Pello
Otxandiano
Kanpo

Begiradak

Elkarrizketarako gonbidapen bat

Pasa den astean Pradales Lehendakariak iragarri zuen gailur bat (horrela mintzatzea arranditsua da agian gure eskala kontuan hartuta) antolatuko zuela hiru Aldundiekin eta Eudelekin gure sistema instituzionalaren burokratizazioa murrizteko eta euskal administrazio publikoaren efizientzia egokitu eta hobetzeko. Ekimen egokia da eta norabide onean doa, baina nago harago joateko unea dela.

Uste dut Lehendakariak egokitu duela EH Bilduk 2025eko aurrekontuei begira egin duen proposamenaren ataletako bat, hain justu, gure sistema instituzionalari buruzko analisi integral bat eta Administrazioa modernizatzeko plan estrategiko bat egin beharra jasotzen duena. Horrez gain, bere ekimenarekin, inplizituki, Lehendakariak bere egiten du, baina ez nahiko, EH Bilduren proposamenaren muina: hiru herrialdeen gaineko ikuspegi global bat operatibizatu beharra termino instituzionaletan.

Azken batean, EH Bilduk lan egiteko filosofia bat planteatu du, begirada berri bat, Euskal Autonomia Erkidegoko lau instituzio nagusien aurrekontuen diseinuari ikuspegi global batetik heltzeko. Horrela, lehentasunezkotzat hartutako esparruetan politika publikoen noranzkoa eta anbizio maila modu kooperatiboan zehaztea planteatzen dugu. Horren emaitza agenda komun bat litzateke, herri agenda bat Euskal Herriaren zati honetarako, instituzio nagusiak diren Jaurlaritzaren eta hiru Aldundien aurrekontuetan ondo islaturik egon beharko lukeena.

Horretarako, elkarrizketarako deia egin diegu EAJri eta PSEri. Eusko Legebiltzarrean eta hiru Batzar Nagusietan gehiengoak artikulatzeko gaitasuna dugun indar politikoen arteko elkarrizketarako eremu bat sortu baino ez dugu nahi. Biltzeko eskari formala helarazi diegu biei, baina ez batak ez besteak ez digute erantzun, guk inoiz egingo ez genuena.

Gure aldetik, kontu publikoen eztabaidari ekiteko lan-metodo hau geratzeko etorri da: datozen urteotan berdin-berdin jokatuko dugu, planteamendu hau egitera garamatzaten motibazioak hausnarketa politiko sendo batetik eratortzen direla uste dugulako. Hiru oinarri dituen hausnarketa batetik, alegia:

  1. Garai historiko honetan oso presente izan behar dugun ezaugarri bat dago, une hau termino sozioekonomikoetan definitzen duelako: erronka sozialak oso-oso konplexuak dira, eta horrek gure gaitasun instituzional guztiak norabide zehatz batean aktibatzea eskatzen du. Gaitasunak eta ezagutza konektatzeko momentua da, herri agenda baten zerbitzura jartzeko; hau da, hiru Aldundien eta Jaurlaritzaren arteko elkarlan horizontala indartzea herrialde guztiek norabide bakar batean bat egin dezaten. Eta eskala instituzional ezberdinak lerrokatzeko unea ere bada, hots, gure sistemaren hiru eskalen ekintza instituzionala koherentizatzea politika publikoak garatzean: Jaurlaritza-Aldundiak-Udalak.

    Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak ondo esan zuen duela bi aste aireportuei buruz hitz egin zuenean: Herri bat gara edo hiru lurralde gara? Erronka sozialek orain daukaguna baino herri ikuspegi sendoago bat behar dute, hala nola etxebizitza larrialdiak, lan merkatuko aldaketek, zaintza eredu desfamiliarizatu eta feminista bateranzko trantsizioak, babes sozialak bere dimentsio zabalean, energia berriztagarrien hedapenak, mugikortasun jasangarriak, gertuko elikadura-sistema baterantz aurrera egiteak eta euskararen normalizazio prozesuaren biziberritzeak.

    Bere adierazpenen arabera, Pradales Lehendakaria Draghi Txostenaren aldeko sutsua da. Txosten horrek, lehenik eta behin, eta bestelako kontuak alde batera utzita, egiaztatzen du azken bi hamarkadetan Europan politika neoliberalak sustatu dituztenek porrot egin dutela, baina horrek, dena den, beste post bat idazteko emango luke. Edonola ere, zer da Draghi Txostenak planteatzen duena?

    Oinarrian txostenak dio begirada politiko argi baten faltak erregulazio-karga gehiegizkoa izatea eta merkatu bakarra zatiturik egotea ekarri duela. Adibidez, kritikatzen du helburu komunak ezartzen direla, baina ez, ordea, lehentasun argiak, ez eta politikak komunak ere helburu horietara iristeko. Horri bigarren elementu bat gehitzen dio: baliabide komunen xahutzea, dioenez. Aipatzen duen hirugarren elementua zerga eta merkataritza politiken koordinazio falta da. Laugarrenez, Draghik erabakiak hartzeko arauak kritikatzen ditu: sistema konplexutzat eta aurkakotzat jotzen du eta haren geldotasuna eta partzialitatea kritikatzen du, erabakiak eragile askok parte hartzen dutenen gaien arabera banatzen dituelako. Azkenik, beharrezkotzat jotzen du kapitalen merkatu bat sortzea Europar Batasun osorako, aktibo komun seguruekin babes publikoa izango duena, hain zuzen ere.

