Burujabetzan aurrera egin eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean.

Itsasargia

Nazioen askapenaren eta jendartearen emantzipazioaren alde ari garenon bi erreferente intelektual itzali dira denbora gutxian: Pepe Mujica eta Joxe Azurmendi. Pepe eta Joxe bi mundu dira. Nor bere aldetik mundu intelektual bi, bizialdi oso bateko konpromisoz eraikiak. Bi mundu, baita ere, beraien artean distantzia handia dagoelako, testuinguru eta bizi-esperientzia arras diferenteak izan dituzte-eta. Baina hainbeste markatu bagaituzte, hain geureak baditugu, izan da, biek ala biek, gure mundu ikuskera osatzeko erramintak eman dizkigutelako eta agertu duten engaiamendu intelektualak inspiratu egin gaituelako.

Joxe Azurmendi itsaso intelektual bat da, sakonera handiko itsaso zabal bat. Nik ur gainean eta hondartzatik gertu egin dut igeri itsaso horretan. Nahiko nuke etorkizunean barrurago sartu, etxeko apalean zain dauzkadan liburuetan denbora mugarik gabe murgildu. Oso gaztea nintzelarik irakurri nituen Euskal Herria krisian eta ‘Euskaldunak eta espainolak’. Geroago, ETAren ondorengo ziklo politikoa irekitzearekin batera mahaigaineratu ziren zenbait eztabaida argitu nahian, ‘Hizkuntza, nazioa, estatua’, ‘Gizabere kooperatiboaz’ edota ‘Barkamena, kondena eta tortura’. Iazko gabonetan ‘Azken egunak Gaindiagarekin’ hartu nuen eskuartean; oporrak nahi baino lehenago agortu zitzaizkidan.

Hori horrela, errespetu handia ematen dit Joxe Azurmendiri buruz ezer idazteak. Joxe Azurmendi gauza kolosala da, eta ni oso txikia bere legatuaren aurrean. Apaltasunetik, beraz, esango nuke Joxe Azurmendik bi ekarpen handi egin dituela (beste batzuekin batera): Lehenik, euskal nazioaren errebindikazioa oinarritu eta defendatzeko baliabideak eman dizkigu, espainolismo ilustratuak euskal abertzaletasuna deuseztatzeko egindako ahaleginari aurre eginez. Puskatuta jaso dugun gure nazioa ulertu, pentsatu eta eraikitzeko erreferentzia saihetsezina da Joxe Azurmendi: euskal pentsalari emankorrena.

Burujabetzan aurrera egin eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean.