpiegituren bidez gero eta trafiko gehiago sustatu da.

Egungo lurralde-antolamenduko hiri-azpiegiturak eta erlazio-azpiegiturak XX. mendearen amaieran garatu ziren, energia merke samarra zen garai batean, non gizartea ez baitzen gai garapen teknologikoak eta Interneterako sarbide unibertsalak zer ekarriko zuten aurreikusteko. Honako azpiegitura hauek ikuspegi horren ondoriozkoak dira oraindik ere: gure trenbide-sarea, autobia-sarea, Guggenheim Urdaibai, Lamiakoko ibai azpiko autobidea, Lezo-Gaintxurizketako makroplataforma logistikoa, Supersur delakoa, etab.

Klima-larrialdiko egoeran gaude, Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak 2019tik aitortzen duten moduan. Klima-larrialdiaren eta energia-krisiaren testuinguruan, lurraldearekiko birkonexioak eta hurbiltasunak izan behar dute lurralde-antolamenduaren eta mugikortasunaren arteko integrazioa arautzen duten printzipioak. Ezin dugu orain arte bezala jarraitu, lurraldeak mugarik ez daukala pentsatzen, BPGd-a etengabe eta kosta ahala kosta, azpiegitura handiak metatuz, haztea axola duen bakarra delakoan.

Hurbiltasunean oinarritutako plangintza bat egiteko, premiazkoa dugu politika deszentralizatzaileak abian jartzea, eskualdea lurralde-antolamendurako erreferentzia-unitatetzat jotzen dutenak eta bi alderdi hauek aintzat hartzen dituztenak: batetik, etxearen eta lanaren, ikasketen, erosketen eta zerbitzu publikoen arteko konexioak; eta, bestetik, lurralde-metabolismoarekin lotuta dagoen guztia: elikadura, ura eta energia.

Dudazko testuinguru sozioekonomiko batean, non inoiz baino gehiago aztertu behar den herri-lanetan inbertitutako euro bakoitza, amaiera eman behar zaio obra faraoniko irrazionalen garaiari. Eskaintzen dituzten onurak baino eraikuntza-kostu eta mantentze-kostu handiagoak dituzten eraikinak eta azpiegiturak inoiz baino behargabekoagoak dira. Hormigoian eta asfaltoan xahutzeari utzi behar zaio. Komunikazio digitalizatuaren garaian, joerak datuak mugitzea izan behar du, eta ez hainbeste pertsonak eta salgaiak mugitzea.

Hazkunde mugagabea hirigintzarako ere izan da araua, bizitegitarako eraikin berriak diseinatzean ardaztuta egon baita. Hirigintza bizigarri eta osasungarriak izan behar du erreferentzia. Ingurumena, bizi-kalitatea eta komunitatea izango dira bizikidetzarako espazio publikoen eta eraikinen plangintzaren ardatz nagusiak.

Hamarkadak eman ditugunez lurraldean logika okerrekin esku hartzen, orain egoera kezkagarri batean gaude eta zenbait adierazlerekin neur daiteke.

Europako mendebaldeko estatuen artean, 206 eskualdeetako errepide-sareen ezaugarriak kontuan hartuta, 1.000 km2-ko eremu bakoitzeko autobia gehien dauzkaten eskualdeetatik 17.a da EAE. Batez beste, 1.000 km2-ko eremu bakoitzeko 16 km autobia daude Mendebaldeko Europan. EAEn, berriz, 77 km/1.000 km². Dentsitate handiagoa eta azalera txikiagoa duten hiri-eskualdeak bakarrik dauzka aurrean, adibidez, Viena, Hanburgo, Berlin eta Rotterdam.

EAEn, bide-sare guztiaren % 12,86 autobidea da eta batez besteko proportzioa % 1,99 da. Horrek eskualdeen rankingeko zortzigarren lekuan kokatzen gaitu. Azken urteotan, ikerketan eta garapenean baino gehiago inbertitu da sistematikoki errepideetan. Abiadura handiko sarean egindako inbertsioak, proiektaturiko linea berriei eta hiriburuetarako sarrerei gehituta, 10.000 milioi euro inguru dira.

EAEn 1.006.202 etxebizitza daude erregistratuta eta udalerrietako hirigintza-planek beste 177.989 eraikitzea daukate aurreikusita. Dauden etxebizitzen kopurua % 17,68 handitzea aurreikusten da, nahiz eta azken 8 urteetan biztanleria % 2,6 handitu eta biztanleriaren piramideak erakutsi gizartea gero eta zaharragoa dela.

 

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Lurralde-antolamenduari buruzko 1990eko legea erreformatu eta eguneratzea.

    Indarrean dagoen legea ez dator bat ez Lurralde Antolamenduaren 2019ko Gidalerroekin ez manu berriekin, hala nola lurzoruaren kontsumo murriztuarekin, osasunarekin, genero-ikuspegiarekin eta klima-aldaketarekin. Gainera, Euskal Herriko gainerako lurraldeekiko harremana ere ez du kontuan hartzen.

    2. Hirigintza-planetako babes publikoko etxebizitzen ehunekoa handitzea.

    Eusko Jaurlaritzak aplikatzen dituen kalkuluetan, etxebizitza libreen plangintza landa-lurzorua okupatuz biderkatzen da, batez ere udalerri txikietan, horrelakoetan ez baita nahitaezkoa etxebizitza babestua kudeatzea. Kalkulu horiek udalerrien benetako beharretara egokituko dira, alokatzeko etxebizitza babestua bereziki sustatuz.

    3. Lurzoru urbanizatuak berrerabiltzea eta eraikinak birgaitzea, bai industriarako bai etxebizitzetarako.

    Sprilur erabilerarik gabeko eta degradatutako lurzoru industrialen eskurapenean eta berreskurapenean espezializatutako erakunde publikoa bihurtuko da, horrelako lurzoruak deskontaminatzea, berreskuratzea eta jarduera berrietarako erabiltzea sustatzeko, eta Etxebizitza Sailak ondare eraikia gizarte-alokairurako birgaitzeko inbertituko du.

    4. Merkataritza-gune handien eraikuntza mugatzea eta horrelakoentzako zerga bat ezartzea.

    Merkataritza-gune handiak lekualdaketen eragile nabarmenak dira eta arriskuan jartzen dituzte espazio publikoan bizi-kalitatea bermatzeko hain beharrezkoak diren saltoki txikiak. Beraz, mugak jarriko zaizkie merkataritza-gune handiei.

    5. Landa-despopulazioa geldiaraztea.

    Landa-eremuetan azpiegituren eta zerbitzuen zuzkidura hobetuko da, funtsezko elementua delako biztanleria-galera geldiarazteko eta bai lehiakortasuna bai enpleguaren eta errentaren sorkuntza hobetzeko. Era berean, despopulazio-arriskuan dauden herrietako eremu degradatuetan birgaitze-jarduketak egingo dira etxebizitza babestuak eta hornidura publikoak eskaintzeko.

    6. Hondakinei buruzko lurralde-plan sektorial bat onestea.

    Biltegiratutako eta erretako hondakinen kopurua minimizatzeko eta mota guztietako hondakin-tratamendurako instalazio nahikoak edukitzeko helburu bikoitzarekin, hondakinen berreskurapenean arreta berezia jarriz. Hondakinen kontrola eta kudeaketa publikoa indartuko dira. EBren zerrendaren arabera kritikoak diren materialak berreskuratzeko instalazio bat jarriko da abian. Halaber, erabilerarik gabeko hondakindegiak identifikatu eta zigilatzeko plan bat prestatuko da. Era berean, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak modu ordenatuan eramateko eta, hala badagokio, berrerabiltzeko edo hondakinei buruzko LPSaren esparruan proiektatuko den Berrerabilerarako Prestatzeko Zentroan birziklatzeko protokolo bat egingo da.

    7. Amiantoa kentzeko plan zuzentzaile bat idatzi eta garatzea.

    Amiantoa mineral kantzerigeno bat da, batez ere lan-esposizioagatik. Amiantoa 2028. urtea baino lehen eraikin publiko guztietatik eta 2032. urtea baino lehen lurralde osotik kentzeko plan bat idatziko da, Europar Batasunaren zuzentarauekin bat etorriz.

    8. Uraren zikloa lehortetik, higaduratik eta uholde-arriskutik babestea, ikuspegi integral batetik.

    Gaurko krisiari eta klima-aldaketarekin lotuta datozkigun lehorte iraunkorrei erantzuteko, akuiferoak kargatzeko zonak, ibarbasoak, ibaiburuak eta abar babesteko neurriak hartuko dira. Horretarako, Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana aldatuko da.

    9. Biztanleen bizi-kalitatea hobetzen duten jarduketak sustatzea espazio publikoan.

    Belaunaldi guztietako pertsonen arteko topaguneak lehenesten dituzten espazio publikoak berrantolatzeko urteko aurrekontu-partidak ezarriko dira, zaintzetan eta dibertsitatean arreta jarriz eta natura lehenetsiz autoetarako asfaltoaren eta gainazal gogorren gainetik.

    10. Azpiegitura-politika guztiz berrikustea.

    Azpiegitura eta hornidura handiei buruzko proiektuetan alternatiba guztien ebaluazio bat barne hartu beharko da. Bertan, berotegi-efektuko gasen zuzeneko eta zeharkako isuriak eta bizitza erabilgarriaren zikloko energia-kontsumoa aztertu beharko dira. Ikuspuntu klimatikotik balantze negatiboa daukaten azpiegiturak baztertuko dira.

    11. Aldiriko trenbide-sarea hobetu eta sendotzea.

    Geltokien egoera eta zerbitzuen maiztasunak hobetuko dira. Halaber, Miranda, Gasteiz eta Altsasu konektatzen dituen aldiriko linea berri bat bultzatuko da. Prestazio altuak eskaintzen dituen eta Gasteiz Burgosekin eta Iruñearekin konektatzen dituen tren sozial baten alde egingo da.

    12. Modalitate eta zerbitzu guztien artean koordinatutako garraio publikoa indartzea (tokiko erakunde zein lurralde historikoenak barne).

    Euskadiko Garraio Agintaritza indartuko da garraiobideen koordinazioa areagotzeko, txartel bakarra ezartzeko eta deskontu-politiketan sakontzeko.

    Foru Aldundiekin eta Toki Erakundeekin elkarlanean egungo garraio publikoaren eskaintza aztertuko da, gabezi nagusiak detektatze aldera (hala nola industria guneetara edota lan izaera duen mugikortasuna) eta auto pribatuen alternatiba diren garraio publiko eta kolektiboko zerbitzuak hazi eta indartzeko.

    13. Sektore publikoan lanpostuak trukatzeko plan bat onartzea, bizilekuaren eta lantokiaren arteko hurbiltasunean oinarrituta.

    Antzeko profiletako lanpostuen trukea erraztuko da etxetik lantokirako joan-etorriak murrizteko.

    14. Telelana astean 3 egunez ere egiteko aukera ezartzea, norberaren bizitza, familia eta lana bateratzeko eta joan-etorriak murrizteko.

    Telelana sustatuko da, aurreko eskubide eta eginbehar berberak bermatuz. Nolanahi ere, telelanak ezin ditu ordeztu beharrezko zaintzen zerbitzu publikoak garatzeko eta gizonen eta emakumeen arteko banaketa orekatua bermatzeko beharra eta konpromisoak.

Trantsizio agroekologikoa; elikadura politikak eta landa eremu biziak

DIAGNOSTIKOA

Azken hamarkadatan nagusitu den elikadura sistema globalizatuak ingurumeneko arazo ugari dakartza eta bidegabekeria sozialak eragiten ari da munduan barrena. Nitrogenoz egindako pestizidak eta ongarriak aurrekaririk gabeko inpaktuak eragiten ari dira landareen eta intsektuen bizitzan. Sortutako biodibertsitatearen galerak ingurumen-zerbitzuen aniztasuna arriskuan jartzen du, elikadura-labore askoren polinizazioa barne, etorkizuneko ekoizpenak mehatxatuz. Kezkagarriak dira, halaber, abeltzaintzan ematen den animalien pilaketa eta botiken gehiegizko erabilera eta, zer esanik ez, gero eta elikagai esterilizatu eta bizigabeagoak merkaturatzeko, elikagaien eraldaketan erabilitako prozesu kimikoak .

Nagusi den elikadura-sistemak, ekoizpenetik hasi eta kontsumitzeraino, elikagaien kostuan islatzen ez diren eragin negatibo batzuk sortzen ditu eta horrek sektore publikoak Europako laguntzekin diruz lagundutako ekoizpen intentsiboen bidez, osasunean eragiten diren inpaktuei arreta emanez eta ekosistemetan nolabaiteko oreka mantentzen saiatuz, kostu altu horiek xurgatzeko beharra sortzen du.

Euskal Herrira ere aspaldi iritsi dira ondorioak. Nekazaritza sektorearen “modernizazioan”, baserriak, nekazaritza eta arrantza iraunkorra, mendiaren kudeaketa komunala, dibertsifikazioa eta gertuko harremanak baztertzen joan dira, Europar Batasunetik, Madrildik eta Euskal Herriko instituzioetatik, ekoizpenaren industrializazioa eta espezializazioa bultzatu diren bitartean.

Eredu honen ondorioak nabarmenak dira euskal elikadura sisteman: ekoizleentzako prezio baxuak, landa eremuko lanpostuak galtzea, landa ingurunea hustea, belaunaldien arteko errelebo eza, kontsumo ohitura osasuntsuak galdu eta elikagai ultra-prozesatuen kontsumoa igotzea, eta diru-laguntzen kontzentrazioa industrialak eta inbertsioetan intentsiboak diren ustiategietan. Aldiz, %5a besterik ez da nekazaritza ekologikoa, Europak 2030rako helburu gisa zehaztutako %25tik urrun.

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza Euskadiko berotegi-efektuko gas emisioen isurketen % 3 dira. Isuri hauen kopuruak nabarmen egin du behera azken urteotan, baina datu horiek kontu handiz aztertu behar dira. Izan ere, kontsumitzen ditugun elikagaien gehiengoa kanpotik dator eta, horrela, gure elikaduraren aztarna ekologiko eta klimatikoa esternalizatua dago.

Artifizializatutako azalera bikoiztu egin da azken hiru hamarkadetan: 37.500 hektarea ziren 1990ean, eta 79.300 hektarea 2018an. Aldi berean, basoak eta eremu naturalak nabarmen handitu dira. Honek nekazaritza-lurren murrizketa nabarmena ekarri du. 1990.urtean 255.385 hektarea zeuden, 2009.ean 190.385 eta 2020an 180.196 baina ustiategien tamaina 2009tik 2020ra %38,4 handitu da. Lurra gero eta esku gutxiagoen artean banatzen da.

Basogintzan ere eredu intentsiboa da nagusi. Euskal Administrazioek monolaborantza sustatu izan dute urteetan zehar. Baso kudeaketa eredu intentsiboak higadura, biodibertsitatearen galera, ur emarien galera, uholde eta sute arriskuak handitzea ekarri ditu, besteak beste. Gure basoen bi heren (%66,6) ekosistemarekiko integritate txikikotzat jotzen da, kantauriar isurialdean (%82,5) batez ere. Zuhaitz landaketen %96a koniferak eta eukaliptoak dira: 196.043 ha.

Baina elikagaien ekoizpena eta iraunkortasuna txanpon bereko bi aldeak dira. Trantsizio ekologikoak gizarte osoaren atxikimendu aktiboa eskatzen du eta politika publikoek elikadura eta egurraren kateko eragile guztiak agroekologiako trantsizioari atxikitzea bultzatu behar dute. Nekazaritzari arlo desberdinetan zaintza gehitzen zaionean agroekologiara jauzi bat egiten delako. Nekazaritzan, abeltzaintzan eta eraldaketan lan egiteko moduak eta erabiltzen diren tratamendu eta prozesuak beste balore batzuetan oinarritzen direnean dimentsio sozioekonomikoak berebiziko garrantzia hartzen duelako, agroekologia ekoizpen ekologikotik bereiztuz.

Klima aldaketaren aurrean erabakiak hartu beharra dago eta, zentzu horretan, trantsizio ekologikoaren barruan agroekologia urruneko ipar bezala kokatzea apustu sendoa da. EHBILDUK landa hirira hurbiltzen duten ekimen berriak bultzatu nahi ditu, epe luzera begira, neurri zuzentzaileen bidez, nekazaritza ereduaren gainean lan eginez: baliabide natural eta ekonomikoen banaketa justuagoa sustatzeko neurriak ezarriz, egungo ekoizpen agroekologikoa indartzeko eta agroekologiara bidea egin nahi dutenentzat neurri, proiektu eta dinamikak bideratuz, tokiko hiltegi eta eraldaketa gune publiko eta kolektiboak martxan jarriz, asteroko azokak berpiztuz, bertako hazi barietate eta azienda arrazak sustatuz, zirkuitu laburrak bultzatuz, bertako sor-marketan iraunkortasun arauak landuz, mugaz gaindiko sor markak babestuz eta abar luze bat. Horiek guztiak konponbidearen eta erantzunaren parte dira. Azken ohar gisa, azpimarratu behar da programa honetan elikadura zein lehen sektorearen jarduera ikuspuntu bikoitzetik aztertzen direla, alde batetik trantsizio ekosozialaren ikuspuntua, hemen jorratzen dena, bestetik subiranotasun estrategikoen ikuspuntua. Ikuspuntu horri dagokion diagnostikoa zein neurriak lehen atalean jorratu dira.

 

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Trantsizio agroekologikorako estrategia diseinatu eta egikaritu

    Azalpena: NPBa agroekologiaruntz bideratuko dugu, 2030erako azaleraren %25ekoa agroekologikoa izateko eta fruta eta ortuarien ekoizpena %5ean handitzeko. Ekoizpenari, transformazioari edo merkaturatzeari dagokion trebakuntza garatu eta eskainiko dugu.

  2. Jantoki publikoen sarean erosketa publiko berdea egikaritu (eskola, ospitaleak, zahar egoitzak…)

    Elikagaien erosketa publikoak kontsumoa eta ekoizpena agroekologiaruntz bultzatzeko ahalmena du, onura sozialak, ekonomikoak, ingurumenekoak eta osasunekoak sortuz. Baserritarrei prezio justua ordainduz, eta kontsumitzaileei jaki osasuntsuak eskainiz.

  3. Lurzoruen inberentarioa eta klase agrologikoen mapak egin eta Lurralde Plan Sektorialetan nekazal lurrak babestu

    Balio agrologikoko lurrak identifikatu eta babes figura egokiak sortzeko beharra dago. Horretarako udalei diru-laguntzak emango dizkiegu herri mapak egin ditzaten eta babes figura propioak sortuko ditugu Aldundiekin eta udalekin lankidetzan arituz.

  4. Basoen trantsizio ekologikorako diru-laguntzen partida egoki doitzea.

    Monolaborantzatik atera eta naturatik gertuko ekoizpen basoetara jauzia emateko beharrezkoa da partikularrei zerbitzu ekosistemikoengatik ordaintzea (errentagarritasun ekonomikoaren galera konpentsatzeko). Bestalde, lursailak erosi eta bertako baso autoktonoak sustatu nahi dituzten udalei diru-laguntza egokiak emateko diru partida nahikoak doituko ditugu. Honen bidez, Naturatik Gertuko Ekoizpen Basoak diruz lagunduko dira eta udalei diru laguntzak emango zaizkie baso lurrak erosi zein Baso Kudeaketa Iraunkorreko Plan Teknikoak onartu eta garatu ditzaten.

  5. Arrantza iraunkorrerako trantsizio plana martxan jarri bertoko arrainaren aldeko sarea jorratuz

    Azalpena: Artisautzako eta baxurako arrantza-sektorea desagertzen ari da, baita ere, itsas ekosistemen kudeaketa eredu eraginkorra. Arrantzaren etorkizuna babesteko, gure elikadura subiranotasunaren funtsezko faktore bihurtzeraino, politika publikoak osatuko ditugu.

4. Ezagutza sistema

DIAGNOSTIKOA

Hezkuntza euskal herritar ororen eskubide indibidual zein kolektiboa da. Horregatik, euskal herritarron garapen integrala zein Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzuan egongo den euskal hezkuntza sistema publiko burujabea garatzea da gure helburua: euskalduna, hezkidetzailea eta pedagogia feministetan oinarritua, inklusiboa, parte hartzailea, laikoa, demokratikoa, komunitarioa eta publikoa.

Hezkuntzak jendarte ikasiaz osatutako Euskal Herria kultu eta ekintzailea eraikitzeko tresna izan behar da. Hau honela, ezinbestean, hezkuntzan ere burujabetza osoa lortzeko politikak erdietsi behar ditugu. Hezkuntza, pertsona aske, kritiko, ahaldun, solidario, euskaldun eleaniztun eta zoriontsuak hezteko tresna gisa ulertzen dugu, jaiotzetik hil arte ematen den prozesu gisa.

Hezkuntza, gainera, pertsonak erdigunean kokatuko dituen jendarteari ekarpena egiteko tresna gisa ulertuz, zaintzarako hezkuntzaren beharra azpimarratzen dugu. Honek Euskal Herriaren biziraupen eta garapen zein egituratze sozial, politiko, ekonomiko, kultural eta linguistikorako balioko digu.

Denbora da herri honek herri adostasunak edo estatu itunak behar dituela esaten ari garela, ez baikaude ondo. Euskal Herriaren garapen adierazle askok kezkarako motiboak ematen dizkigute, adibidez, 2021ean euskarazko liburuen salmentak % 10 inguru egin zuen behera eta ez dago esplikazio komertzialik, hau da, jaitsiera hori testuinguru baten ondorioa da: euskal kulturgintza sistema ahultzen ari da. Hezkuntzara edota ezagutza sistemara etorrita, egoeraz jakitun, eta datozen urteetako prospekzioa eginda, eraldaketa disruptibo bat gauzatzea beharrezkoa izango da, agorpen zantzu nabariak dituen hezkuntza sistema kolapsora joan ez dadin.

Hiru megafaktore daude ezagutza sistema goitik behera zeharkatuko dutenak datozen urteetan eta egoera erabat konplexua ekarriko dutenak: jaiotza tasaren beherakada (datozen hamar urteetan ikasleen herena galtzea aurreikusten da), migrazioen gorakada (segregazioa areagotu dezakeena eta haustura sozialaren arriskua dakarrena) eta digitalizazioaren etorrera, zeinak aldaketa handiak ekarriko dituen ikas-irakaskuntzan. Bada nahikoa motibo sistemaren eraldaketa handi bati ekiteko. Halako eraldaketa batek zoru legitimatzaile berri bat eskatzen du eta tresna eta estrategia berriak diseinatzea. Berandu goaz eta aurreko hiru legegintzaldiak galdutako urteak izan dira tresna eta estrategia berriak diseinatzeko orduan.

Gure ustez, fase berri bat irekitzeko unea da. Aurrez aurre ditugun faktoreek, aipatu ditugunek, hala eskatzen dute. Egungo status quoa iraunaraztea ez da aukera bat. Konfluentziaren hipotesia instituzionalizatu eta abiarazteko momentua dela esan izan dugu. Hau da, Euskal Herrian ditugun hezkuntza tradizio bakoitzaren ezaugarri onenak hartu eta zerbait berria sortzen hasteko momentua dela, hezkuntza kalitatean, ekitatean eta euskalduntzean jauzia eman ahal izateko; baita EAEn ere.
Honetarako, ezinbestean, hiru puntu kardinal landu beharra dugu: lehena, ikastetxe autoeratuen garapena; bigarrena, euskara ardatz hartuta euskal hiztun eleaniztunak sortzera eramango gaituen ikas-irakuntza; eta hirugarrena, klase eta jatorriagatiko segregazioari aurre egitea.

Azken legegintzaldian EAEko Hezkuntza Akordiotik eratorria EAEko Hezkuntza Lege berria etorri da. Jakina da lege honek ez duela EH Bilduren abal politikoa izan. Hala ere, hiru urtez luzatu den prozesuak utzi digu nahikoa irakaspenik aurrerantzean heldu beharreko erronkak behar bezala definitzeko. Nahikoa ez den eta indarrean dagoen legeak dituen hutsune eta gabeziak konpondu eta utzi dizkigun heldulekuak baliatzeko unea da.

Arau marko batek, dena den, ez ditu hezkuntza sisteman ditugun arazoak konponduko. Erronka konplexua da aurrean duguna, eta ondorioz, prozesu konplexuak eta askoren arteko elkarlana ezinbestekoak izango zaizkigu. Eskura ditugun herri gaitasun guztiak aktibatu behar ditugu.

2028. Urterako konpromisoak

  1. EAEko HEZKUNTZA LEGEA

    Helburu dugun euskal hezkuntza sistema publiko burujabearen bidean urratsak ematen jarraituko dugu. Hau dela eta 17/2023 EAEko Hezkuntza Legeak dituen hutsuneak bete, akatsak zuzendu, eta dituen heldulekuak baliatuko ditugu:


    1.1 Euskal Hezkuntza Zerbitzua: lehenengo urrats gisa, zerbitzu honek ikastetxe autoeratuak batu behar ditu eta joko arau garbiak ezarri sistemaren gobernantzan bestelako paradigma batera jauzi ahal izateko. Bertan zehatz jasoko dugu lege zuzenketa bidez eta ondorengo garapen bidez zerbitzua eskaintzeko ikastetxeek nahitaez bete beharrekoak eta hauek ez errespetatzekotan zein izango den kalte ordaina.

    1.2 Euskalduntzean jauzia: euskararen irakaskuntzari eusteko marko berria garatuko dugu eta egiturazko neurriak hartuko ditugu, euskal hiztun eleaniztunak sortzera eramango gaituen hizkuntzen ikas-irakaskuntza testuinguru eleaniztunean eta multikulturalean, euskal hiztun oso eleanitzak sortuko dituen hizkuntzen didaktika, gure berezko hizkuntza den euskararen diglosia egoera aintzat hartzen duena.

    1.3 Segregazioaren kontrako herri ituna: klase eta jatorriagatiko segregazioari aurre egiteko herri itun bat sustatuko dugu inplikatutako eragileekin. Inklusioan eta ekitatean jauzia ematea da gure helburua, hezkuntza sistemak gizarte kohesioari dagokionez duen ardura bere gain hartuz.

    1.4 Euskal Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa: sektorearekin elkarlanean hiru zutoin nagusik egituratuko dute Plan Estrategikoa: lehena, kalitatean jauzia emateko baldintzak sortzea, langileen behin-behinekotasunarekin bukatuz eta eskola premia berriei begirako baliabideak gehitzea; bigarrena, segregazioaren kontrako planifikazio estrategiko bat, denboran tasatua, aipatutako herri itun zabal baten markoan garatuko dena; eta hirugarrena, ekipamendu eta azpiegituretan (tartean sukaldeak) ‘Hezkuntza Azpiegitura Plana 2024-2027’, ondorengo lehentasunekin: Itsasondo, Arrasate, Tolosa, Zumaia, Sopela, Barakaldo, Basauri, Leioa, Bilbo, Amurrio, Gasteiz.

    1.5 Udal Hezkuntza Kontseiluak: sistemaren gobernantzan udalak eragile aktibo bihurtuko ditugu. Udalerrietan hezkuntza ekosistemak eraikitzea bultzatuko dugu. Eskola eskaintzaren planifikazioan zein matrikulazioan udalen esku-hartzea bultzatuko du. Baita hezkuntza ez-formala eta hezkuntza formala batzeko ahaleginak ere.

