Liburuen hitzaurrea egitea ohiko lana bihurtu da niretzat. Gero eta jende gehiagok ohoratzen nau eskaera horrekin. Askotan pentsatzen dut zerikusi handiagoa duela biologia politikoko arrazoiekin ekarpen intelektualarekin baino. Berdin eskertzen diet.
Hala ere, beste hitzaurre batzuetan ez bezala, hau ez da lankide agurgarri baten libururako, memoria batzuetarako edo erreferentziazko obra baterako, militante gazte baten lehen manifestu politikorako baizik. Bere protagonista, burkidea izateaz gain, miresmen handia diodan laguna ere bada. Horregatik, oso hitzaurre berezia da niretzat. Pello Otxandiano oraindik ez da oso ezaguna euskal gizartearen gehiengoarentzat, baina haren kide izan garenok badakigu zenbaterainoko balioa duen, zein kide ona den, nolako indarra duen bere pentsamenduak eta zer irmotasuna duten bere sinesmenek.
Garai historiko hauetan, ziurgabetasunak eta segurtasunik ezak gure bizi paisaiaren eta paisaia politikoaren parte dira eta, Otxandianoren ikuspegiak, beste ezer baino lehen, eskertzeko moduko segurtasun eta lasaitasun sentsazioa eragiten du. Ikus daitekeenez, haren ekarpena baloratzeko orduan ez naizela objektiboa izango aurreratzen dut. Hitzaurre hau ez da ohiko glosa. Gehiago da apustu politikoa eta gure lankide eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakarigaiaren pentsamendua ezagutzeko gonbita.
Egia esan, ez da ohikoa –inguru hauetan ez behintzat– hautagai batek bere gogoetak liburu gisa jasotzea hauteskunde kanpaina baten aurretik. Izango da eztabaida politikorako tresna gisa motzean iskin egitea, twit irudimentsuena edo irain baldarrena nahiago duenik, dudarik gabe. Ezker subiranista, aldiz, une oro saiatzen da eztabaida horren maila igotzen, baretzen edo herrikoi bihurtzen konplexutasunari uko egin gabe. Poz ematen dit estilo hau belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela ikusteak.
Eta ez da estetika kontua bakarrik. Uste dut gure euskal nazio zaharrarekiko dugun zintzotasuna eta erantzukizun historikoaren zentzua islatzen dituela. Pellok estilo hori jasotzeaz gain, hobetu egiten du, talentu berezia ematen dio. Gure herriarentzako berdintasunezko eta askatasunezko etorkizunarekin konprometitzeko urratsa eman duen belaunaldi berri baten ordezkari gisa hitz egiten digu. Belaunaldi berri horrek galdera berriak eta soluzio berriak planteatzen dizkie Euskal Herri zaharrak dituen erronka handiei.
Gure herriak, nazioak, herrialdeak, gizarteak… guk aberria esaten diogunak eta batzuk ukatzen tematzen direnak, munduaren ikuspegi propioa eta plurala eskaintzen digu behin eta berriz, denboran zehar iraun duten anbizio kolektiboekin batera. Otxandianoren pentsamendua anbizio horien adibide ona da.
Borroka eta konpromisoen tradizioa ere islatzen du, euskaldun zein nazioartekoena. Askapen nazional eta sozialaren izaera duten prozesuetan, esaterako gurean, garrantzitsua da ikustea belaunaldi berriek lekukoa hartzen dutela bidea egiten jarraitzeko. Eta bide ezberdinak aurkitzen dituztela gure utopia berrituen bila ibiltzeko.
Liburu honek orainaldiko diagnostikoa eskaintzen du, eta diagnostiko hori estuki lotzen du etorkizuneko erronkei buruzko analisi batekin. Pelloren testuan oreka ikusten dugu, alde batetik, gure erronken tamaina ikaragarriaren kontzientziari buruzko eta, bestetik, soluzio posibleak transmititzeko erabiltzen diren segurtasun eta lasaitasunaren arteko oreka, alegia. Oreka hori Otxandianok duen talentuaren seinale iruditzen zait.
Eta hausnarketa horien osagai nagusiak hauek direla esango nuke: gure etorkizunari buruzko prospekzio lana, erronken aurreikuspen arrazoitua eta horiei aurre egiteko estrategiarik eraginkorrenei buruzko ekarpen sendoa. Pellok orainaz hitz egiten digu eta etorkizun hurbilean aurre egin beharko diegun arazo estrukturalak azaltzen dizkigu. Berak dioen bezala, eskuordetu edo atzeratu ezin ditugun zereginak dira.
Inertziaren, gainbeheraren eta betikoa egiten duten betikoen aurrean, Otxandianok beste planteamendu bat egiteko erronka planteatu du, emaitza desberdinei bidea irekiko diena. Belaunaldi berri batek ispilu baten aurrean jartzen gaitu gure arazoen diagnostikoa egiteko, neurri handi batean gure erantzukizuna direlako. Gai horietan ez dugu asmatu, edo ikusi ere ez ditugu egin. Hortik abiatuta, eztabaida herrikoi eta intelektualki solido eta fidagarri bat garatu nahi dugu. Serio hitz egin behar dugu gure zerbitzu publikoez, zaintzaz, genero ekitateaz, aniztasunarekiko errespetuaz, gure herritarren arteko berdintasunaz, gure gazteen emantzipazioaz… Eta, hori guztia, komunitate kohesionatu, subirano eta berdintasunezkoa bermatuko duen Euskal Herriaren esparruan.
Argi dago gure herriaren orainari eta etorkizunari buruzko hurbilketa arrazoituak gogoeta egitera eta proposamenak aurkeztera behartzen duela hainbat gairen inguruan: gobernantza ulertzeko modua, aliantza politikak, eta nola uztartu lan instituzionala herrikoiarekin, beti ere helburu honekin: Euskal Herri jasangarriagoa, bidezkoagoa eta askeagoa eraikitzea.
Kontua ez da konponbideen errezeta liburua egitea, baizik eta proposamen bidezkoenak eta eraginkorrenak zein diren ikustea eta pertsona guztientzako eskubide guztien printzipioak arautuko duen herri bat egiten jarraitu nahi duten indar politiko, sindikal eta herrikoiekin partekatu ahal izango den bide bat marraztea.
Hori da Pello Otxandianok eta EH Bilduk egoera historiko honetarako proposatzen diguten zeregin zirraragarria. Izan ere, zalantzarik gabe, erabakiak hartu behar ditugu gaur, etorkizunean belaunaldi berriek eskubide nazional eta sozial guztiak bermatuta izan ditzaten berdinen Euskal Errepublikan.
Pasatuko dira hauteskundeak, eta beste batzuk etorriko dira, eta horiek ere pasatuko dira. Bitartean, liburu honetan azaldutako pentsamenduak indarrean jarraituko du. Izan ere, hemen planteatzen diren hausnarketek izaera estrategikoa dute eta beharrezkoak dira guztiontzako euskal aberria, Ebrotik Adurreraino, eraikitzeko lanei irribarre batekin eta konpromiso militante on batekin aurre egiteko. Anbizio konstituzionaltzat Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea duen herria.
Eskerrik asko, Pello. Eta ekin lanari!
Arnaldo Otegi Mondragon
Egoera politiko orokorra aztertzean nagusitzen den sentsazioa da gauzak azeleratzen ari direla. Garrantzi historikoa duten gertaera globalak gainjarri egiten dira sekuentzia zorabiagarri batean. Gerra inperialistek, larrialdi klimatikoak, baliabide energetiko merkeak agortzeak, eskuin muturraren gorakadak edo espekulazioak zuzendutako sistema ekonomiko baten krisiak zibilizazio baten gainbehera adierazten dutela ematen du edo, gutxienez, globalizazio kapitalistaren aro baten amaiera. Azterketa pausatuak behar dituzten garaiak dira, egungo politikaren berehalakotasunetik urrun.
2008ko finantza krisiarekin merkatuaren autoerregulazioaren mitoa erori zen, eta pandemiak agerian utzi du Estatu sozial indartsu bat izatearen garrantzia, ekonomia kolapsatzen denean herritarrak babestuko dituena. Bestalde, munduko ekonomia elikatzen duten hornidura kateek erakusten duten ahuleziak nolabaiteko eskualdekatzea eragiten du, eta badirudi mundua elkarrekiko mendekotasuna murriztu nahi duten bloke ekonomiko handi ondo bereizietan banatzen duela. Egia esan, globalizazioaren aro baten amaiera markatzen duen testuinguru baten aurrean gaude. Neoliberalismoak galdu egin du birsortzeko, bulkada irradiatzailerako eta itxaropenak artikulatzeko gaitasuna; inertziaren indarrari esker mantentzen da, etengabeko krisian.
Inflazioa da, hain zuzen ere, krisi horren adierazpen ekonomikoetako bat. Kontakizun ofizialek diotenaren kontra, bizimoduaren garestitasuna ez da geldialdi pandemikoaren edo gerren ondoriozko produktu energetikoen prezioen igoerak ekarritako hornidura kateak haustearen ondorio esklusiboa; funtsean, kasinoko ekonomia baten ondorioa da, David Harveyren hitzetan, jabetza kentzearen ondoriozko metaketan oinarritutako sistema ekonomiko gupidagabearena.
Inflazioa bultzatzen duten indarrek Estatuaren boterea ahultzen dute. Horien artean korporazio handien boterea nabarmentzen da. Nagusi dira merkatuan eta, horri esker, beren mozkin izugarriak defendatu eta, kasu askotan, handitu ahal izan dituzte (nahikoa da energia enpresen eta bankuen irabaziak ikustea) prezioak igoaraziz. Botere publikoek menderatzen duten beste indar handietako bat harreman ekonomikoen finantzarizazioa da. Kapital funts handiek nahikoa indar dute edozein merkatutan sartzeko, hala nola etxebizitzarenean edo oliba olioarenean, horren zati bat bereganatzeko eta, horrela, prezioak finkatu eta aparteko irabaziak lortzeko.
Egoera berri honetan, Europa posizio zailean dago, autonomia estrategikorik gabe, nagusitasun ekonomiko eta kulturalari aurre egiten dioten bi bloke handien artean, Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren artean, bere lekua bilatu nahian, eta eskuin muturraren mehatxu gero eta handiagoarekin. Eskuin muturra ekonomia kapitalistaren disfuntzionalitatearen ondoriozko nahigabe sozialaz baliatzen ari da, hau da 2008ko finantza krisiaren aurreko fasean lortutako ongizate estandarrei eusteko dauden zailtasunen ondorioez. Eta hori guztia larrialdi ekologikoak markatutako testuinguru batean ari da gertatzen, eta horren adierazpen larriena, klima aldaketa, mehatxu bat da, epe ertain-luzera munduko ekonomia kolapsora eraman eta, ondorioz, gaur egun ezagutzen dugun zibilizazio modernoaren amaiera eragin dezakeena.
Egoera ahul honetan, Europan eztabaida dago jarraitu beharreko politika ekonomikoaren orientazioaren inguruan. Alde batetik, austeritatearen bidera itzultzearen alde daudenak. Egungo diru politika, inflazioari aurre egiteko tresna gisa aurkeztuta, beste osagai bat da alde horretatik. Bestalde, defizitari eta zor publikoari eusteko arau fiskalek sufrimendu soziala besterik ez dakartela eta politika horiekin trantsizio ekologiko eta digitalak eragindako produkzio sarea birmoldatzea ezinezkoa dela salatzen dutenak daude. Paul Krugman edo Joseph Stiglitzen ahotsak ez dira oso susmagarriak, eta 2008an austeritatearen bidea hartzea defendatu zuten. Horiek ere bigarren talde honetan kokatu dira azken urteetako esperientzia ikusita.
Zenbateraino jarrai daiteke bizi dugun egoerari aurre egiten politika ekonomikoan ikuspegi aldaketa sakonik egin gabe? Pandemia agertu zenetik, sektore ahulenen egoera arintzea xede zuten talka neurriak ezarri dira, behin-behineko egoera bat eta denbora gutxian normaltasunera itzultzea helburu hartuta. Zurrunbilo ekonomikoen ondorioei aurre egiteko, nahitaezkoa da familiak eta enpresa txiki eta ertainak babesteko ahalegin soziala handitzea. Handitu egin behar da, noski, baina horrekin ez da nahikoa, eta ezinezkoa da luzaroan eustea gure gizarte egiturak aldatu gabe.
Onartu behar dugu ez gaudela salbuespenezko aldi baten aurrean, eta globalizazio kapitalistaren azken etapa gidatu duten ereduen aldaketatik eratorritako konbultsio ekonomikoek markatutako garai historiko batean sartu garela; salbuespenezkotasuna arau bihurtu da. Beraz, bidegurutze bikoitz baten aurrean gaude: aberastasunaren banaketa versus gizartearen pobretzea; matrize energetikoaren eta ekoizpen eta kontsumo moduen eraldaketa versus kolapso ekonomikoa eta ekologikoa. Egiturazko jarduerak diseinatzea eskatzen du horrek, neurri aringarrietatik haratago.
Prospektibaren arabera, aldaketa gehiago eta handiagoak gertatuko dira hurrengo hogei urteetan azken ehun urteetan baino. Izan ere, aldaketa aro batean gaudela esaten da, baina aldaketak oso handiak dira eta oso azkar gertatzen ari dira eta, beraz, aro aldaketa baten aurrean gaudela ere esan daiteke. Etorkizuna prestatu behar dugu eta, horretarako, ondo oinarritutako herri proiektu bat sortu behar dugu, aurrean ditugun erronka ikaragarriei aurre egin ahal izateko. Herri proiektu hori uste sendo honetan oinarrituta dago: gizateria osoa kaltetzen duten arazoen dimentsioak gure irismena erabat gainditzen duela ukatu gabe, irmotasunez baieztatu dezakegula eta baieztatu behar dugula aurrean ditugun erronka guztiek gure herriaren errealitatearekin eta dimentsioarekin bat datozen soluzio propioak eskatzen dituztela.
Zein da gure herrigintzaren egoera aldaketa handien garai historiko honetan? Berdintasun, ongizate eta garapen adierazle nagusien egiturazko azterketak ondoko ondoriora garamatza: geldirik gaudela, ez atzera ez aurrera; eta horrek, hainbat kasutan, gainbehera dakarrela. Gure herriak ez du aurrera egiten momentuak eskatzen duen neurrian, garaiko erronkek eskatzen duten adina. Gero eta nabariagoa da hori.
Mundua, oro har, eta Europa bereziki, aldaketa sakoneko garai historikoan murgildu dira. Eta gu iraganeko errentetatik bizi gara, inertziak kudeatzen ari gara eta ez dugu behar adinako ikuspegi estrategikorik eta lidergo eraldatzailerik une historiko honek aurrean jartzen dizkigun erronka erraldoiei heltzeko. Horrela, bizi dugun unearen neurriko erreakziorik gabe, lortutakoaren zati handi bat galtzeko arriskua dugu, berdintasun eta garapen indizeetan atzera egiteko arriskua, hain dinamikoak ez diren Europako eskualdeekin berdinduz.
Botilak ura galtzen du
Lau elementu hauek aztertzea nahikoa da denbora gure aurka doala ondorioztatzeko:
(i) Hamarkada honen amaierarako proiektatutako demografia piramideak arriskuan jartzen ditu gure ongizate egitura guztiak, bai eta lan merkatua eta hezkuntza sistema ere. Gainera, izugarri areagotzen du zaintza lanen krisia. Errealitate soziodemografiko berri baten aurrean gaude.
(ii) Digitalizazioaren bat-bateko gorakadak eta smartphone-en erabilera orokorrak euskal komunikazio sistema nabarmen ahultzea eragin dute azken 10-15 urteetan. Gaur egun, euskal gazteak herrialdean errotuta dauden komunikabide tradizionalak alde batera uzten ari dira, sare globaleko praktika komunikatiboetan murgiltzeko. Gainera, euskal espazio komunikatiboa Espainiakoan disolbatzen ari da: 14-19 urteko gazteen % 70ek ez du Euskal Herrian egoitza duen komunikabide tradizionalik kontsumitzen. Nork hitz egingo die Euskal Herriari buruz? Nola sozializatuko dira belaunaldi berriak kultura, hizkuntza edo politika arloan edo balio sistemari dagokionez baldintza horietan? Ez dago komunikazio sistema nazional bat egituratzea xede duen politikarik.
(iii) Azken urteotan, gure industria sareari buruzko erabakitzeko ahalmena galtzen joan gara pixkanaka-pixkanaka, inbertsio funtsak sartu direlako eta familia enpresetan erreleborik ez dagoelako. Enpresa traktore garrantzitsuak galtzen ari gara. 2022ko Zedarriak txostenak dioen bezala, “gero eta euskal enpresa ertain-txiki gehiago saltzen ari dira (…). 90eko krisia amaitu zenetik ez da apustu industrial estrategiko berririk egin Euskadin “. Ados gaude txosten horrek egiten duen diagnostikoaren zati batekin baina, funtsean, ez gatoz bat planteatzen dituen soluzioekin.
(iv) Une honetan biribilgune autonomista batean gaude, eta biribilgune horrek aipatutako aro aldaketaren erronkei aurre egiteko dugun gaitasuna murrizten edota baldintzatzen jarraitzen du; horrek esan nahi du jauzi kualitatiboak egin behar ditugula autogobernuari dagokionez, eta hura blindatu behar dugula, subiranotasuna tresna eraginkorra izan dadin euskal proiektu nazionalaren dimentsio sozial eta kulturalei erantzuteko.
Inertzia kudeatu da
Azken urteetan globalizazio neoliberalaren korronteak eraman gaitzan utzi dugu, 2008ko krisi ekonomiko-finantzarioaz geroztik, nabarmen. Surfean egin dugu globalizazio neoliberalaren olatu gainean, eta olatua itsasertzera iritsi denean konplexutasun handiko garai honi erantzun sortzaileak emateko beharrezko gizarte egiturarik gabe ikusi dugu geure burua.
Politika ekonomikoaren funtsezko esparruetan, giza garapen iraunkorraren edozein logikaren aurka doazen ereduak sustatu dira: gasaren aldeko apustua energia berriztagarrien garapenaren kaltetan, errentagarritasun sozial frogaturik gabeko azpiegitura handien sustapena, gure industria sarearen zati handi bat atzerriko kapitalaren esku utzi duen industria politika aktiboaren falta, aurrezki kutxak banku bihurtzea zentzu kritiko txikienik gabe, zerbitzu publikoak ahuldu (hala nola osasun sistema) eta pribatizazioari bidea libre uztea, Europako emantzipazio adin altuenetarikoa ekarri duen etxebizitza politika publikorik eza, errauskailu bat martxan jartzea klima larrialdi betean hiri hondakinen kudeaketa 30 urterako hipotekatuz, Zaldibarren azaleratu zen industria hondakinen kudeaketa tamalgarria eta abar.
Euskaltel kasua ekarri nahi dugu gogora, herrigintza ikuspegi batetik okerra den politika ekonomikoaren adibide paradigmatiko gisa: banda zabaleko azpiegitura publikoari (guztion artean ordaindua) uko egin diogu, enpresa bati “oparitu” diogu, eta hark, aldi berean, inbertsio funts batzuei saldu die. Azpiegitura publiko estrategiko horren gainean dagoeneko ez dugu inolako kontrol publiko eta sozialik: operazio ekonomiko negargarria izan da, noiz eta iraultza digitalaren atarian, azken urteotan euskal erakundeetan nagusi izan den ikuspegi estrategiko ezaren eta ideologia neoliberalak izan duen eraginaren erakusgarri garbia. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuak modu argigarrian adierazi zuen: “Sektore berriak abiaraztea da gure zeregina, ez gara herrialde komunista batean bizi, Jaurlaritzak ez du Euskaltelen jabe izan behar.”
Egitasmo nazional sendo baten gabeziak, anbizio kolektiborik ezak, herri gisa ditugun gaitasun eta aukerak neutralizatzen dituzten diskurtso paralizatzaile eta analisi konparatibo autokonplazienteek, finean, lidergo publikorik ezak, gure gaitasun komunitarioen moteltzea ekarri du. Ondorioz, XX. mendearen bigarren erdialdean abiatu zen eraldaketa prozesuaren muinean izan zen zentzu komunitarioa lausotu zaigula esango genuke, eta herrigintza prozesu horiek abiarazi zituzten funtsezko galderen erantzunak bidean gelditu direla: Zein da euskal irrati telebistaren funtzio soziala? Zer unibertsitate eredu nahi dugu? Zer da Euskal Herriak mundura proiektatu behar duena? Zein kultur politika behar dugu? Nolako sektore teknologikoa eratu genezake? Zer egin Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeekin? Nola txertatu eta bideratu euskal sindikalgintzaren ekarpenak eredu sozioekonomikoaren garapenean?
Herri ikuspegi sendorik gabe, inertzien mende, gure potentzial komunitarioa disolbatuz joan da. Herri erakunde gehientsuenetan bisio politikoa falta da. Kasu batzuetan, oinarrizko galderak pausatzeko momentua da, inertziekin hautsi eta erronka sozial eta ekonomikoei gure idiosinkrasia eta gaitasun komunitarioak oinarri hartuz aurre egiteko anbizioa berreskuratzeko unea.
Ez da etorkizuna prestatzen jakin
Euskal Herriak ahulezia faktore inportanteak ageri ditu aro aldaketa honetan. Gaur egun, 2024ko hasieran, trantsizio energetikoari dagokionez, blokeo egoeran aurkitzen gara: hamarraldi bat galdu da estrategia bat osatzeko, eta ondorioz, ez dugu energia berriztagarrien hedapena antolatzeko Lurralde Plan Sektorialik (LPS). Bien bitartean, tramitatzen ari den LPS berriak hurrengo 20 urteetarako antolatu nahi duena baino potentzia berriztagarri gehiago tramitatzen ari dira dagoeneko. Trantsizio energetikoarena prozesu kritikoa da, eta une honetan blokeo egoeran dago. Ez da asmatu etorkizuna prestatzeko orduan.
Bien bitartean, eragin handikoa den pertsona batek, Josu Jon Imazek, Repsoleko kontseilari delegatuak, presio lanak egin eta gobernuen jarduerak baldintzatzen ditu (adibidez, esan daiteke Eusko Jaurlaritzaren hidrogenoaren estrategia Petronorren interes korporatiboen neurrira egina dagoela), deskarbonizaziorako europar markoaren aurkako iritzia azaltzen du, eta entzungor egiten die NBEko Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldeak (IPCC) CO2 isuriak nabarmen murrizteko premiari buruz mahaigaineratu dituen ebidentzia zientifikoei.
Bestetik, ez dugu herrialde estrategiarik elikadura krisi global baten gero eta arrisku handiagoaren aurrean. Baserritarren % 90 baino gehiagok adin handia dute eta, egungo baldintzetan, ez dago haientzako erreleborik. Osakidetzan medikuak falta dira, eta ez da jakin gizarte zerbitzuak errealitate demografiko berrira eta zainketen krisira egokitzen. Ertzaintzan eskuin muturreko elementuak infiltratuta daude eta hezkuntza sisteman tentsio larriak daude jaiotza tasaren jaitsieragatik, eskola segregazioagatik eta digitalizazioaren eragina dela medio.
Argi dago azken urte hauetan (batez ere 2008ko krisi ekonomiko-finantzarioa piztu zenetik) ez dela jakin euskal eremu sozioekonomikoaren hipozentroan gertatzen ari ziren fenomeno globalak eta joerak arretaz aztertzen; eta ez dela egon agertokiei aurrea hartzeko muskulu estrategikorik, ez eta herri hau etorkizuneko erronken aurrean kokatzeko lidergo gaitasunik ere.
Klientelismoa endemikoa bilakatu da
Uste orokortua izatetik ebidentzia izatera igaro da: EAJren erakundetze ereduak eta bere aparatu burokratikoak bezeria sare zabala du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azaleratu den izerbergaren punta, jakina denez, De Miguel auzia da; baina izeberg oro bezala, zabalago eta hondorago hazten da izozmendia. Udalek, Foru Aldundiek eta Jaurlaritzak, edota administrazioen bestelako fundazioek eta agentziek, erakundeak eta enpresak elkar berrelikatzeko sistema bat dutela erabat agerikoa da. Errealitate hau, ikuspegi demokratikotik, erabat deitoragarria da.
Kargu publiko bat bestearen ondoren kateatu dute zenbait ordezkarik, urtetan euren botere eta baliabideez baliatuta, elikatu dituzten enpresa-lagunetara aldatu dira ondoren, egindako lanen sari moduan. Eredu honen ehunka adibide aurki ditzakegu azken urteetan. Horrek, ekosistema kutsatu bat sortu du eta botere egituren eragina areagotu du.
Elkar elikatze publiko-pribatu honen bidez, herritarren beharrak eta nahiak lehenetsi ordez, enpresa zehatz batzuen interesak sustatzeko egin da sarritan politika hiru herrialdeetan: horren arabera inbertitu edo desinbertitu da, erosi edo saldu da, ezarri da, azken finean, politika eredu jakin bat. Administrazioen paraleloan elikatu den bezeria sareak gure erakundeen gaitasunen garapenean eragin zuzena izan du, beti antzerako enpresak saritu direnez, sarritan aukera hobeak baztertuz. Azken berrogei urtetako kultura burokratiko endogamiko honek dekadentzia zentzu nabarmenak adierazi ditu azken denboretan, bezeria sareena, datorren legegintzaldian landu beharreko auzi garrantzitsu gisara azaleratzeraino.
Eskala handiko erreakzio baterako garaia da, herrigintza eta naziogintza aro garaikidea arnasberritzeko momentua; eta horretarako beharrezkoa da erregenerazio politiko bat. Gailu elektronikoekin gertatzen den eran, sistema eragilea zaharkitua gelditu zaigu XXI. mende honetan behar ditugun aplikazioak baliatu ahal izateko. Euskal sistema eragilea eguneratu egin behar da. Hau ez da aurpegi aldaketa kontu bat, ez eta belaunaldi aldaketa soil gisa planteatu daitekeen zerbait, baizik sakoneko berrikuntza politikoa ekarri behar duen prozesu bat.
Intuizio estrategiko bat
Erregenerazio politikoa pentsatzeko orduan, XX. mendeko bigarren aldian gure herrigintzaren muinean izan dugun intuizio estrategikoak erabateko gaurkotasuna du modernizazio jauzi berri baten testuinguru honetan: nazio eraikuntza prozesua ezin daiteke sistema instituzionalaren eragintzan soilik oinarritu, herrigintza instituzionalak eskutik behar du komunitate eragile askotarikoen bultzada.
Euskal Herriak, XX. mendean, modernizazio betean (industrializazioa, urbanizazio prozesua, bizieren aldaketa zein eraldaketa demografikoa gertatu zirelarik), eutsi egin zion bere tradizio komunitarioari, ahalegin herrigile guztia sistema instituzionalean jarri gabe. Intuizio horretan oinarrituz gai izan ginen nazio eraikuntza prozesu modernoari ekiteko, herrigintza prozesu emankorrak martxan jarri eta ongizate sistema eraginkor bat eraikitzeko. Herri hau ezin daiteke ulertu autoeraketa komunitarioaren eskutik, militantzia eta konpromiso kolektibo dosi erraldoien bidez, hezkuntzan, komunikazio sisteman, kulturgintzan, euskalgintzan zein lan elkartuko kooperatibak martxan jarriz egin dena aintzat hartu gabe.
Euskal tradizio politiko desberdinok tentazio zentzugabe batean erortzen gara behin eta berriro: dominen lehian. Izan ere, geuretzat hartu nahi izaten dugu, modu kolektiboan eta ikuspegi komunitario emantzipatzaile argi baten bidez, herri hau azken hamarkadetan eraikitzeko gai izan denaren meritua. Gure herriaren iragan hurbilari buruzko eztabaida alderdikoiak alde batera uzteko garaia da. Hobe dugu aitortzea eraldaketa prozesu hori hainbat lidergoren bidez egindako talde lana izan zela, eta herrialde honetako tradizio politikook protagonismo partekatua izan genuela lan horretan. Eraikuntza nazionalaren bi polori esker iritsi da herri hau bizirik XXI. mendera: sistema instituzionalari esker, batetik, eta auto-antolaketa komunitarioan eta mobilizazio kolektiboan oinarritutakoan, bestetik. Bada garaia iraganari etekina ateratzeko eta, herri gisa, etorkizunera proiektatzeko.
Populismoa diskurtso politikora ekarri den garaian, berdinduz eskuina eta ezkerra, komeni da mobilizazio kolektiboaren eta protestaren balio politikoa aldarrikatzea, eta gure sen komunitarioaren parte ere badela konturatzea. Demokrazia ez da egoera bat, prozesu bat baizik, demokratizatzen edo desdemokratizatzen ari gara, une oro, egunero. Guk demokratizazioaren alde egingo dugu beti: herritartasun gero eta orokorragoa, zabalagoa eta berdinagoa; erakundeen jarduera gero eta gehiago herritarren esanetara (eta ez interes ekonomiko handien aginduetara) eta herritarren eskubideak gero eta babestuagoak, erakundeen balizko arbitrariotasunaren aurrean. Eta prozesu hori gatazkatsua da definizioz, ez daiteke bestela izan, kontrakoa pentsatzea politikaren ukazioa litzateke, edo, gutxien-gutxienik, protesta kolektiboa gutxiestea eta politika liberal-teknokratiko soila errebindikatzea. Askotariko ekintza politikoan herri ikuspegia, ikuspegi sistemikoa, gailentzea da gakoa. Hori gertatu izan denean erakutsi du herri honek, hain zuzen ere, bere potentzial eraldatzailea.
Nora garamatzan ez dakigun modernizazio jauzi berri batean gaudelarik, sen komunitarioak balio digu orain ere: sektore publikoak, funtzio arautzaile eta birbanatzaileaz harago, rol ekintzailea bete behar du, modu proaktiboan esku hartu behar du hala ekonomian nola gizarte antolamenduaren edozein esparrutan, eraldaketari zentzua eta norabidea emanez; eta lidergo horren ezaugarri behar du pertsonak, proiektuak eta erakundeak konektatzeko gaitasunak, esperimentatzeko ausardiak, eraldaketa disruptiboak bultzatzeko anbizioak eta elkartegintza eta auzolana sustatzeko grinak.
Izan ere, bizi dugun ziurgabetasun testuinguru honetan Euskal Herriaren indartze komunitarioa izango da gure ongizatearen berme nagusia, eta horrek lidergo partekatuak sortu eta gaitasun handiko jendartea ehuntzen laguntzeko instituzionalitate berriak eskatzen ditu. Guk administrazioaren eta hiritarren artean herritarrak ikusten ditugu, herri bat bere burua birsortu nahian, eta birsortze ahalegin horrek gizarte eraldaketarako duen potentzialitatean sinesten dugu. Horri deritzogu euskal eredua, hori da gure sistema eragilea.
Historian zehar herri honen ezaugarri izan den anbizio komunitarioan oinarrituta, pentsatzeko eta jarduteko eredu propiotik egin behar diogu aurre garai honi, gure lurralde eta gizarte gaitasunen arabera betiere. Une historiko honek eskatzen duen eraldaketa sozial eta ekonomikoa euskal eskalan funtsatu behar dugu, geure buruak kontrolik gabeko dinamiketatik babesteko lotura komunitarioak indartuz. Gure ahalmenak kamusten dituzten mugarik gabeko euskal eraldaketa sozial eta ekonomiko burujabea aldezten dugu. Intuizio estrategiko hau oinarri hartuz, bi galdera zaharrek erantzun eguneratuak eskatzen dituzte.
Galdera zaharrei erantzun eguneratuak
(i) Nola bermatu gizarte berdintasuna (ekitatea, gizarte justizia)? Nola sortu eta banatu aberastasuna horretarako? Eta, zer gizarte politika desberdinkeriekin (klase, jatorri, sexu-genero) bukatzeko? Galdera zaharra da baina testuingurua berria: politika ekonomiko neoliberalak eta beren ondorioak, errealitate soziodemografiko berria (migrazio fluxuak tarteko) eta zaintza krisia. Berdintasunik gabe ez dago gizarte kohesiorik, zeina ezinbesteko baldintza den komunitate bat josteko: gizarte kohesiorik gabe ez dago komunitaterik (herririk, naziorik). Eskubide guztiak herritar guztientzat: hori da lehen printzipio gidaria.
Lana izan da gizarte antolamendu fordistan helduarorako bide eta herritartasun emale, neurri handian. Gaurko baldintzetan, aldiz, lanak, kasu askotan, ez du pertsonen autonomia ziurtatzen. Horri gehitzen zaio, gizarte postfordistan, neoliberalismoak norbanakoaren subjektibitate bat eraiki duela, autokontrola, kudeaketa gaitasuna edo ekintzailetzarako grinaren gisako balioetan ardaztua: norbanakoarengan jarri da norbere bizitza antolatzeko ardura. Horren guztiaren ondorioz, lanarekiko patroi kulturalak aldatzen ari dira; besteak beste, lanak gure bizitzetan izan duen zentralitatea desplazatuz. Aldaketa kultural hauek nabarmenak izaten ari dira jada Euskal Herriko enpresetan.
(ii) Nola birsortu gure identitate nazionala? Nola indartu komunitate batekiko pertenentzia sentimendua? Galdera zaharra hau ere (nola iraun herri gisa) baina erantzun eguneratuak eskatzen dituena, testuingurua zeharo aldatu baita. Nola birsortu gure identitate nazionala mundu berri honetan non lana mutatu den (gizarte fordistaren amaiera) eta digitalizazioak zeharkatzen gaituen, zeinak globalak diren, kontsumoa fragmentatzeko gaitasuna duten eta aurrez aurreko harremanak gutxitu dituzten bitartekaritza sistemen pisu handiagoa ekarri duen.
Indibidualismoak eta gizarte fragmentazioak erasandako gizarte molde hauskor honetan, ez diegu garaiko gizarte erronkei taxuz erantzungo komunitate izaera sendorik gabe. Zertarako bizi norberaz gain? Etorkizuneko proiekzio kolektibo baikorrik gabe zergatik konprometitu jendartearekin? Izan ere, elkarkidetzak, eskubideez gain betebeharrak ere ezartzen ditu komunitateko kideekiko: betebehar berdinak herritar guztientzat, hori da bigarren printzipio gidaria.
Gizarte molde hauskorrari gagozkiolarik, bakardadeari egin nahi diogu azpimarra. Inoiz baino konektatuago gaude telefono mugikorrei eta sare sozialei esker, digitalki hiperkonektatuta, baina fisikoki inoiz baino bakartuago. Geroz eta gehiago da bakarrik sentitzen den jendea, adin guztietan. Ziurgabetasun bitala edo ekoantsietatearen gisako egoerak zailak dira kudeatzen bakardadean, ondorio psikosozial larriak sortzeraino. Bakardadea bada politizatu beharreko errealitate sozial bat. Pepe Mujicaren irakaspenei kasu eginez, izaki gregarioak gara, pobrea komunitaterik ez duena da; eta gugandik haragoko kausa bat behar dugu bizitzari zentzua emateko, erortzen garenean jaiki ahal izateko oinarri izan dakigun: bizitzan xede bat izatea XXI. mendeko pandemia handiena den depresioari aurre egiteko bideetako bat da.
Bi galdera zaharrok honela laburbil daitezke funtsean: nola eraiki jendartea behetik gora, modu demokratikoan, eskubide eta betebeharretan oinarrituz, eskubide guztiak eta betebehar berdinak herritar guztientzat printzipio gidari bikoitza ardatz hartuz. Eta, era horretan, nola eskaini herrikideei segurtasuna emango duen ordena bat ziurgabetasun garai honetan. Bi galdera zahar hauei erantzun egokiak eman gabe ez dugu erregenerazio politiko eraginkorrik atzemango.
