Industriari bultzada publiko-pribatu sendo bat eman ahal izateko euskal aliantza finantzarioa iragarri berri den momentu honetan, gakoa da euskal industriak hartu beharreko norabidea argi finkatzea. Euskal inbertsio funts baten ernamuina iragarri da aste honetan titular handiekin: 1.000 milioi euroko inbertsio publikoa beste 3.000 milioi euroko inbertsio pribatua trakzionatzeko helburuz. Ados gaude urrats honekin baina esan beharrean gaude: denbora asko galdu dugu eta oraindik ere lerroburuetan gaude, letra xehean beharko genukeenean.
Badirudi paradigma aldaketa baten hasieran egon gaitezkeela, edo gutxienez gobernu-alderdietan badagoela pultsio bat norabide hau jorratzen hasteko. Orain arte, bide hau proposatzen genuenoi erantzuten zitzaigun ez garela herrialde komunista bat. Gogoratu dezagun artikulatu nahi diren tresna finantzarioak hor egon direla orain arte ere, euskal funts bat sortzeko proposamena, gutxienik, Urkulluren lehen agintalditik egon dela mahai gainean eta ez dela ezertxo ere egin. Orain, galdutako denbora irabazten ari gara, nahiko genituzkeen baino baldintza ekonomiko zailagoetan, ziurgabetasun ekonomikoa inoizko handiena den garaian.
Zehaztasunak falta dira, letra xehea: nola artikulatuko diren tresna finantzario publiko eta pribatu desberdinak, zein berme eskainiko zaizkien BGAEei herritarren aurrezkien zati bat industrian inbertitu ahal izateko, eta abar. Baina, batez ere, zertan inbertitu nahi dugun, zein norabide eman nahi diogun euskal industriari. Aholkularitza enpresa bati eman dio Eusko Jaurlaritzak industria plana osatzeko enkargua. Deigarria da, eta kezkagarria, Eusko Jaurlaritzak plan industrial bat osatzeko gaitasunik izan ez eta aholkularitza bati eskatzea lan hori. SPRIk ez al dauka gaitasunik norabidea finkatzeko? Ez diot kanpo ezagutza interesgarria ez denik, noski baietz, baina gaitasun publiko falta honek zer adierazten du? Bada, esango nuke, hain zuzen ere, azken urteetan egin ez den politika industrialaren ondorio dela. Eusko Jaurlaritzak ulertu izan du ez zegokiola rol aktibo bat, are gutxiago enpresen jabetzan parte hartzea, ez eta berrikuntza teknologikoa norabidetzea. Eta horrek ondorio negatiboak izan ditu administrazioaren gaitasunetan.
Euskal industriak hartu beharreko norabidea eztabaidagai dugularik, datuen industrian jarri nahi dut azpimarra. Zehazki mahai gainean dauden bi, biak Arabako lurretan: Lehena Bilbao-Arasur Data Center Campus deitu dena, Merlin Properties enpresak sustaturikoa Edge Energy enpresarekin batera. 300 MW-ko gaitasuna izango luke, Estatu mailako handiena litzateke. Datu zentro honek, errendimendu osoan funtzionatuz, urtean 2.628 GWh-ko energia kontsumoa izango luke. Honen dimentsioaz jabetzeko, hemen konparaziorako datu batzuk:
- 2.628 GWh zentral fotovoltaikoekin ekoizteko 1,6 GW inguru instalatu beharko lirateke, 50 MW-ko 32 zentral (Solariak Araban proiektatzen zituen guztiak eta gehiago).
- Mercedes Gasteizen urteko energia kontsumo totala 200 GWh ingurukoa da urtean, horietatik erdia argindarra da eta beste erdia gas naturala.
- Fagor Taldeko energia kontsumo totala (mundu osoko lantegiak kontuan hartuta) 600 GWh-koa da urtean, eta horietatik argindarra 450 GWh dira.
- Arabako argindar kontsumoa 3.000 GWh ingurukoa da urtean. Hau da, Bilbao-Arasur Data Center Campus datu zentroak Arabako argindar kontsumoa ia bikoiztu egingo luke.
Atzetik dator bigarren proiektu bat, kasu honetan Solariarena. Proiektu honek 225 MW-ko gaitasuna izango luke, baina, orotara, Solariak 825 MW ezarri nahi ditu Erkidego Autonomoan datu zentroetan, gehienak Araban aurreikus daitezke. Iragarritakoaren erdia gauzatuko balitz, Bilbao-Arasur Data Center Campus proiektuarekin batera, Arabako argindar kontsumoa hirukoiztu egingo litzateke.
Pradales lehendakariak honako adierazpenak egin zituen Bilbao-Arasur Data Center Campus proiektuaren lehen eraikinaren inaugurazioan:
Euskadi es una ubicación geoestratégica en el Eje Atlántico, pues es punto de llegada de grandes cables digitales transoceánicos, lo que proporciona una muy baja latencia para las comunicaciones digitales. Este centro de datos es un paso importante en el proceso de transformación tecnológica y digital y en el impulso de nuevas infraestructuras para la economía del dato, poniendo además la sostenibilidad en el centro. Este data center de Arasur supone una apuesta a largo plazo, que dará servicios punteros para almacenar, procesar y gestionar la información digital y supone un paso importante en el proceso de transformación tecnológica y digital y en el impulso de nuevas infraestructuras para la economía del dato.