    1.6 Hezkuntza Teknikariak: Udal Hezkuntza Teknikari langile figura berria sortu, ikasketa profesional propioa definituz.

    1.7 Sistemaren ekitatea bermatzea: ez-arautzea ekidingo duen deszentralizazioa bultzatuko dugu, ikastetxe autoeratuen aldeko apustua eginez eta ekitatean eta kalitatean jauzia egiteko bidea bultzatuz. Honek Hezkuntza Sailaren orain arteko erantzukizunei berriak gehitzen dizkio. Honetarako ere, kontratu programak eta hauen erabilera zorrotz arautuko dugu lehentasunez ekitatea bermatzeko erabili daitezen.

    1.8 Sistemaren ebaluazioa: sistema osoa modu integralean ebaluatzeko ikuspegi berri bat jarriko dugu martxan, esperimentazioa eta hortik eratorritako etengabeko berrikuntza posible egiteko. Honetarako ‘Hezkuntza-sistemaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Erakundea’ izango da gidaria eta ‘Euskara eta hizkuntzen irakaskuntzarako institutuarekin’ zein ‘Euskadiko Eskola Kontseiluarekin’ jardungo da elkarlanean.

    1.9 Konfluentzia: ikastetxeen arteko konfluentziarako aukerak aztertzeko bideak martxan jarriko ditugu. Honetarako maila lokalean esperimentatzeko aukera zabalduko dugu beharrezko arau markoa sortuz. Guzti honek beharrezkoak izango dituen prozesu kooperatiboak sustatu eta lagunduko ditugu.

    1.10 Euskal lankidetza: hezkuntza proiektuen, ikastetxeen edota auzo zein herrietako euskal lurraldeen arteko lankidetza posible egiteko sareak sortuko ditugu.

  2. HERRI HEZITZAILEA

    2.1 Herri Hezitzaileak egitasmoa bultzatu.

    2.2 Aisialdia hezkuntza prozesuaren parte gisa aitortuko dugu eta hezkuntza sistemaren baitan integratu.

    2.3 Astialdian Hezteko Euskal Estrategia martxan jarri.

    2.4 Euskarazko aisialdi askatzailearen aldeko urratsak emango ditugu, sektorean dabiltzan eragile eta elkarteen arteko mapa osatuz eta bitarteko propioak eskainiz

  3. IKASLEAK, PROFESIONALAK ETA FAMILIAK

     

    Hezkuntza komunitatea ahaldundu, aktibatu eta hezkuntza proiektuen motor izatea bultzatu beharra dago.

    3.1 Haurren Eskubideen Aldarrikapenarekin bat egin eta defendatu.

    3.2 Ikasleria, subjektu politiko gisa, hezkuntza sistemaren ardatz eta helburu gisa aitortu eta dagokion parte hartzea ziurtatu, erakundeetan zein ikaste-irakaste prozesuetan.

    3.3 Ikasleen eskubide eta betebeharren dekretua bertan behera utzi, lehentasunez, eta araudi berria diseinatzeko sektorearekin lanketa parte-hartzaile eta demokratikoa gauzatu, oinarrizko hezkuntzan zein unibertsitatean.

    3.4 Etorri berrien harrerarako plan espezifikoa diseinatu, inklusioa eta aukera berdintasuna helburu.

    3.5 Ikastetxeetan sentsibilizazio eta prestakuntza dinamikak abiatzearekin batera ikasleen jatorrizko hizkuntza eta kulturari behar duten tokia eta aitortza egiteko baliabideak bermatu inklusioa egiazki garatzeko. Honetarako, curriculumaren baitan aniztasunaren trataera inklusibo eta integrala bermatu.

    3.6 Kulturartekotasuna zehar-lerro gisa bultzatu eta irakasleak honetan formatu.

    3.7 ‘Hedatzen’ programan parte hartzen duten ikastetxeen sarea handitu

    3.8 Eskolaratze bulegoak sortu udalerrietan,

    3.9 Hezkuntza-berrikuntza proiektuak sustatu, ISEK maila baxuak ere bertara erakartzea xede.

    3.10 Familien formaziorako eta ahalduntzerako plan berezituak bultzatu.

    3.11 Ekipo interdistiplinarrak ezarri, bertan gizarte langileak txertatuz.

    3.12 Pobrezia, bazterketa nagusitzen den guneetako ikastetxeetan oinarrizko osasun zerbitzuak bermatu: haginlaria, elikadura edo ohitura osasuntsuak.

    3.13 Ikastetxea gune inklusiboa izan dadin, Hezkuntza Laguntza Premia Espezifikoak eta bereziki Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleen familiek ikastetxe eta Berritzeguneekin komunikazioa eta harremana hobetzeko protokoloa egokitu

    3.14 HPBak dituzten ikasleen araututako eskolaratze ibilbide osoa definituko duen gida bat sortu, familia guztiak eskura izan dezaten.

    3.15 Desgaitasun-adierazpen guztiei erantzuna emango dioten baliabideak bermatu hezkuntza ibilbide osoan zehar (hezkuntza laguntzako espezialista, fisioterapeuta, terapeuta okupazionalak, logopeda, zeinu hizkuntza interpretea , gizarte langilea, HIPIak…).

    3.16 Irakasleen estatutua berritu.

    3.17 Irakasle ez diren sektoreei izaera hezitzailea aitortu eta garbitzaileak eta sukaldariak egonkortu.

    3.18 Irakaslegoaren ikasketak garai berrietara egokitzeko hausnarketari ekin eta plangintza estrategikoa diseinatu Magisteritza Eskoletan / Hezkuntza Fakultateekin.

    3.19 EPE eredu berria sektorearekin osatu.

    3.20 Ordezkapenak egiteko araudia egokitu.

    3.21 Irakaskuntzako kidego guztien jubilazio adina eta baldintzak parekatzeko ibilbide orria adostu.

    3.22 Hezkuntza praktika honen sarea sortu.

    3.23 Trebiñoko ikasleek EAEko ikasleen baldintza berberetan sarrera izan dezaten euren ikasketetara, indarrean diren araudiak egokitu eta egokitu beharreko araudietan kontutan izan. Kasu, unibertsitaterako beketan.

    3.24 Hezkuntza-premia bereziko ikasleen beharrei modu duin eta egokian erantzuteko giza-baliabide eta material nahikoak bermatzea, horretarako, urgentziaz, behar beste profesional kontratatzea eta eskola-testuinguruak egokitzea.

    3.25 Hezkuntza-premia berezien egungo egoera, errealitate eta behar berrien inguruko diagnostiko partekatua egin.

    3.26 118/1998 Dekretua, ekainaren 23koa, Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna antolatzen duena berritu.

    3.27 O-6 etaparen aitortza egin eta 0-3 zikloa berreskuratu:

    – Haurreskolak Partzuergoa berritu.
    – Haurreskolak Partzuergoan plaza berriak sortu beharrezkoak diren eremuetan, lehentasunez, Bilbo eta Donostian.
    – Udal haur eskolen doakotasuna bermatu.

    3.28 Helduen hezkuntza garai berrietara egokitzeko eremuko eragileekin adosturiko neurriekin eskaintza berregokitu.

    3.29 Ikasturtero eskola garraioa bermatua egon dadin sektorearekin adostasun iraunkorra lortu.

  4. CURRICULUMA ETA PEDAGOGIA

    Gure hezkuntzak curriculum propioa behar du, berritzailea, etengabe eraberrituko dena, herritarra eta pedagogia feministetan oinarritua.

    4.1 Kanpo esku hartzerik gabeko eta gure jendarte eta errealitatera egokitutako curriculuma osatu hezkuntza eragileekin elkarlanean.

    4.2 Materialgintza propioa sortu existitzen diren proiektuen arteko elkarlana ahalbidetuz eta sustatu herrietako curriculumak oinarrizko curriculumaren beharrezko osagarri gisa ulertuz.

    4.3 Gorputz Hezkuntzarako ordu bat gehiago txertatu gaur egungo bizitza sedentarioari aurre egin eta ohitura osasuntsuak bereganatzeaz gain, haurraren bitarteko naturala den jolasa errekuperatu eta haurraren ohiko bizimoduan espazio guztietara zabaltzeko.

    4.4 Filosofia, musika eta arte zientziei loturiko arloak ardatz gisa kokatu.

    4.5 Pedagogia askatzaileak sustatu eta ikastetxeetan proiektu pilotoak martxan jarri.

    4.6 Ikastetxe guztietan espazioen antolaketaren diagnostikoa egin POEMS tresna erabiliz.

    4.7 Ikastetxeei antolaketa aldatzeko aukera bermatu.

    4.8 Berritzeguneetan espazioen antolaketari berritzeari begira adituak kontratatu.

    4.9 Ikastetxeetan espazioen antolaketa hezitzailea bideratzeko zubi lana egingo duten profesionalak liberatu.

  5. PEDAGOGIA FEMINISTA

    5.1 Hezkidetza Zuzendaritza sortu

    5.2 III. Hezkidetza Plana egin.

    5.3 Aniztasun afektibo-sexualari zein familia-aniztasunari buruzko prestakuntza eta gaitasunak eman hezitzaileei.

    5.4 Sexu heziketari begirako material pedagogiko eta didaktikoa sortu eta bultzatu.

    5.5 Eskola-jazarpenaren edo bullyingaren aurka indarrean dauden protokoloak bateratu eta baliabide nahikoak bideratu.

    5.6 Indarkeria matxistaren kontrako plan integrala diseinatu

    5.7 LGBT+fobiaren kontrako protokoloa egin.

    5.8 Oinarrizko curriculumean isla izango duten hezkuntza politika positiboak bultzatu aitortza, errespetua, aniztasuna (funtzionala, ideologikoa, sexuala, identitarioa…) eta elkarbizitzaren alde.

    5.9 Ikastetxeetako kanpo espazioak gune aske, hezitzaile eta hezkidetzaile bilakatzeko programa sortu.

  6. TRANTSIZIO EKOSOZIALA

    6.1 Ikastetxeetan “%50 proiektua” sustatu.

    6.2 Trantsizio ekologikoa curriculumean ikasgai zehatz zein zeharlerroko gisa txertatu.

    6.3 0km eskolak bultzatu garraio aztarna txikitzeko.

    6.4 Energia berriztagarrien aldeko kanpainak sustatu eta jasangarriak izango diren ikastetxeen eraikinak bultzatu egokitu beharreko edota eraikin berrietan.

     

  7. HEZKUNTZA DIGITALA:

    7.1 Software Librearen garapen teknologikoak garatu eta sustatuko dira hezkuntza sisteman, ikasle eta irakasleak ahaldun digital izan daitezen eta datuen burujabetza nahiz komunitate osoaren eskubide digitalak zaindu daitezen. “Software Askean oinarritutako Hezkuntza Plataforma Digitala” habian jarriko da eta mahaiko ordenagailuen sistema eragileetan ere software askea bermatuko da baliabide informatiko eta pertsonalak ezarriaz.

    7.2 Curriculumean eta hezitzaileen jardunean ikasketa teknologikoei trataera ez-sexista emango zaie, eta nesken bokazio teknologikoa sustatzeko programa berezitua diseinatuko da.

    7.3 Hezkuntzaren Digitalizazioaren Planaren berrikuspena.

     

  8. LAIKOTASUNA

    8.1 Ikastetxeak, espazio publikoa diren heinean, edozein erlijiori dagokion kultura gunerik egon dadin ez da diruz ahalbidetuko.

    8.2 Erlijioa oinarrizko curriculumetik atera eta laguntza ekonomikoak ezabatu.

    8.3 Munduko erlijio ezberdinen inguruko ezagutza bermatu, beti ere, aniztasuna, inklusioa eta dogmarik gabeko ikuspegi zientifiko eta kritiko batekin.

     

  9. JANTOKITIK JANGELARA

    9.1 2000. urteko jantoki publikoen araua aldatu tokiko elikagai, garaiko eta agroekologikoa sustatzeko bitartekoak eskainiz.

    9.2 Jangelen tokian tokiko kudeaketarako aukera zabaldu eta eredu agroekologiko, osasungarri eta hezitzaileari bultzada eman.

    9.3 Jangelak gune hezitzaile bilakatzeko urratsak eman eta hezkuntza proiektuan dagokion tokia eskaini.

    9.4 Langileei izaera hezitzailea aitortu eta egungo lan baldintzak bermatuko dituen eredua ziurtatu.

    9.5 Beharren araberako sukalde propio eta komunitarioak eraikitzeko konpromisoa.

  10. ESKOLA KIROLA

    10.1 Eskola Kirola hezkuntzaren baitan kokatu.

    10.2 Eskola Kirolaren planifikazioa Udal Hezkuntza Kontseiluetatik bideratu.

    10.3 EAEko eskola kirolaren 125/2008 dekretua 3 herrialdetan betetzea bermatu.

    10.4 Jarduera fisikoaren sustapenaren bidez ohitura osasuntsuak eta inklusiora sustatu.

  11. LANBIDE HEZIKETA

    Lanbide-heziketako ikastetxeetako zuzendariek eta irakasleek egindako lan itzelari esker, gure lanbide-heziketa erreferentzia bihurtu da Europa mailan. Hala ere, orobat nabarmendu behar da epe laburrean eta ertainean jarraitu beharreko estrategiak diseinatu eta ezartzeko lankidetza-politikarik ez dagoela, erabakiak hartzeko sistema bertikala dela eta horrek tentsio ugari sortu dituela sektoreko profesionalen artean. Lanbide-heziketaren diseinu berriak gero eta azkarrago sortzen ari diren aldaketei aurre egiteko dakarzkigun erronkei erantzuteko, bulego batean diseinaturiko planek ez dute balio, bulegoak lanbide-heziketaren errealitatetik urrun egoten direlako askotan.

    Elkarlaneko lanbide-heziketa batean oinarritutako sistema eta egitura berri bat diseinatu behar da gizartearen sektore guztien artean.

    11.1 Elkarlaneko lanbide-heziketa berria diseinatzeko prozesuan askotariko esperientziak barne hartzeko lantaldeak sortu eta erabakitzeko eredu bertikala aldatu.

    11.2 Elkarlaneko lanbide-heziketa berri hau diseinatzeko, ikuspegi feminista bat eduki behar da, hezkuntzaren etapa horretan eta lan-merkatuan sortzen diren genero-desparekotasunak aldatuko dituena.

    11.3 Gradu guztietan (A, B, C, D eta E) eta etengabeko prestakuntza guztian euskarazko ikasketak ezartzeko plan estrategiko bat prestatu. Plan estrategiko horrek 2024-25eko ikasturtea hasi aurretik egon beharko luke diseinatuta.

    11.4 Elkarlaneko lanbide-heziketa berriaren modernizazioa eta digitalizazioa ezarri, ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako ikaskuntza-prozesua errazten duen eredu inklusibo eta malgua lortzeko, eta irakasleei digitalizazioari buruzko prestakuntza aurreratua eman.

    11.5 Prestakuntza arautuaren eguneroko dinamiketan lan-ziurtagirien ezarketa diseinatu, horrelakoak behar dituzten pertsonek irakaskuntza eta ikaskuntzako ad hoc prozesuak diseinatuz parte hartu ahal izan dezaten.

    11.6 I+G+b ereduan oinarritutako proiektuak abian jarri, enpresa txiki eta ertainekin elkarlanean, toki-garapena oinarri hartuta.

    11.7 Zenbait lanbidetan belaunaldien arteko erreleboa, batez ere autonomoa, erraztu, profesionalak lanbide-heziketako ikasleekin harremanetan jarriz.

    11.8 Lanbide-heziketan hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleentzako laguntza-sistema bereizi bat abian jarri.

    11.9 Hasierako lanbide-heziketa indartu, sisteman baldintza beretan txertatzeko.

    11.10 Lanbide-heziketako ikastetxe guztietan orientatzailearen figura (lan-orientatzailea eta orientatzaile psikopedagogikoa) ezarri.

    11.11 Gizarte-bazterketako arriskuan dauden gazteei, lekualdatutako gazteei eta gazte emigranteei lanbide-heziketako ikasketetan sartzen laguntzeko eta horretarako erraztasunak emateko berariazko plan bat diseinatu.

    11.12 Baliabide digitaletarako sarbidea eta baliabideon zuzkidura erraztu, askatasunaz gabetutako pertsonei kalitate oneko lanbide-heziketa eskaintzeko.

    11.13 Elkarlaneko lanbide-heziketa berria nazioartekotzeko plan handinahi eta erreal bat, berrikuntzako eta ikerketa aplikatuko proiektuetan oinarritua, diseinatu eta ezarri.

    11.14 Euskal Herriko lanbide-heziketako ikastetxeen artean lankidetza-akordioak sinatzeko estrategia bat ezarri.

    11.15 Euskal Herri osoko ikasleek EAEko lanbide-heziketako sarean euskaraz ikasi ahal izateko estrategia bat ezarri, mantenu-gastuak eta garraio-gastuak ordaintzeko beka-sistema bat sortuz.

  12. UNIBERTSITATE SISTEMA

    12.1 Euskal unibertsitate-sistemari buruzko legea garatu.

    Euskal unibertsitate-sistemaren legearen potentzialitate komunitario guztia atera behar zaio, unibertsitateen kooperazioa eta herri ikuspegia oinarri. Besteak beste, herrialdeko begiradan oinarritutako lankidetza-esparru bat sortzeko, eta irabazi-asmoa duten unibertsitateak salbuetsita egon daitezen Euskal Unibertsitate Planean eta finantzaketa publikoan parte hartzetik.

    12.2 UPV/EHU babestea, euskal unibertsitate-sistema egituratzen duen erreferentzia baita, prestakuntzarako eta ikerketarako duen potentziala garatzeko eta inguruko unibertsitate garatuagoen mailetara hurbiltzeko behar dituzten bitartekoak eta baliabideak bermatuz.

    12.3 Euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko tituluen mapa osoa 2025-2026ko ikasturterako euskaraz dagoela bermatu.

    12.4 Euskal Herriko Unibertsitate Barrutia bultzatu.

    12.5 Aurrekontuetan unibertsitaterako aurrekontua igo eta datozen 10 urteetarako egonkortu.

    12.6 Beka-sistema berritu eta galdutakoa berreskuratu.

    12.7 Unibertsitatearen merkantilizazioa sustatzen duten erreformak eta dekretuak geldiarazteko bitartekoak jarri eta unibertsitate-komunitatean eztabaida bultzatu.

    12.8 Egiaztatze-agentzia propioa sortzeko bidean urratsak egiteko berariazko foro bat sortu.

    12.9 Irakasle propioak edukitzeko bidean sektore arteko akordioa bultzatu.

    12.10 Prestakuntza, aholkularitza eta finantzaketarako berariazko zerbitzu bat sortu, irakasle-eskolek eta hezkuntza-fakultateek zehaztutako curriculum eta ebaluazio propioranzko bidean kokatzeko.

    12.11 Euskararen erabilera akademikoaren aldeko politikak indartu.

    12.12 Euskarazko lineako unibertsitatea bultzatu eta babestu. Legegintzaldi honetan lineako unibertsitate integrala abian jartzeko konpromisoa.

    12.13 Euskal Unibertsitate Sisteman bizitza osorako euskarazko lineako prestakuntza-eskaintza handitzeko konpromisoa.

    12.14 UEU – Udako Euskal Unibertsitatea aintzatetsi eta sustatu.

    12.15 GOI.EUS lotutako ikastetxea (Goi Mailako Online Institutua) garatzen lagundu.

    12.16 Ezagutzaren Gizartearen Euskal Institutua sortu.

     – Ikerketaren definizio-eremua Euskal Herrian kokatu.

    – Ikerketa Euskal Herriko beharren zerbitzura jarri.

    12.17 Doktoratu aurreko prestakuntzako ikertzaileak onartzen direnetik doktoregaiei bidezko soldatak osorik ordaintzen zaizkiela bermatu.

    12.18 Ikerketa publikora bideratutako aurrekontua igo.

    12.19 Ikertzaile doktoregaien lan-baldintzak duintzeko, hobetzeko eta lan-hitzarmenean txertatzeko konpromisoa.

    12.20 UPV/EHUn prekarietatea deuseztatu eta ikerketa-karrera duinak garatzeko aukerak bermatu.

    12.21 Ikasleen nazioarteko mugikortasuna bultzatu, batez ere Erasmus+ programaren bitartez.

    12.22 UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuen pertsonalaren eta laguntzako pertsonal ikertzailearen arteko ratioa orekatzeko konpromisoa.

    12.23 Akitania-Euskadi-Nafarroa sarea zabaldu eta euskara normalizatzeko eta lankidetza-proiektuak sustatzeko jarduketa-lerroa sustatu.

    12.24 Ikasle presoek UPV/EHUn ikasteko duten eskubidea bermatzeko urratsak egin.

    12.25 Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen ordainsariei buruzko 41/2008 dekretuaren aldaketa irakasle eta ikertzaileen ordainsari eta baldintzak hobetu eta eguneratzeko.

    12.26 LOSU lege organikoaren ondorioz ordezko irakasleen egoerak jasan duen okertze eta prekarizazioari aurre egiteko eta duintzeko konpromisoa.

    12.27 Zirku arteen irakaskuntza profesional berriak aitortu eta sortzeko konpromisoa.

5. Identitate komunitarioa sendotu

Pepe Mujikaren irakaspenei kasu eginez, bizi dugun garai honi eman dakiokeen erantzun indibidual onena gure bizitzei xede bat ematea da. Mujikak dio pobrea dela komunitaterik ez duena, eta gugandik haragoko kausa bat behar dugula gure bizitzei zentzu bat emateko. Ondorioz, erantzun kolektiboa izan daiteke gugandik haragoko kausa hau kausa kolektibo bat izan dadila. Eta hau, Euskal Herriaren kasuan, gure proiektu nazionala arnasberritzea da.

Bizi dugun deserrotze garai honetan, globalizazioaren eraginak zuzen-zuzenean gurea bezalako errealitate, hizkuntza, kultura eta izate zaurgarriari eragiten dionean, migrazio fluxuak etengabe aldatzen edota areagotzen ari direnean, identitate komunitarioa da komunitate solidario eta ireki bateko kide izatearen sentimendua eta, bada, kohesio soziala indartzeko oinarri nagusia. Gure kasuan, euskal proiektu nazionala da hau.

Eta zer da gure proiektu nazionala arnasberritzea? Zer da hau gaur eta hemen? Zer da gure identitate komunitarioa sendotzea 2024. urte honetan eta Euskal Herri honetan? Zer da euskal egitasmo berria? Galdera klabe hauek dira modu partekatu, ireki eta positiboan askatu beharrekoak.

Guzti honetarako, Joxean Artzek esan bezala, beharrezkoa dugu iturri zaharretik edatea, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik, beti berria den ura. Alegia, nor garen ahaztu gabe, errealitate berriak aitortuz, identitate komunitario ireki eta garaikidea eraiki beharrean gaude, XXI. mende honetako baldintza sozial eta politikoek eta datorren mundu honen ezaugarriek beharrezko egiten baitute bide partekatu bat: herri gisa dugun ahalmen komunitarioa askatzeko gai diren elkarlan dinamika eraginkorrak martxan jarriz.

Hau dela eta, birpentsatze kolektibo honetan ezinbestekoa izango da herri gisako prozesuak aktibatzea estrategikoak diren esparrutan, hala nola euskara biziberritu eta hizkuntza politikan jauzi bat emateko, kultur ekosistema saretu bat berpizteko, komunikazio sistema nazional bat egituratzeko, nazioarteko politikak garatzeko, harrera herria izateko, Euskal Herria Basque Country marka ezaugarri propioekin hedatzeko, eta abar.

Hizkuntza politika

Euskalduntze prozesua impasse egoeran dago. Urteak dira euskalgintza zein sektore ezberdinetako adituak hau baieztatzen ari direla. Hainbat faktore medio, euskalduntze prozesuan ez gaude ondo: arnasguneen ahultzea, kulturgintzaren erreferentzialtasunaren galera, telebistaren gainbehera, kontsumoaren fragmentazioa eta erabilera kurbaren estankamendua, besteak beste.

Egoera hau erabat iraultzeko norabide argia izango duten politika publiko sendoak nahitaezkoak izango dira, betiere euskalgintza eta inplikatutako sektoreekin plangintza partekatuak. Batez ere, oinarrizko lau zutoinetan: hezkuntzan, hedabide sisteman, haur eta gazteen aisialdian eta lan munduan.

Askoren arteko elkarlanetik eta adostasunetatik baino ezin daiteke pentsa euskalduntze prozesuan aurrerapen kualitatiborik posible denik. Euskalduntze prozesuak behar du lankidetzazko ekosistema bat oraino ezagutu gabea.

Eusko Jaurlaritzak ez dio erronkari tamaina hartu. Ondorioz, azken hiru legegintzaldiak galduak izan dira. Hau horrela, zailtasunak nabarmenak dira herritar guztien hizkuntza eskubideen bermatzean eta euskararen unibertsalizazioan aurrera egiteko. Horren adibide esanguratsuak izan dira azken urteetan onarturiko legeak, non koherentziarik egon ez den hizkuntza irizpideei dagokienean.

Zehatzagoak izateko, ez da garai berriei egokituriko hizkuntza politikarik txertatu eraberritu diren legeetan, aipagarriak izanik Kontsumitzailearen Legea, Funtzio Publikoarena, Enplegu Publikoarena, Hezkuntzarena eta Jarduera Fisiko eta Kirolarena, adibidez.

Euskara Jakiteko Eskubidea Bermatzeko Lege Proposamena aurkeztu du EH Bilduk azken bi legegintzaldietan, baina EAJk zein PSEk atea itxi diote. Kezkatzekoa izan da, gainera, azken Gobernuak sostengatu dituzten alderdiek gai honetan adostasunetara heltzeko izan duten jarrera itxia. Adibide gisa aipatu daiteke, alde batetik, legegintzaldi hasieran Jaurlaritzak Legebiltzarrean eztabaidara ekarritako Euskararen Agenda Estrategikoa 2021-2024 eta, bestetik, Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua eraberritzeko EH Bilduren ekarpenekiko izan duten jarrera.

Larria da, halaber, urrats tinkoak egiteko adostasunak eraikitzea beharrezkoa den honetan, lan eremu desberdinetan lortu ez diren akordio instituzionalak: eremu soziosanitarioan, Osakidetzan, zaintzan, eremu sozioekonomikoan, ingurune digitalean, euskaltegien eremuan, ikus-entzunezkoetan, aisialdian, eta abar.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Helduen euskalduntzea

    – Euskara ikasteko doakotasunerantz pausoak ematea, diru-laguntzak tituluekin eta azterketekin lotu gabe.

    – Euskaltegien finantzaketa berrikustea, matrikula-prezioak jaisteko eta langileen lan baldintzak bermatzeko.

    – HABE modernizatzea, euskalduntzearen premia berrietara egokitzeko.

  2. Arlo sozioekonomikoa

    – Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutua aldatzea, kontsumitzaile guztien hizkuntza eskubideak berma daitezen.

    – Arlo sozioekonomikoko markak eta ziurtagiriak sistema batean uztartzea, osagarritasuna eta efikazia oinarri hartuta.

    – Lanbideren eskaintza formatiboan euskarazko eskaintza bermatzea.