Esan dugunez, erregenerazio politikoa ez da aurpegi aldaketa bat, ez eta belaunaldi aldaketa soil bat. Erregenerazioa sakoneko berrikuntza politikoa da, XXI. mendeko herrigintza eta naziogintza prozesua arnasberritzea, zeina hiru erpineko prozesu gisa irudikatzen dugun: soluzio berriak, gehiengo berriak eta lidergo berriak.
Galdera zaharrek erantzun eguneratuak behar dituzten bezala, galdera berriek (erronka sozial berriek) erantzun berriak eskatzen dituzte: soluzio berriak. Baina horretarako beharrezkoa da norabide berri bat finkatzea.
Merkatu librean oinarritutako eta hazkunde esponentzialaren dogma eztabaidaezinean oinarritutako paradigma ekonomikoak azken 200 urteotako desberdintasun sozialik handienak eragin ditu eta planetaren muga biofisikoen aurka egin du talka. Gizateriaren historian aurrekaririk ez duen une batean gaude: krisi klimatikoa planetako bizitza ahalbidetzen duten baldintza materialak suntsitzearekin mehatxatzen ari da, eta energia baliabide intentsibo merkeen ugaritasunaren amaieratik eratorritako krisi energetikoak arrisku larriak dituen egoera geopolitiko ezegonkor batera garamatza. Metaketa krisia sumatzen da, eta korporazio handiek, abantailazko posizioan izan arren, gerraren aldeko apustua egiten dute egungo egoeraren irtenbide gisa. Eta “soluzio” militarraren aldeko joera indartzen ari da, hainbat faktoreren ondorioz: diskurtso nagusia zalantzan jartzea, biztanleria diziplina zorrotzagopean jartzeko beharra, Mendebaldearen pisu geopolitikoaren galera zein baliabideak pilatzeko eta beste herrialde batzuk menderatzeko premia.
Gizateriaren historiako une erabakigarri honen aurrean, premiazkoa da Euskal Herria erabakitzeko eskubidearen jabe den subjektu politikotzat hartzen dugunon artean gure herriari buruzko narratiba indartsu bat eraikitzea, gutxieneko osagai komun batzuk izango dituena. Narratiba komun horrek osagai hauek hartu beharko lituzke bere baitan: batetik, lurzoru komun bat marraztu beharko luke, garai historiko honetan ikuspegi emantzipatzaile argiarekin kokatzeko modu bat artikulatu eta eztabaida politiko autozentratu baten barrutia ezarri. Bestetik, narratiba horrek gutxieneko oinarri bat izan behar du gure iragan berrienarekiko, estrategia dibergenteetan oinarritu den eraikuntza nazionaleko iragan zikloa errentagarri egingo duena. Era berean, orainari buruzko begirada argi bat eta diagnostiko zorrotza jaso beharko lituzke, bai eta etorkizunaren ikuspegi emantzipatzailea ere, gutxienez, honako gai hauen kontzeptualizazio partekatua planteatuko duena: garapen paradigma, sektore publikoaren rola, gobernantza eredua eta Estatuarekiko dialektika.
Gaur egun, errealismoz, erantzukizunez eta eraginkortasun politikoz jokatzeak zera onartzea eskatzen du: (i) norabide aldaketa bat behar dugula; (ii) norabide hori gure gizarte osoak, bertako eragile sozial, ekonomiko, akademiko, politiko eta kulturalek modu kooperatiboan adostu eta gidatu behar dutela; eta (iii) euskal gizartearen beraren potentzialtasuna eta indar eraldatzailea aktibatzea dela arrakastaren berme bakarra. Bere kulturan eta lurraldean ondo errotutako identitate komunitarioarekin batera, feminismoa, ingurumenaren defentsa eta zaintza eta justizia sozialaren nozio sakona dira une historiko honi aurre egiteko euskal eredua gidatu behar duten indar bektoreak. Beti ere, eskubide guztiak eta betebehar berdinak herritar guztientzat printzipio gidari bikoitza oinarri hartuta.
Garapen paradigma berri bat
Kate Raworth ekonomialari britainiarraren arabera, pentsamolde erabat berria behar da XXI. mendeko erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko, norabide aldaketa bat behar da. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Euskadi Next planaren azken bertsioak zuzen jasotzen du Kate Raworthen ikuspegia. Honako hau irakur daiteke sarreran: “Kate Raworthek BPGarekiko atxikipena alde batera uzteko premia nabarmendu du, hori delako hazkundearen eta aurrerapenaren arteko nahasmenaren erantzule nagusia. Bere erroskila ospetsuan adierazita dagoen eta inori falta behar ez litzaiokeen ongizatearen oinarri sozial batean eta gainditu beharko ez genukeen planetaren presioaren sabai ekologiko batean laburbil daitekeen helburu handinahiago baten alde lan egin behar dela esan du. Bi muga horien artean baitago aurrerabidea, segurtasun espazioa”.
Jakina da klima neutraltasunerako trantsizioa ez dela soilik baliabide fosilak energia iturri berriztagarriekin ordezkatzea. Fisikoki ezinezkoa delako, besterik gabe. Beraz, energia eraginkortasuneko politiketan ahalegin handia egitera behartuta gaude produkzio eta kontsumo moduak gizarte aurrerapen jasangarrietarantz aldatzen ditugun bitartean. Klima neutraltasunerako trantsizioak ekonomiaren dimentsio materiala murriztea eragingo du, planetaren muga biofisikoen barruan kokatu arte. Alde horretatik, bada ordua aurrerapena neurtzeko orduan BPGa adierazle nagusi gisa erabiltzeari uzteko.
Izan ere, BPGaren aldakuntzak neurtzen dituen hazkunde ekonomikoaren adierazlea oso ahula da gizartearen ongizatea neurtzeko: ez ditu kontuan hartzen eduki kualitatiboak; ekarpen positibo gisa kontabilizatzen du herrialdeen ekonomian balio erantsia duen oro, funtsean, giza ekoizpen edo kontsumo jarduerek eragindako hondamendiak konpontzeko balio duten gastuak barne hartuta (kutsadura, baliabide naturalak agortzea, istripuak); merkatuak ez ditu balioesten eta, ondorioz, ez daude BPGan sartuta ongizatean laguntzen duten jarduera eta baliabide ugari (adibidez, ordaindu gabeko jarduera guztiak); ez ditu kontuan hartzen hainbat faktore garrantzitsu: aberastasunaren banaketa, ingurumen kostua, produkzio sektore gehienetako lanaren malgutasuna, eta abar.
Teoria argi dago, orain jardunbide koherente bat falta da. Horretarako, beharrezkoa da politika publiko askotan biraketa kopernikarra egitea eta abian diren inbertsioak berriz ebaluatzea; izan ere, eskasiazko egoera ekonomiko batean sartzen ari gara eta trantsizioei ekiteko eta gure gizarte egiturak aro berrira egokitzeko inbertsio eta gastu publikoaren premiak oso handiak izango dira. Egoera horrek administrazio publikoak bultzatu behar ditu giza garapen jasangarriaren printzipioen inguruko jarduketa lehentasunak eta baliabide esleipena zein izan behar duten birplanteatzera, planteamendu oldarkor batekin: zero oinarriko aurrekontuaren teoriak aplikatzea ikusteko zer den gizarte ongizateari benetan balioa ematen diona, eta baliabideen esleipena hor ardaztea, kudeaketa eraginkorragoa eta efizienteagoa egiteko eskasiazko ingurune batean.
Ordua da, beraz, gure lurraldean azpiegituretan egiten ari diren inbertsio nagusiak garapen kontzeptu berri baten ikuspegitik berriz ebaluatzeko, eta errentagarritasun sozial eta ekonomiko egiaztatua frogatzen ez dutenei moratoria bat aplikatzeko: Bateragarria al da garapen paradigma berri hori Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea, Abiadura Handiko Trena, Urdaibaiko Guggenheim edo Lamiakoko ibai azpiko tunela eraikitzearekin? Ez al gara ari etorkizuna hipotekatzen nahitaez atzean utzi behar dugun garapen ereduari dagozkion inbertsio politikekin?
Sektore publikoaren rola
Amaitu da politika ekonomiko erabilgarri bakarra zergak jaistea eta zerbitzu publikoak pribatizatzea dela defendatzen duen neoliberalismoaren garaia. Erakunde publikoek beren gain hartu behar dute dagokien erantzukizuna, funtzio publikoa bermatuz eta garapen sozioekonomikoari beste norabide bat emanez. Izan ere, funtzio arautzaile eta birbanatzaileaz haratago (funtzio horretan gehiago sakondu behar da, ezbairik gabe), sektore publikoak zeregin ekintzailea izan behar du eta modu proaktiboan esku hartu, eraldaketari zentzua eta orientazioa emanez, bai ekonomia arloan, bai gizarte antolamenduaren edozein esparrutan. Eta euskal enpresek, balio ekonomikoa sortzeaz gain, aurrean ditugun erronka sozialekiko konpromisoa hartu behar dute.
Horretarako, sektore publikoak ekonomia arloan duen zeregina birdefinitu behar da. Ikuspegi partziala nagusi da oraindik ere (enpresa energetikoen gaineko zergari buruzko eztabaidan berretsi da); horren arabera, sektore publikoa aberastasuna kendu edo banatzen duen eragile bat da, baina ezin du izan berritzailea, aberastasuna sortzen duena eta arriskuak hartzen dituena. Ikuspegi hori kalte ari zaio egiten lankidetza publiko-pribatu dinamiko eta interesgarri bat eraikitzeko aukerari. Geure egiten ditugu Mariana Mazzucatoren hitzak, gaur egun ospe handia hartu duen ekonomialariarenak: “Egungo eredu kapitalistak merkatuaren akatsak konpontzeko zeregin inozoa uzten dio sektore publikoari, eta hori, gehienetan, beranduegi gertatzen da eta gutxiegi izaten da”. Sektore publikoaren funtzioa ez da gero kapital pribatuak behar sozialei “erantzuteko” behar diren inguruneko baldintzak sortzea, EAJk energien gaineko zergari egindako aldaketen inguruan azaldu duen bezala.
Sektore publikoak aldaketa teknologikorako norabide bat sortu behar du, eta horretan inbertitu. Garaileak identifikatzeko eta aukeratzeko ahalegin zehatzak egin beharrean, garapen ekonomiko eta teknologikorako norabide bat proiektatzeak aukeren panorama zabaltzen du. Sektore publikoak aukera hori lankidetza publiko-pribatuaren bidez baliatzeko prest egongo diren eragileen sare bat sortzea eskatzen du horrek. Alde horretatik, gobernuen zereginak proaktiboa izan behar du, sektore pribatua sustatuko duen eta berehalako erronkei eta epe luzekoei soluzioak emango dizkien industria estrategia modernoa sortuz. Dilema ez da ziklo ekonomikoaren fase atzerakorrean ekoizpena eta kontsumoa nola berreskuratu, hau da, merkatuaren akatsak zuzentzen dituen estatu keynestarra; baizik instituzioak eta enpresak merkatu sortzaile aktiboak izango diren misioek gidatutako berrikuntza politika. Laburbilduz, nola erlazionatzen diren erakunde publikoak eta pribatuak, arriskuak partekatuz baina baita onurak ere.
Bezeria sareak gure sistema instituzionalaren funtzionamendua koipeztatzen du, baina gero eta eraginkortasun falta handiagoa ageri du, ikuspegi estrategiko kaskarra du, ez du berrikuntzarako grinarik eta talentu gutxi jasotzen du. Sare hori desmuntatu egin behar da, administrazio publiko eraginkorra, estrategikoa eta egokia izateko. Horretarako, ezkerrak funtzio publikoari buruzko hausnarketa egin behar du; izan ere, sektore publikoak lidergo lana egin ahal izateko, administrazio eraginkorra eta efizientea behar dugu. Funtzionamendu burokratikoa sinplifikatuko duen, langile publikoen etengabeko trebakuntzaren alde egingo duen eta kontuak emateko mekanismo demokratikoak txertatuko dituen administrazioa. Pepe Mujicak planteatzen duen bezala, eztabaida hau atzeraezina da, izan ere, ezkerreko edozein aldaketak kalitatezko Estatua behar du.
Sektore publikoa eraldatu egin behar da, administrazio eraginkorra, estrategikoa eta egokia izan dezagun. Zeregin horretan, digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak txertatu behar dira, bai gardentasunerako eta gobernu onerako, zein politika publiko eraginkorrak garatzeko.