Oso bestelako da gure iritzia: Hipereskalakoak diren datu zentro hauek enpresa teknologiko handiei emango diete zerbitzua. Lehendakariak ondo esan zuen bezala, Estatu Batuetatik Sopelara iristen den gaitasun handiko kableari esker, BigTech handiek Adimen Artifizialak eskatzen duen datu-prozesamendua egiteko baliatuko dituzte datu zentrook. Beraz, zer da datuen industria honek gure herrialdean uzten duena:
- Neurriz kanpoko kontsumo energetiko bat, gure sistema energetikoaren trantsizioa erabat baldintzatuko duena: atzera pausu handi bat burujabetza energetikoan aintzat hartuta energia berriztagarrien hedapenerako gure lurraldeak dituen mugak.
- Gure industriaren deskarbonizazioari oztopoa. Izan ere, garraio sare elektrikoa saturatuta daukagu, potentzia falta zaigu, potentzia gehiago behar dugu (lehenbailehen) enpresek beraien fabrikazio prozesuak elektrifikatu ahal ditzaten. Datu zentro hauek urria zaigun garraio sare elektrikoa okupatuko dute, lanpostu oso gutxi sortzen duen aktibitate ekonomiko batekin (Bilbao-Arasur Data Center Campus 170 inguru). Atera kontuak: Mercedesek, 13 aldiz gutxiago kontsumituz, 6.000 lanpostu zuzen inguru sortzen ditu (gehi ez-zuzenak).
- Zoru industrial urriaren okupazioa (60.000 metro karratu Bilbao-Arasur Data Center Campusek eta 50.000 Solariaren proiektuak) oso lanpostu gutxi sortuz. Lurzoru industrial gutxi badugu, manufaktura industria da lehenetsi behar dena.
- Azpiegitura hauek ez diete inolako ekarpenik egiten gure garapen teknologikoari, ez Euskal Herriari ezta Europari ere. Aitzitik, enpresa teknologiko handiekiko dugun menpekotasuna areagotzen dute, enpresa horiek behar duten azpiegitura (eta azpiegitura horien kontsumo energetikoa) lurraldetzen baitugu. BigTech hauek, gure datuekin, inoizko botere handiena pilatu dute, eta orain estrategia erreakzionario global baten zerbitzura jarri dira, Europa bera mehatxatzeraino.
- Datu zentro hauek zergak ordainduko dituzte bertan, bai, baina, kostu-irabazien azterketa eginda, ez dago zalantzarik: datu zentro hauek arazo handi bat dira gure herriarentzat ikuspegi energetikotik (ondorioz lurralde zein ekologia ikuspegitik), industrialetik zein teknologikotik.
Hain zuzen ere, ari gara, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, beste eskala bateko datu zentroak eraikitzen, gure datuak, administrazioak eta bertako enpresek sortzen dituztenak, gorde eta prozesatzeko. Hor dago ADI Data Center ekimena. Ekimen honek datu zentro bat martxan du jada Abanton, eta orain beste bat eraikiko du Arrasaten, baina datu zentro hauen dimentsioak ez du zer ikusirik aurrekoekin. Abantokoa 2 MW-koa da, eta Arrasaten eraikiko dena, berriz, 3 MW-koa.
Aipamen berezia eskatzen du Solariak: Azken urteetan, Solaria gure herriaren trantsizio energetikoaren aldeko mezuak zabaltzen entzun izan dugu, proiektatzen zituen parke fotovoltaikoen onurak azaldu nahian. Gerora jakin dugu Solariak badaukala negozio osagarri bat, eta bata bestearekin lotzen duela: elektrizitate merkea ekoitzi bere datu zentroak elikatzeko. Hori da puzzle osoa. Konplexurik gabe azaldu dute berriki:
La solución de Solaria ofrece una mayor rentabilidad para los centros de datos, gracias a un ahorro significativo en sus costos de electricidad. Solaria cuenta con un portfolio energético superior a los 3 GW operativos y en construcción, adicionalmente cuenta con 1,1 GW con autorizaciones, y una infraestructura eléctrica privada que abarca casi 1.000 kilómetros de redes, 97 subestaciones y 70 plantas fotovoltaicas.
Zer da herri honek irabazten duena Solariarekin? Trantsizio energetikoan atzera urratsa ematen dugu (kontsumoa biderkatzen baitugu) lur sail zabalak okupatuta (tartean balio agrologiko altukoak); gure industriaren deskarbonizazioa oztopatzen dugu, garraio sare elektrikoa okupatuz; eta apenas sortzen dugu lanposturik eta eskas dugun zoru industriala BigTech handien zerbitzura jartzen dugu. Ezin onartuzkoa da.
Euskal industriaren norabidea finkatzeko orduan ikuspegi kritikoa behar da. Eta Eusko Jaurlaritzak, momentuz behintzat, alfonbra gorria jarri dio arazo bati. Europar Batzordea bera ere beste norabide bat elikatu nahian ari da, burujabetza teknologikoa biziraupenerako auzi bilakatu zaiola ohartuta.