    – Eremu soziosanitariotik hasita, lanari lotuta euskaraz komunikatzeko prestakuntza garatuko dugu.

    – Lanbidearteko akordioa bultzatzea sindikatuen eta enpresarien artean, 50 langiletik gorako enpresek euskara-planak egin eta abian jar ditzaten.

  3. Administrazioa

    – Administrazioan herritarren eskubide guztiak bermatzea, hizkuntza eskubideak barne. Horretarako, sektore publikoa euskalduntzeko dekretua ere berrikusteko eta garai berriei egokitzeko urratsak egingo ditugu.

    – Euskara lan-hizkuntza ere izan dadin pausoak ematea, arduradun politikoek horretarako lidergoa hartuta.

    – Jaurlaritzan goi kargu euskaldunak jartzeko konpromisoa hartzen dugu.

  4. Hezkuntza

    – Ikasleen euskara gaitasuna hobetze aldera, bereziki ahozkotasunean eragiteko baliabideak eta programak martxan jartzea.

    – Ikasle etorri berriek oinarrizko euskara gaitasuna eskuratzeko programak garatzea.

    – Lanbide Heziketako irakasleak euskalduntzeko plan bat martxan jartzea.

    – Hezkuntza ez arautuan euskarazko eskaintza bermatzeko urratsak egitea.

    – Helduen Hezkuntza Iraunkorrean euskarazko ikasketak areagotzeko pausoak ematea.

  5. Osasuna
    – Ospitale bakoitzean eta 25 langiletik gorako osasun etxeetan, euskaraz ahalduntzeko lan-hariak osatzea.

    – ESI bakoitzean formakuntza iraunkorra eta egonkorra eskaintzea euskaraz ez dakiten profesionalentzat, lanaldia bukatu bezain pronto euskaraz doan ikasteko.

    – Osasun Sistema Publikoan sartzen ari direnentzat IRALE moduko sistema bat abian jartzea aztertzea.

    – Espainiako Gobernuarekin negoziatzea, espezialitate guztietako azterketetan ehuneko bat gorde dadin bi hizkuntza ofizialak menperatzen dituztenentzat.

  6. Komunikabideak

    – Ikus-entzunezkoetan euskarazko produkzioa sustatzeko eta zabaltzeko baliabideak jartzea, azpititulu eta bikoizketei lehentasuna emanez.

  7. Aisia eta Kirola

    – Gaztetxoentzako euskarazko aisialdi eskaintza bultzatzea.

    – Entrenatzaileak eta begiraleak euskaraz formatzeko plangintza martxan jartzea.

  8. Etorri berriak

    – Harrera-protokoloak sustatzea, udalekin elkarlanean, non arreta berezia jarriko zaion hizkuntzari, migratzaileen hizkuntza-aniztasuna aberastasun gisa hartuta.

  9. Marko Juridikoa

    – Hizkuntza politikaren oinarria den marko juridikoa eraberritzea, euskararen egungo erronkak eta orain arteko ibilbidea kontutan hartuta.

    – Euskara Jakiteko Eskubidea Bermatzeko Legea onartzeko lan egingo dugu, euskara ikastea doakoa izan dadin.

    – Araudi eta plangintza sektorialetan hizkuntzaren aldagaia zeharkakotasunez txertatzea.

  10. Elkarlana eta Koordinazioa

    – Hizkuntza politika lankidetzaren ikuspegitik lantzea, euskalgintzan ari diren askotariko eragileak kontuan hartuta eta haiekiko hartu-emanean.

    – Erakundeen arteko koordinazioa areagotzea, maila teknikoan zein politikoan, kontuan hartuta zein eskumen dituzten Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek.

    – Nafarroako Gobernuarekin eta Euskal Elkargoarekin sinatutako ituna indartzea, hizkuntza plangintzako arlo gehiagotan elkarrekin aritzeko.

    – Euskararen Aholku Batzordearen funtzioak eta betebeharrak birpentsatzea.

Kultura

Kultura arlo estrategikoa da guretzat, Marina Garces filosofoak dioen moduan, gizarte batek bere burua pentsatzeko erabil dezakeen adierazpen autonomoa baita, norbera eta norbera inguratzen duen guzti horren arteko harremana. Hori ahalbidetzea eta horretan ari diren eragile eta norbanakoen bidea babestea gure ardura behar du izan. Kultura ez da saldu beharreko produktu bat, ezta defendatu beharreko ondare bat ere. Jarduera bizia, plurala eta gatazkatsua da, eta horren bidez herritarrok zentzua ematen diogu bertan partekatzen eta inplikatzen dugun munduari. Horregatik, politikaren eta kulturaren arteko harreman batek komunaren beste esperientzia bat posible egiteko bideak zabaldu behar ditu. Are gehiago hamaika menpekotasunen baitan bizi den Euskal Herria bezalako estaturik gabeko herri batean, arlo honen garrantzia funtsezkoa baita herri burujabeago eta, ondorioz, justuago, duinago eta askeago baten eraikuntzan. Aldiz, politikagintzak erabat bazter utzi du kultura, apaindura soil gisa erabiliz. Proiektu politiko baten baitan, ordea, guztiz estrategikoa izan daiteke eta beharko luke izan.

Kulturarik ez balego, herri guztiok bat eta bakarra ginateke. Toki ezberdinetan biziko ginateke, baina ez ginateke geure artean ezberdin izango. Kapitalismoaren zuztarrean dagoen homogeneizatze nahiak kultur aniztasunaren desagerpena dakar. Eta printzipio hau indartzen dugu geure kultura bazterrean uzten dugun bakoitzean, kulturari behar duen babesa ukatzen diogun bakoitzean eta sortzaileak axolagabeki tratatzen ditugun aldiro. Kulturak hizkuntza normalizazioan izan lezakeen eragina handia da eta ez da behar beste baliatzen. Kulturak herri baten kohesioan eta autoestimuan izan dezakeen eragina, gehienetan, oharkabean pasatzen zaigu.

Izaki kolektiboak gara, eta kulturak ezartzen ditu elkarrenganako loturak. Kultura sendo baten sehaskan gaudenean, elkarrenganako elkartasuna, enpatia eta begirunea handitzen dira. Norabide bikoitzean aritu behar dugu, ordea, gure lurraldean bizi diren jatorri ezberdinetako herritarren kulturarekiko begirunea eta adierazpen artistiko eta kulturalei bide ematea, eta aldi berean haiei ere euskal kulturaren eta hizkuntzaren ateak zabaltzea ere, elkarbizitzarako eta inklusiorako gako izan daitekeelako. Kulturara sarbidea izatea herritar ororen eskubide da, eta hala bermatu beharko litzateke, Euskal Herritartasunak kohesio gune bilakatuz, birpentsatuz eta sendotuz. Alienazioaren kontrako txerto gisa gainera, kulturaren sustapenak hein handi batean jendarte kritikoagoa eta burujabeagoa ekarriko luke.

Gaur egungo kultur politikaren protagonista orotariko agentez osaturiko jendarte anitzak (kultura kolektiboaren subjektu) behar du izan. Kultura partekatu bat behar dugu, sorkuntza prestigiatuko duen politika bat, lanpostuak sortuko dituena eta daudenak mantentzen lagunduko duena, ekoizpen kultur propioaren bitartez sortze eta ekoizpen prozesuetan bizitasuna txertatuko duena. Komunitatearen eraikuntzaren prozesu gisa ulertua, barne aniztasuna errespetatuko duen kultura, euskal kultura eta euskara indartzeko eta biziberritzeko giltza izango dena, elkartrukera zabalik egongo dena, geruza, adin, genero… guztiek sarbidea izango dutena. Kultur kudeaketaren gobernantza demokratikoa eta ekimen autogestionatuen garapena bateragarri izango dituen kultur politika bat, finean.

Beraz, erronka handia dugu hainbeste aldatu den errealitate honen aurrean eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Jaurlaritzak XII. legealdian urratsak eman baditu ere, besteak beste, Kultura 2028 Plan Estrategikoa eginez eta onartuz, duela hamarkada bateko kultur politika berdina planteatzen jarraitzen du. Horren adierazle dira Kultura Sailaren aurrekontuak, urtez urte errepikatzen direnak, inongo norabide aldaketarik, inongo berritasunik eta apustu argirik gabe. Eredu eta gobernu agortu baten beste adibide bat.

Heldutasun eta maila handi hori ez dator bat kulturgintzan ari direnen bizi eta lan baldintzekin eta egoerarekin. Salbuespenak salbuespen, oso baldintza eskasak ditu sektoreak eta oso zaurgarria da, are gehiago euskarazkoak diren egitasmo kultural eta kulturgileak. Eta hau izan behar du helburu nagusiarekin batera garatuko den alde inportanteenetako bat. Aurrekaririk gabeko ekintza eta inbertsio plan ausarta, Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutuaren garapena, ditugun lanabesak eta eskumenak ahalik eta gehien zukutuz, oinarrizko kultura adierazpenak indartuz eta, ekosistemaren oinarria diren heinean, hauen aldeko defentsa irmoa eginez, termino monetarioetan neurtzen diren eta turismoa erakartzea helburu nagusi duten mega-proiektu eta makro-ekitaldietan oinarritzen den kultur ereduari kontrajarriz.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. EKZ-Euskal Kulturaren Zentroa sortzea. Garaiko Arteen eta Kultur Industrien Euskal Institutuaren proiektua, kultur politikak ekosistemako eragileen artean diseinatzeko bilgunea izango litzatekeena eta espezifikoki ere Euskal Letren zuzendaritza bat bilduko lukeena. Etxepare Euskal Institutuak nazioarte mailan euskara eta euskal sorkuntza garaikidearen presentzia eta ikusgarritasuna bultzatu zein nazioarteko lankidetza sustatzeaz arduratzen jarraituko luke EKZren baitan.

  2. Euskal artista, sortzaile eta kulturaren profesionalen estatutua burutzea. Prekarizazio orokortuari aurre egiteko bizi eta lan baldintza duinak bermatuko dituen estatutua diseinatu, garatu eta aplikatu, besteak beste, kontratazioak erregulatuz. Hau osatzeko zein sortzaileen egoera aztertzeko mahai bat osatzea proposatzen da sektoreko eragile guztiekin, artisten egoera sakon aztertu eta ekimenak adosteko.

  3. Kulturaren plan estrategikoa berdefinitu. Jarraikortasun politika kulturaletatik eredu gaurkotu eta berrira jauzia ematea beharrezkoa da ekosistema osatzen duten kultur eragile guztien parte hartzearekin. Norabide berean, 2024-2027 diru-laguntzen plan estrategikoa osatuko da.

  4. Eskubide Kulturalen Legea. Kulturala oinarrizko eskubide bihurtzeko neurriak eta legedia garatu, bizitza kulturalean parte hartzeko eskubideaz hasita, horretarako eskubide kulturalei buruzko lege proposamena aurkeztu.

  5. Euskadiko Liburutegien 11/2007 legea garatu lehentasunez 23, 24 eta 44. artikuluak. Baita Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen 5/2022 Legearen 23. eta 25. artikuluaren egikaritzea.

  6. Sormena sustatu eta transmisioa bermatu. Hezkuntza formalean zein ez formalean era iraunkor eta sistematikoan euskal kulturaren transmisioa lantzeko plan estrategikoa egin.

  7. Kulturaren sustapena eta ondarea babestera bideratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionalak Herri Lanetarako duen aurrekontuen % 1. Modu progresiboan helburu hori benetan erdiesteko plana.

  8. Mezenasgoaren Legea. Lurralde historikoetako ogasunekin batera modu koordinatuan, onura fiskalak zein mikromezenasgoa erregulatzeko legedia eta arauak garatu, egun dauden ezberdintasunak armonizatuz.

  9. Kultura eta Sormen Industrien alorreko enpresentzako berrikuntzarako estrategian sakonduko da (RIS3 eta KSI Berritzaile), aukerak zabaltzeko.
  10. Zinemaren Euskal Legea garatuko dugu. Lege honek industria zinematografikoa zuzenduko duen marko arautzailea ezartzeaz gain, zinemetako emanaldien euskarazko gutxienekoa bermatuko du, bikoizketa eta azpidatzien bidez, ekoiztetxe, banatzaile eta zinema aretoei hizkuntza irizpideak ezarriz, eta hori betetzea errazteko baliabideak jarriz.

  11. Zinema Euskaraz programaren zuzkidura nabarmen handituko dugu finantzazio bide berriak garatuz.

  12. Emakume artisten egoeraren gaineko azterketa sakona egiteko ikerketa sustatuko da, alde batetik, Jaurlaritzatik bertatik azken 40 urteetan erosketa eta erakusketa politiketan izan duten presentzia (eza) ezagutzeko eta honi aurre egiteko bilduma publikoen gainean eragiteko ekintza plana oinarritzeko; bestetik, unibertsitate eta ikerlariekin batera, emakume artistei buruzko ikerketa bultzatzeko proiektu bat sustatuko da, haien lana ezagutzera eta gordetzera bideratua.

  13. Lurraldeko Museo eta Bildumen Sistema antolatu, eguneratu eta kudeatu arte kolekzioak publikoari irekitzeko, harekin harremanetan jartzeko eta artisten lana sustatuko dela bermatzeko. Prezioak eta museoetarako sarbidea errazteko lan egingo da ere.

  14. Arte eta kultura ekipamenduetarako sarbidean publikotasuna eta doakotasuna bermatzen direla ziurtatzea, herritarren parte hartzea sustatzeko, ekipamenduen kudeaketan ardura duten instituzio ezberdinekin elkarlanean.

Komunikazio sistema

Ikus-entzunezkoena sektore estrategikoa da, ekonomiaren, gizarte kohesioaren eta, bereziki, herri baten hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegitik. Azken 15 urteotan, iraultza digitalarekin, Internet, sare sozial, eta streaming plataformen etorrerarekin, ikus-entzunezkoek gure bizitzetan duten pisua biderkatu da. Alabaina, eskaintzaren eta baliabideen dibertsifikazio horrekin euskarak pantailetan zuen pisu erlatiboa asko gutxiagotu da.

Digitalizazioaren bat-bateko gorakadak eta smartphone-en erabilera orokorrak euskal komunikazio sistema nabarmen ahultzea eragin dute azken 10-15 urteetan. Gaur egun, euskal gazteak herrialdean errotuta dauden komunikabide tradizionalak alde batera uzten ari dira, sare globaleko praktika komunikatiboetan murgiltzeko. Gainera, euskal espazio komunikatiboa Espainiakoan disolbatzen ari da: 14-19 urteko gazteen % 70ek ez du Euskal Herrian egoitza duen komunikabide tradizionalik kontsumitzen. Nork hitz egingo die Euskal Herriari buruz? Nola sozializatuko dira belaunaldi berriak kultura, hizkuntza edo politika arloan edo balio sistemari dagokionez baldintza horietan? Ez dago komunikazio sistema nazional bat egituratzea xede duen politikarik.

Euskararen kalitatean eta kaleko erabileran azken datuek erakusten dituzten jaitsiera edo gelditasun zantzuen atzean faktore ezberdinak daudela jakinda ere, euskarazko ikus-entzunezkoen arloa aro digital berrira egokitzeko zailtasunek zerikusi zuzena izan dutela uste dugu. Gure tesia defendatzen duten hainbat ikerketa soziolinguistiko ere argitaratu dira azken aldian.

Gainera, hizkuntzaren normalizaziorako funtsezko arloa izateaz gain, gogoan izan behar dugu herritarren eskubideak ere jokoan daudela: EAEko 10/1982 Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeak, bere III. Kapituluan, edota 1992ko Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak bere 11. eta 12. artikuluetan, ikus-entzunezkoak gure hizkuntzan jasotzeko herritarrok dugun eskubidea eta erakundeek hau bermatzeko duten betebeharra aipatzen dituzte.

 
2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseiluaren Legea eta Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea.

    Europar Batasunak 2000. urtean aholkatu zuen Ikus-Entzunezkoen Kontseilu independenteak sortzea, ikus-entzunezkoen gardentasuna, aniztasuna, eta publizitate arauen betetzea gainbegiratzeko.

    EAEn aditu independenteek osaturiko ikus-entzunezkoen erakunde publiko horrek bermatuko du bere eskuduntzen markoan dauden ikus-entzunezkoen arloko legeak, gardentasuna, aniztasuna eta neutraltasuna betetzen direla, baina, era berean, Kontseilu honek euskaldunon hizkuntza eskubideak betetzen direla gainbegiratzeko ardura izango du.

  2. Euskarazko ikus-entzunezkoen eta euskal hedabideen egungo kontsumoa, produkzioa eta sektorea aztertzeko eta neurtzeko analitika-sistema propioa sortu eta garatu.

  3. Europa eta Estatu mailan dauden proiektu eta laguntzekin lerrokatuta Euskal ikus-entzunezkoen sektorearen laguntzen plan estrategikoa egin eta garatu. Enpresei eta profesionalei laguntza eskaintzeko.

  4. Ikus-entzunezkoek jasotzen dituzten laguntza publikoen zein publizitatearen arautze berrirako itun sozio-politikoa bultzatu.

  5. Primeran plataforma digitala garatzen jarraitu, euskal edukiak bermatzeko eta herritar ororentzat eskuragarri izateko apustu estrategikoarekin.

  6. EiTBren eredu berriaren oinarriak finkatu eta irrati telebista publiko berritu baterako itun soziala garatu, finantzazio sistema berraztertuz eta marko juridiko-arautzailea berrituz.

  7. Euskal Irrati Telebistan (EITB) euskarari lehentasuna ematea eta seinalea Euskal Herri osora zabaltzea.

    EITB Euskal Herriko euskarazko ikus-entzunezkoen industriaren motorra da, eta hala izaten jarraitu behar du, EITBren 5/1982 Sorrera Legeak aipatzen dituen euskararen normalizazio helburuak lortzeko. Horretarako honako neurriok hartuko ditugu, besteren artean:

    – Aurrekontuetan eta programazioan euskarazko kateei lehentasuna ematea.

    – EITBren seinalea Euskal Herri osoan eta euskarri desberdinetan eskuragarri egoteko laguntzea.

    – EITBko gaztelerazko kateak ere hizkuntzaren normalizazioan tresna eraginkorrak izateko eta erdal hiztunak euskarara gerturatzeko, gaztelaniazko kateetan euskara ikusgarri izatea, beharrezkoa denean gaztelerazko azpidatziak erabiliz.

  8. EITBren eta ekoiztetxeen elkarteen arteko hitzarmenetik haratago, ikus-entzunezko lanen sorkuntza, ekoizpena, bikoizketa eta banaketa bultzatzeko plan integrala. Proiektu eta ekintza zehatzekin eta modu gardenean kudeatuta.

  9. EiTB taldearen Unitate Mugikorrak (UM) edota lantaldeak programak ekoizteko gaitasuna duenean, EiTBk berak ekoitziko ditu, azpikontrataziorako aukera baliatu baino lehen.

  10. Tokiko eta herri ekimeneko idatzizko zein ikus-entzunezko komunikabideak aintzat hartu eta babestu.

  11. Euskal komunikazio espazioa osatzen duten hedabideek, pertsonek eta eragileek parte hartuko duten aurrekaririk gabeko prozesua abiatu, herri bezala etorkizunerako oinarriak ezartzeko Hedabideak eta Euskal Nazioa programak ezarritako helburuekin, euskararen lurralde osoa aintzat hartuta eta lidergo partekatu baten bitartez.

Nazioarteko politika eta Kanpo Ekintza

2020ko hauteskunde programaren diagnostikoan esaten genuen 90. hamarkadatik munduaren egoera asko aldatu zela eta orduraino ezagutu genituen instituzioen funtzioak aldatzen ari zirela, eta horrek gurea bezalako estaturik gabeko herri batean eragin handia zeukala. Botere harremanen oreka berri baten aurrean geundela, aktore ezberdinak agertuz eta gatazkak ugarituz. Azken lau urteotan bizi izan ditugun aldaketek gure aurreikuspenak baieztatu eta, areago, aurreikusi ezin genitzakeen eszenatoki berriak ekarri dizkigu: Fronte Polisarioak su-etenari bukaera eman eta Marokoren kontrako gerrari ekitea berriz ere, Errusiak Ukraina inbaditzea, Finlandia eta Suedia NATOn sartzea, Europako estatu ezberdinetan gerraren apologia irekia entzutea eta, bien bitartean, Israelek Palestinar herriaren kontrako erabateko eraso genozida garatzea, nazioarteko komunitatearen konplizitate eta ezintasunaren aurrean. Zer esan Turkiak Kurdistanen garatzen duen politikaren inguruan edo Europan bertan ematen ari den autoritarismoaren gorakadaren inguruan zein Europar proiektuaren krisiaz.

Agertoki konplexu horretan gure herriak bere etorkizunaren jabe izan nahi badu, mundu osoan zehar harremanak egin eta bere burua ezagutzera eman beharko duela argi dago. Munduan dagokigun tokia izan nahi badugu, gure interesak eta dugun gaitasun mugatua ahaztu gabe, dagokigun papera ere jokatu beharko dugu. Azken urteotan Jaurlaritzak ez dio erronka horri erantzun. Ez du gure herriaren beharretan eta gure herriaren aitortzarako kanpo politika egin.

Euskal Herriak bezala, bere buruen jabe izan nahi duten beste herriekin ditugun harremanak indartu beharko ditugu eta euskal instituzioek beste herri horietako instituzioekin hartu-eman iraunkorrak izan beharko dituzte. Gure kanpo proiekzioa gure herria definitzen duten ideien eta baloreen arabera egiten dela ziurtatu beharko dugu. Nazioarte mailan gure herrialdea ikusgarri egiteko marka komunaren falta dugu eta euskal instituzioetatik ere planteamendu honekin bat egiten ez duenik dago. Basque Country marka indartu beharrean (honen egokitasuna aztertzera sartu gabe), marka propioak sortu eta Basque Country-ren aterkipean kokatzen ez diren instituzioak daude.

Ildo honetan, Euskal Diaspora berebiziko lana egiten ari da euskal nortasuna eta kultura mantentzeko, baita berau munduari ezagutarazteko ere. Euskal Diasporak nazioartekotze prozesu horretan eragile izateko duen gaitasuna aitortu eta indartu beharko dugu, joka dezakeen paper hori burutu ahal izan dezan, eta, horretarako, merezi duen legea onartu beharko dugu.

Erronka horiei erantzun ahal izateko, Jaurlaritzak Kanpo Ekintzari esleitzen dion garrantzia eta baliabideak handitu eta herri bezala nazioartean agertzeko egituraketa instituzionala sendotu egin beharko ditugu.

  1. 1. Euskal Herria munduan, herri bezala nazioartean agertzeko egituraketa instituzionala sendotu

    Nazioarteko Harremanetarako Idazkaritzari sailburuorde maila emango diogu, Kanpo Harremanetarako Zerbitzu bat izango duelarik bere zerbitzura. Kanpo ordezkaritzak eta bulegoak irekitzea sustatuko dugu, hedapen eta egonkortzerako plan bat diseinatuz eta, honetarako, Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Koordinazio Exekutiboari buruzko Legea garatuko dugu.

    Kanpo ekintzarako eskola sortuko dugu, Euskal Diplomazia Eskola, ikuspegi nazional batez kudeatzeko prest egongo den profesionalen sarea osatzeko.

    Euskal Herria – Basque Country nazio marka birkokatzea, proiektu kulturalek eta ekonomikoek zein mugaz gaindikoek egitasmo antolatu eta estrategikoa izan dezaten. Gaur egun herrientzat oso garrantzitsua da nazioarte mailan zabaltzen duten irudia, eta nazio marka da prestigio hori modu egituratuan kudeatzeko bidea. Herri-errelato partekatu horretara iristeko, alabaina, ezinbestekoa da herri-adostasuna jostea. Norabide horretan prozesua bera izaten da aberasgarria, eta berau modu parte hartzailean eraikitzeko lan egiten duten herriek marka narratiba indartsuak eraikitzen dituzte oinarrizko kontsentsuen gainean. Nabarmentasuna, ospea eta ezberdintasuna eragiten duten faktore horiek erabakitzeko gunea eraikiko dugu, beraz, eta honetan instituzio ezberdinek, erakunde herritarrek eta jendarte zibileko ordezkariek parte hartuko dute. Oinarri horren gainean nazio marka kudeatzeko bulegoak sortuko ditugu.

    Gazteentzako oporraldi jasangarriak eta Euskal Herrian igarotzeko proposamena martxan jarri.

    Nazioarteko erakunde guztietan euskal ordezkarien presentzia ziurtatu, Europar Batasuneko erakundeen aurrean gure interesak defendatzeko eta Europako Erakundeek gure lurraldean presentzia zuzena izatea bultzatuko du, baita etorkizuneko emergentziei aurre egiteko sortuko diren organoetan edota ECOFINen. Honetaz gain, euskara Europar Batasuneko hizkuntza ofizial bezala onartua izateko lan egingo dugu, bai eta nazioartean presente egoteko eta bere normalizazio prozesua sendotzeko ere.

    Euskal Euroeskualdea sortu eta nazio bezala urratsak egiteko aukerak baliatu, Euskal Elkargoarekin eta Nafarroako Foru Erkidegoarekin harremanak azkartzeko. Mugaz gaindiko lankidetzarako euskal estrategia zehaztuko dugu.

    Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko lanean sakondu. Euskal selekzioek modu ofizialean jokatu dezaten, Estatuko CSDrekiko elkarrizketei ekingo diegu. Euskal Herriko Kirol Lehiaketa markoa egituratzeko plangintza berraktibatu eta eguneratuko dugu.

    Euskal Nazio Digitala eraikitzeko urratsak egingo dira, EAE, Nafarroa, Euskal Hirigune Elkargoaren harreman egonkorrak eta sendoak eraikiz lurralde kohesioa eta nortasun nazionala indartzeko. Horretarako, lurralde arteko lankidetza sustatuko da, euskararen erabilera zabalduz. Euskal Diasporarekin ere harremanak indartuko dira norabide honetan ere.

  2. Euskal Herria munduan, Euskal Diaspora sendotu eta aitortu

    Kanpoan diren euskal gizataldeei buruzko araudia berritu Diasporarekin batera, azken legealdian emandako blokeoa gainditzeko. Araudi berri horretan Euskal Diasporako lagunen errolda osatzeko mekanismoak ezarriko dira.

    Gazteekin hartu-emanak indartu, besteak beste Euskal Herria ezagutzen laguntzeko programak martxan jarriz eta abian dauden proposamenak indartuz.

    Euskal Diasporako emakumeen sarea sortu. Egun daukaten presentzia txikiagoaren aurrean, euren parte hartzea bultzatu eta Diasporako emakume bezala izan ditzaketen problematika konkretuek ere tokia izan dezaten entitate ezberdinetan.

    Populazioaren Mugikortasun Zentroa sortu. Euskal Diaspora zaharreko zein berriko pertsonei informazioa eta harreman administratiboetan lagunduko dien zerbitzua. Honen baitan, itzulera politika integral bat definitzeko eta errazteko bideak jarriko dira.

    Euskal etxeak sendotzeko plana abiatu, kudeaketa administratiboak arintzeko eta egiturei zein azpiegiturei lotutako arazoekin laguntzeko asmoz.

  3. Naziorik gabeko estatuekin harremana

    Estaturik gabeko herriekiko lankidetza areagotu, maila guztietako instituzio eta eragileen arteko harremanak bultzatuz eta erraztuz. Estaturik gabeko nazioetako hiri nagusien sarea sortzea bultzatuko dugu, besteak beste.

    Nazio Estatuek urteetan zehar zapaldutako herrialdeekiko elkartasun praktikoa abiatu, haien instituzioak aitortuz eta elkarlan zuzena sustatuz, hala nola Palestina, Kurdistan edo Sahara bezalako herriekin.

    Europar Batasunean, estaturik gabeko nazioak diren horien prozesuak gertutik babestu eta hauspotu. Katalunia, Irlanda, Eskozia, Korsika, Flandria, Faroe uharteak eta Kanaky–Kaledonia Berria bezalako herrialdeetako instituzioekin akordio estrategikoak landuko ditugu eta sinaturiko akordioak indartuko ditugu, Galesekoa kasu.

  4. Bakearen eta eskubide zibil, sozial eta politikoen aldeko elkarlana

    Nazioartean pizten ari diren edo urteetan luzatzen ari diren gatazketan eragiteko diru-laguntzak handitu eta pedagogia garatu. Urgentziazko funtsen bidezko zuzeneko laguntzak emateko gaitasuna handitu eta bakegintzan lanean diharduten eragileentzako diru-laguntza espezifikoak abiatuko ditugu. Honetaz gain, herrien arteko lankidetza eta kooperazio kulturari buruzko pedagogia garatuko dugu, eskola curriculumean barnebilduz.

    Nazioartean sortzen ari diren edo garapen bidean dauden bake prozesuen alboan egoteko, haiengandik ikasteko eta, gure neurrian, prozesu horiek sustatu edota babesteko euskal institutua sortu. Adibidez, Kolonbia eta Bangsamoro bezalako herrialdeetako eragile eta instituzioen eta euskal eragile eta instituzioen arteko lankidetza sustatzeko.

    Giza eskubideen defendatzaileen alboan lerrotu, haien herrialdeetan burutzen duten lan politikoa aitortuz eta honek hainbat lurraldetan ekarri ahal dien biolentzia egoera agerian utziz. Egoera urgenteenetan, nazioarteko defendatzaileen sareen barnean kokatuko dugu gure lurraldea, urgentziazko harrera eskaintzeko espazio bilakatu dadin.

    Feminismotik ikustarazten ari diren zaintza kate globalen gaineko ardura hartu. Zaintzen sektore publiko sendo bat ez izateak prekarizatutako kate globalak sustatzera daramatzala ikusirik, gizarte zerbitzuen arloan egiten dugun ekarpena mahai gaineratzeaz gain, nazioartetik gure herrialdera zaintzera etorritako milaka pertsonen, bereziki emakumeen, lan eta bizi baldintzak duintzeko konpromisoa hartzen dugu, euren jatorrizko herrietan bertako erakundeekin gestioak bideratzen lagunduz.

    Euskal Enpresek Atzerrian eragiten dituzten Inpaktuak Ebaluatzeko Zentroa sortu. Inplikatutako eragileen parte hartzea sustatuz, zentro horrek gaitasuna izango du kontu ematea, sektoreen arteko elkarrizketa eta enpresentzako prestakuntza sustatzeko, politika publikoari buruzko irizpenak egiteko eta enpresak zigortzeko, haien enpresa-ekintzan giza eskubideak urratuz gero.

  5. Garapenerako lankidetza

    Administrazio publikoetan garapenerako lankidetza politika koherente eta konprometituak bideratu. Garapenerako Lankidetza politika publiko egonkor gisa ulertzen dugu, eta gizarte zibil antolatuaren erakundeekin batera indartu eta betearazi behar dela uste dugu. Koherentzia bultzatzea ezinbestekoa izango da. Administrazio bakoitzaren autonomia errespetatuz, udalerrien, foru-aldundien eta Jaurlaritzaren artean artikulatzeko gunea osatuko dugu, euskal lankidetza deszentralizatuaren berariazko nortasuna planifikatzeko, eta kronogramak eta administrazio-irizpideak harmonizatzeko.

    Ikuspuntu feminista, Euskal Lankidetzaren analisi integralerako esparru bezala kokatu. Ikuspegi intersekzionala aintzat hartuz, bereziki indarkeria matxistari aurre egiteko proposamenak, edota eskubide sexual eta erreproduktiboak eta ongizate baldintzak bermatzen dituztenak indartzeko lan egingo dugu. Norabide honetan, zaintza kate globalen ardura politikoa gure eginik, jatorrizko herrialdeetan kate hauek duten eragina aztertu eta ondorioei aurre egiteko lana sustatuko dugu.

    Aurrekontu konpromisoa: Aurrekontu bateratuaren % 0’7. Jaurlaritzak Garapenerako Lankidetzara bideratutako funts publikoak % 0,7ra heltzeko konpromisoa hartzen dugu, eta hau denboran zehar mantenduko da, aurrekontu osoan gorantz berrikusteko konpromisoarekin.

6. Askatasun demokratikoak

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. Urteurrena bete den honetan, azpimarratu behar da Estatu guztiek pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu eta babestu behar dituztela, betebehar juridikoa den heinean. Botere publikoak inperatiboki behartuta daude diskriminaziorik gabe errespetatzera eta bermatzera pertsonen duintasuna eta integritatea. EH Bildutik argi dugu giza eskubideen nazioarteko legedia eta berarengandik ondorioztatzen den balio multzoa oinarri sendoa dela. Baina gaur egun mundu mailan pairatzen dugun ziurgabetasun eta mehatxu larrien aurrean dagoen eraginkortasun eza izugarria da. Sistema honen krisia nabarmena da.

Mundu osoan zehar 100 gatazka armatu baino gehiago piztuta daude. Genozidioek gure kontzientzia izutzen dute. Etengabeko exekuzioak, bortxazko desagerpenak, tortura eta giza eskubideen beste urraketa larri batzuk ugaltzen dira planetan zehar. Gurean ere iraganean zio politikoagatik eskubideen urraketa sakon eta zabal pairatu dugu. Orainaldian printzipio horien bortxaketa jite sozial eta ekonomikoa hartzen ari da, gero eta gehiago.

Ez eskubide zibilen eta politikoen urraketa soila, agian esanguratsuenak,nabarmenenak… baita ere gupidarik gabe bortxatzen dira eskubide sozial, ekonomiko eta kulturalak, bloke horri ingurumenekoak ere gehitzen zaizkiolarik azken bolada honetan. Zentzu horretan, korporazio multinazionalek praktikatzen duten kapitalismo basatiak eskubideak neurri ikaragarri batean urratzen dituzte, han hemen. Beharrezkoa da honetan Behatoki bat sortzea, benetan honen magnitudea ezagutzeko eta erantzun egokiak proposatzeko eta inplementatzeko.

Giza-banakoen eskubideek balio osoa dute ”bereizketarik batere egin gabe arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politiko edo beste edozein motatako jatorri edo beste edozein ezaugarri direla eta”, Aitorpen Unibertsalaren arabera. Gure lurrean ere giza eskubideak ezin egikaritzeak edo urraketa zuzenek bigarren mailako hiritar multzoa sortarazten dute jatorri, arraza, sexu orientazio edo identitateagatik, soslai sozio ekonomikoagatik… Gure belaunaldi honetan ohikoak bihurtzen ari diren gorroto hutsegite, diskurtso eta delituek ezberdintasun sozialak hartzen dituzte jo-mugatzat.

Pedagogia eta hezkuntzaren bitartez, elkartasuna eta aniztasuna indartuz, aurre egin behar zaie gorroto gertakariei, “0” tolerantzia eskema baten baitan gure komunitatea ahalmenduz.

Nola ahaztu eskubide kolektiboak. Norbere kultura, hizkuntza, identitatea, nortasunari eskubidea eta herrien autodeterminaziorako eskubidea, Nazioarteko Paktuetan jasoa dena hitzez hitz, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen bitartez konjugatzen dugu. Ekimena hartu behar da praktikara eramateko, adostasun zabal bat lortzeko hemen, erabakitakoak munduaren aurrean errespetua jaso dezan.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala garrantzitsua da: eskubide eta askatasunak praktikan egikaritzeko eta urraketen aurrean euren defentsa gauzatzeko babes sistema oso bat ere ezartzen du, maila ezberdinekoa: unibertsala, nazioartekoa, erregionala, lokala. Eta azken bolada honetan horren krisia inoiz baino nabarmenagoa da. Guk, gure txikitasunetik, giza eskubideen babesaren sistema indartu behar dugu, dagoen ziurgabetasuna gainditzeko, babes tresnak eraginkorrak izan daitezen. Asko geratzen da egiteke. Egunerokotasunean giza eskubideen balioak sustatzea, botere publiko guztiei exijitzea eta pertsona guztiak mundu osoan etengabeko mehatxuetatik defendatzea da EHBilduren konpromisoa.

Zentzu honetan botere publikoek giza eskubideak eta askatasun demokratikoak errespetatuak izan daitezen betebehar ekidinezina dute. Herritar orori segurtasuna bermatzea eta gizarte bezala elkarbizitza baketsua eskaintzea eskubide indibidual eta kolektiboen errespetuan oinarrituta egon behar dira. Justiziara sarbidea erraztea, prozedura egokiak eta ebazpenak garaiz ematea, abokatuen defentsa eta prokuradoreen ordezkaritza ziurtatzea, norbere hizkuntzan jarduteko baliabideak ematea, frogen praktiketarako bitartekoak handitzea… Guzti horrek justizia sistemarekiko herritarrengan dagoen konfidantza maila baxuari buelta ematea ekarriko du ( Soziometroetan okerren baloratua den administrazioa da) eta batipat justizia sistemaren erregenerazio eta modernizazioan pausu garrantzitsuak izango dira. Konsziente izanik EAEk arlo honetan eskuduntza mugatuak dituela asko dago egiteko.

Espetxe sistemaren eskuduntzaren eskualdaketak berebat, aukera paregabea eskaintzen du beste kartzela-politika bat garatzeko, zeinean kartzela zigorraren aurrean bestelako neurrien aplikazioaren aldeko hautua egingo den eta kartzela zigorra betetzen den kasuetan gizarte aurreratuenen pareko politikak inplementatuko diren, pertsonaren bergizarteratzean oinarrituta, kartzelaratzeko kausen gaineko diagnosi eta neurriak ezarriko diren, benetako prebentzio politikak eta ondoren jarraipen indibidualizatuak. Azpiegiturak, programak, espetxe legeriak eskaintzen dituen politika aurrerakoienak berrikusi eta pertsonal arloan eman beharreko jauziak izango dira ardatz.

Arartekoaren figuraren eta atribuzioen sakontzeak ekarriko du ere giza eskubideen eta askatasun demokratikoen betetzearen gaineko kontrola areagotzea eta finean gizarte demokratikoago baterako urratsa.

Segurtasuna

DIAGNOSTIKOA

Euskal gizarteak, Europako mendebaldeko beste edozein gizartek bezala, erronka eta kezka ugariri egin behar die aurre segurtasunaren ikuspegitik begiratuta. Ikuspegi subjektibo bat da, pertsona edo kolektibo batetik bestera aldatzen den pertzepzio bat.

Bide errepresibo-punitibo klasikoaz (delituaren prebentzioa eta, prebentzioak huts egiten badu, jazarpena bilatzen ditu) eta segurtasuna eskubideen berme gisa ikusteaz gain, segurtasunaren hirugarren alderdi bat landu nahi du EHBilduk zainketa komunitario gisa, gizarte-harremanak eta elkartasun kolektiboa indartzeko segurtasunari berari erasotzen dioten gertaeren aurrean.

Oro har, bizikidetzari eragiten dioten jarrerak hainbat faktorerekin lotutako alderdiekin uztartzen dira, hala nola gizarte-bazterkeria, pobrezia, adikzioak eta buru-osasuneko arazoak, besteak beste. Neurri erreaktibo-errepresibo hutsak ez dira eraginkorrak izan segurtasuna lortzeko, eta lehen adierazitako kausa horiek azpimarratzea, aldiz, balio segurua da proposatutako helburua lortzeko. Segurtasuna, oro har, poliedro bat bezala konfiguratu behar da, non figuraren aldeek norberaren segurtasunean zein segurtasun kolektiboan eragin dezaketen ezagutza-arlo sozialak irudikatuko dituzten. Ildo horretan, poliziak (Udaltzaingoa eta Ertzaintza), osasun-arloko profesionalak, gizarte-ongizatearen arlokoak, hezkuntza-arlokoak, berdintasun-arlokoak, hirigintza-arlokoak, judikaturakoak, fiskaltzakoak, kriminologia-arlokoak, eta abar, koordinatu egin behar dira tokiko mahaietan zein EAE osoan berehalako, eta epe ertain eta luzerako soluzioak proposatzeko.

Horrenbestez, segurtasuna herritarren kezka bat, eskubide bat eta bokaziotik eta profesionaltasunetik eman behar den zerbitzu publiko bat dela ulertzen dugu. Hurbiltasunetik eta espezializaziotik eman beharrekoa. Beren funtzioak modu arrazional eta koordinatuan egikaritu behar dituzten hainbat agentziatatik eskaintzen den zerbitzu bat. Jarduketa publiko bat, guztiak bezala, berriz formulatu beharreko baliabide mugatuekin eraginkorra eta jasangarria izan dadin. Gure artean ditugun arazo anitzei aurre egin behar dien zerbitzu bat: zibersegurtasuna, gorroto-delituak, emakumearen aurkako indarkeria, haur eta nerabeen kontrako indarkeria, ingurumen-delituak, kriminalitate era berriak nazioarteko testuinguruan…. Erantzun berriak eskaini behar dizkiegu erronka berriei.

Eta, jakina, segurtasuna funtsezko eskubide eta askatasunak gauzatzearekin orekatu nahi du EHBilduk. Arlo horretako gauzak eraldatu nahi ditugu. Eskubide guztiak euskal herritar guztientzat Euskal Herri osoan, horixe da gure leloa. Ezin dugu fatalismoan erori, buru-belarri aritu gara helburu hori lortzeko eta segurtasun-eredua eraldatzeko.

Oposizio gisa egin dugun lanean zaildu egin gara azken hamarkadetan inposatu den segurtasun-ereduaren azterketan eta kritikan. Proportzionaltasunik gabe eta modu ez-eraginkorrean eramandako kasuak aztertu ditugu, sarritan aurreikuspen-faltagatik eta aurrea ez hartzeagatik, zuzendaritza politikoaren delegazioagatik eta utzikeriagatik eta, kasu askotan, Segurtasun Sailaren kudeaketa desegokiagatik gertatzen direnak. Manifestazio- eta greba-eskubideen urraketa, Mozal Legearen abusuzko aplikazioa, eta neurriz kanpokoa eta arbitrarioa izan den jokaerarekin lotutako hainbat gertakari larri izan dira azken urteetan. Ezin dira ahaztu agente batzuek erabili izan dituzten esamolde agresiboak, euskarafoboak eta baita modu irekian eskuin muturrekoak ere. Ezin dugu aipatu gabe utzi Ertzaintzan jarraipen zabala izan duen protesta korporatibo asindikala, non agerian geratu diren kidegoan jada sumatzen ziren hainbat jarrera eta modu, orain arte nabarmentzen utzi ez bazaie ere.

Bestalde, Sailaren gardentasun-falta etengabea izan da. Sekretismoak eta polizia-eraginkortasuna babesteko informazioaren zentsurak ezinezko misio bihurtu du protokoloetan eta instrukzioetan sartu ahal izatea. Herritarren eskubideak hartzen ditu eraginpean opakotasunak, herritarrek ez baitakite zer mugarekin ematen den polizia-zerbitzua. Atestatu eta ikerketa sentsibleen informazio erreserbatua komunikabide jakin batzuei etengabe filtratzen zaien bitartean, kanpoko kontrol instituzional eraginkor bat egitea (hala nola parlamentarioa) hesi-lasterketa bat da.

Beste zentzu batean, Sailak Ertzaintzaren eredua udaltzaingoetara edo larrialdi-zerbitzuetara edo suhiltzaileetara zabaltzeko duen borondatea nagusitzen dela ikusten ari gara. Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Akademiaren gaitasuna agortuta dagoela ikusi daiteke argi eta garbi, eta ez soilik izangaien prestakuntza-premiei erantzuteko, baita hautaketa-prozesuak egiteko ere. Izangaiak joera politiko-sozial jakin batetik ebaluatzeko “soziograma” bezalako metodoekin eta EPE bateratuekin, Arkautek ez dio erantzuten pertsonalaren hautaketa aukera-berdintasunetik egiteko eta zerbitzatu behar duen sozietatearen isla izan behar duen polizia bat lortzeko helburuari.

Disfuntzio horiek direla-eta, eztabaida sakon bat jarri nahi izan dugu abian polizia euskaldun, moderno, zibil, hurbileko, eraginkor eta garden bat izateko. Eztabaida hori naturaltasun osoz garatu da Kataluniako Parlamentuan edo, esaterako, Bilboko Segurtasun Itunaren inguruan, baina Eusko Legebiltzarrean ez da egin nahi. Galdutako aukera bat.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Adostasunak irekitzea. Elkarrizketa indar politikoekin eraldaketa estrategiko bat gauzatuko duen Segurtasun Itun batera iristeko, gardentasunaren, hurbiltasunaren, efikaziaren, fiskalizazioaren eta herritarrei kontuak ematearen printzipioekin bat etorriz.

  2. Segurtasun-zerbitzuak birdimensionatzea. Ertzaintza hierarkikoki nagusi den eredu baten aurrean, segurtasun komunitario eta hurbiltasun birdimentsionatu baterako trantsizioa proposatzen dugu, segurtasun-funtzioen banaketa kooperatibo eta egoki baten bidez. Hiru zeregin horretarako:

    – Agenteak kriminalitate-tasa objektiboen eta erantzun beharreko operatiboen ebaluazioaren arabera berregokitzea, Lanpostu Zerrenda aldatuz.

    – Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko funtzioen banaketa objektiboaz gain, segurtasunean diharduten agentzia guztien funtzioak berregokituko dira, hau da, Babes Zibila, larrialdien, erreskateen, suteen eta salbamenduaren arloetan lan egiten duten agenteak, baita prebentzioaren, hezkuntzaren eta pedagogiaren arlokoak ere.

    – Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzeko 15/2012 Legearen erreforma helburu hori hartzeko.

  3. Efikazia. Euskal segurtasun-ekosistema osatzen duten segurtasun-arloko zerbitzu eta agentziei dagokienez, batzuek besteekiko duten mendekotasun-harremaneko egungo eredua desagerrarazi behar da, harreman hori koordinazio funtzional operatiboko harreman bihurtzeko. Udaltzaingoek tokiko premiekiko duten izaera asimetrikoa kontuan hartu behar da, eta gatazkak bideratzeko udaltzaingo bakoitzak dituen gaitasunak balioan jarriko dira.

  4. Gardentasuna. Hiru esparru:

    – Herritarrekin izan beharreko komunikazioa hobetzea, filtrazioen edo datu eta informazio interesatuak ematearen aurka borrokatuz. Herritarren eskubideak eraginpean hartzen dituen protokolo eta instrukzioak argitaratzea.

    – Barne-ikuskapeneko eta kontuak emateko sistemen erreforma, bereziki Ekinbide erremintarena, tresna erabat ezereza baita polizia-jarduketen kritikak edo salaketak hartzeko eta erantzun egokia emateko barne-erantzukizunak garbitzeari dagokionez.

    – Kanpo-kontrola: Egungo Kontrol eta Gardentasun Batzordearen konfigurazioa eta lan-metodoak berrikustea, Batzordeak gaur egun sailburuak soilik eskatuta egin ditzakeen kasuetan ofizioz jarduteko aukera izan dezan. Batzorde hori Arartekoaren bulegoak egiten dituen jarduketetara bitarteko eta erreminta gehiagorekin lotzea, polizia-jarduketa monitorizatzeko eta zaintzeko ekimenen sakabanaketa saihestuz. Tortura Prebenitzeko Mekanismoa monitorizatzeko eta kontrolatzeko erremintak onartzea poliziak egindako giza eskubideen urraketak, abusuak edota jardunbide desegokiak aurkitzeko eta tratatzeko Nazio Batuek proposatutakoarekin bat etorriz.

  5. Desmilitarizazioa. Su-armen erabilera gutxitzeko programa, armarik gabeko patruilaren programa bat eginez eta armarik gabe egingo liratekeen jarduketen katalogo bat prestatuz. “Hilgarriak ez diren” armak (foam jaurtigailuak, taserra) deitutakoen benetako efektuari buruzko azterketa, arriskutsuenak kentzea, eta erabiltzeko muga zorrotzak ezartzea, muga horiek publikoak izango direlarik. Gure ikuspegiaren arabera arma horien logika ez da su-armen osagarri izatea, baizik eta arma horiek ordeztea. Brigada Mugikorreko agenteak hiriburuetako komisaldegietako herritarren segurtasunarekin lotutako atribuzio normaletan birkokatzea. Jarrera kementsua eskuin muturreko sinbologia, enblemak, parafernalia edo jarrerak desagerrarazteko.

  6. Hautaketako eta prestakuntzako prozesuak birdiseinatzea. Polizia eta Larrialdietako Akademia erreformatzea segurtasun-arloko gradu-ikasketak izango dituen Segurtasun Institutu bat sortuz, Polizia, Suhiltzaile eta Larrialdietako Eskola institutu horren mende egongo delarik. Agentzia horiek guztiak eta haien ordezkaritza sindikala bertan izango diren kontseilu errektore bat sortzea. Egungo eskumenak eta hautaketa-metodoak birformulatzea, zehazki, soziograma ezaguna eta EPE bateratuak. Akademia deszentralizatzea eta udaltzaingorako prestakuntza espezifiko eta jarraitua bertatik eramatea, hiru hiriburuetan eskainiz.

  7. Segurtasun eta larrialdietako lanbide-heziketako prestakuntza-modulu espezifiko bat ezartzea hezkuntza-sistemaren barruan prestakuntza arautua emateko.

  8. Herritarren gatazketan bitartekaritza-lanak egiteko eta gatazkak judizioz kanpo bideratzeko beste teknika batzuk bilduko dituen protokolo bat lantzea.

  9. Ertzaintzaren espezializazioari ekitea: desagertutako pertsonen unitateak sortzea, haur eta nerabeenak, gorroto-delituenak, hirigintzakoak, eta administrazio publikoen eta ingurumenaren aurkako delituen unitatea indartzea. Arreta presentziala eta ikerketa indartzea eta hobetzea.

  10. Biktimak hartzeko zerbitzua. Delituen biktimak artatzeko prestakuntza eta protokoloak ezartzea, delitu horien larritasuna dela-eta (genero-indarkeria, bereziki) biktimak kalteberatasun-egoera berezian eta harrera espezializatua izateko premia handiagoarekin dauden kasuetan.

  11. Larrialdi-premiei erantzuteko plan estrategikoa. Larrialdiek, babes zibileko zerbitzuek, eta sute eta erreskateetarako zerbitzuek, boluntarioen bidez ematen direnek barne, koherenteak izan behar dute, gaur egun ez baitaude koordinatuak eta ez baitute baliabide nahikorik.

  12. Erkidegoko egiazko kriminalitatearen mapa estatistiko bat izateko datuak lortu, erregistratu eta zabaltzeko sistemak birdiseinatzea (datuen jasoaldia herriaren tamainari jarraikiz egitea baztertuta), baita polizia-jarduketari buruzko ondorio estatistiko objektibo eta zorrotzak ere (ondorioak eta efektuak jasoz, eta su-armak eta defentsak erabiltzeari buruzko estatistikak landuz). Datu horiek Fiskaltzak eta Botere Judizialak ematen dituenekin koordinatzea, koherentzia emanez.

  13. Emakumea euskal polizian modu paritarioan sartu dadila bultzatzea, genero-berdintasunaren helburua lortzeko.

  14. Anbizio handiko programa bat diseinatzea segurtasun-zerbitzua euskaraz eman ahal izateko. Segurtasuneko pertsonala euskalduntzeko plan bat erabakiko da eta planak lehentasuna izango du: erronkak, epeak, aitzakiarik gabe lortu daitezkeen helburuak, egiaz eta modu bideragarrian.

  15. Geroz eta gehiegizkoagoa izaten ari da kontrolatzeko eta zaintzeko gailuen, adimen artifizialeko sistemen eta segurtasun-funtzioei aplikatutako algoritmoen erabilera. Kontrol publikoa behar duten erremintak dira, beren kalitatearen eta egiazkotasunaren bermea, baita erreminta horiek erabiltzeari buruzko protokolo argiak ere, polizia-erakundeak zein erreminta horien aurrean herritarrek dizuten funtsezko eskubideak bermatzeko. Eraldaketa digitalari buruzko atalean sakontzen dugu gai horren inguruan.

  16. Foruzaingoarekin koordinazioko eta lankidetzako akordio integral bat sinatzea.

  17. Espainiako segurtasun-indarren eskumenak eta agenteen kopurua modu progresiboan gutxitzea behin betiko atzera-egitearen bidean, zenbait eskumen –ingurumena eta itsasoko erreskate-lanak– hartuz, baita zenbait eskumen historiko ere, hala nola errepide-kontrolak, oraindik ere inolako lege-babesik gabe egiten dituztenak.

  18. Kongresuan eta Senatuan Mozal Legea (Herritarren Segurtasunari buruzko Legea) erreformatzeko neurriak hartzen diren bitartean, lege hori ez aplikatzeko konpromisoa hartuko da funtsezko askatasunak urratzen diren kasuetan, eta Ertzaintzako zuzendariarena izango da prozedura horiek ebazteko atribuzioa, eta tramitea etetea erabaki ahal izango du kasu horietan.

Justizia

DIAGNOSIA

Pandemia eta pandemia osteko abaroan, justizia boterean hainbat esku hartze ikusi ditugu. Horien adibide dira osasun larrialdian hartutako erabakien kontrako ebazpenak edota euskaldunon hizkuntza eskubideen kontra botere judizialaren ebazpen larriak. Gure kasu zehatzean, gainera, ez dauzkagu behar genituzkeen tresna guztiak gure esku garrantzizko zerbitzu publiko honi modu egokian erantzuteko. Ez baitugu arlo guztietan gure legedia garatzeko eskumena –Autogobernuaren ponentzian gure proposamenek hori exijitzera jo badute ere- eta horren ondorioz, ezta ere legeak betearazteko gure justizia sistema egikaritzeko. Izan ere, justizia espainolaren menpe gaude.

Estatutuak aurreikusten duen eskumena Justiziaren administrazioa antolatzera murrizten da. Hainbat zerbitzuk modu egokian funtzionatu dezaten, antolaketa arazo estruktural larriekin aurkitzen gara.

Justiziako langileak euskal administraziokoen baldintzetara ekiparatzeko bidean urrats garrantzitsua eman da gorputz teknikoen (Prozesu Tramitazioa, Kudeaketa eta Laguntza Judizialeko kidegoak) Ekiparaziorako IV. Akordioa sinatzearen ondorioz. Honen alde txarra izan da Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko (IVML) langileek ez dituztela era berean lan baldintza egokiak lortu, are gutxiago Osakidetzako medikuen mailarekin konparatuta.