Bide orri bat: sei herri erronka
Une historiko honi aurre egiteko euskal eredua gidatu behar duten erronka nagusiak identifikatzea da kontua. Erronka horien gainean definitu behar dira gure potentzial komunitarioa egituratzeko eginkizunak. Sinergiak sortzeko eta herri gisa ditugun gaitasunak askatzeko balioko duen ibilbide orria behar da. Izan ere, euskal gizarteak une historiko honetan aurrean dituen eztabaidak aise gainditzen dute legegintzaldi baten denbora tartea, estrategikoak eta belaunaldi izaerakoak dira.
1. Subiranotasun estrategikoa indartzea
Testuinguru historiko honetan, garrantzi berezia hartzen du subiranotasun estrategikoaren kontzeptuak: oinarrizko prozesu sozioekonomikoetan ahalik eta autosufizientzia handiena izatea, fenomeno globalen aurrean erresilientzia irabazteko. Euskal Herriak urgentziaz egin behar du hausnarketa estrategiko bat: nola egin aurrera elikadura autosufizientzian eta uraren zikloaren kudeaketa jasangarrian, eta nola errotu gure industria ehuna lurraldean eta nola eraldatu industria ehun hori paradigma ekonomiko berri batera egokitu dadin.
Erregai fosilek bultzatutako ekonomia linealetik energia iturri berriztagarriekin funtzionatuko duen ekonomia digitalizatu eta zirkularreko eredu berri batera igarotzea eredu ekonomikoaren eraldaketa da, aurrekaririk gabea eta arriskuz betea, baina baita aprobetxatzen asmatu behar dugun aukera handiak dituena ere. Gure ekonomiak behar duen energia sortzea funtsezkoa da subiranotasun estrategikoa irabazteko eta, aldi berean, lehengai kritikoak berreskuratzera bideratutako industriaren alde egitea aukera bat da Europako testuinguruan dugun posizio estrategikoa hobetzeko.
2. Ongizate egiturak eraldatzea
Errealitate demografiko berriak, lan merkatuan gertatzen ari diren aldaketek eta bizi dugun ziurgabetasun ekonomikoak gure ongizate egiturak birplanteatzera behartzen gaituzte, osasun sistema publiko bat bermatuz, gizarte zerbitzuak zaintza publiko-komunitarioko sistema baterantz eraldatuz, enplegu politikak berriro diseinatuz, gizarte babeseko mekanismoak eguneratuz eta etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzeko egiturazko neurriak hartuz.
Pandemiak agerian utzi ditu osasun sistema ahulduak eta egiturazko arazoak dituztenak salbuespenezko egoera batera egokitzeko. Hauxe dago jokoan une honetan: kalitatezko zerbitzu bat ematean atzerapauso argia izango duen egungo norabidean sakonduko den (lehen mailako arretaren kasuan nabarmena dena) edo berriro helduko zaion sistemaren beraren funtsezko oinarri gisa lehen mailako arreta izango duen kalitatezko osasun sistema publiko baten aldeko apustuari.
Une honek gizarte zerbitzuak, hau da, ongizate estatuaren laugarren zutabea birdefinitzea eskatzen du. Gaur egungoaren oso desberdina den errealitate soziodemografikorako diseinatutako gizarte zerbitzuen sistemak egiturazko berrikuspen bat behar du. Kontzeptualizazio berri bat behar du, zainketa lanak aintzat hartu, kolektibizatu eta duin bihurtuko dituena, gaur egun ekonomiaren eremu ikusezinetan egiten diren lan asko eremu monetizatura ekarriz. Horrek, gainera, enplegua sortzeko eta ekonomia dinamizatzeko iturri gisa balioko luke, are gehiago krisi garaian.
3. Larrialdi ekologikoari aurre egitea
Klima aldaketa arintzea eta horretara egokitzea erronka handia da berez. Gure gizarte antolamenduaren benetako metamorfosia da, iraultza kulturala, mendebaldeko zibilizazioaren historia modernoan aurrekaririk ez duen eraldaketa sozioekonomikoa eta gizarte mailan dituen inplikazioak kudeatzeko gobernantza mota berriak eskatzen dituena. Euskal Herria ahulezia estrategikoko egoera batetik abiatzen da eraldaketa ekosozialaren gako prozesuekin alderatuta, bereziki energia berriztagarrien eta elikagaien ekoizpenari dagokionez.
Trantsizio energetikoa, larrialdi ekologikoari aurre egiteko funtsezko bektorea da, eta eraldaketa ekosozialaren palanka izan behar du, beste ekoizpen eta kontsumo mota batzuetara eramango gaituena. Hori, aldi berean, ezinezkoa da aldaketa kultural bat sortu gabe: munduan egoteko beste modu bat. Alde horretatik, trantsizio energetikoak eraldaketa ekosozial integral bat bultzatu eta katalizatuko duen aukera bat izan behar du; egungo status quo-tik abiatuta, planetaren muga biofisikoetara egokitutako bidezko gizarte antolaketa berri baterantz igarotzea ahalbidetuko duen prozesu sozial bat.
4. Ezagutza sistemak berritzea
Euskal hezkuntzari zorrotz begiratzeko unea da. Asko egin da, baina asko da egiteko dagoena ere. Egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko, beharrezkoa da: (i) hezkuntza prozesuari aplika dakizkiokeen ekarpen zientifikoak aintzat hartzea, ikaskuntza metodologia aktiboei dagokienez; (ii) ikasle kritikoak bistaratzea ikaskuntzaren subjektu aktibo gisa, bai eta ikasleak gidatzen dituzten eta laguntzen dieten familiak eta irakasleak ere; (iii) ingurune soziokulturalarekin eta instituzionalarekin elkarreraginean funtzionatuko duten ikastetxe autoeratuekin hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eskola antolaketa bat eratzea; (iv) gobernantza eredu berri bat ezartzea, erantzunkidea, kooperatiboa eta deszentralizatua; eta (v) hezkuntza sistema euskalduna eta inklusiboa bermatzea.
Euskal Unibertsitate Sistemak unibertsitate publiko prestigiodun batean oinarritu behar du. Unibertsitate horrek behar adina baliabide ekonomiko izan behar ditu kalitatezko irakaskuntza funtzio inklusiboa bermatzeko, eta unibertsitatearen funtsezko zutabeetako bat garatu ahal izateko: ikerketa. Zutabe horren gainean eraiki behar dugu, hain zuzen ere, unibertsitatearen etorkizuna, bai irakaskuntzan, bai ezagutzaren transferentzian eta baita dibulgazioan ere. Kalitatezko unibertsitatea, herrialdearen garapen sozial, ekonomiko eta kulturalaren zerbitzura. Horretarako, arrazionaltasun sistemikoa eman behar zaio euskal unibertsitate sistemari, 2004ko Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak jasotzen duen ikuspegia garatuz. Eta, nola ez, gure ikertzaileak duintasunez tratatzeko garaia da, batez ere gazteak.
5. Gure nortasun nazionala erreproduzitzea
Neoliberalismoak komunitate loturak suntsitu ditu, eta gauza kolektiboak eta komunak merkantilizatu; sobera ditu ehundura komunitarioak, elkartegintza; norbanakoa merkatuaren aurrean bakarrik behar du, logika kontsumistaren preso. Merkatu librearen utopia erori ondoren, gizarte hauskor eta zatikatuak ageri zaizkigu. Neoliberalismoaren ondoriorik sakonena eta iraunkorrena gizarte zibila suntsitu izana eta gizarte kontsumista eta indibidualistak utzi izana da.
Beraz, identitatea funtsezko aldagai bihurtu da, deserrotzeak komunitate baten parte sentitzeko beharra sortzen duelako. Eta komunitate ireki eta solidario bat lortzen ez badugu, nazionalismo erreakzionarioek aurrera egin eta komunitate baztertzailean oinarritutako segurtasuna eskainiko dute. Deserrotzea eta identitate krisia nagusi diren garai honetan, kide izateko irrika segurtasun materialaren irrikaren indar berarekin agertzen den garai honetan, identitate komunitarioa edo komunitate ireki eta solidario bateko kide izatearen sentimendua edozein eraldaketa prozesuren oinarrizko osagaia da: edozein proposamen eraldatzailek oso adi egon behar du imajinario nazionalean sustraituen dauden sinesmen edo memoriekin bat egiteko.
Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek adierazi dutenez, neoliberalismoaren ideologiari, subjektibotasunari eta sistemari galga, besteak beste, hizkuntzaren, kulturaren eta herrien garapenak jarriko die.
6. Segurtasun eredu propioa sortzea
Segurtasuna izango da, zalantzarik gabe, testuinguru horretako joera sozialak zehaztuko dituen faktore nagusietako bat. Segurtasun falta sumatzen dugu eta gure eguneroko bizitzak eta etorkizuneko proiekzioak baldintzatzeko gaitasuna izan dezaketen arrisku potentzialak antzematen ditugu. Esate baterako, geure larruan bizi izan dugun covid-19arekin, duela urte gutxi distopia urruna irudituko zitzaiguna. Izan ere, gure ongizatea eta egonkortasuna arriskuan jar ditzaketen faktoreak ugariak izango dira datozen urteotan. Horietako asko berriak dira, orain arte ezagutu ditugun forma sozialetan existitzen ez zirenak.
Segurtasun paradigma berri bat diseinatu behar da giza segurtasunaren ikuspegi integrala izateko, dauden segurtasun arazoen konplexutasunen eta mehatxuen arteko interrelazioari erantzuteko. Izan ere, dualizazio sozialak, klima aldaketaren ondorioek, pandemiek, eraso zibernetikoek, egoera ekonomiko eta finantzarioaren ezegonkortasunak eta abarrek segurtasunaren kontzeptu tradizionala gainditzen dute.
Aro honetan segurtasunaren bost dimentsio hartu behar dira kontuan, gutxienez: pertsonala (oinarri sozioekonomikoko eta/edo matxistako indarkeriatik eratorritakoa), komunitarioa (tentsio etniko eta/edo erlijiosoen ondoriozkoa), sanitarioa eta zaintzakoa (pandemiak, elikagai ez-seguruak, oinarrizko osasun arreta eta zaintzak jasotzeko aukerarik eza), larrialdi klimatikoaren ondoriozkoak (bero boladak, suteak, uholdeak, kutsadurak) eta zibersegurtasuna.
Aberastasunaren eta lanaren banaketa berri bat
Herri mailako sei erronka horiei berme osoz aurre egiteko, aberastasuna eta lana beste modu batean banatu behar da. Lan Harremanen Euskal Esparrua eratzeko garaia da, euskal erakundeei eta gizarte eragileei (sindikatuak eta enpresaburuak) euskal eskalan honako hauek definitzeko aukera emango diena: 1/ “Langilearen estatutua”, kapitala-lana harremanetan langileen oinarrizko lan eskubideak finkatuko dituena, hiru une erabakigarrienetan: kontratazioa, lan baldintzak modu dinamikoan zehaztea eta lana amaitzea. 2/ Negoziazio kolektiboa garatzea, estatuko esparruak EAEko langileen lan baldintzetan eragin gabe. 3/ Lanbidek gaitasun propio eta esklusiboak izatea politika aktibo eta pasiboen diseinuan eta etengabeko prestakuntza politiketan. 4/ Askatasun sindikalaren geure lege propioa, besteak beste, enpresetan langileen parte-hartzea balioesteko beste modu bat aztertuz.
Halaber, gure errealitate sozioekonomikoarekin bat datorren Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata definitu behar da; enpresa demokratizatzearen aldeko apustu irmoa egin behar da, langileek enpresaren kudeaketan, emaitzetan eta jabetzan parte hartuz; fiskalitate berri baten inguruko eztabaidari ekin behar zaio behingoz, bidezkoagoa eta progresiboagoa izango dena eta Europako batez besteko presio fiskalera hurbilduko gaituena; finantza gaitasun publikoa edo soziala antolatu behar da eta lanaldia murriztea planteatu zaintza lanak hobeto banatzeko.