    Laburbilduz, Draghik Europako gobernu indartsu baten alde apustu egiten du, gobernantza eredu bertikalago baten alde, nolabait esatearren, politika ekonomiko zehatzak diseinatzeko eta egikaritzeko gaitasuna izango duen gobernu baten alde. Bada, eskala makroan begirada hori ontzat ematen bada garaiko erronka sozioekonomikoen konplexutasunari aurre egiteko, Lehendakaria eta EH Bildu bat etor gintezke, are gehiago eskala mikroan, gure herrian, alegia, begirada hori aintzat hartzeko, betiere lurralde historiko bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz eta instituzio bakoitzaren eskumenak zorrotz errespetatuz.

    Eta ez gaude ados lidergo publiko hori gure zentzu komunitarioaren kontra doanaren ideiarekin. Alderantziz. Gure iritziz, besteak beste, azken legealdietan egon den lidergo politiko falta da, hain justu, gure zentzu komunitarioa ahultzea ekarri duena. Beraz, orain behar dena lidergo publiko sendo bat da, etorkizuneko ikuspegi sendo batek, gure gaitasun komunitarioak –eduki badauzkagulako– aktibatzeko gai izango denak, gidatutakoa.

  2. Gure arkitektura instituzionala, izaera konfederal nabarmena eta sustrai historiko sakonak dituena, ez da oztopo lurralde-dinamika partikularrak gainditzeko, dinamika horiek herri proiektu koherente batetik aldentzen gaituztelako, politika publikoei zein inbertsio publikoari eraginkortasuna kentzen diete eta, gainera, ez dute bermatzen EAEko herritar guztiek tratu bera jasoko dutela erakundeen aldetik. Gure sistema instituzionalak ezin ditzake dinamika zatitzaile eta zentrifugoak sortu. Adibideak daude nonahi: garraio publikoan deskontu ezberdinak; bidesari-tarifa ezberdinak; zerbitzu sozialetan onartezinak diren ezberdinkeriak; trataera fiskal ezberdina hainbat esparrutan; garraio publikoan tresna partikularrak eta errepikatuak, hiru txartel ezberdinak, esaterako; lurraldeen arteko koordinazio falta, bai eta lehia ere, azpiegitura estrategikoei dagokienez, eta abar. Alderdi bereko ordezkari politikoen arteko eztabaida publikoa, Euskal Y-a eta Nafarroa lotzeari buruzkoa, izozmendiaren punta besterik ez da.

    Herri txiki bat gara mundu guztiz globalizatu batean; hori dela eta, gure herriaren eskalak politika publikoak, gastuak zein diru-sarrerak, harmonizatzera behartzen gaitu, inoiz baino gehiago. Zerga politikari dagokionez bistakoa den hori nabarmena da neurri berean etxebizitza politikan, zaintzetan edota trantsizio ekosozialean. Edonork daki, EAEko fiskalitatea arautuko duten hiru foru arau harmonizatu onartu behar baldin badira, beharrezkoa dela elkarrizketa eta negoziazio eremu bat irekitzea hiru Batzar Nagusietan gehiengoak artikulatzeko gai diren alderdi politikoen artean. Hori horrela, zergatik ez dugu gauza bera egiten funtsezkoak diren politika publikoekin garaiko erronka sozialei aurre egiteko? Planteatzen ari garen hori zentzu komunekoa delakoan nago.

    Berritzailea da agian? Baliteke, baina harrigarria da ikustea nola hain modu erreaktiboan erantzuten duten esparru ekonomikoan uneoro berrikuntza aldarrikatzen dutenek prozesu politiko eta demokratikoetan halako berrikuntza bat planteatzen denean. Dena aldatu da enpresa munduan kudeaketa ereduari dagokionez azken 20 urteotan; politikan, aldiz, hainbestetan adierazi denez, XX. mendeko tresnekin aurre egin nahi zaie XXI. mendeko erronkei.

  3. Krisi sistemikoak demokrazian sakontzea eskatzen du, gizarte zibila txertatzea politika publikoen diseinuan eta erabaki estrategikoak hartzeko prozesuan, alegia. Hala ere, gobernantza kolaboratiboa gizarte politikoaren barruan ere beharrezkoa da: derrigorrezkoa da alderdi politikoak agenda bateratu bat, herri agenda bat, aurrez zehazteko gai izatea, baina, tamalez, hori ez da horrela izaten ari. Oraindik ez gara iritsi beharrezkoa den elkarlana lehia saihetsezinaren aurretik jartzeko behar den kultura politikora.

    Fiskalitatearen adibidera itzultzen naiz: ekainean oinarriak adostu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Orain EAJren eta PSEren arteko akordio bat iragartzen da hiru lurraldeetarako –honek, bide batez, frogatzen du akordio globalak eta “bertikalak” existitu, bai, existitzen direla– baina errealitatea da ez Gipuzkoan ez Araban ez dutela gehiengoa eta, ondorioz, hirugarren baten parte hartzea behar dutela. Halako sakontasun politikoa duen gai bat izanik, eta hain garrantzitsua den momentu ekonomiko honetan, oso desegokia iruditzen zait zerga erreforma bati ekitea azken hauteskundeetan hiru lurraldeetatik bitan lehen indarra izan den alderdi politikoa bazter utzita. EAJk eta PSEk hiruko negoziazio baterako prest egon behar dute, zerga erreformaren diseinua adosteari begira.

    Izan ere, ez da pedagogia politiko ona alderdiek demokrazia deliberatiboa aldarrikatzea haien artean eztabaidatzeko gai ere ez direnean, ez eta gehiengoen jokoagatik eztabaidatzeko obligazioa dutenean ere.

BESTE BEGIRADA BATZUK