Beste alde batetik, justiziaren paralisia argia izan da. Pandemiak agerian utzi ditu justiziako administrazioaren ahulezia eta mugak. Horien artean, Euskara eta Hizkuntza eskubideen bermea azpimarratu beharko genituzke. Izan ere, justizian euskaraz jardutea ia ezinezkoa da. Horregatik, beharrezkoa da prozesu judizial oso bat egiteko “proiektu pilotuak” egitea hainbat epaitegietan. Era berean, digitalizazioaren eremuan ere arazo nabarmenak ageri dira. Izan ere, justiziaren modernizazioaren prozesuak arazo desberdinak mahai gaineratu ditu, besteak beste, eremu digitalizatuan euskaraz jarduteko oztopoak nabarmendu dira azken urteetan.

Gazte Justiziaren arloan ere eredu aldaketan sakontzeko beharra ezinbestekoa da. Izan ere, adin txikiko pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzeaz gain, euren garapenean sakondu eta ondoeza modu egokian gainditzeko prozesuan parte hartzen duten langile ororen arteko harremana eta lotura bermatu behar dira, interbentzio eredua aldatu asmoz. Horretarako hezkuntza eta pedagogia ereduak zabaldu eta indartuz. Azpiegitura eta inguruneak duen garrantzia eta eragina kontuan izanik, Gazte Justiziaren arloan dauden azpiegituren azterketa sakona egitearen garrantzia azpimarratzen dugu eragin positiboa izango duten inguruneak eraiki asmoz. Era berean, Gazte Justizian lan egiten duten langileen lan baldintzak hobetu eta enpleguak egonkortzea ezinbestekoa da.

Berezko Justizia administrazioa antolatzeko arazo estruktural larriekin aurkitzen gara –eskumen falta- baina baita ere premia, erronka eta arazoei aurre egiteko Justizia Sailaren ez-gaitasun osoarekin topo egin dugu: emakumearen bortizkeriaren Epaitegietan dauden gabeziak, espediente digitala garatzeko zailtasuna, zerbitzua euskaraz emateko ezintasuna, zerbitzu batzuen utzikeria, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua.…

Formazioa euskaraz murrizteaz gain, perfilatutako plazak ezin dira LEPera atera, Justizia Ministerioak debekatzen baitu. Beraz, konkurtso zehatzaren bitartez bakarrik bete daitezke. Indarra egin behar da plaza hauek oposizio bidez betetzeko arautegia aldatzeko.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

Euskal justizia-botere baterantz

  1. Justiziako langileek Ekiparaziorako IV. Akordioa lortuta berau betetzea dagozkion osagarriak, pentsioak, gizarte-segurantza, klase pasiboak… kontutan hartuta, ekiparazioamodu errealistan burutzeko behar besteko aurrekontu-gaikuntzarekin.

  2. Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren langileen defentsan, euren lan eskubideak Ekiparaziorako IV. Akordioan jasotzea. Prestakuntza eta formakuntza bultzatu. Lan- prestigioa galtzea eta lan-destino gisa interesik ez izateagatik plantilla zaharkitzearen arazoa zuzentzea.

  3. Justizia Administrazioaren Letraduen kidegoen erabateko transferentziaren alde lan egin.

  4. Emakumeen aurkako Indarkeriaren Epaitegietan oraindik dauden egiturazko gabeziak eta baliabide falta gainditzea. Indarkeria matxistaren arloko espezializazioa eta prestakuntza espezifikoa sustatzea, haien eskubideak baliarazteko eta berriz biktimizatzea saihesteko, Europako araudiarekin zein 1/2022 Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearekin bat etorriz.

  5. Haur eta nerabeen epaitegien diagnostikoa eta plangintza, zaurgarritasun-egoeren prebentzioari buruzko plan bat barne hartuta, bai eta asistentziaren eta exekuzioaren arloan ere, ikuspegi horretan erakundeen eta eragileen esku-hartzea bateratuz eta indartuz.

  6. Gazte Justizia Plan berritua, esku hartze eredua gaurkotu asmoz. Adin txikiko pertsonen ondoeza gainditzeko helburuarekin, hezkuntza eta pedagogian zentratuko den bide orria diseinatzea. Horretarako egungo Gazte Justiziaren eremuari buruzko aurre azterketa egingo da, esku hartze eredua eta azpiegituren nolakotasunean fokua jarriz. Era berean, Gazte Justizian lan egiten duten langile ororen lan baldintza duinak bermatzeko neurri berezituak hartuko dira, langile hauek beharrezko duten formakuntzarako baliabide berezituak ezarriz.

  7. Epaitegien zerbitzu digital gaurkotua ezartzea, euskara ardatz hartuta. Zentzu horretan, espediente digitala ezartzearen gabeziak eta disfuntzioak eta administrazio edo kidego desberdinetako sistema informatikoen arteko bateraezintasuna konpontzeko plana.

  8. Urrats sendoak eman prozedura judiziala osorik euskaraz hasteko eta amaitzeko aukera emanez, esperientzia pilotu bat bultzatuz, prozedurak euskara hutsean izapidetu eta bideratzeko.

  9. Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu asmoz, justiziaren Lan enplegu publikoetan, euskara eskakizunak eta perfilatutako plaza eraginkorrak ezartzeko araudia aldatzeko beharra.

  10. Emakumeen edo haur eta nerabeen aurkako abusu edo indarkeriagatik aurrekariak dituzten gizonei zaintza partekatua ukatzeko legeria eguneratzea.

  11. Euskal Zuzenbide Zibilaren garapena irmoki bultzatzea.

  12. Bulego Judizial berria ezartzeko prozesua amaitzea, eta aurreko ezarpenetan hautemandako arazoak eta gabeziak antzematea eta konpontzea, batez ere langilerik eza.

  13. Doako justiziaren eskubidearen kasuak eta onuradunak zabaltzea, baldintza ekonomiko edo sozial kaltegarriek justiziara iristeko eskubidea gauzatzea eragozten ez dutela ziurtatzeko.

  14. Justizian dauden zerbitzuen azpi-kontratazioen mapa berraztertu, esleipen prozesuen oinarrien gainean prestazio baldintzak betetzen direla ziurtatu eta horien kudeaketaren gainean kontrola ezarriz. Zerbitzu hauen publifikazioa aztertu beharko da, administrazioaren pertsonal laboralaren bidez prestatzeko, titulazioa, kapazitazioa, profesionaltasuna bermatzeko eta langile hauetako batzuen prekarietatearekin amaitzeko.

  15. Erregistro zibilen euskal zerbitzu publikoaren transferentziaren alde lan egin.

  16. Biktimari Laguntzeko Zerbitzua, Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua eta esku hartzeko eta gauzatzeko programa zehatzak bultzatzeko giza baliabideak eta baliabide materialak eta ekonomikoak birdimentsionatzea. Balorazio integraleko zerbitzua eta talde psikosozialak sustatzea indarkeria matxistari eta familia-prozesuei dagokienez.

  17. Fiskaltzak eta zigor auzitegiek gaur gaurkoz estatuko Segurtasun indarren zerbitzuak lehenesten dituzte Ertzaintzaren aurretik. Hori dela eta, Ertzaintza polizia integral gisa, beren polizia judizialaren funtzioak ere egokituko dira.

  18. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskumena duen ustelkeriaren aurkako bulego publikoa eta fiskaltza sortzeko eskatzea.

  19. Gardentasuna justizian. Beharrezkoa da gobernu ona kontrolatzeko aurreikusitako mekanismoak Justizia Administraziora zabaltzea, bereziki haren jarduera baloratzeko edo neurtzeko mekanismoak, herritarren ikuspegiaren eta iritziaren informazio-mekanismo tasatuen bidez. Alderdi horiek guztiak aintzat hartuko dituen eta urtero herritarrei informazioa emango dien Behatokia sortuko da.

  20. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako justizia-administrazioaren misio eta ikuspegi berri baten balio eta erronka berrien komunikazio eta hedapen plana, zerbitzu moderno, eraginkor, arin, euskaldun eta gure herritarren beharrekin konektatuaren garrantziaren pedagogia eginez, Euskal Botere Judiziala bultzatzea eta sortzea barne.

Euskal espetxe sistema

DIAGNOSIA

Kartzela ereduari buruzko diagnostiko zehatz baten gainean, EHBilduk zigor- eta espetxe politikaren gertuko sistema alternatibo oso bat diseinatu zuen, hainbat neurri zehatuz, gizarte moderno eta solidario batekin lotutakoa, espetxeratuen gainean kezka jartzen duena, presoen eskubideak errespetatzen dituena, osotasun fisikoari, osasunari, garapen pertsonalari, behar psiko-sozialei garrantzia ematen diona eta, nola ez, gizartean ahalik eta hobekien eta azkarren berriz txertatzeko eskubideari lehentasunezko erantzuna ematen diona. Neurri horiek ez dira guztiz inplementatu.

Euskal gartzelaren espetxe eskumena lurra hartzen ari da, kudeaketaren bigarren urtean. EHBilduk eskumen honen inplantazioarekin jarrera erreztailea izan du, batez ere barruko lobby eta eskuin-muturretik etorri diren erasoen aurrean. Hala ere, espetxe eremuko arazo handienetarikoa espetxeratuen oinarrizko eskubideen bermea dira, zoritxarrez, hainbat heriotzen berri izan baitugu azken urte luzeetan. Hori ekiditeko berme eta neurriak hartzearen garrantzian sakontzeko beharra adierazten dugu.

Kartzela eskuduntzaren transferentziaren etorreraren testuinguruan, EHBilduk lan handia egin du egoki gauzatu eta kudeatu dadin. Jarrera proposatzailea eta aldekoa, adibidez, Aukerak agentzia sortzeko irailaren 30eko 3/2021 legearen aldeko jarrera ere izan genuen, beharrezkotzat hartzen genuelako horrelako tresna espetxe barruko bizitza kudeatzeko. Eskumen honen ezarpenak hainbat oztopo izan ditu, gaur gaurkoz gainditu beharrekoak. Norabide onean eta tresna guztiak eskutan egonagatik, orain urratsak eman behar dira espetxe politika ezberdin, alternatiboa, gizatiarragoaren beharra. Hori da gure apostua.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

Espetxeen eskumenari dagokionez, kudeaketa alternatiboko eredu bati aurre egin behar zaio, honako hauek dakartzana:

  1. Behin espetxeetako funtzionarioak euskal administrazio publikoan berratxikita, gaur egun mantentzen diren plantilla beharrei aurre egitea Lan enplegu publikoaren deialdien bitartez.

  2. Euskal bizilekua duten presoak euskal espetxeetara borondatez lekualdatzeko plana, bai eta EAEn dauden presoak beren jatorrizko lekuetara eramateko ere, hala eskatzen badute. Printzipio horren arabera, Justizia zuzendaritzak ez ditu euskal presoak Estatuko espetxeetara igorriko portaera arazoengatik.

  3. Espetxeetako langileen ratioak aztertzea, errealitate berri horretan oinarrituta,
    segurtasun-funtzioak aldatuz eta tratamendu-funtzioak lehenetsiz.

  4. Plan Estrategikoa, gutxiengo nazionalak, etnikoak, linguistikoak, erlijiosoak errespetuz tratatzeko neurriekin.

  5. Euskara ikasteko plan anbiziotsua, bai langileen artean, baita ere espetxeratuen artean, euskara bersozializaziorako tresna garrantzitsu gisa kontsideratua.

  6. Emakumeei espetxean ematen zaizkien bizi-baldintzak, diseinu arkitektonikoa eta zerbitzuak egokitzea. Arreta ematen dieten profesionalen prestakuntza espezializatua, bai eta amentzako moduloak sortuz eta arreta berezia ere, espetxeetatik kanpo dauden EAEko mendeko unitateen mapa eguneratuz.

  7. Errejimen irekia sustatzeko Programa espezializatua, gradu progresioa ahalik eta modu eraginkorrenean eta azkarren joateko, bai eta askatasunaz gabetzen ez duten neurri alternatiboen plan estrategiko bat garatzeko ere, segurtasun-neurriekin eta eskubideez gabetzen duten zigorrekin betetzeko programak sustatuz.

  8. Espetxe-osasunerako jarduera-plan espezifikoa, hiru eremutan: gaixotasun mentalak, droga-mendekotasuna eta gaixotasun infekziosoak, bakoitzari irtenbide zehatzak eskainiz, espetxe sistematik kanpoko errekurtsoak lehenetsiz.

  9. Erregimen irekiko baliabideak berrantolatzea (tutoretzapeko etxebizitzak, gainbegiratutako etxebizitzak, etxe-egoitza txikiak, pentsioak …) hirugarren sektorearekin lankidetzan.

  10. Gizartera itzultzeko unean kartzelaratze egoerak dituen ondorioen aurka borrokatzeko plana eta deserrotzearen kronifikazioa, batez ere kondena luzeenetan, ikuspegi hirukoitza dakarrena: gizarteratzeko eta familian integratzeko bermeak, etxebizitza bat eskuratzea eta laneratzea.

  11. Sailen arteko plana, politika kriminalak eta politika sozialak, hezkuntzakoak, lanekoak, sanitarioak, droga-mendekotasunak gainditzekoak berdintasun-arloan integratzeko… zigor- eta espetxe-politikan.

  12. Zigor exekuziorako azpiegituren Programa bat egingo da, gaur egun dauden azpiegiturei koherentzia emateko eta behar diren plazak arrazionalizatzeko programa, diseinatutako eredu alternatiboaren arabera. Programa horretan integratuko dira laster zabalduko den Zubietako espetxea, Basauriko espetxeari etorkizuneko alternatibari aurre eginez, eta hiru herrialdeetan eraiki behar diren Gizarteratzeko Zentroak (CIS) edo gertutasun ikuspegi batetik, bestelako erregimen irekiko zentroak.

  13. Martuteneko espetxea behin ixten denean eta okupatu duen espazioa birgaitzean, interbentzioa egingo da eraikinak historian zehar eta baita azken garaian ere izan duen izaera memorialistaren ikuspegitik.

  14. Espetxeari buruzko komunikazio- eta pedagogia-plana, herritarrengana hurbilduz.

  15. Hemen adierazitako beharrak betetzeko behar den aurrekontu-zuzkidura.

Gatazkaren konponbidea

DIAGNOSIA

Iraganean izandako giza eskubideen urraketa guztiz larriei buruzko egiaren eta justiziaren esparru baterako eskubidea du euskal gizarteak, esparru hori ezarri eta haren gainean bizikidetza eraikitzeko. Ezin da ukatu bide luzea egin dela, baina biktima guztiek erreparaziorako modu berean dituzten eskubideen betearazpenak eta bermeak ez diete modu egokian erantzun biktima horien premiei.

Era berean, motibazio politikoagatiko presoei aplikatzen zitzaien sakabanatze-politika amaitu da, zorionez. Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena bere gain hartu izanarekin lotu behar da hori, eta horri esker Tratamendu Batzordeek balorazio neurtuagoa dute presoen jarrera eta bilakaerari buruz. Dena den, aplikatzen zaien salbuespenezko legeria iraunaraztearen ondorioz, Auzitegi Nazionalaren espetxe-zaintza zentraleko epaitegiak irakurketa oso zorrotz bat egiten jarraitzen du askatasuna lortzeari begira.

Agertoki bat bultzatu behar da non, gizaki ororen duintasun propioan oinarrituta, ez den ezein giza eskubide edo funtsezko askatasun urratuko. Oinarri demokratikoak indartu behar dira urraketak berriz gertatuko ez direla bermatzeko.

Bizikidetza demokratikoan eta normalizazio politikoan oinarritutako etorkizun batez gozatzeko eskubidea du euskal gizarteak. Aniztasunaren errespetutik abiatuta, ideia eta proiektu politiko guztiak demokratikoki defendatzea eta askatasunean garatzea ahalbidetuko duen esparru politiko bat eraiki behar da, hori saihesten duten eragozpen guztiak gaindituz.

Gure ikuspuntutik, ezin da herri honek 1936ko estatu-kolpetik, gerratik eta diktaduratik gaur egunera arte bizi izan duen gatazka bereizi. Horrela, frankismoaren biktimei aitortza eta erreparazioa emateko lege bat bultzatu zuen EHBilduk, eta EAJ-PSE binomioak ezezkoa eman zion lehen une batean. Ez zuten onartu, halaber, Frankismoaren Krimenen aurkako Plataformak –memoria historikoaren arloan dagoen pisu handieneko iritziak– legegintzako herri-ekimen baten bidez helarazi zigun memoria historikorako lege-proposamena. Haatik, beren lege-proiektua ekarri zutenean Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren 9/2023 Legean gauzatu zen akordio batera iritsi ahal izan ginen, eta EHBilduren aldeko botoa izan zuen, hobekuntzak baitzituen egiaren inguruan eta justiziaren inguruan (ikerketa-batzorde bat sortzea eta epaitegien aurrean kereilak tramitatzeko baliabideekin hornitzea, hurrenez hurren).

Aurrerapausoak ikusten ari gara, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko uztailaren 28ko 12/2016 legearen aplikazioan. Estatuaren biktima horiek ikusten ari dira judizioz kanpoko exekuzioekin eta torturekin lotutako beren kasuak aztertuak izaten ari direla, eta ebatziak izaten ari direla, halaber, errekonozimendua eta erreparazioa ematearekin lotutako beren espedienteak. 334 kasu bideratu dira jada (187 aurreko 107/2021 dekretuari jarraikiz eta beste 35 2021. urtean, 46 2022. urtean eta 66 2023. urtean). Aipatzekoa da adituen landa-txostenen arabera 5.000tik gora kasuri buruz ari garela hitz egiten, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ezin dira aurrerapausoak ukatu, baina erritmoa etsigarria da, eta, gainera, justizia penalak abalatzen ez duen administrazio-errekonozimendu batekin konformatu behar dira biktima horiek. Torturatutakoak eta exekutatutakoak izan ziren, ez dago torturatzailerik eta exekutatzailerik. Balorazio Batzordea gomendioak ari zaizkigu ekartzen, eta gomendio horien gainean legearen testua irekitzea proposatzen dute hobekuntzak sartzeko Estatuaren biktimei egin beharreko errekonozimenduan, erreparazioan eta kalte-ordainean.

“Errelatoaren bataila” deitu izan zaionaren inguruko eztabaida publikoa indarra galtzen ari dela esan badezakegu ere, oraindik ere interesa dago tentsioa eta eraso berriak eragiteko, jardunbide egokiak eta partekatutako ekimenak adostu eta sinergiak bildu beharrean.

Desmilitarizazioaren esparruan, Espainiako segurtasun-indarren “atzera-egitea” izan da orain arte gehiengo parlamentarioaren aldarrikapena. Egungo legegintzaldian, EAJren eta PSEren arteko akordioak beheratu egin du aldarrikapen hori, eta Espainiako indarrak “beren eskumen-esparrura” egokitu daitezela exijitzen da orain. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak eskari hori betearazteko ere gaitasun nahikorik ez duela ikusi dugu.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Frankismoaren biktimak erdian jartzen dituen, eta egian eta erreparazioan sakontzen duen –justiziaren bilaketa barne– memoria historikorako legea inplementatzea, jada gauzatzen ari diren kereilak bultzatuz.

  2. Oroitzapenezko eta giza eskubideen urraketen biktimen duintasuna eta memoria sustatzeko guneak eratzea, zehazki, gudari eta miliziano antifaxistentzako Galdakaoko Kolunbarioa inauguratzea, baita Gasteizko Zaramagako San Frantzisko elizako Martxoaren 3ko sarraskiari buruzko oroimenezko zentroa eta Donostiako La Cumbre jauregia memoriagune gisa ere.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko uztailaren 28ko 12/2016 legea erreformatzea errekonozimendua eta erreparazioa izateko eskaera-epeak berrirekitzeko, 1999ko muga-denbora gure egunetara zabalduz, errekonozimendu-neurriak hobetuz, kalte-ordaineko diru-kopuru eskasei erantzun duin bat emanez eta Balorazio Batzorderako giza baliabide eta baliabide ekonomikoak areagotuz.

  4. Preso politikoak ibilbide bat egiten ari badira ere, legalitatearen barruan, etxera itzultzeko prozesua burutzeko gaur egun oraindik ere aplikatzen ari zaien legediak salbuespenezkoa izaten jarraitzen du. Errealitate politiko berrietara egokitu behar da legedi hori beharrezkoa den lege-eraldaketaren bidez, salbuespenetik lege arrunterako trantsizioarekin. Euskal gehiengo sozio-politikoaren adostasuna bideratuko dugu Espainiako Gorteek dagozkion lege-pausoak eman ditzaten.

  5. Zenbait neurri ezartzea, justizia trantsizional eta berrezartzailearenak barne, presoak ematen dituzten pausoek eta egiten dituzten eskaerek berehalako ondorioak izan ditzaten egungo testuinguru sozial eta politikoari jarraikiz. Erregimen irekiko neurrien aplikazio goiztiarra, eta hirugarren gradurako eta baldintzapeko askatasunerako progresioa dakarren espetxe-politika bat bultzatzea.

  6. Bestalde, irtenbide espezifiko bat eman behar zaio erbesteratu behar izan ziren eta oraindik ere deportazioak dakarren linbo juridiko eta legalean dauden pertsonen egoerari.

  7. Gizarte-babeseko laguntzen edo neurrien programa bat definitzea eta egikaritzea espetxetik ateratako giltzapetuen premia bereziak (lan-arlokoak, hezkuntza-arlokoak, etxebizitzarenak, ekonomikoak, zaintzenak, sanitarioak…) estaltzeko haien gizarteratzea bultzatzeko eta bizitzari modu duin batean aurre egiteko.

  8. Memoria-politika publikoa birbideratzea errelato poliedriko bat bultzatzeko, bidezko ñabarduratik abiatuta adostasunak eta erreparazioa egiteko eta zubiak berreraikitzeko diskurtsoak bateratzeko, tentsio handiagoa eta eraso berriak sortzetik urrun, ekimen partekatuak sustatzeko eta bizikidetza demokratikoko kultura bat lortzeko sinergiak bateratzeko baliagarria izango dena.

  9. Neurri egokiak hartzea Espainiako erakundeek beren erantzukizunak onartu ditzaten Estatuak egindako giza eskubideen urraketetan, eta neurriak hartzea Espainiako segurtasun-indarrek atzera egin dezaten.

Arartekoa

Ezinbestekoak dira Administrazio publikoaren monitorizazio-tresnak. Baina kontroleko eta gardentasuneko mekanismoen kontrolik gabeko dibertsitate batek mekanismo horien intentsitatea eta efikazia gutxitzea ekarri dezake. Arartekoaren bulegoak badu esperientzia eta egitura erakunde publikoen jarduketa zaintzeko eginkizuna betetzeko. Jakina, hobetzeko marjina du, besteak beste Arartekoa Erakundea sortu eta arautzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legeak 40 urte beteko dituelako hemendik gutxira.

Sakon ebaluatu dugu zein esparrutan mereziko lukeen modernizatzea erakunde horri bidali diogun parlamentu-mandatua. Aginduzko erremintak izatea fiskalizazioa onartzen ez duten erakundeek behar bezala eta epearen barruan erantzun dezaten; giza eskubideak eraginpean hartzen dituzten jarduketen zaintza esparru pribatuko korporazio edo erakunde handietara zabaltzea; ikertzeko eta dokumentazioan sartzeko dituen eginkizunak hobetzea; hainbat gaitasun hartzea, hala nola Nazio Batuetako Tortura Prebenitzeko Mekanismoak eskaintzen dituenak; “amicus curiae” figura epaitegien aurrean aurkeztea; alderdiei bitartekaritzako eta justizia berrezartzaileko mekanismoak eskaintzea gatazkak bideratzeko; kexak jartzea “soft law” erakundeetan, adibidez Nazio Batuenetan.

Arartekoak berak adierazi zuen proposamen bat egingo zuela bere legea erreformatzeko, eta talde parlamentarioei helaraziko ziela. EHBilduk bere konpromisoa agertzen du proposatzen digun testua aztertzeko eta, diagnostiko eta gogoeta horien gainean, monitorizazioko erakunde garrantzitsu hori berroneratzeari eta modernizatzeari ekitea.

7. Administrazio publikoaren eraldaketa: efizientzia, modernizazioa eta gardentasuna

SARRERA

Administrazio publikoak herritarren beharrizanak erantzuteko tresna eraginkorra behar du izan. Politika publiko eraldatzaileak gauzatzeko sektore publiko indartsu bat izatea derrigorrezkoa da. Eskuin indarrek eta neoliberalismoaren teoriek sektore publikoa oztopo gisa irudikatzeko erakusten duten nahiaren aurrean ezkerretik sektore publikoaren ezinbestekotasuna aldarrikatzea dagokigu.

Sektore pribatua efizienteagoa denaren ideiari eusten diote eskuin indarrek, herritar guztiok babestuko gaituzten zerbitzu publiko indartsuak desmantelatu eta diru publikoa interes pribatuen mesedetan uzten duen bitartean, gehienetan haiei men eginez, azpikontratazio edota diru publikoaren banaketa irizpideen bidez administrazioa hustu eta askotan bitartekari lan soil bat egitera bultzatuz.

Horren aurrean badago sektore publikoaren defentsa egin behar politiko bat. Baina horrek ezin gaitu dagoenaren defentsa sutsu bat egitera mugatu. Sektore publiko indartsua herritar gehiengoen interesak babesteko tresnatzat dugunok ezin dugu autokonplazentzian erori eta egun dauden gabeziei aurre egin eta administrazio publikoak modernizatzeko duen beharra azaleratu eta berau eraldatzeko konpromiso irmoa behar dugu. Sektore publikoa izan daiteke efizientea, operatiboa eta modernoagoa, digitalizazio prozesuen inplementazioak egin, garaian garaiko beharrizanetara modu malguan antolatzeko gaitasuna erakusten duena eta etengabeko eraldaketa prozesuan jardungo duena, plantillaren eskubideak eta herritarrei zerbitzu emateak modu orekatuan emango dituena.

Aitortu beharra dago: sektore publikoaren antolaketa den administrazioak ez dio egun jendarteak bizi duen abiadurari erantzuten. Sektore publikoa zaharkitua geratu da zerbitzatu nahi duen mundu horren aurrean. Gizartea azkar ari da aldatzen: behar pertsonal berriak, zibilizazio erronka berriak, digitalizazioa,… eskuinak maiz erabiltzen du sektore publikoaren defizit guzti hori pribatizazioaren aldeko hautua egiteko.

Hala ere, ez dute heuren helburu politikoa lortu, jendartean zerbitzu publikoen beharrarekiko kontsentsu zabala egon badago eta. Denok behar ditugu gure bizitzan noizbait kalitatezko hezkuntza, segurtasuna, arreta medikua, azpiegiturak, gure enpresentzat erraztasunak, lanaren kalitatea bermatzeko politikak, etxebizitza publikoaren sustapena…Baina zerbitzu publiko horiek eskaintzeko moduak herritarrengan administrazioak eragiten duen konfidantzan ezberdintasunak handiagoak dira. Askotariko faktoreak aurkitu daitezke hau azaltzeko.