Digitalizazioaz bi hitz
Sei erronka hauei heltzeko beharrezkoa da digitalizazioa nondik eta nola ulertu behar dugun sakon gogoetatzea. Denon ahotan dago digitalizazioa, baina beharrezko zentzu kritikorik gabe begiratzen diogu teknologiari. Teknologia ez da neutrala, eta horregatik hain zuzen ere behar da burujabetza teknologikoaren aldeko begirada sakona.
Gero eta mundu eta Euskal Herri digitalizatuagoan bizi gara. Gobernantza ikuspuntutik eta maila ekonomiko, sozial eta kulturalean, erronka teknologikoa globala da, eta, une berean, tokian tokiko estrategia digitala ere eskatzen du: herritarrak erdigunean jarriko dituena; burujabetza teknologikoa ortzi-mugan izango duena. Burujabetza teknologikoa eraiki egiten baita eta ahalduntze digital indibidual eta kolektiboa eskatzen baititu. Estrategia digitalak, gutxi-asko, honakoak barne bildu behar lituzke:
Azpiegitura digitalen garapena: konexioa, datuen jabetza eta burujabetza (zer esan Euskaltel auziaz). Abiadura handiko interneterako konexioa eta zerbitzu digitaletarako sarbidea lurraldearen luze-zabalean bermatu behar da, Interneterako konexioa eskubide unibertsal gisa deklaratu ahal izateraino. Horrez gain, datuek gidatutako gizartea denez gurea, datuak aktibo garrantzitsua dira. Egun ematen diren datu biltze eta erabiltze prozesu nagusi eta zabalduenak erabat estraktibistak dira: “datifikazio” prozesu horren izaera erabat asimetrikoa eta baztertzailea da eta monetizazio soileko eskema baten baitan kokatzen da. Ordea, zerbitzu digitalen gaineko herritarren konfiantza eraiki egiten da, eta horrek herritarren parte-hartzea sustatzen du. Ildo horretan, herritarren datuak gizarte kohesioa indartzeko eta ebidentziatan oinarritutako erabakiak hartzeko erabili beharko lirateke, hau da, herritarren datuek sortzen duten balioa sortzen dituen gizartera itzultzeko, eta, horretarako, datuen gobernantza eredua eta horri erantzungo dion datuen azpiegitura publikoa eraiki behar dira.
Administrazio elektronikoa: zerbitzu publikoak hobetzea helburu izango duen digitalizazio eredu baten baitan, blockchain teknologiarekin transakzio seguru eta gardenak berma daitezke, eta adimen artifiziala darabilten prozesu guztiak auditoria algoritmikoa pasa dutela ziurtatu. Administrazio publikoak bere burujabetza teknologikoaren ardura du eta, horretarako, ezinbestean, tresna digital libre, demokratiko, ireki, auditagarri eta gardenetan oinarrituta digitalizatu behar da.
Herritarren ahalduntze digitala: tresna digitalen erabiltzaile gisa boteretu, erabiltzen dituzten tresnen gaineko kontrola izan eta ingurune digitaleko erabaki taktiko eta estrategikoak hartzeko ahaldundu behar dira herritarrak. Esan gabe doa hezkuntza sistema dela ahalduntze digitala bermatzeko tresna politiko eraginkorrena eta, horrekin batera, herritar ororen eskura dagoen prestakuntza digitala beharrezkoa dela. Era berean, prestakuntza teknologiko aurreratua duten herritarrak eta enpresak/erakundeak behar ditugu, jakintza teknologiko lokala bermatzeko.
Zibersegurtasuna: herri gisa, datu eta sistema digital propioen segurtasuna eta erresistentzia bermatu behar da, zibersegurtasuneko estrategia eta azpiegitura integral batekin. Honek, herritar indibidualen eta mota guztietako erakundeen datuen eta azpiegituren zaintzari erantzungo dio.
Ez dira asko euskal gizarteari eman diezazkiokegun ziurtasunak kaosean murgilduta dagoen mundu globalizatu honetan. Zintzoak izan behar dugu. Belaontzi txiki bat gara ozeano haserre baten erdian. Arazo konplexuei soluzio sinpleak eman nahi izatea, zinismo arduragabeko ariketa batean erortzea edo agenda autoritario atzerakoietarantz lerratzea da. Egin dezakeguna da une historiko honi berdintasunezko erantzun demokratikoa ematen saiatu herrialde gisa dugun lan egokitik abiatuta. Berriro diogu aurrean ditugun erronka guzti-guztiek gure intuizio komunitariotik eta lurralde eskalatik pentsatutako soluzioak eskatzen dituztela. Horretarako aukera dugu, eta gure erantzukizuna da horretan saiatzea.
Euskal Herrian behar adina borondate indibidual eta kolektibo daude bide hau egiteko. Egituratu, antolatu eta martxan jarri behar dira. Dinamika zatikatzaileak gainditu behar dira, interes korporatiboak baldintzatu, orain arte gertagaitzak ziren konplizitateak ehundu eta, batez ere, erreakzionarioak diren, politikarekiko itxaropen oro alde batera uztea iradokitzen duten eta ezkortasun lazgarri batera bultzatzen gaituzten diskurtsoak saihestu behar dira. Finean, gure herrian lehendik existitzen diren gehiengo soziologikoak eraginkor bihurtzeko gai diren gehiengo soziopolitiko berriak egituratzea falta da.
Euskal gizarteko zenbait sektore dinamikoren potentzialtasun komunitarioa, hainbat arrazoirengatik, ez da erabat askatzen euskal eskala eraldatzeko estrategia baten alde. Horrek hausnarketa bateratua egiteko premia adierazten du, hauteskunde sigla eta dinamiketatik haratago joanda. Adibidez, badago euskal komunitate zientifiko bat, sindikalismo abertzale gehiengodun bat, mugimendu kooperatibista bat, mugimendu feminista bat, kultura dinamikak, gazte mugimenduak, eta abar. Baterako gogoeta horrek honako gai hauetako batzuei erantzuten saiatu beharko luke: zer baldintza mota landu behar dira, zer dinamika zuzendu behar dira eta zer tresna mota baliatu euskal gizarte zibilaren gaitasun komunitarioa prozesu eraldatzaile subiranistaren alde aktibatzeko?
Bigarrenik, Euskal Autonomia Erkidegoa anomalia da aliantza politikari eta horietatik eratorritako gobernu formulei dagokienez. Gaur egun, EAJ-PSE aliantza erreaktiboa da, proaktiboa baino askoz gehiago, eta galarazi egiten du euskal gizartearen aniztasun politikoari bide ematea. Hiru lurralde horietako geografiako udalik ezkutuenera hedatuz, erakunde eskala guztiak zeharkatzen dituen aliantza itxi batek interes alderdikoiei baino ezin die erantzun. Ur-jauzi erako itunen aurrean, eskala instituzional bakoitzean helburu bat duten gobernuak behar ditu herri honek. Zertarako eta nola gobernatu? Horiek dira egin beharreko galderak. Premiazkoa da kasu askotan zero baturako gobernu ekintza bihurtzen diren aliantza erreaktibo eta baztertzaileetatik herri honen aniztasun politikoa termino eraikitzaileetan kudeatzeko gai den eremu kooperatibora igarotzea.
Herri hau nagusiki subiranista eta era berean aurrerakoia dela kontuan hartuta: berdintasunezko gizarte arloan aurrerapausoak eta autogobernu maila handiagoak eskatzen dituzten gehiengoak daude, gure ingurunera irekita eta mundu testuinguru erabat globalizatuari lotuta dagoen nazio solidario baten eraikuntzan sakontzeko. Horregatik, herri honen garapen soziala bi ardatzen gainean egituratzen da: ardatz soziala (progresista-berdinzalea) eta ardatz nazionala (abertzale-subiranista); gure herriaren eraikuntza komunitarioari tira egiten dioten irrika sozial eta nazionala. Horietako bat erlatibizatu edo gutxitzen denean herri honek ez du aurrera egiten bere aukeren arabera. Txingoka ibiliko bagina bezala da. Horregatik, ardatzetako bat alde batera uzten duen aukeraren gainean eraikitako edozein gobernu formula, bi irriketako bati uko egiten dion edozein gobernu formula, ez da gai izango euskal gizarteak bere aniztasun politikoa murrizteko dituen nahiei erantzuteko.
Hiru lurralde horietako euskal politikan behar den berrikuntza handia honetan datza: eremu kooperatibo bat artikulatzea, eskuin erreakzionarioak euskal politika baldintzatzea eragotziko duena, sozialki egituratzaileak diren bi ardatzak barne hartuko dituena eta belaunaldi baten epemugan herri hau eraman nahi dugun agertokiaren inguruan alderdi politikoek hitz egitea ahalbidetuko duena: ziklo politiko honen erronkei eta horiek euskal gizarte zibilarekin batera lantzeko moduari buruzko lankidetza gune bat. Begirada motz eta epe laburreko batetik ikuspegi zabalago eta irismen luzeagoko beste batera igarotzea da kontua, interes alderdikoiek gehiegi baldintzatzen duten politika batetik (hain ohituta gaituen politika konbentzionala), herri hau epe ertainean bere nahien eta aukeren araberako agertoki batean kokatzeko gai izango den asmo handiko eraldaketa programa bat lehenetsiko duen beste batera aldatzea.
Argi dago alderdiok aukera ideologiko desberdinak ordezkatzen ditugula eta politika, funtsean, ideien konfrontazioa dela. Ez gara ari jarrera ideologiko desberdinen arteko dialektikari ihes egitea proposatzen. Eztabaida politikoa hautestontzietatik datorren agindu demokratikoan oinarrituta eraiki nahi dugun herri ereduan zentratzea ari gara proposatzen. Orain arte, gehiengo sozialak daudela esan dezakegu, Estatuarekiko harremanean aurrerapen kualitatiboak ahalbidetuko dituen agenda subiranista bat planteatzeko nahiz egungoak baino politika publiko aurrerakoiagoak eta berdinzaleagoak garatzeko.
Politika konbentzionalena atzean uzteko, euskal gizartearen agindu demokratikoari jaramon egiteko eta, lehiatzeaz gain, lankidetzan aritzeko gonbidapena da honako hau: politika konbentzionalaren kodeetatik ateratzea eta une historikoaren mailan dagoen politika bat planteatzea: eskuin erreakzionarioa modu arriskutsuan ari da aurrera egiten borroka kulturalean eta ordezkaritza instituzionalean, larrialdi klimatikoa bizkortzen ari da eta mundua paradigma sozioekonomiko berrietarantz doa. Aurrean erronka global ikaragarriak dituen herri txiki bat gara: lehiatzeaz gain, lankidetzan aritzera behartuta gaude. Egin dezagun herri honen egoerari buruzko diagnostiko partekatu bat ziklo politiko berri honen hasieran, hitz egin dezagun euskal gizarteak agindu demokratikoaren bidez eskatzen duen herri ereduari buruz eta saia gaitezen hori lortzeko ildo estrategikoak adosten: eraiki dezagun herri agenda bat, batu ditzagun borondateak interes alderdikoietatik haratago.
Eta bigarrenik, hel diezaiogun gobernagarritasunaren arazoari. Lankidetza eremu horrek hainbat konfigurazio ekar ditzake gobernagarritasuna planteatzeko orduan. Gure ikuspuntutik, logikoa da planteatzea indar gehiengoduna dela gobernuen buru izan beharko lukeena eta, hortik, herrialdearen agendan oinarritutako programa bat planteatu beharko lukeena. Gobernuaren eta oposizioaren arteko lankidetza ere hainbat modutan antola daiteke. Lankidetzako politika horren erreferentzia Nafarroan eta Iruñean dugu. Gainditu behar dugun politika baztertzailearen erreferentzia Gipuzkoan, Gasteizen eta Durangon egin dena da.
Krisi politikoak zalantzan jartzen ditu mendebaldeko demokrazia ordezkatzaileak. Politika konbentzionala agortzen ari da gure garai honetan. Gainera, egungo gizarte erronken konplexutasunak agerian uzten ditu top-down ekintza instituzionalaren mugak. Funtsezkoa da lidergo modu berriak aktibatzea, gizarte zibileko eragileen eta erakundeen arteko lankidetza formulak egituratzeko eta izaera komunitarioko instituzionaltasun berriak bultzatzeko gai direnak.