Batetik, zerbitzuen kalitatea bera. Lehen arretako medikuen falta, garraioaren maiztasun eta ibilbideak, kirurgia bat egiteko itxaron zerrendak, ikastetxe publikoen azpiegitura zaharkituak… zerbitzu publikoen kalitatean okertze bat eman denaren iritzia oso hedatua dagoela konstatazio bat da. Pribatizazio prozesuek ere zerbitzu publikoen kalitatean eragin kaltegarria sortu dute, ustez malgutasun eta kriterio ekonomikoen arabera eginda egon arren

Bestetik, administrazioak berak jarduteko duen moduak ere eragiten du zerbitzu publikoekiko mesfidantza, administrazioaren eraginkortasun eta abiadurari lotuta hein handi batean. Justizia administrazioaren geldotasuna, oinarrizko errenta jasotzeko itxaronaldia, kultur sortzaile batek egin behar dituen burokrazia kudeaketa guztiak dirulaguntza bat jasotzeko… horren adibide dira. prozedura garantistek ez lukete azkartasunaren albokaltea eragin behar egun egiten duten bezala. Administrazio efiziente eta modernoago baten beharra urgentziazkoa da.

Azkenik, badago diru publikoaren eta politikan jarduten duten karguenganako mesfidantza handia. Politika desprestigiatzeaz gain, sektore publiko osoak jasotzen duen oinordetza da eta horri amaiera eman behar zaio. Sare klientelarrekin amaitu, administrazio publikora irismena guztiei berdindu irizpide objektiboetan eta ez beste ezertan oinarrituz, diru publikoaren erabilera egokia egiten dela kontrolatu eta herritarrekiko gardentasun handiagoz jardutea dira sektore publikoa herritarrengan prestijiatzeko modua. Herritarrei eskatu ezezik eman egin behar zaielako, zintzotasuna, efizientzia eta kalitatea.

Finean administrazio publiko modernoago eta efizienteago bat behar dugu, diru publikoarekin zorrotz eta kargu publikoekin garden jardungo duena.

Administrazio publikoa prestigiatzeko lau lan ildo nagusitan jardungo dugu datozen lau urtetan:

– Administrazio publikoaren auditoretza sakona
– Administrazioaren digitalizazioa.
– Enplegu publikoa.
– Gardentasuna eta ustelkeriaren aurkako borroka. Kontratazio publiko eta dirulaguntzen politika berriak.

Administrazio publikoaren gaineko auditoretza

Egun administrazioak duen antolakuntza eta plantillaren gaineko auditoretza sakon baten enkargua izan- go da egingo dugun lehen gauza. Funtzio publikoen legeak eta gainontzeko marko juridikoak ezarritako mugak kontutan hartuz, administrazio publikoaren eraldaketa batek egiturazko aldaketak ekarriko ditu baina administrazioa berdimentsionatu beharra dago. Sozietate publiko hainbaten beharra galdekatu, sail bakoitzari atxekitutako pertsonal eta azpikontratazioa berrikusi, zerbitzu pribatizatu batzuen berreskura- pena, amortizatu beharreko lanpostuak amortizatu,… bideorri bat egin beharra dago administrazio publi- koa efizienteago egiteko.

Administrazio publiko digitala

DIAGNOSTIKOA

Eraldaketa digitalak dakartzan agertoki berrietara herritarrak, jarduera ekonomiko guztiak eta administrazio publikoa bera ere egokitzea ezinbestekoa da. Administrazio publikoa ezin da atzean geratu teknologia digitalek dakartzaten onurei muzin eginez eta datozen berrikuntza teknologiko berriei aurre egin behar die. Are gehiago, egoera berrira egokitzeaz gainera traktore eta ekintzaile papera bete behar du; eta eraldaketak digitalak eta adimen artifizialak dakartzan potentzialitateak baliatu gobernu eta administrazio publiko irisgarri, gertuko, adimentsu eta eraginkor bat erdiesteko.

Eraldaketa digitalak ere aukera eman behar digu administrazioa zerbitzu publikoen baitako prozesuak berrasmatu eta hobetzeko, beti ere, eta esan gabe doa, herritarren arretaren eta zerbitzuaren mesedetan.

Eraldaketa digitalaren aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta erronkei eraginkortasunez heltzeko sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza funtsezkoa den arren, ezinbestekoa da eraldaketa digitalaren lidergoa sektore publikoak hartzea eta eragile guztiekin elkarlanean egikaritzea. Biziko dugun eraldaketa digitala sektore publikoaren lidergotik egin behar dugu, sinergia guztiak bilduz, sektore publikoa izan dadin bultzada ematen duena eta eraldaketa digitala herritarren ongizatean ardaztuko duena. Eraldaketa digitalaren lidergoa beregain hartuta, onurak herritar guztiongana iristea izango du helburu, inor baztertuta utzi gabe, gizarte justu eta kohesionatu bat eraikitzeko bidean.

Administrazio Publiko Digitalaren xedea teknologia digitalen bitartez herritarren bizitzak hobetzea izan behar da: burokrazia murriztuz, tramitaziok erraztuz, prozesuen efizientzia handituz, baliabideak optimizatuz eta zerbitzu digitalekiko sarbide irisgarria eta unibertsala bermatuz. Ingurune digital ahalduntzaileak eratuz. Ez daude pertsona desgaituak, ahalduntzen edo desgaitzen duten inguruneak baizik. Digitalizazioak ere horretarako baliatu behar dugu.

Horretarako bultzatuko dugun administrazio digitala estrategia hauen gainean ardaztuko da:

  • Datuen erabilera baliatuko duena, baina herritarren eskubideak eta pribatutasuna bermatuko duena.

  • Burujabetza teknologikoa eta korporazio teknologiko handiekiko menpekotasuna murriztuko duena teknologia libreen ezarpen graduala martxan jarriz

  • Parte-hartze digitala eta gardentasun-prozesuak bultzatuko dituena.

  • Administrazio digital zibersegurua eta azpiegitura kritiko eta datuen zaintza bikaintasunez egingo duena.

  • Inongo alborapenik gabeko adimen artifiziala politika publikoak hobetzeko baliatuko duena.

  • Euskaraz lan eta zerbitzua emango duen administrazioa eratzeko hizkuntza-teknologiak aplikatuko dituena.

  • Langile publikoen konpetentzia digitalak hobetu eta ahalduntze digitalean lagunduko duena.

  • Administrazio digital ahalduntzailea: zerbitzu digitalen unibertsaltasuna bermatuko duena.

Orain arte, arlo publikoaren lidergo falta agerian geratu da eta hainbat faktorek islatzen dute gobernu digitala eta administrazio publiko digitalaren garapen ahula:

  • Menpekotasun teknologiko ikaragarria dago Administrazio publiko osoan, atzerriko korporazio erraldoietan sostengatzen da gaur egun administrazio publikoaren ekosistema informatikoa.

  • Administrazio publikoak eskaintzen dituen zerbitzu publikoetan adimen artifizialaren erabilpena urria da oraindik eta ez dago erabilpenaren etikoaren bermerik.

  • Langile publikoak eraldaketa digitalera egokitzeko eta beraien ahalduntze digitalaburutzeko estrategia falta da.

  • Herritarren eskubide digitalak bermatuko dituen erreferentziazko gunerik ez dago.

  • Hezkuntzan ez dago bermerik software askean irakatsi eta ikasteko, atzerriko teknologika erraldoien menpe, pribatutasun urraketa zantzuekin.

  • Justizia sistemaren digitalizazio integralaren gabezia, ez dago interoperabilitaterik beste administrazioko erakunde batzuekin.

 

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Irisgarritasun unibertsala eta langile publikoen ahalduntze digitala bultzatu.

    Langile publikoen ahalduntze digitala lortzeko Langile Publikoen Egokitzapen Digitalerako Prestakuntza Integralaren Estrategia diseinatuko da. Arreta berezia jarriko zaio langile publikoen gaitasunak areagotuko dituen adimen artifizialaren aplikazioetan eta ordezkatzeko arriskua dauden horietan egokitzapen goiztiarra martxan jarriaz. Zerbitzu-publikoetara sarbide unibertsala bermatuko da inongo arrakala digitalik gabe (generoa, sozio-ekonomikoa, adina, geografikoa, aniztasun funtzionala)

  2. Datuen burujabetza eta gobernatza etikoa garatuko duen administrazio digitala.

    Herritarrek kontzientzia hartu behar dute beren datu pertsonalen jabegoa dutela eta baita hauenganako zein eskubide duten. Adimen artifizialeko sistemak eta algoritmoak erabiltzen dituzten aplikazioetan herritarrek beren datuak nola eta zertarako erabiltzen diren jakiteko eskubidea dute eta administrazio publikoak bermatu egin behar du.

  3. Administrazio publikoaren datu irekiak, seguruak eta kofiantzazkoak bermatuko dira.

    Datu-multzoak bildu, prestatu, kudeatu eta elkarbanatzeko prozedurak eta egiturak ezarriko dira, gainontzeko administrazio publikoek, zientzia eta teknologia-sareak, ehun ekonomikoak eta herritarrek erabili ditzaten beti ere ongi zehaztutako eta auditatutako helburu sozial eta ekonomikoen mesedetan. Beti ere herritarren pribatutasuna eta datuen jabetza lehenetsiz.

  4. Herritarren Nortasun Digital seguru eta deszentralizatua.

    Herritar guztiek gobernuak igorritako nortasun digitala izango dute, eta, horri esker, zerbitzu publikoak era digitalean eskuratu ahal izango dituzte eta transakzio digitalak modu seguru eta eraginkorrean egin ahal izango dituzte. Identitate digitalen kudeaketa segurua eta deszentralizatua ahalbideratuko da, horrek administrazio-prozesuen eraginkortasuna eta segurtasuna hobetu ditzan.

  5. Politika publikoen gardentasuna eta kontuen errendapena erraztuko duen administrazio digitala.

    Politika publikoak sortu, jarraipena egin eta iruzurrak ekiditea helburu izango du, berrikuntza-proiektuak garatuko dira: prozesu administratiboen trazabilitatea areagotu, gardentasuna handitu eta herritarrek erakunde publikoetan duten konfiantza areagotzeko. DirulaguntzeN kudeaketaren jarraipena egiteko, iruzur arriskuen murrizketa, lizitazioen jarraipena eta oro har herritarrek erakunde publikoetan duten konfiantza handiagotzeko

  6. Algoritmoen Erregistro Publikoa sortu eta erabilera egokia bermatuko duten baliabideak ezarriko dira.

    Administrazio Publikoa eredugarri izan behar da eta bide-erakusle izan behar du. Herritarren pribatutasuna eta datuen babesa lehenetsiko dugu, garatzen diren aplikazio teknologiko eta adimentsu guztietan irizpide seguru, etiko eta konfiantzazkoak bermatuz. Europatik datorren AAren Legea betetzeko aurreikuspena eginez, Algoritmoen Erregistro Publikoa sortu eta adimen artifizialeko sistema eta algoritmoen erabilera justu, etiko eta inklusiboa bermatuko duten baliabideak ezarriko dira.

  7. Administrazio desberdinen aplikazio eta datuen Interoperabilitatea eta elkarlan digitala.

    Gobernu digitalak administrazio ezberdinen arteko lankidetza, interoperabilitatea, sistema eta aplikazio informatikoen integrazioa, datuak eta informazioa partekatzea, gardentasuna, bikoizketak saihestea eta soluzio teknologiko berrerabilgarrien erabilera sustatuko du.

  8. BEHIN, lehiatila bakarra: eraginkorra, konfiantzazkoa, erosoa

    Herritarren erreferentziazko sarbidea izango da. Administrazioak digitalizazioak eta teknologia adimentsuek eskaintzen dituen aukerak baliatuko ditu herritarrari bere datu eta dokumentuak modu bateratuan kudeatzeko eta kontsultatzeko. Eraginkortasunez, azkartasunez, konfiantzaz eta erosotasunez erantzungo diena tramitazio-prozedurak diseinatuz. Beti ere, herritarren arreta presentziala bermatuko eta indartuko da.

  9. Hezkuntza Digitala: software librearen aldeko apustua.

    Software Librearen garapen teknologikoak bultzatuko dira hezkuntza komunitatean, hezkuntza legeak hala jasota duen bezala, ikasle eta irakasleak ahaldun digital izan daitezen eta datuen burujabetza nahiz komunitate osoaren pribatutasuna eta eskubide digitalak berma daitezen. Hezkuntzaren Digitalizazioaren Planaren berrikuspena egingo da. (Hezkuntza Legeari egokituta).

  10. Osasun digitala: herritarren zerbitzura.

    Osasungintzan teknologia berriak daukaten eragina handia da (robotika, AA, datuen partekatzea, etab.). Adimen artifizialak herritarren denbora errealeko osasun-jarraipena egiteko ahalmena izanik, diagnostikoaren eta gaixotasunen detekzioaren abiadura eta zehaztasuna hobetu ditzake, osasungintzako zerbitzu publiko eraginkorragoak ematen lagun dezake. Efizientzia handitu eta zerbitzu pertsonalizatuagoa lor daitezke; baina aurrez aurreko arreta presentziala eta pertsonalen zerbitzua indartuz beti ere.

  11. Justizia sistemaren digitalizazio integrala:

    Espediente digitala ezartzearen gabeziak eta disfuntzioak eta administrazio edo kidego desberdinetako sistema informatikoen arteko bateraezintasuna konpontzeko plana egingo da

  12. EJIEren Plan Estrategikoa: errotiko eraberritzea.

    EJIE da Jaurlaritza eta administrazio askori zerbitzu informatikoa eskaintzen dien elkarte publikoa. Erantzukizun handia du, beraz, eta Jaurlaritzaren politika digitalak neurri handi batean EJIEn pibotatzen du. EJIE eta Jaurlaritzako Sail bakoitzaren informatika zerbitzuekin batera, Administrazio Publikoaren Eraldaketa Digitalaren Diagnostikoa egingo da, egoera zein den zehatz mehatz jakin eta EJIE antolaketa eta funtzionamendua errebisatzeko, erakunde arinagoa eta gardenagoa izan dadin; eta norabide estrategiko berria diseinatu ahal izateko.

  13. Administrazioa, eredu: euskaraz, librea, irisgarria.

    Sektore publikoa eredugarri izan daiteke baliabide eta tresna digitalen ezarpenean, eta rol hori bere gain hartu behar du. Hortaz, egiteko hauek hartuko ditu: hizkuntza-teknologien ezarpenean bide erakusgarri izatea; teknologia askeen erabilera; irisgarritasun digital unibertsala bermatu. Euskaraz konfiguratutako softwarea administrazio publikoaren gune guztietan ezarriko da eta hizkuntza-teknologiak euskaraz sortu eta lan egiteko palanka bezala erabili.

Enplegu publikoa

DIAGNOSTIKOA

Enplegu publikoaren egoera, EAEko administrazio publiko guztietan arian-arian ezarri diren behin-behinekotasun tasa onartezinak bereziki kontuan hartuta, ez da kasualitatearen emaitza, erabaki politiko jakin batzuen emaitza baizik. Hamarkadetan aplikatu den enplegu publikoko politika baten ondorioa. Beharbada, helburu gisa sistema publiko meheagoa, malguagoa, mendekoagoa eta pribatizatuagoa zuen erabakiaren ondorioa. Edo plangintza oker baten ondorioa. Edo eredu propio bat garatu nahi ez izatearen ondorioa, eta Madriletik ezarrita datorren eredua onartzeko erabakiarena. Edo administrazio publikoak dauzkan erronkei eta arazoei negoziazioaren bidez erantzuteko ezgaitasunarena. Edo faktore guztiena aldi berean.

Sindikatuen eta eraginpeko langileen kolektiboen protestek, bai Europako bai estatuko eremuan emandako ebazpen judizialekin batera, aldi baterako eta bitarteko enplegu publikoa finkatzeko eta egonkortzeko prozesuak abian jartzera behartu dituzte euskal administrazio publikoak.

Prozesu horiek % 8 baino gutxiagora murriztu beharko lituzkete euskal administrazio publikoen plantilletako aldibaterakotasun-tasak, Europan ezarri den moduan.

Izan ere, oinarrizko printzipio bat bermatu behar da, alegia, benetan aldi baterakoak diren enpleguak bakarrik bete behar direla aldi baterako kontratazioaren bidez, aldi baterako kontratazioa egiturazko lanpostuak betetzeko erabili beharrean, orain arte egin den moduan. Horretarako, behar bezain handiak diren plantillek eman behar dituzte zerbitzu publikoak, lan-kargak kontuan hartuta, eta, gainera, enplegu egonkorraren bidez eman behar dira zerbitzuok. Hain zuzen ere, zerbitzu garrantzitsuez hitz egiten ari gara: Osakidetza, Lanbide, Osalan, hezkuntza…

Herritarrek merezi dituzten kalitate oneko zerbitzu publikoak kalitate oneko enplegu nahikoarekin eman behar dira, lan-kargak kontuan hartuta. Horretarako, hamarkadetako inertziatik irten behar dugu eta administrazio publikoetako oposiziorako eta kontrataziorako sistemak birpentsatu behar ditugu, sarbide demokratikoa eta gardena bermatze aldera, aldibaterakotasuna % 8 baino gutxiagoko tasara jaisteko ez ezik egoera etorkizunean errepikatzea ekiditeko ere.

Euskal administrazio publikoak eredugarria izan behar du enplegatzaile diharduenean, baina orain arte kontrakoaren eredua izan da, hain zuzen ere, egin behar ez denaren adibidea. Lan-baldintzen kontrolik eza eta bai lan-osasunari bai lan-arriskuen prebentzioari dagokienez herri-lan garrantzitsuetan (AHTa, Donostiako metroa, San Mames…) izan diren arau-hauste larriak ere badira horren frogak.

Gobernuak zerbitzu publikoen azpikontrataziorako eta esternalizaziorako joera sortu du hamarkadetan eta, gainera, kontratazio horiek kontrolik gabe egin dira. Hori dela-eta, zerbitzu publiko garrantzitsu batzuen erantzukizun politikoa (besteak beste, eskola-jantokiena eta anbulantziena) enpresa pribatuaren esku utzi da, ikusten ari garen ondorioekin.

Zerbitzu publikoak azpikontratatuz eta pribatizatuz esternalizatzeko joera azpikontratatutako sektoreetan lan-gatazken aurrean ezikusiarena egiteko ere erabili du Jaurlaritzak, zerbitzu publiko horiek emateko baldintzak, kalitatea barne, administrazio publikoaren erantzukizunekoak ez direlakoan.

Horregatik, hainbeste hamarkadaren ondoren, inertziatik atera behar dugu eta gaur egun zerbitzu publikoak emateko indarrean dagoen eredua modu kritikoan aztertu behar dugu.

Orain arteko giza kapitalaren ezagutza eta esperientzia modu orekatuan transferitzea ahalbidetzen duen plangintza bat ere egin behar da, datozen 10 urteetan belaunaldien arteko errelebo handia gertatuko baita.

 

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Enplegu publikoa finkatzea eta aldibaterakotasun-tasak % 8 baino gutxiagora jaistea euskal administrazio publiko guztietan.

    Administrazio publikoetan enplegu publikoa finkatzeko prozesuek honako hau bermatu behar dute:

    – Ezein administrazio publikotan % 8ko aldibaterakotasun-tasa ez gainditzea.
    – Gehiegizko eta iruzurrezko aldibaterakotasun-egoera berriz ez gertatzea. Horretarako, behar diren enplegu-eskaintza publikoak iragarri beharko dira etengabe.

    Eta zerbitzu publikoak emateko egungo eredua modu kritikoan baloratu behar da. Horretarako, honako hau egin behar da:

  2. Zerbitzu publikoak esternalizatzeko eta pribatizatzeko egungo eredua aztertzea, sektore feminizatuetatik hasita, kasu bakoitzean zehazteko kalitate oneko zerbitzu publikoa kalitate oneko enpleguarekin ematen dela bermatzen ari ote den.

    – Aurreko analisiaren emaitza kontuan hartuta, erabakiko da zer zerbitzu erreskatatu edo zuzeneko kudeaketaz eman behar diren eta zer zerbitzu azpikontratatu behar diren.

    – Hala badagokio, sustatuko da azpikontratazio-araubidean ematen diren zerbitzu publikoek zerbitzuaren kalitatea bermatzea eta haien lan-baldintzak administrazio publikoetan jarduera berberek edo antzekoek dituzten lan-baldintzekin homologagarriak izatea. Zerbitzu publiko bat zuzenean edo azpikontratazioaren bidez kudeatzearen komenigarritasunari buruzko erabaki politikoa ezin da justifikatu zerbitzu txarrago bat ematean edo lan-baldintza okerragoen bitartez aurreztean oinarrituta dauden ustezko efizientzia ekonomikoekin, lizitazioak «eskaintzailerik onenari» esleituz eta balio bereko lanei soldata bera dagokielako printzipioa urratuz.

  3. Legegintzaldi honetan gutxienez 15.000 plaza publiko sortzea. Osasun publikoan, hezkuntzan edo unibertsitateetan eta ikerketan dauden defizitak ikusita, helburu eskuragarria da. Zehatz-mehatz, hasieran urtean 2.500 enplegu sortuko lirateke lehen bi urteetan, eta urtean 5000 enplegu hurrengo bi urteetan.

    15.000 enplegu horiekin, ELGAko batezbestekoaren inguruan (% 18,5) kokatuko ginateke. Horrela, puntu interesgarrian egongo ginateke hurrengo legegintzaldietan enplegua sortzeko bide horri jarraitzeko eta pixkanaka ekonomia aurreratuenetako kopuruetatik hurbilago dauden lekuetara aurrera egiteko (gutxienez % 20ko proportziora iristeko).

    Sortuko diren enplegu berriok, proposamen honetan defendatutako planteamendu globalarekin bat etorriz, enplegu-banaketaren alde egiten duten lan-baldintza duinetan oinarrituta zehaztu beharko dira.

  4. Zerbitzu publikoetako egiturazko enplegua enplegu egonkorrarekin betetzen dela bermatzea, ez iruzurrezko aldi baterako kontratazioaren bidez, orain arte egin den moduan.

  5. Gizarte-klausulei buruzko legea, kontratazio publikoko eredu berri bat ezartzeko. Kontratazio publikoa tresna izugarri erabilgarria da kalitate oneko enplegua sortzeko. Horrek arau-esparru berri bat eskatzen du, kontratazio-eredu berri bat ezartzea ahalbidetzen duena, alegia, merkatu-irizpideetatik urruntzen den, bezero-harremanak saihesten dituen eta irizpide ekonomizisten gainetik helburu politikoak ezartzen dituen kontratazio-eredu bat.

    Gizarte-klausulek kalitate oneko enplegua sortzen lagundu behar dute, tokiko hitzarmenen aplikazioa exijituz, gutxienez 1.400 euroko soldata bermatuz, soldata murriztu gabe 32 orduko lanaldia ezarriz, soldata-arrakala murriztuz eta subrogazioa ziurtatuz.

  6. Lan-baldintzak duintzeko eta segurtasunerako eta lan-arriskuen prebentziorako neurriak betetzen direla kontrolatzeko plana, bai azpikontratatutako herri-lan handietan, bai azpikontratazio-kate guztian.

  7. Belaunaldi-aldaketa modu planifikatuan egiteko lan-eremu bat abian jartzea.

  8. Teknikari kualifikatuen kontratazio publikoa, jarduera zientifiko eta teknologikoak bultzatze aldera, I+G arloan egindako gastua epe ertainean BPGd-aren % 3ra igotzeko helburuarekin. I+G arloan egindako gastuaren gehikuntza, epe ertainean BPGd-aren % 3ra igotzeko helburuarekin, ez da sektore pribaturako transferentziak handitzera mugatu behar; aitzitik, berrikuntza-sistemaren parte diren erakunde publikoetan ere jardun behar da zuzenean (unibertsitateetan, laborategietan, zentro-teknologikoetan, prestakuntza eta aholkularitzarako zentroetan, aholkularitza-enpresa teknologikoetan eta abar). Teknikari kualifikatuen, ikertzaileen eta kudeatzaileen kontratazio publikoak irmotasuna eta egonkortasuna emango lizkioke gure industriaren etorkizunerako eta gure bilakaera ekonomikorako garrantzi estrategikoa duen jarduketa-eremu horri.

  9. Negoziazio kolektiboa berreskuratzea sektore publikoan lan-baldintzak modu adostuan finkatzeko tresna gisa, soldata-gehikuntzak eta birjartze-tasak barne.

    Konpromiso horrek negoziazio kolektiboan era baliodunean egindako akordioak bete daitezela exijitzea ere hartzen du barne, adibidez, aurre-erretiroan dauden irakasleei aplikagarria zaien akordioa, zeina gaur egun oraindik betetzeke, judizializatuta eta ebatzi gabe baitago.

  10. Administrazioa benetan euskalduntzeko plana

    Batetik administrazioan egun diharduten enplegatu publikoen euskalduntze prozesua: Plangintza gaurkotu eta bitarteko gehiago jarriz.

    Bestetik, administrazioan sartzeko hautaketa irizpideetan eraginez Euskal Enplegu Publikoaren Legean aldaketak sartzea proposatzen da.

    – Euskal funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozesuetan aplikatu beharreko irizpide orokorra izango da euskararen eta gaztelaniaren ezagutza egokia egiaztatu behar dela, bai ahozko adierazpenean, bai idatzizkoan, kasuan kasuko plazen berezko funtzioetara egokitutako mailan.

    – Euskal Administrazio Publikoek, justifikatuta, arau orokorra ez aplikatzeko aukera izango dute, lanpostu jakin batzuetarako euskararen ezagutza egiaztatzea baztertuta, beren aplikazio-eremu geografikoko inguruabar soziolinguistikoak edo hizkuntza- plangintzako tresnetan zehaztutako beste irizpide batzuk kontuan hartuta.

    – Sarbidean hizkuntza ofizialak jakiteko eskakizuna ez aplikatzeko muga dagokion administrazioko zuzkidura guztietan nahitaez bete beharreko indizea aplikatzearen emaitza izango da. Nahitaez bete beharreko indizea gutxienekoa izango da beti, eta euskal administrazio publikoek indize hori handitu ahal izango dute.

Gardentasuna eta ustelkeriaren aurkako borroka. Kontratazio publiko eta dirulaguntzen politiken berrikuspena

Azken legegintzaldian Gardentasunaren legea airean geratu da, azken unean aurkeztu eta tramitatu gabe. Hirugarren legegintzaldia da jarraian (X,XI eta XII legegintzaldiak) gauza bera gertatzen dena. Azken honetan parte hartzearen atal osoa ezabatu da eta edukietan ere atzerapausuak ikusi dira aurkeztutako lege proiektuan, EHBilduk mahai gainean jarritako hainbat proposamen sartu diren arren, zehaztasun asko dekretuen bidez garatu ahal izateko, eta beraz, gobernuaren oniritzi soilarekin nahikoa izateko helburu politiko argiarekin.

Esaterako, legean Interes Taldeen kontrolerako atal bat txertatzen da, baina duela hilabete batzuk EH Bilduk egindako lege proposamena baina askoz ere murritzagoa. Era berean Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren sorrera proposatzen da, aldiz, azken bi legealdietan EH Bilduk proposatutako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkerien Aurkako Bulegoa sortzeko proposamena baino eskumen eta eragiteko gaitasun askoz ere gutxiagorekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioen jarduna herritarrei zabaldu behar zaie, informazioa, ezagutza eta gertutasunean sakonduz zein jarduera desegokiei aurre hartu eta hauek ekiditeko neurri zehatzak egikarituz. Horrek orain arte erakutsi den baino anbizio handiagoa erakustea galdatzen du.

 

2028RAKO KONPROMISOAK

Nagusiki lege bateria baten beharra dago egun dauden arautu gabeko jarduera asko kontrolatu, ekidin eta prebenitzeko helburu irmoarekin:

  1. Gardentasun Lege proiektu berri bat aurkeztea lehen hiru hilabetetan.

  2. Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkerien Aurkako Bulegoa sortzeko lege proposamena.

  3. Ate birakariak ekiditeko legea tramitatuko da.

  4. Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren legearen erreforma proposatuko da.

  5. Interes taldeak (lobbyak) arautzeko legea izapidetuko da legebiltzarrean.

  6. Iritzi Azterlanen Zentruaren sorrerarako lege egitasmoa. Inpultsu politikotik at egongo den zentroaren beharra urgentziaz landuko den gaia da.

    Bestelako neurriak ere hartuko dira:

  7. Delikatuak diren izendapenetan zuzendaritza eta lehendakaritza postuetako izendapenak ezaugarri objektibo eta inpartzialen arabera arautzeko protokoloak zehaztu.

  8. Auzitegiekin lehentasunezko lanketa korrupzioaren aurkako fiskaltza EAEn inplementatzeko.

  9. Etika batzordea erabat moldatu eta eraberritu.

  10. Open Datan inbertsioa bikoiztu.

  11. Kargu publikodunen erregistroan baliabideak handitu.

  12. Ertzaintzan korrupzioaren eta delitu ekonomikoen ikerketa ahalmena handitzeko plana garatu.

  13. Legebiltzarrean kontu emateko irizpideak arautu.

  14. Dirulaguntzen eta kontratu publikoen gaineko kontrol mekanismoak jarriko dira ohiko Euskal Kontuen Auzitegitik aparte sare klientelistaren gaineko erabateko kontrola bermatzeko helburuarekin.

  15. Funtzionario publikoek euren jardunean jaso ditzaketen herritarren salaketen aurrean defentsa eskubidea baliabide publikoekin egiteko irizpideak zehaztu eta protokolizatu.

8. Lidergo berriak: gaitasun komunitarioa aktibatu / gobernantza kooperatiboa

Krisi politikoak zalantzan jartzen ditu mendebaldeko ordezkaritzako demokraziak. Ohiko politikaren akiduraren garaian bizi gara. Funtsezkoa da sozietate zibileko eragileen eta erakundeen arteko lankidetzarako formulak antolatzeko eta izaera komunitarioko instituzionalitate berriak bultzatzeko gai diren lidergo-era berriak aktibatzea. Horri dagokionez, azpimarratu behar da lankidetza eta kolaborazioa ez direla gauza bera. Lankidetzak interrelazio-espazio ez-hierarkikoak eraikitzea dakar, partaidetza politikoaren eskalako goiko mailetara hurbiltzea. Testuinguru historikoak demokrazia parte-hartzailean eta berrikuntza sozialean aurrerapen kualitatibo bat egitea eskatzen du. Horretarako, egitura iraunkor berriak sortu behar dira, badagoen erakunde-sisteman txertatzen direnak eta Jaurlaritzarekiko eta Legebiltzarrarekiko independenteak diren mekanismo gisa dihardutenak.

Eta, zeregin horretan, emakumeek dagokien lekua bete behar dute. Emakumeak politikaren lehen lerroan egoteaz gain, politika publikoetan ikuspegi feminista txertatzeko ezinbestekoa da instituzionalitate eraginkorra edukitzea, bai hiru botere publikoetan, bai herritarrak ahaldunduz lortu nahi den sakontze demokratikoan. Zinez sinesten dugu gobernantza eredua feminista izan behar dela, instituzioen barne jardunari erreparatu behar baitzaio. Hau da, egiturari. Egiteko moduei egiten denari bezain besteko garrantzia ematean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa; erabakiak hartzeko egituretan eraldaketan eta sinesmen sistemetan eragin beharko luke.

Prozesu demokratizatzaile hauek gainera, instituzioaren zilegitasun prozesua ekar lezakeela pentsatzen dugu, alderdi politiko eta instituzioekiko ikuspegi negatibo handia dagoen momentu honetan. Demokrazia ordezkatzailean sakontzeak herritarren parte hartze eta boteretzea ekarriko luke. Baina horretaz gain, azken aldian aipagai den publiko eta komunitario harremanean ardura eta erabaki partekatuak eraikitzeko bidea zabalduko luke. Halaber, ezin dugu ahaztu nahi duenak baino ahal duenak hartu ohi duela parte. Bizi-denborak ez dira berdin banatzen sexuaren, migrazio-estatusaren edo erosteko ahalmenaren arabera. Beraz, politika instituzionalean jendarte honetako pertsona orok parte hartzea nahi badugu, orain arteko politika zaharkituak berrikusi eta eraldatu behar ditugu. Pertsona ororen bizi baldintza materialak hobetzeko mekanismoak ezarriz.

Parte Hartze aktiborako soluzio berriak

Adierazi dugun moduan, herri eta planeta bezala atzeraezinak diren erronkak ditugu esku artean, eta hauei guztiei erantzuteko ezinbestekoa da jakintza kolektibo eta komunitario guztia biltzea, herri bezala oinarrizko akordio batzuekin aurrera egiteko. Hori horrela, honelako proposamen konkretuak egiten ditugu, egungo instituzioen parte hartze eta antolatze ereduak gainditzen dituztenak:

Belaunaldi arteko justizia bermatu

DIAGNOSTIKOA

Belaunaldi guztiek aukera eta eskubide guztiak gauzatzeko, eremu publikoan jarduteko aukera berbera behar lukete izan. Egun ordea, belaunaldi gazteenen zein helduenen protagonismoa guztiz ezberdina da eremu publikoan. Ondorioz, desberdintasunak ez ezik, politika publikoen norabidea eta agenda guztiz baldintzatuak daude. Hartzen diren erabaki publiko asko belaunaldi batzuengandik hain deslotuta egoteak eragin negatiboak ditu jendartean, ordezkaritza ezaren sentsazioa zabaltzeraino. Beraz, belaunaldi arteko justizia xede izanik, ildo horretan ekarpena egingo duten proposamenak garatzea ezinbestekoa da.

Izan ere, azken urteetako errealitateari erreparatuz gero, larrialdi klimatikoak eta krisi ekosozialak erakutsi dute belaunaldi arteko arrakala termino ekologistetan ere ematen dela. Belaunaldi gazteenek trantsizio ekosozialaren aldeko erabaki ausartak hartzeko duten interes berezia medio. Bizitzeko B planetarik izango ez dugunaren ideia asko zabaldu da, eta horri lotuta beste baieztapen bat agertzen zaigu: egun agintzen duten (eta aurretik agindu duten) belaunaldiek hartutako erabakien ondorioz planetaren bizitza arriskuan da, eta egun gazteak diren edo oraindik jaio ez diren belaunaldiek sufrituko dituzte erabaki horien ondorioak. Hots, esku hartzeko aukerarik izan ez duten erabaki eta politiken menpeko dira egungo gazteak eta etorkizuneko belaunaldiak.

Zentzu horretan, egun bizitzen ari garen egiturazko krisi anizkoitzen aurrean belaunaldi arteko justizia bermatzeko beste mekanismo eta tresna batzuk eraikitzeko beharra azpimarratzen dugu. Egungo eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea oinarri hartuko dituzten mekanismoak eraikiz, etorkizunean gure lurraldean bizitza jasangarriak bermatu eta antolatu asmoz. Izan ere, datozen urteetan hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiek eragin erabakigarria izango dute gure ongizatean eta etorkizuneko belaunaldienean. Horregatik, ondoko hiru elementu hauek oinarri hartuko dituen proposamena garatuko dugu:

  • Epe luzeko ikuspegia:

    Politika publikoen diseinuan epe motzeko pentsamendua gailendu ohi da. Egungo kontsumo ereduak eta bizitza antolatzeko formek ez dituzte kontuan izan etorkizunean gure lurraldean eta orohar planetan etorkizunean biziko diren belaunaldiak. Etorkizuneko belaunaldien bizkar antolatu dugu oraina. Ezinbestekoa da politika publikoetan arnas luzeko begirada txertatzea, etorkizunean gure lurralde eta planetan bizitza bermatzeko oinarriak ezarriz.

  • Trantsizio ekosoziala ardatz:

    Egun, erronka kolosalei heldu behar diegu. Erronkak askotarikoak izanagatik ere, trantsizio ekosozialak duen garrantzian eta eskaintzen dituen aukeretan jarri nahi dugu fokua, eremu guztietatik eta askotariko lanketak ezinbestekoak baitira erronka honi modu integralean erantzun ahal izateko. Izan ere, gure bizialdi osoa zeharkatuko du krisi ekosozialak.

    Frogatuta geratu da gaur egungo sistemak bizitza antolatzeko ezarri dituen moduek, etorkizuneko belaunaldien ondoeza ez ezik, egungo belaunaldien ongizatea ezbaian jarri dutela. Beraz, bizitza jasangarri eta oparoak eraikitzeko baldintzak eskaintzea dagokigu instituzio publikoetatik.

  • Adinkeriaren aurrean, belaunaldi orok erabaki:

    Adinkeriaren ondorioz, belaunaldi orok ez dute ahots eta erabakimen berdina. Besteak beste, gazteek demografikoki pisu erlatibo txikia izanik, ahotsa are gehiago murrizten da. Hori gutxi ez, egunerokoan espazio gutxi eraikitzen dira belaunaldi ezberdinen arteko loturak landu eta interes komunak oinarri hartuko dituzten ekintzak diseinatzeko. Gauzak hala, belaunaldi arteko justizia ardatz izanik jardun behar dugu, belaunaldi ororen ahots eta erabakimen gaitasunerako espazio eta tresnak sortuz.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

Egungo eta etorkizuneko belaunaldien ongizaterako legea onartzea

Legearen helburua: Trantsizio ekosozialaren eta ongizatearen esparruan, belaunaldi arteko justiziaren ideia txertatzea. Horretarako, pertsona orok lurralde jasangarri eta bizigarri batean bizitzeko duen eskubidea eta betebeharrak oinarri hartuta, egungo zein etorkizuneko belaunaldien ongizatea egikaritzeko mekanismoak ezartzea. Hala nola, etorkizuneko ikuspegi estrategiko hori oinarri hartuta, martxan jarriko diren politika publiko eta erabaki orok aipatu helburuak beteko dituela bermatu eta kontrolatuko da. Horretarako, hori bermatzeko funtzioa izango duen subjektu bat sortuko da: etorkizuneko belaunaldien defentsarako batzordea.

Herritarron boterea eraiki

Egungo errealitatean herritarrek erabaki publiko eta politika publikoetan parte hartzeko aukera gutxi dauzkagu. Gobernantza eredu kooperatiboaz hitz egiten dugunean, erabakiak hartzeko prozesuaren diseinua berrikusteaz ari gara. Hartzen den erabakia bezain garrantzitsua baita erabakia hartzeko modua, prozesuak zuzenean eragiten baitu erabakian. Horregatik, prozesu horietan herritarrok dugun protagonismoari erreparatu behar zaio. Zehazki, Legebiltzarrak edo Jaurlaritzak berak ez dituzte garatu tresna eraginkorrak herritarrok erabakiak hartzeko prozesuetan gaitu eta aritzeko.

Oro har, botere legegilean eta exekutiboan kokatzen dugu erabakiak hartu prozedura diseinatzeko ardura. Azken hamarkadetan ordea botere legegilearen hustutze bat ematen ari da, botere exekutiboaren mesedetan. Hala nola, erabaki gunearen fokoa botere legegiletik exekutibora desbideratuz. Honek ondorio nabarmenak ditu, izan ere, botere legegilea da herritarren benetako ordezkaritza, zuzenean hautatzen baitira Eusko Legebiltzarreko ordezkariak.

Gaur gaurkoz, alderdi politikoak dira zuzenean ordezkaritza hori gauzatzen dutenak. Legebiltzarrean adibidez, badira herritarrek parte hartzeko mekanismo batzuk batzordeetan egiten diren agerraldiak edo herritarrek Herri Ekimen Legegilearen figuraren bidez legeak aurkezteko duten aukera kasu. Hala ere, Herri Ekimen Legegileen kasuan azpimarratzekoa da azken bi legealdietan Legebiltzarrean aurkeztu diren lau Herri Ekimen legegileak atzera bota izan direla Jaurlaritza osatu duten alderdiek hala nahita.

Zentzu horretan, botere exekutiboa eta legegilea herritarren nahi eta beharren arabera antolatu eta elikatzeko beharra daukagu, horretarako mekanismo eta tresna berriak ezarri. Baina Jaurlaritza eta Legebiltzarra herritarrongana hurbiltzeaz gain, elkarrekintzan erabakiak konpartitu eta prozesu horietan eragiteko gaitasuna handitzeko beharra dago. Horretarako, herritarrek zuzeneko parte hartzea garatu eta agenda politikoa markatzeko gaitasuna izango duten dinamika berritzaileak martxan jartzea dagokigu. Hala, laugarren boterea deritzogun herritarren boterea eraikitzeko tresnak martxan jartzeko apustua egiten dugu.

Herritarron parte hartze aktiborako espazioak zabaldu eta esperientziak martxan jartzea ezinbestekoa da demokraziaren ulerkera zabaldu eta denon askatasun eta eskubideetan sakontzeko. Baina baita herritar modura ditugun betebeharrak gauzatzeko. Izan ere, erabaki politiko publikoen ardura ezin da gutxi batzuen esku geratu, deliberazio eta erabaki ahalmena zabalduko duten tresnak aplikatzen hastea garrantzitsua da kolektiboki eraiki nahi dugun eraldaketa funtsatzeko.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Jaurlaritzaren ekimenaren inguruan parte hartzeko bideak eraiki

    – Herritarren Parte Hartzea arautzeko erregelamendua sortu. Jardun instituzionalean herritarrekin landu beharreko prozesu legegile zein plangintza estrategikoak identifikatu eta hautematea parte hartzeko bideak zehazteko.

    – Jaurlaritzaren Aurrekontu Legean zein Plangintza Estrategikoetan herritarrek parte hartu eta erabakitzeko bideak jarriko dira.

  2. Legebiltzarreko leihoak zabaldu

    – Legebiltzarreko Erregelamendua aldatu, herritarren eta eragileen ekimenei bide emateko.

    – Parlamentu desberdinekin lankidetzak sustatzea, dauden sareak indartu eta berriak garatuz, bereziki Euskal Herriko erakunde deliberatiboekin ekimen komunak garatuz.

  3. Laugarren boterea eraiki

    – Herritarren kontseilua proiektu pilotua martxan jarri

    Azalpena: Herritarrek agenda politikoa ezarri eta gai desberdinen inguruko eztabaidak emateko tresnak eta markoa ezartzea da helburua. Horretarako, ausaz hautatuko diren herritarrek osatutako kontseilua eratuko da bi urterako. Kontseiluak herritarrek beste foro batzuetan emandako eztabaidak jaso eta aztertu beharko dituzte. Hortik eratortzen diren gomendioak Eusko Legebiltzarrak landu beharko ditu, horiek eztabaidatu eta gai horien gaineko erabakiak hartuz.

Politika % 99arentzat

Demokratizazio prozesu batez hitz egiten ari garen honetan Subjektu politikoaren ulerkerarekin zerikusia duen hausnarketa batez ari gara, NORK eta NORENTZAT lan egiten duen. Jendarte garaikideen eraikuntzan erdigunean egon den subjektu homogeneoarekin apurtu eta orain arte subjektu politikoaren aitortza eman ez zaien, azken finean, bigarren edo hirugarren mailako herritartasuna esleitu zaienei, erdigunea ematean datza.

Instituzioari dagokionean, zeharlerrotasun erradikal bat martxan jartzeaz ari gara gobernantza eredu berria aipatzean. Besteak beste, ikuspegi feminista zein antiarrazista ekintza, alor eta programa guztietan egoteaz ari gara eta baita, emakumeentzat, pertsona arrazializatuentzat, LGBTI pertsonentzat edo ezgaitasun bat dutenentzat jabetza prozesuak mahaigaineratzeaz. Honek ikuspegi aldaketa dakar, arazoa haiengan jarri baino, estrukturan jartzen delako, sisteman. Dagoeneko ez dira “emakumeen gaiak”.

Argi daukagu, subjektu politiko anitzen aitortza eta hauen guztien protagonismoa politika publikoetan emateko, ezinbestekoa dela oraindik baztertuak izan diren kolektiboen presentzia eta behar espezifikoak borrokatuko dituzten lidergotza edo zuzendaritza espezifikoak. Zeharlerrotasuna ez dadin bilakatu egiten ari garenaren ideia zabaltzeko lelo hutsa, oraindik ere politika hauek sustatu beharko dira, zuzendaritza espezifikoetatik. Pasa den legegintzaldia adibidez, horren erakusle garbia izan da Berdintasun Politikei dagokienean. EAJ-PSEren gobernuak, ustez Berdintasun Politikak sustatuko zituen sail bat sortu zuen Gizarte Politiken eta Justiziarekin batera, honekin Emakunde Lehendakaritzan zuen posiziotik kenduta. Bi galera nabarmen ekarri zituen honek, bata, Emakundek Lehendakaritzan zuen tokia galduta, zeharlerrotasuna sustatzeko posizioa galdu zuen, eta bigarrena, Sail bat adornatzen zuen izen huts bilakatu zen, ez baitzitzaion inolako zuzendaritzarik eta bitarteko espezifikorik eskaini.

Hori horrela, konpromiso argi bat adierazten dugu zeharlerrotasun erreal eta baliabidez zein lidergotza politikoz hornitutakoa sustatzeko.

Politika Feministak

Mugimendu zein aditu feministek aspaldi nabarmendu duten moduan, egungo desparekotasun eta diskriminazio egoera sistemikoa den egoera baten ondorio da. Horrek, planteatzen ditugun politiketan, aspektu ezberdinak lantzera garamatza, esaten genuen bezala, zeharlerrotasunetik aritu, baina baita politika konkretu batzuk sustatzetik pasatzen direnak. Emakumeek, eta bereziki zaurgarrienek, krisi estruktural larri baten ondorioak bizi dituzte neoliberalismo kapitalistaren aurrerabidearen mehatxuaren aurrean: bizitzaren prekarizazio orokorraren ondorioak, lan-diskriminazioa, ordaindu gabeko zainketen zama, indarkeria matxista, gure bizitza eta lurraldeen gainean erabakitzeko gaitasunaren galera, etab.

Bizitza zaurgarria eta interdependientea da eta hura zaintzea eta politizatzea gure lehentasuna izan behar du. Zaintza politikei buruz osatu dugun atalean sakonago aztertzen eta proposamen zehatzak kokatzen badira ere, derrigortuta gaude hemen ere aipatzera. Sistema familiarista da gurea, familien esku uzten duena zaintzaren ardura osoa, batez ere emakumeen esku. Greba Feminista Orokorrak eta azken urteetako lan politiko eta instituzionalak ere agerian utzi du sektore feminizatuak eta prekarizatuak funtsezkoak direla bizitzari eusteko, baina ez direla behar beste babestu eta baloratzen. Nabarmendu nahi dugu gainera, merkantilizazio bortitz baten ondorioa dela hau guztia, eta gure bizitzentzako oinarrizkoa den zaintzarako eskubidearekin ezin dela negoziorik egin. Aipatutako Greba Feminista Orokorraren ondoren, berriro ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministak, gehiengo sindikalak, zaintzaren alorrean aritzen diren elkarteak, etxeko langileak eta erabiltzaileen senideen elkarteek, EAEko zein Nafarroako bi gobernuei dei egin zien herri bezala, zaintzaren krisi anitzari heltzeko mahai baten eta akordio baten sorreran elkarrekin aritzeko. Eta berriro ere, herri honek behar duen maila politiko-instituzionala eman gabe geratu dira hauek, muzin egiten halako eskaera bati. Guk, EH Bilduko kide bezala, bat egin dugu deialdiarekin eta herri akordio zabal baten beharrizanarekin, eta gobernatzen dugun herrietan urratsak ematen ari bagara ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernu bezala ere honi erantzun behar zaiola uste dugu.

Talaia Feministan adierazten den moduan, murgilduta gauden prekarizazio eta pobretze prozesuaren testuinguruan bizitzaren garestitzeak egoera larriagotzen du, emakumeok izanik, besteak beste, kaltetuenak. Baliabide material gutxiago eskura izateaz gain, krisi anizkoitzei aurre egiteko ardura emakumeon bizkar uzten da eta honek hainbat kolektibo babesik eta eskubiderik gabe atzean uzten dituzte, hala nola, zaintza-langileak, indarkeria matxisten biktimak, baserritarrak, presoak, migratuak, lesbianak eta transak.

Amaitzeko, nabarmendu nahi dugu ere Indarkeria Matxistaren inguruko datuak jasotzen hasi zirenetik, 2003tik 118 emakume eta 12 haur erailak izan direla Euskal Herrian. 2023an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan emakume bana erail zuten lurralde bakoitzean eta tamalez, paradigmatikoak bilakatu ziren erailketa hauek. Oraindik ere, kontzientziazio feministan egiteko asko dagoela ikusi ahal izan zen, emakumeen gain ardura jartzen duen diskurtsoak entzun ahal izan zirelako edo protokoloen sendotasuna zalantzan jartzen zuten aktuazio desegokiak bizitu behar izan genituelako. Aldi berean, indarkeria matxista arazo indibidual huts batetik haratago, arazo kolektibo moduan kokatu zuten errealitateak ezagutu ahal izan ditugu, herria, herri mugimendua zein feminista eta instituzioak elkarlanean jartzen dituena eta erreparazio prozesu sendoak abian jartzen dituena. Egin daitekeela erakutsi digute, eta hemendik tiraka prozesu eraldatzaileak martxan jartzeko urratsak eman nahi ditugu aurrerantzean.


2028RAKO KONPROMISOAK:

EH Bildurentzat feminismoa bere proiektu politikoaren zeharkako printzipioa da, bai barruan, bai kanpoan. Gaur egun, beharrezkoa da feminismoak gure proposamen eta dokumentu guztietan ageriko lekua izatea; jardun politiko feminista integral baterantz trantsizioan jarraitzen dugun bitartean. Horregatik, estrategia dual bat kontuan hartuta, feminismoen atal espezifiko hau aurkezten dugu eta, aldi berean, hauteskunde-programa osoan neurri ezberdinek Ikuspegi feminista eta intersekzionala izango dute eta kontuan hartuko dituzte biztanlerian zaurgarrienak diren edo baztertuta dauden kolektiboen beharrak, hala nola: lesbianak, gazteak, migratzaileak, desgaitasun bat duten pertsonak eta/edo gizarte-zailtasunak dituzten pertsonak, etab.

  1. Gobernantza feminista:

    Politika Feministen garapenerako sail espezifiko bat sortuko da, feminismo, berdintasun eta aniztasun politiken lidergotza eramango duena eta bestelako sail guztiekin batera zeharlerrotasun erreal bat garatzeko bideak ezarriko dituena.
    Berdintasun kontseilua sortu, talde eta adituekin batera, parte hartze errealerako espazio gisa. Gardentasunez nork parte hartzen zehaztuko da eta gobernuaren politika feminista aztertu eta norabidetzeko markoa izango da.

  2. Indarkeria matxistarik gabeko bizitza:

    Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko indarrean dagoen lege berria garatu, bereziki Indarkeria Matxistaren atalean dituen proposamen guztiak bururaino eramateko.

         ● Indarkeria Matxistari aurre egiteko protokoloen birformulazioa eta sendotzea sustatuko da.
         ● Indarkeria matxisten jarraipenerako batzordea birformulatuko da, instituzioetako kideez gain, jardunean ari diren profesional eta adituak barne bilduz. Sektore ezberdinen elkarlanerako mekanismoak ezarriko dituen gunea izango da, Mugimendu Feministaren zein Berdintasun Teknikarien presentzia bermatuz.

    Indarkeria matxisten aurkako Behatokia aurkeztu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aztertu, erregistratu eta ikusaraziko dituena, eta horiei aurre egiteko ikuspegiak proposatuko dituena. Tartean, Indarkeria Digitala, Indarkeria Instituzionala edo Indarkeria Bikarioa lantzeko bitarteko espezifikoak sortuko dira.

    Indarkeria matxisten biktimen erreparaziorako Plan Estrategikoa aurkeztu, beste erakunde batzuekin, biziraule elkarteekin eta aditu feministekin koordinatuta. Kalte-ordaina, ez errepikatzeko bermeak, osoki berreskuratzea, gogobetetzea eta egia zabaltzearen printzipioetan oinarritua.

    Beharrezko aldaketa judizialei aurre egiteko proposamen estrategiko bat aurkeztu, arreta bidezkoa eta berdintasunezkoa bermatuko duena, eta emakumeen beharrak eta erritmoak kontuan hartuko dituena, bai eta birbiktimizaziorik edo erruduntasunik eza, seme-alaben babes egokia eta abar ere.

    Adin guztietako emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiborako beharrezkoak diren baliabideak eta espazioak aktibatu, autodefentsa feminista bereziki bermatuz, emakumeen etxeen eta jabekuntza eskolen bidez.

    – Emakumeek jai- eta/edo aisialdi-eremuan bizitzen jarraitzen duten diskriminazioaren eta indarkeriaren aurkako neurriak identifikatu eta bultzatzea.
  3. Sexu eta ugalketa eskubideak:

    Osasun-arloan, sexu- eta ugalketa-eskubideak eta abortatzeko eskubidea osasun sistema publikoan bermatu emakume guztiei. Aldi berean, antisorgailuetarako sarbide unibertsal eta doakoa bermatuko da. Indarkeria Obstetrikoaren egoerari eta ondorioei aurre egiteko politikak ezarriko dira norabide honetan.

    Hilerokoaren ekitatea sustatzeko plana osatu, gorputza eta planetarekin kaltegarriak ez diren produktuen banaketa doakoa sustatuko du eta hilerokoaren osasun heziketa sustatzeko bideak ezarriko ditu. Klimaterio eta menopausia prozesuak aintzat hartuko dituen osasun politika sustatuko da.

  4. Zaintza sistema publiko komunitarioa:

    Zaintza sistema publiko komunitarioari buruzko Herri Itunerako Mahaia. Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako interpelazioari erantzun eta herri bezala zaintzen krisi anizkotzari heltzeko erabaki organo intersektoriala sortuko da.

LGBTI politikak

DIAGNOSTIKOA

Lesbiana, gay, bisexual, trans, intersexual, asexual, queer eta bestelako identitate edota sexu joerak dituzten pertsonen eskubideak, giza eskubideak dira. LGBT+ pertsonen ikusgarritasuna eta eskubideen aldeko borroka indartu egin da azken urteotan, borroka feministaren bulkadarekin batera. Indarrean den sistema cisheteropatriarkarrarekiko disidenteak diren pertsonek ordea, LGBT+ pertsonak bezala, zaurgarritasun handiagoa izateko arrisku argia dute oraindik.

Politikoki zuzenak diren diskurtsoetatik harago, ez da aurrerapen esanguratsurik izan Eusko Jaurlaritzaren politika publikoetan. Oro har, EAEko erakunde publiko nagusiek politika deskoordinatuak eta erabat eskasak bultzatu dituzte, helburu argirik gabeko eta baliabiderik gabeko zerbitzuak sortuz, erabat baztertuz LGBT+ politiketarako beharrezkoak diren oinarri instituzional finkoa zein ikuspegi politiko eta araudi argiak.