Gobernantza kooperatiboa
Horri dagokionez, azpimarratu behar da kolaboratzea eta kooperatzea ez direla gauza bera. Kooperatzeak hierarkikoak ez diren erlazio espazioak eraikitzea eta partaidetza politikoaren eskalako goiko mailetara hurbiltzea esan nahi du. Gauza bat da gizarteari erabaki baten berri ematea (eta, horretarako, entzutea, komunikatzea, kontsultatzea); beste gauza bat da baliabideak jartzea gizarteak erabakietan parte har dezan (kudeaketa instituzionalean herritarren lankidetzarako bideak irekitzea); eta beste gauza bat da gizartea erabakien parte izatea, kudeaketa politikoaren dimentsio osoan (izaera desberdineko eragileen arteko lankidetza eremuak antolatzea).
Agerikoa da premiazko erronkek hainbat balio dilema planteatzen dituztela, hala nola trantsizio ekologikoarekin lotutako prozesuak (modu batera edo bestera, lurraldean eragina izango dutenak eta gure bizi ohituretan aldaketak eragingo dituztenak) edo klasearen eta jatorriaren ondoriozko gizarte segregazioa. Erronka horiek ez dute kudeaketa politiko posiblerik, ez baldin bada komunitatearen ahalduntze prozesuei bide emango dieten izaera kooperatiboko eztabaida eremuak egituratuz. Testuinguru historikoak aurrerapen kualitatiboa behar du demokrazia parte-hartzailean eta berrikuntza sozialean. Horretarako, egitura iraunkor berriak sortu behar dira, egungo erakunde sisteman txertatuko direnak eta gobernuarekiko eta legebiltzarrarekiko mekanismo independente gisa jardungo dutenak. Europako testuinguruan nahikoa esperientzia dago ildo horretan aurrera egiteko.
Berriro azpimarratu nahi dugu ez dela lankidetzaren ikuspegi idealista batean erori behar. Adostasunak ez dira zerutik erortzen. Komunitatea ez da berezko izate aldaezina, komunitatea etengabe eraiki eta deseraikitzen da; demokratizazioak berekin du gatazka. Alde horretatik, demokrazia liberalaren mugetatik haratagoko partaidetza politikoa kudeatzeko gai izango den kultura politiko berri bat behar da, agenda korporatiboak baldintzatuko dituen herri ikuspegi argi batek gidatua eta, aldi berean, protesta eta mobilizazio kolektiboa adierazpen demokratikoak ere badirela onartuko duena.
Halaber, beharrezkoa zaigu kolaborazio publiko-pribatuko ohiko eskemez harago joatea. Hasieran esan dugunez, inork ez du garaiko erronkei norbere kabuz aurre egiteko beharrezko ezagutzarik, eta ondorioz, ezinbestekoa da garapen iraunkorraren hiru dimentsioak (ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena) uztartzen dituzten berrikuntza irekiko ekosistemak eratzea. Ikuspegi sistemiko berri bat da honako hau, garaiko erronka sozialei aurre egiteko ez baita aski proiektu deskonektatuen araberako jarduna, ekintza-molde kolektiboak gorpuzten dituzten estrategia eta ekintzen interkonexioa behar da, misio baten logikara lerratuz instituzioak, eragile ekonomikoak, ezagutzaren eremukoak eta baita gizarte zibileko eragileak ere; eta interkonexio horien eraikuntzan gakoa da erakunde publikoen lidergo ekintzailea. Beharrezkoa zaigu sindikatuak ekosistema honen parte egitea, ordezkaritza instituzional klasikoaz harago.
Udalgintzak badu zeresana
Alde horretatik, udal politika saiakuntza bankua da. Lehen aipatutako sei erronka estrategikoek boterea hartzeko estrategia bat eskatzen dute, izan ere, subiranotasunaren aldeko edozein estrategiak estatalitatea eraikitzen joango den euskal eskalako eraldaketa prozesu baten zerbitzura ahalik eta botere espazio gehien izatea eskatzen du; baina, aldi berean, behetik gorako bigarren hanka bat behar du, boterea banatuko duena, erakunde berriak sortuz: gure udalgintza tradizioarekin argi eta garbi lotuta dagoen eraikuntza komunitarioaren bidea.
Izan ere, eskala lokalak administrazioaren eta komunitatearen arteko hibridazioa esperimentatzeko aukera eskaintzen du, arazo eta erronka komunei erantzuteko gaitasun kolektiboa lantzeko eskala egokiena baita. Halaber, baliabide materialen jabetza-eredu komunitarioak garatzeko aukera ematen du, pertsonak eta komunitateak ahalduntzea helburu duten eredu publiko-komunaletan sakonduz. Ondorengo lan esparruak estrategikoak direlakoan gaude: energia komunitate lokalak antolatzea, energia berriztagarriak garatu zein energia kontsumoa gutxitzeko; udal hezkuntza kontseiluak martxan jartzea, eskola eskaintza planifikatu, matrikulazioa kudeatu zein eskolaz kanpoko eskaintza bateratu eta euskalduntzeko (D eredua haur eta gazteen aisialdira zabalduz); kultur bilguneak martxan jarri eta saretzea, euskal kulturgintzari zirkuitu nazional bat eskainiz; zaintza egitura komunitarioak antolatzea; eta klase elkartasunezko babes egitura komunitarioak sortzea, herritarren oinarrizko beharrizan materialak bermatzeko.
Gaur egun, seguruenik, udalgintza eraldatzailearen eskutik datorren bultzada komunitario berri baten aurrean gaude. Dagoeneko egiten ari denaz eta udalgintzak proiektu subiranistan duen potentzialaz jabetzea falta da. Tokiko energia komunitate bat antolatzeak bere garaian ikastola bat antolatzeak izan zezakeenaren antzeko balio politikoa du gaur egun. Udalgintzak bultzada komunitario berri horren katalizatzaile izan behar du, eraldaketa subiranistaren zerbitzura.
Belaunaldi arteko erronka
Datozen urteetan hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiek eragin erabakigarria izango dute gure ongizatean eta etorkizuneko belaunaldienean. Gaur egun oinez ibiltzen ikasten ari diren haurrak 2040an iritsiko dira adin nagusitasunera. Ordurako, Euskal Herriak eraldaketa sakona gauzatuko du, bai sozialki, bai ekonomikoki eta bai kulturalki. Eta etorkizun hori oso ziurgabea den arren, ez da ezinezkoa etorkizunerako prestatzea. Egoerei aurrea hartzea funtsezkoa da aro aldaketako une honetan. Erreakzionatzeko eta ikuspegi estrategiko sendo bat aktibatzeko garaia da: 2040an Euskal Herria nolakoa izatea nahi dugun imajinatu behar dugu, eta gaurtik aurrera martxan jarri behar diren eraldaketa prozesuen protagonista izan behar dugu.
Ezinbestean, belaunaldien arteko lana izango da, eta bakoitzak bere lekua hartu beharko du lan horretan. Gazteek etorkizun itxaropentsu bati ateak irekitzeko erantzukizuna dute, adin ertaineko pertsonek eraldaketa prozesu honi beren bizitzako urterik emankorrenak eskaintzeko aukera, eta adinekoek etorkizuneko belaunaldien ongizatearen alde borrokatzeko aukera. Arreta berezia merezi du etorkizuna baldintzatuko duten politika publikoen diseinuan eta abian jartzean gazteek duten protagonismoak. Etorkizuneko belaunaldien ongizaterako legea edo antzeko proposamenak erreferentzia onak dira, etorkizuneko belaunaldien interesak babesteko eta epe laburreko politikarekin lotutako arazoak arintzeko ematen dituzten aukerengatik.
Gobernantza feminista
Eta belaunaldiarteko lan horretan, emakumeek dagokien lekua bete behar dute. Emakumeen belaunaldi berri bat zuzendaritza eta lidergo lanak hartzen ari da jardunbide politiko eta instituzionalean. Lidergo konpontzaile eta eraldatzailea, nahitaezko ikuspegi feminista prozesu subiranistan txertatzen duelako. Hala ere, politikaren lehen lerroan emakumeek duten presentziaz haratago, politika publikoetan ikuspegi feminista txertatzeak instituzionaltasun eraginkorra eskatzen du, bai hiru botere publikoetan, bai herritarren ahalduntzearen bidez lortu nahi den sakontze demokratikoan ere.
Hain zuzen ere, aspalditik kokatzen dira berdintasun planak berdintasun politiketan gobernantzarekin zerikusia duten zutoin gisa, eta honi “gobernu ona” (buen gobierno) esan izan zaio. Guk, proposamen honek duen balio eraldatzailean sinesten dugu, eta gobernantza ereduak ere feminista izan behar duela sinesten dugu, atentzioa instituzioen barnean jarri behar dela baiteritzogu, egituran. Egiteko moduei egiten denari bainoago begiratzean datza. Demokratizazio prozesua da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa, erabakiak hartzeko egituren eraldaketan eta sinesmen sistemetan eragin beharko lukeena.
Prozesu demokratizatzaile hauek, gainera, sistema politikoaren legitimazio prozesua ekar lezaketela pentsa genezake, alderdi politiko eta instituzioekiko ikuspegi negatibo handia dagoen momentu batean. Demokrazia ordezkatzailean sakontzeak herritarren parte-hartze eta boteretzea ekartzeaz gain, azken aldian ahotan dugun publiko eta komunitario harremanean ardura eta erabaki partekatuak eraikitzeko bidea zabaldu beharko lukeelako. Honek guztiak aukera ematen du ez bakarrik eztabaida kolektiborako eta, beraz, kontzientzia aldaketarako, politika egiteko moduak berrasmatzea ere badakar, lotura afektiboak eta erantzunkidetasuna berraktibatuz, komuna dena kudeatzeko bestelako moduak eraikiz.
Eta horrek, era berean, politika bizitzaren eremu guztietan eta hainbat mailatan artikulatzeko eta gorpuzteko aukera ematen du: auzoetan, herrietan, lurraldean eta abar. Adibide izan daitezke, udal instituzioen eta herri horietako emakumeen etxeen arteko harremana, batzuetan, gainera, mugimendu feministarekin kogestionatutako proiektuak izanik. Eguneroko espazio bat sortzen da, erresistentzia eta presio estrategiak ehuntzea ahalbidetzen duena, eta, aldi berean, emakumeek hemen eta orain dituzten premiei erantzuten diona. Ezin dugu ahaztu parte, ez bakarrik nahi duenak, baizik eta ahal duenak ere hartzen duela parte. Bizi denborak ez dira berdin banatzen sexuaren, migrazio estatusaren edo erosteko ahalmenaren arabera. Eta onartzen badugu parte-hartzea haiekin batera ere egin behar dugula, instituzioak ez dira soilik sortzaileak izan behar haien parte-hartzea artikulatzeko, baizik eta onartu egin behar dute emakumeen bizi baldintza materialak eta denbora hobetu gabe ezinezkoa izango dela ahots horiek noizbait presente egotea behar den bezala.
Instituziogintzari dagokionean, zeharkakotasun erradikal bat martxan jartzeaz ari gara gobernantza feminista aipatzean. Genero ikuspegia ekintza, alor eta programa guztietan egoteaz ari gara, eta baita emakumeentzako jabetze prozesuak martxan jartzeaz ere. Honek ikuspegi aldaketa dakar, arazoa emakumeengan jarri baino egituran jartzen delako, sisteman. Dagoeneko ez dira “emakumeen gaiak”. Horretarako, besteak beste, berdintasun unitateak sortu beharko lirateke departamentu guztietan. Egitura estankoak apurtzeko saiakerak ekarri beharko lituzke honek, sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraikiz eta kudeatuz. Zeharkakotasuna oso tresna baliagarria da berdintasun politikak abiarazteko, baina lidergo politiko argi eta erabatekorik ez badu, sail guztien benetako inplikazioarekin, eta planak aurrera eramateko ardura duten sailak behar adinako aurrekontu eta langileez hornitzen ez badira, zeharkakotasuna immobilismoa zuritzeko modu bihurtzen da, baita “politikoki zuzenaren” diskurtsoaren aliaturik onena ere.