Honetaz gain, eraso LGBT+fobikoen salaketek gora egin dute nabarmen. Mugimendu eta elkarte ezberdinek egindako kontzientziazio eta biktimen akonpainamendu lanei esker salaketa hauek gero eta ugariagoak dira. Testuinguru honetan eta inoiz baino gehiago behar-beharrezkoa da LGBT+ siglen baitan erantzun beharreko errealitate eta behar desberdinak ikusaraztea.

Gainera, sistemak, iruzurrezko leloen pean, urteak daramatza LGBT+ pertsonen nortasunak helburu ekonomiko hutsarekin erabiltzen saiatzen: Euskal Herrian ere ikusten ari gara, gayfriendly turismoa, makro ekitaldiak, postaleko kanpaina normatiboak… Aniztasunaren errespetuaren eta defentsaren babespean etekin ekonomiko hutsa lortu nahi duten ekimenak dira, homosexualitatea ikusgarri bihurtzea bai, baina batez ere gizon zuri, gay, adin ertainekoak, gaitasun ekonomiko handikoak, lumarik gabeak… bisibilizatuz eta erabiliz.

EH Bidun, sexu- eta genero-aniztasunak arlo bakarra osatzen du feminismoekin batera: horrela, onartzen dugu patriarkatuak, sexu-genero sistemaren eta arau heterosexualaren bidez, emakumeak eta disidente sexu-generikoak azpiratu eta bereizten dituela. Bi sexuetako bati, esleitzen zaizkion rolei edo arautzat hartzen den sexu-portaerari erantzuten ez diotenak baztertuak eta zigortuak dira. Jatorri bera duten diskriminazio-adierazpenak dira, eta askotariko hurbilketa behar dute, azterketa-esparru komun batean oinarrituta.

 

2028RAKO KONPROMISOAK

  • Sexu, genero aniztasuna eta LGBT+ eskubideen zuzendaritza espezifikoa sortu, Politika Feministen sailaren barnean, LGBT+ politiken bultzatzaile eta koordinatzaile gisa jardungo duena.

  • EAEko LGBT+ Kontseilua diseinatu eta martxan jarriko da. LGBT+ kolektiboek eta adituek parte hartu beharko dute, bai diseinuan, bai martxan jartzean, funtzionamenduan eta jarraipenean. Bere jardunerako ezinbestekoa izango du LGBT+ kolektibo eta adituen saretzea bultzatzea eta elkarrizketa lotesle eta iraunkorreko esparru gisa gaitzea.

  • LGBT+fobiaren Kontrako Herri Ituna bultzatuko da bertatik, eta sortuko duen dinamika partekatutik.
  • LGBT+ lege integrala bultzatu. Berau sortzeko prozesu parte hartzailea garatzeko legebiltzar ponentzia martxan jarriko da.

  • LGBT+fobiaren Kontrako Behatoki interdepartamentala martxan jarri. Inplikatutako Jaurlaritzako sailek hartuko dute parte, Eusko Legebiltzarrak, EUDELek eta baita LGBT+ kolektiboak.

  • Indarkeriaren biktima diren edota egoera bereziki zaurgarrian dauden LGBT+ pertsonentzako harrera-espazioak sortu arreta psikosozialeko, ekonomikoko, hezkuntzako eta bizilekuko zerbitzuak integratuz, haur eta nerabeen, migratzaileen edota trans pertsonen behar espezifikoak jasoz.

  • Zeharlerrotasuna bermatzeko politika zehatzak sustatuko dira. Hala nola:

    – EiTB taldean LGBT+ kode deontologikoa osatu. Protokoloa EiTB taldeko profesionalekin landuko da Estilo Liburuaren baitan.

    – LGBT+ prestakuntza-prozesu espezializatuak eta jarraituak bultzatu, Jaurlaritzaren sail guztietako profesionalekin ikuspegi feminista izango duen formakuntza propioa bultzatuz.

    – Osakidetzan LGBT+ pertsonen arreta hobetzeko neurriak hartu.Trans pertsonen despatologizazioa egikaritu trans pertsonen ohiko arreta Lehen Arretaren bidez kudeatuz edo Lesbianek dituzten behar espezifikoei erantzuteko plana diseinatu, besteak beste ginekologia espezialitateari dagokionean. ITSen kontrako politikei dagokienean ere martxan dauden hiriburuetako anbulategiak indartuko dira itxarote zerrendak murriztuz.

    – Adinekoen egoitzetan LGBT+ politikak integratu

    – Lan esparruari dagokionean 50 langiletik gorako enpresa publiko zein pribatuetan, berdintasun planen baitan, LGBT+ plana eta erasoen kontrako protokoloa diseinatu beharko da.

  • LGBT+ memoria eta dokumentazio zentroa sortuko dugu. Besteak beste LGBT+ mugimenduaren historia aitortu eta jasotzeaz arduratuko da eta Trans pertsonek pairatutako jazarpena aitortu eta justizia eta erreparaziorako neurriak hartuko dira eta horretarako memoria eta aitortza eguna izendatuko da.

Kultur aniztasuna

Euskal Herria jatorri eta kultura desberdinak dituen lurraldea da eta errealitate multikultural honek aldaketa sozial ugari dakartza. Kapitalismo globalizatuaren ondorioz hegoaldeko periferiako herrialdeetan eragiten ari diren behartutako lekualdatzeak, pertsona orok iragaite askerako duen eskubidea giza eskubide gisa baliozkotzera garamatza, baita, pertsona orok bere jaioterrian duintasunez bizitzeko duen eskubidea aldarrikatzera ere.

Politika hauek ere, ikuspegi intersekzional batez egin behar ditugu, besteak beste emakumeek pairatzen duten zapalketa anizkoitza nabarmenduz. Honetaz gain, Ijito Herriak kultura arteko bizikidetza zailtzen duen egiturazko antigitanismoa pairatzen jarraitu behar du. Horregatik, Ijito Herriaren errealitatea, kultura eta berezko ezaugarriak agerian uztea, haren gizarte-premiei erantzutea (enplegua, osasuna, etxebizitza, hezkuntza, euskara, etab.), eta edozein motatako antigitanismoa edo diskriminazioa salatzea dagokigu.

Testuinguru horrek ulertarazten digu migrazioak ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizarteak aurre egin beharreko erronka garrantzitsuetako bat direla. EH Bilduren ustez, ikuspegi propio batetik egitea dagokigu, eskatzen duen lehentasuna eta garrantzia emanez, horren araberakoa izango baita herri justuago, demokratikoago eta berdinzaleago bat eraikitzeko gizarte-kohesioa, hizkuntza-normalizazioa edo kulturen arteko bizikidetza artikulatzea.

Harrerako herrialdea izan nahi dugu, arrazakeriaren aurkakoa eta solidarioa. Lurraldean bizi diren pertsona guztiei herritartasun osoa bermatuko dien sistema izan behar du gureak, kontuan hartuta kultura-aniztasuna ikuspegi integral batetik landu behar dela. Horregatik uste dugu harrera-, bizikidetza-, salaketa- eta sentsibilizazio-politiketatik heldu behar diogula erronka honi. Horretarako, funtsezkoa da elkar ezagutzea, ulertzea eta aitortzea. Izan ere, kultura arteko bizikidetzan dago gakoa, non euskara komunikabide bat izango den bizikidetza, kohesio eta gizarteratze horretarako.

Espainiar estatuko legediak ordea gure migrazioa eta kultura-aniztasunari buruzko politika propioa garatzeko oztopo dira eta egun martxan duen politika arrazistek pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzeko aukerak mugatzen dizkigu. Gaineratu behar da herritarren zati handi bati botoa emateko eskubidea eta botoa jasotzeko aukera ukatzen zaizkiela. Beharrezkoa da egoera hori zuzentzeko neurriak hartzea, lurraldean bizi diren pertsona guztiek izan behar dutelako aukeratzeko eta hautatuak izateko eskubidea.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dagoen jatorri ezberdinetako pertsonen asoziazionismoari, zein eragile antiarrazistei eman behar zaie protagonismoa, kulturen arteko bizikidetzaren parte aktibo izan daitezen.

 

2028RAKO KONPROMISOAK

  1. Erakunde-esparru propioa sortzeko neurri orokorrak:

    Kultura Aniztasuna eta Migrazioak Kudeatzeko Politiken zuzendaritza bat sortzea eta Migrazio eta kultura-aniztasun politika propioak garatzea, baliabide egonkor eta iraunkorrekin, herritartasun unibertsala eta herrien arteko elkartasuna oinarri hartuta.

    Migrazio-politiken eta kultura-aniztasunaren arloko eskumenak garatzea. Jaurlaritzatik migrazioen eta asiloaren arloan bere gain hartu behar dituen eskumen guztiak (lan-baimenak, harrerako legeria, asilo-programak eta nazioarteko babesa) zehaztea, juridikoki eta teknikoki azter daitezen.

    Toki-erakundeekiko lankidetza, koordinazio eta aholkularitzarako udalerrien arteko sare instituzional bat sortzea, Kultura Aniztasuna eta Migrazioak Kudeatzeko Politiken zuzendaritzak dinamizatu eta bultzatuko duena.

    Gorroto-delituen aurkako behatoki bat bultzatzea. Erreferentzia izango da biltzen dituen gorroto-delituak salatzeko, kultura-aniztasuna eta migrazioei buruzko berariazko prestakuntza-programak egiteko eta kultura-aniztasunaren garrantziari buruzko sentsibilizazio-programak sortzeko, besteak beste.

  2. Harrera integral baterako neurriak:

    Harrera Integralerako Lege bat sortu eta abian jartzea, harrera-prozedura modu koordinatuan eta ikuspegi integral batetik egiten dela bermatzeko, ikuspegi feminista intersekzionala txertatuz.

    Sarbide unibertsal eta doakoa helduentzako euskararen irakaskuntzan lurraldean bizi diren pertsona guztientzat, jatorria edozein dela ere.

    Administrazioaren zerbitzu publikoak bermatzea lurraldean bizi diren pertsona guztiei, haien jatorria eta administrazio-egoera kontuan hartu gabe: gizarte-zerbitzu, hezkuntza, osasun-zerbitzuak, kultura-zerbitzuak, enpleguratzekoak…

    Aholkularitza eta arreta legaleko eta soziokulturaleko doako zerbitzua indartzea, gure lurraldera iristen diren edo iragaitzazko egoeran dauden migratzaile eta errefuxiatu guztiei zuzendutako harrera-sareari laguntzeko.

    -Erreferente heldurik ez duten haur, nerabe eta gazte migratzaileei arreta egokia emateko behar diren bitartekoak eta baliabideak ematea, haien babes-eskubidea bermatzeko.

  3. Kulturen arteko bizikidetza sustatzeko neurriak:

    Parte-hartze komunitarioko programak diseinatzea eta ezartzea, maila desberdinetan, parte-hartze soziopolitikoko dinamikak garatzeko kultura-aniztasunaren eta bizikidetzaren inguruan, besteak beste, jai-dinamikak babestuz eta sustatuz. Honi lotutako elkarteen ahalduntzea eta lankidetza sustatuko da ere, eta herritarrek parte hartzeko tresnak indartzea.

    Borondatez itzultzeko laguntza-programak, hala nahi duten pertsonentzat, bereziki zailtasun sozioekonomiko handieneko egoeran daudenentzat, itzulera duintasun-baldintzetan egin ahal izateko. Itzuli nahi duten pertsonen segurtasun fisikoa, materiala, legala eta juridikoa bermatuko da.

    4- Erabateko herritartasunerako neurriak:

    – Erroldatzearen bidez aitortutako benetako bizilekua aplikatzea.

    Azterlan bat egitea administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonen kopurua ezagutu eta haiei bideratutako jarduketa-plan integral bat bultzatzeko. Norabide honetan, Administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonak premiaz, modu zabalean eta ohiz kanpo erregularizatzeko eskatzen diogu Estatuko gobernuari.

    Emakume migratzaileei eta hainbat kultura-jatorritako emakumeei berdintasun-programa espezifikoetarako sarbide normalizatua bermatzeko neurriak.

    Ijito Herria gizarteratzeko estrategiak eta planak bultzatzea, hala nola jendartearentzako antigitanismoan oinarritutako sentsibilizazio programekin, ijito-komunitatearen parte-hartze politikoa eta soziala bultzatzeko neurriekin eta haiei eragiten dieten desberdintasunak murrizteko ekimenekin.

Desgaitasuna duten pertsonak

Ikusmira Gizarte Politiken Behatokiaren datuen arabera, EAEn 138.662 (2020ean) dira desgaitasun egoeran bizi diren pertsonak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleriaren % 6,3 hain zuzen.

Zailtasunak agerikoak dira oraindik ezgaitasuna duten pertsonentzat bizitza independente bat egiteko funtsezkoak diren arlotan, besteak beste:

  • Etxebizitzarako sarbidean (ezgaitasuna duten pertsonen %46,5a senitartekoekin bizi da eta hauen menpeko dira ekonomikoki eta behar dituzten beharrengatik).

  • Baliabide ekonomikoei dagokionean beren eta beren senitartekoen bizkar geratzen den gain esfortzuagatik (FEVASek egindako kalkuluen arabera, 19.785€koa da ezgaitasun intelektuala duten pertsonek eta hauen familiek beregain hartzen duten gain esfortzua. Gain esfortzu hori 50.424€tara iristen da beren etxeetan bizi diren III graduko ezgaitasuna duen pertsonen kasuan);

  • Enplegurako sarbidean ere zailtasun gehiago dute ezgaitasuna duten pertsonak. Ezgaitasuna duten pertsonen aktibitate tasa (%35,9) herritarren gehiengoaren tasatik (%78,1) oso urrun kokatzen da oraindik.

  • Irisgarritasunari dagokionean;

  • Eta zailtasunak zerbitzu publikoen sarbidean: osasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan.

EAEn, apenas garatu dira Bizitza independenterako ereduaren oinarriak garatzeko ezinbesteko dituen elementuak eta, zentzu honetan, lurraldeen arteko desberdintasunak oso agerikoak dira: desberdintasunak daude etxez-etxeko zerbitzuari dagokionean. Adibidez Laguntza Pertsonalerako prestazio ekonomikoak (LPPE) lurralde-eredu espezifikoak izan dituzte eta, horrela, Araba eta Bizkaian ezgaitasuna duten pertsonei prestazio horiek ukatzen zaizkie.

Hori horrela, desgaitasuna duten pertsonek bizimodu independentea izateko eta komunitatean bizitzeko daukaten eskubidea ahalbideratuko duen eskubidea aitortu eta eskubide hau egikaritzeko politika publikoak burutzea da EH Bilduren konpromisoa.

Horrela, Desgaitasuna duten pertsonen elkarteekin elkarlanean, bizitza independenterako eta inklusiorako baldintzak sortu eta desistituzionalizazio prozesuak erraztera bideratu beharko dira politika publiko guztiak. Eta, bizimodu independentea gauzatzeko prozesua errazten duten orientazioak, baliabideak, alternatibak, aukerak, esku-hartzeak eta prestazioak diseinatu eta martxan jarriko dira.

Horrela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonei bizimodu independentea gauzatzeko eredu baten oinarriak ezarriko dira politika publikoetatik eta, horrek ezinbesteko egiten du aukera, baldintza, alternatiba eta baliabideetan aurrera egitea. Zentzu honetan, etxebizitza duina, egokia eta irisgarria; laguntza pertsona; zerbitzuak eta laguntzak; edota baliabide ekonomiko nahikoak bermatzera bideratutako politika publikoak sustatuko dira.

Zentzu honetan, ez da ahaztu behar komunitatearen bizitzan aktiboki parte hartzeak oinarrizko irisgarritasun-baldintzak bermatzea dakarrela hainbat arlotan eta, zehazki, garraiobideen eremuan. Beraz, gure berehalako konpromisoa irisgarritasunera ere bideratuta egongo da.

Azkenik, bizitza independente batek norberaren existentziari buruzko erabakimena izatea dakar, eta horretarako funtsezkoa da prestakuntza-prozesua, etapa goiztiarretan hasten dena, jaiotzatik bertatik, eta bizitza osoko ikaskuntza gisa irauten duena. Hezkuntza inklusiborako eskubidea bermatzeko politika publikoak ere sustatuko dira, desgaitasunen bat duten pertsonek behar hezkuntza-sistemaren etapa guztietan behar duten erantzuna ziurtatzeko.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Lurraldeko bizimodu independentearen ereduaren erregulazioa bultzatzea: Bizitza independenterako Legea

    Desgaitasuna duten pertsonek bizimodu independentea izateko eta komunitatean bizitzeko daukaten eskubidea aitortu eta eredu hau egikaritzeko politika publikoek izan beharko duten ikuspegia eta behar dituzten elementuak arautzea izango du helburu.

    Legeak, besteak beste, Desgaitasuna duten pertsonen Bizitza independenterako eskubidea gauzatzeko prestazio ekonomikoa definituko eta laguntzaile pertsonalaren figura erregulatuko ditu funtzioen definizioa hobetuz.

  2. Bizimodu independentearen arloan ezagutza sortzeko eta transferitzeko ikerketa-proiektuak bultzatzea

    Euskadiko ereduaren zeharkako ikuspegitik bizimodu independenterako eskubidearen sustapenean eta eraginkortasunean esku hartzen duten eragileen arteko lankidetza sustatuz.

  3. Laguntzaile Pertsonalaren figuraren Prestakuntza- eta espezializazio-modulu propio baten garapena Lanbiderekin, “etxez etxeko arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiriaren” osagarria, jasotzen duten pertsonei profil egokia emango diena eta, hala badagokio, eskaintzen kudeaketan baldintza gisa sar daitekeena.

  4. Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen 68/2000 Dekretuaren eguneratzea. Besteak beste, Garraio publikoen ezaugarriak berrikusi eta egokituz.

  5. Hezkuntza-inklusioa garatzeko eta gainbegiratzeko institutu bat sortzea

    Helburua behatoki pribilegiatu bat izatea izango da, hezkuntza-praktiken gizarteratze-maila, baliabideak eta bitartekoak beharrizanetara nola egokitzen diren eta konponbideak eta alternatibak proposatzen diren jakiteko.

Haurrak eta nerabeak

Haur eta Nerabeen 2/2024 legeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan paradigma aldaketa bat ekarri du, haurrak eta nerabeak babestu beharreko subjektu pasibo izatetik, subjektu aktibo eta haien interes gorena erdigunean izatera pasatu baikara. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan oinarrituta eraikitzen da legedia berri hau eta honek aitortzen du haur eta nerabeak eskubideen titular diren subjektuak direla, eta ez soilik babesa merezi duten subjektuak. Ikuspegi horretatik abiatuta, haurrak eta nerabeak subjektu parte-hartzailetzat hartzen ditu, eta protagonismo handiagoa ematen die familiaren barruan ez ezik kide diren komunitatean ere betetzen duten eginkizunari dagokionez. Azken batean, gizartea eraikitzen aktiboki parte hartzeko legitimatuta dauden subjektu gisa aitortzen ditu, bereziki, eurei dagozkien gai guztietan parte hartzeari dagokionez, eta gai horien barruan sartzen dira titular diren eskubideei eragiten dieten politika publikoak.

Paradigma honetara moldatu behar ditugu beraz gure politika publiko eta proposamen guztiak. Ez legeak hala dioelako, politika %99arentzat egitea pentsatzen ari bagara, paper protagonikoa ere izan behar dutela ulertzen dugulako. Eta honek, parte hartzea, hizkuntza zein eskubideak beraiek ulertzeko eta egikaritzeko modua aldatzera eraman behar gaitu.

Hainbat udaletan martxan daude “Herri hezitzaileen” proiektuak norabide honetan mugarri bat ezar dezaketen eredu bezala har ditzakegu, Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzen baitute eta hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematen zaie. Eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasuna eta parekidetasuna erdigunean kokatzen da eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zaintzen da, komunitate-sarea eta auzolana indartuz. Herri hezitzaileak, Italian sortu zen “Haurren hiria” mugimenduaren baitan kokatzen den gure eredu propioa izan liteke, nahiz eta azken honek esparru zabalagoa hartzen duen. Honen bultzatzaile Francesco Tonucciren hausnarketak oinarri hartuta, orain arte 1’74 metroko batezbesteko altueraren perspektibatik diseinatu dugu hiria eta politika publikoa, baina neurri horren azpitik, hiria, mundu hau, beste begi batzuekin ikusten da. Horregatik begi horiei gure politika publikoen baitan espazioa eskaintzeaz ari gara puntu honetan, haien subjektu izaera aitortzeaz. Haurren herri bat, herri inklusiboagoa delako, bizitzarako herria da.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Haurren eta nerabeen kontseilua sortu. Aipatu legea garatzeko, zein jaurlaritzak sustatuko dituen politika ezberdinen gainean aritzeko, eztabaida eta erabakigune izango den kontseilua sortuko dugu. Babesgabetasun eta zaurgarritasun handiena duten haurren parte hartzea zein eskubideak indartzeko babes mekanismoak indartu eta sortuko dira.

  2. Haurren Ongizate Subjektiboaren Indize Orokorra sortzea. Biztanleriaren ongizate subjektiboa bizi-kalitatearen osagai oso garrantzitsua da, bai helduentzat, bai haur eta nerabeentzat. Horregatik da garrantzitsua zorroztasun zientifiko handieneko proposamen bat garatzea, gaur egungo ezagutzetan oinarrituta, neurri horien guztien protagonisten pertzepzioa txertatzeko aukera emango baitigu.

  3. Haurren kontrako sexu-indarkeriari aurre egiteko Legebiltzarreko Ponentziatik ateratako emaitzak garatzea. 2023an, EH Bilduk beste batzuekin batera bultzatutako Legebiltzarreko Ponentziak aho batez onartu zituen diagnostiko eta gomendioak aurkeztu ziren. Lehentasunezkotzat jotako prozesu eta espazio guztiak garatzeko, bultzatzeko eta bizkortzeko konpromisoa hartzen dugu, hala nola identifikazio- eta laguntza-protokoloak, sektoreen arteko koordinazioa eta birbiktimizatzen ez dituzten espazioak eta prozesuak justiziaren eta gizarte-zerbitzuen esparruan, bai eta erreparazio-prozesu psikosozial publiko eta doakoak ere. Hori guztia pertsona bizirauleekin etengabe koordinatuta egingo da.

9. Estatus politiko berria

Euskal Herria osoan bezala, Euskal Herriaren zati honetan eguneroko arazoei aurre egiteko desabantaila estrategikoa daukagu: Euskal Herriari ukatzen zaion burujabetzarako eskubidea.

Euskal Herriak abagadune historiko bat bizi du,eta arrazoia besteak beste hau da: bai Estatu espainolean zein Estatu frantsesean “lurralde auziak” protagonismo berezia izango du datozen hilabete eta urteetan.

Espainar estatuari erreparatuta, gero eta argiago dago, aurreko lau urtetan bezala, datozen hauetan Gobernu “aurrerakoi” batetarako bultzada ezinbestean bultzada plurinazionala izango dela. Eta beraz garbi dago ezinbestekoa izango dela Estatu honetan dauden arazo nazionalen inguruko eztabaida ematea eta hauentzat irtenbide demokratikoaz hitz egitea.

Aukera historiko bat izan dezakegu eskuartean Euskal Herriaren nazio aitortzan pausuak eman eta dagozkigun eskubideen errespetuan oinarrituko den etorkizun bat atxikitzeko. Ezin dugu aukera hau pasatzen utzi. Anbizioz jokatzeko unea da.

Iraganean mota guztietako proposamenak mahai gaineratu dira, gure herrian eztabaida hau ez baita berria: azkena 2016-2020 legealdian Estatus politiko berrirako Oinarri eta Printzipioen gaineko akordio zabala, EH Bildu, Elkarrekin- Podemos eta EAJren bozkekin lortua.

Eztabaida eta proposamen historiko guztiek eman diguten irakaspenetatik honoko ondorioak ateratzen ditugu:

EUSKAL HERRIA HERRI BEZALA ARITU BEHAR DA

Egungo egoeratik abiatuta bada ere ikuspegi nazional batetik abiatu behar du eztabaida hau gure herriak. Noski kontuan hartu beharrekoa direla, nola ez, zatitzen gaituzten eremu administratibo ezberdinak.

Baina gure etorkizun nazionala eta sozialaren eztabaida Euskal Herri osoan egin beharreko eztabaida burujabeak finkatu behar du. Eztabaida burujabea diogu, hori bederen ezin digutelako oztopatu. Herritar burujabe bezala Euskal Herriaren luze zabalean eztabaida burujabea garatu behar dugu.

HERRI AKORDIOA

Alderdi politiko, antolakunde politiko, sindikal, akademiko, sozial ahalik eta zabalenen proposamenak jaso eta horien baitan ahalik eta kontsentsu zabalena lor dezaketenen inguruko eztabaida eta akordioa erdiestea da helburua.

Akordio hori estatuarekin ezein negoziazio hasi baino lehen berretsia izan behar da euskal lurraldean.

Gure proposamena beraz argi esanda Herri bezala aritzea da eta ez alderdi bezala. Uste dugu arduragatik eta eraginkortasunagatik beharrezkoa zaigula herriaren babesa duen herri proiektu bat adostea gerora Estatuarekin negoziatzeko.

HERRI BEZALA NEGOZIATU

Egungo instituzioek (Nafarroa garaian edota EAEN) eztabaida horretan funtsezko papera eduki behar dute, argi edukiz horiek direla momentuz euskaldunen borondate demokratikoa ordezkatzen duten instituzioak, udalekin eta Foru Aldundiekin batera. Egungo Instituzioen errespetuan eta beraien lidergopean ere egin beharreko eztabaidaz mintzo gara.

 

2028. URTERAKO KONPROMISOAK

  1. Guztiontzako Euskal Herria

    Estatuarekin beste harreman mota batean oinarritutako eredua:

    – Nazio bat gara: nazio aitortza.

    – Erabakitze eskubidearen gauzapen juridiko-politikoa, politika publikoei zein herri honen etorkizunari dagokionez.

    – Aldebikotasunean oinarritutako izaera konfederaldun harremana, Konstituzio Auzitegiari, Espainiar Kongresuari edota espainiar auzitegiei subordinaziorik edo injerentziarik gabe gauzatu ahalko dena.

    – Honek ezinbestean erabakitze eskubidearen gauzapenerako prozedura argien zehaztapena galdatzen du.

  2. KONTSULTA HABILITANTEA, estatuarekin ezein negoziazio abiatu aurretik.

    Eztabaida instituzionala sustatzeko konpromisoa, legealdiko lehen hiru hilabetetan legebiltzarrean ponentziaren berraktibazioa planteatuz. 2016-2020an adostutako oinarri eta printzipioak aintzat hartuta.

    Proposamen konfederala lege egitasmo gisa planteatzeko konpromisoa.

    Hitzartutako kontsulta loteslea Legebiltzarrean gehiengo absolutua eskuratu ezkero.

  3. Gainontzeko Euskal lurraldeekin esparru instituzional egonkor bat sustatzeko konpromisoa.

  4. Nazioarteko komunitatearekin lan egiteko behin betiko bultzada.

    Nazioarteko hainbat gobernurekin aldebiko akordioak bilatuko dira lurralde auziari aterabide demokratikoa emateko helburuz.

    Europar Batasuneko instituzioak prozesu honetan inplikatzeko ahalegin berezia egingo da.