Egunero erabiltzen ditugun gailu elektronikoei gertatzen zaien bezala, herri honen sistema eragileak ere eguneratze bat behar du XXI. mendean behar diren politika publikoak garatu ahal izateko, berrikuntzarako ekosistema irekietan oinarritutako ikuspegi sistemikoa aplikatu ahal izateko edo behar ditugun ahalduntze komunitarioko estrategiak ezarri ahal izateko. Eraberritze politikoaren oinarriak ezarriko dituen narratiba, aurpegi aldaketa edo belaunaldi errelebo hutsa ekarri beharrean, XXI. mende honetan planteatzen diren erronken tamainarekin bat datorren eraldaketa sozial eta nazionaleko prozesu bat abian jartzea ekarriko duena.
Horregatik eskatzen dugu, hain zuzen ere, askatasunez erabakitzeko eskubidea. Izan ere, eztabaida ez da Espainiako Konstituzioaren barruan zer den posible, aro berri honi erantzun positiboa emateko zer subiranotasun maila eta zer autogobernu maila behar dugun baizik. Subiranotasunari buruzko eztabaida zertaz erabaki, non erabaki eta nola erabaki da. Eta guk erabakitzeko ahalik eta gaitasun handiena nahi dugu, gure bizitzetan eragina duten prozesu guztien inguruan demokratikoki adierazitako euskal gizartearen borondateari bide emateko. Horretarako, estatus politiko berriak behar ditugu, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta bai Nafarroako Foru Komunitatean, aurrean ditugun erronka konplexuei behar adinako bermearekin aurre egiteko eta herri gisa aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Sistema judizial propio bat edo Lan Harremanen Euskal Esparrua euskal eskalan demokrazian sakontzeko tresnak dira, gure autogobernuaren dimentsio berri baten adibide argiak.
2018an aurkeztutako “Autonomiatik subiranotasunera, estatus politiko berrirako oinarriak” proposamenean jaso zen bezala, estatus politiko berriek botere funts bat eman beharko liekete bi erkidegoei, euskal gizarteari zuzenean eragiten dioten gai guztiei buruz hurbiltasun printzipioaren arabera erabakitzeko gaitasuna izango duena; Euskal Herriko lurraldeen arteko artikulazio instituzionala edota funtzionala ahalbidetzea, eredu konfederal baten gainean, ekintza komuneko edozein espazio –instituzionala edota eskumenekoa– lurralde eremu bakoitzeko herritarren borondate askearen ondorio izan dadin; eta Espainiako estatuarekiko aldebikotasun konfederala bermatuko duten berme sistemak erabakitzea.
Izan ere, subiranotasunari uko egitea, besteak beste, une historiko honetan behar diren politika publikoen garapenari uko egitea da. Hain zuzen ere, covid-19ak eragindako krisiaren irakaspen handienetako bat da garaiko erronkei aurre egiteko izango dugun gaitasuna, gure erresilientzia komunitarioa, neurri handi batean, funtsezko bi faktoreren araberakoa izango dela: komunitate gisa aritzea eta estatu egitura eraginkorrak izatea; komunitate irekia, bizia, autokontzientea eta konprometitua, estatu sozial eta demokratiko batek babestua.
Kontua ez da errezetak ematea, agenda nazional bat ehuntzea baizik. Gure burua prestatu behar dugu eraldaketa garai hau gidatzeko eta une historiko honetan euskal proiektu nazionala berritzeko ekarpen garrantzitsua egiteko. Atxikimendu askeko proiektu nazionala, erabat demokratikoa eta giza garapen jasangarrian oinarritua, berdintasunaren, justizia sozialaren eta natura ingurunearen zaintzaren printzipio eta balioen gainean kohesionatutako komunitate bat eraikiko duena.
EH Bilduk badaki ezinbesteko tresna dela horretarako, baina hori ezin da egin indar politiko batetik bakarrik, indar politiko hori oso zabala eta askotarikoa izanda ere, modu askotan eta esparru askotan adierazi behar diren gehiengo soziopolitiko berrien bidez baino ezin daiteke egin. Herri ikuspegi argiarekin jokatzen duten eta pragmatismo eraldatzailearen alde egiten duten gehiengo soziopolitikoen bidez egin behar da. Pragmatismo eraldatzailea, erradikaltasun arduratsu gisa ulertua, arazoen jatorria soluzio posibleak planteatzeko metodo gisa aztertzen duena. Erradikaltasun arduratsua ezinbestean itxaropenik gabeko etorkizunera garamatzan egungo egoeraren defentsa ahalmenik gabearen aurrean. Ideien eztabaidari ihes egiten ez dion pragmatismo eraldatzailea, behar denean konfrontatzen dakiena baina, aldi berean, akordioak lortzeko, indarrak eta borondateak batzeko eta elkartzeko espazioak prestatzeko gai dena.
Gaur inoiz baino gehiago, batzen gaituena da garrantzitsuena, eta batzen gaituena asko da. Gure herriak batzen gaitu, eta bere etorkizunarekiko kezkak. Eta bai, gure erronka nagusiei buruzko herri akordioak behar ditugu, eta lor daitezke. Akordioak ez dira berez helburu bat, gure herriaren eraikuntza sozial eta nazionalean aurrera egiteko bitarteko bat baizik; eta eztabaida politikoari mugarik jartzen ez zaionean, eztabaida horren erdigunean herri sen sakona kokatu eta epe laburreko interes alderdikoiak alde batera uzten direnean, akordio politikoak prozesu sozial zabalagoen palanka bihurtzen dira. Une historiko honek eskatzen duen mailan egoteko erantzukizuna dugu.
Hobeto egin daiteke, hobeto egin behar da eta hobeto egingo dugu. Izan ere, konpromisoa hartzen dugu gaur egun lehen urratsak ematen ari diren belaunaldiek guri bizitzea egokitu zaiguna baino gizarte, herri eta mundu hobea ezagutzeko aukera izan dezaten. Layla Martínezen hitzetan, sutsuki baikorrak eta erabat pragmatikoak izatea da gure aukera bakarra.
Eztabaida eta hausnarketarako ideia argi bezain sakonak utzi dizkigu Pello Otxandianok irakurri berri ditugun orrialdeotan. Ongi egituratuak, formazio zientifiko sendo baten isla, sistema kartesiarra ondo ezagutzen duen pertsonaren lana, bere begirada ekarri nahi izan digu Pellok.
Politikagintza pertsonen ardura da, eta pasiotik bakarrik ulertzen dut nik. Kazetaritzan, benetako pasioz bizi dudan lanbidean, neure begirada propioak bat egiten zuen pantailaren beste aldean zeudenekin, batzuetan konplize, beste batzuetan ez hainbeste. Lanbide bat bai, baina hori baino askoz gehiago ere izan da: herri hau eraikitzeko toki bat. Gutako bakoitzak, sarri esaten dudan bezala, gauden tokitik eraikitzen dugulako herri hau egunero. Kalean, etxean, zaharren egoitzan, eskolan, supermerkatuan, unibertsitatean, fabrikan, erakundeetan… Eta horietatik sortzen diren begirada guztien katebegi, helduleku izateko aukera eman didate bai kazetaritzak, bai politikagintzak. Modu ezberdinean, noski: politikagintzan ez dago pantailarik tarteko, herritarren begiradak aurrez aurre ikusten ditut orain, zuen besarkadak indarrez erantzun, ez dudala etsiko adierazi, herri honi den-dena zor diodala esan nahian.
Orain dela urte mordoxka bat Pedro Migel Etxenike fisikariak esan zidan elkarrizketa batean argiaren uhin-luzerak ez duela erabat esplikatzen udako arratsalde eder batean eguzkia ezkutatzen ikusteak sortzen duen zirrara; Bachen musikak entzulearengan sortzen duen emozioa ez dela ulertzen biolontxeloaren soken higidura harmonikoa ikasita bakarrik. Descartes berak, bere koordenatu-sistema famatua proposatu zuenean, puntu batean jatorri bat ezartzeko beharra azpimarratu zuen. Jatorria. Eta jatorri hori argi antzematen da, argi antzeman dut nik behintzat, Pellok prestatutako testu honetan.
Herri hau behar eta merezi duen tokira eramateko lanean, dena zor diegu gure aurretik etsi gabe jardun dutenei. Gureak baino erronka zailagoak gainditutakoak dira. Hauteskunde kanpainak ez dira samurrak, ez; aurreikuspen zail eta askotan interesatuei buelta eman eta gure indarra etorkizun oparo bat erdiesteko tokira ekartzea ez da erraza, ez; hilabetetako negoziazioen ostean adostutakoa nola zapuzten dizuten ikustea ez da gozoa, ez; saminak inoiz ez dira atseginak, noski. Baina bai hutsaren parekoak, Lauaxetak zioen moduan, maite den askatasunari dena eman diotenen aldean.
Orain hemen gaude gure aurrekoen lana, erresistentzia, grina, konpromiso eta ilusioagatik.
Hemen gaude gure aurrekoek ere jakin zutelako erantzunak asmatzen konplexuak ziren egoerei.
Gaur honaino iritsi bagara, Euskal Herriko ehunka herritan lehen indar politikoa bagara, denok denon artean egin dugulako izan da, eta horregatik da derrigorrezkoa denei eskerrak ematea. Etsi ez dugulako, unerik zailenetan ere adorea topatzeko gauza izan garelako, gure aurpegietan irribarre konplizeak marrazten asmatu dugulako, elkar babestu dugulako, elkar maitatu dugulako. 2023an Gipuzkoan hauteskundeak irabazi genituenean –orduan ere aurreikuspen interesatuen gainetik-sekulako poza sentitu nuen, baina pozaren gainetik indarra sentitu nuen, herri hau martxan jartzen den bakoitzean erakusten duen indarra, eta agian indarraren gainetik –edo hortxe-hortxe- maitasuna, Euskal Herri osoko lankide eta herritarren musu, besarkada edo begi-keinuz, mezu elektroniko bidez helarazitako maitasuna. Ez ditut sekulako ahaztuko, ospakizun gau hartako ordu txikietan, hainbeste ostu diedan arren, nire familiaren musu eta besarkadak.
Hau talde-lana da. Esku hartuta aritzea, komunitatea –herria- eraikiz jardutea, jaio nintzenetik aitak eta amak oparitutako lezioa da. Eta ez ziren erratu. Eguneroko ekinak egiten gaitu herri. Ez gaude hauteskundez hauteskunde egiten zaigun dei horri bakarrik erantzutera behartuak. Sinetsita nago tokatu zaigun garai honetako erronka konplexuei erantzuna emateko, egiteko beste modu batzuk sortzen jakiten ari garela eta segi beharko dugula horretan.
Horiek denak ikusi dizkiot Pellori lerrootan. Horietan denetan antzeman diot Descartesek aipatzen zuen jatorria. Talde-lana, komunitatea, aberria, maitasuna. Galdetu didaten bakoitzean esan dut lekuko horri indarrez helduta, etorkizuneko erronkei erantzuteko gaudela hemen. Herri honen eskubideak, nahiak, beharrak, jendarte honen zoriona eraikitzen laguntzeko. Herri honek jende
librea, erabaki nahi duena, eraikitzeko prest dagoena, zaintzeko prest dagoena biltzen duelako.
Guzti horren isla da Pellok idatzitakoa. Guzti horren ispilu, aurrean jarri dizkigun erronkak. Euskal herritarren gehiengo zabal baten grinei erantzuna eta esperantza ematen dien proposamen argia. Historian zehar zerbait erakutsi badu Euskal Herriak, zerbait erakutsi badugu euskal herritarrok, izan da hain zuzen ez dugula inoren uztarpean bizi nahi.
Horregatik gaurkoan berriz esango dizuet: lagunok, gurea Askatasuna da!
Maddalen Iriarte Okiñena
Bigarren atal honetan begiradak gehitzen joango gara, herri eraikuntzan estrategikoak diren arloen ingurukoak zein jendartean pil-pilean daudenak eta politizatu behar direla uste dugunak. Begirada hauek formatu desberdinetan garatuko ditugu: batzuk elkarrizketak izango dira, beste batzuk gogoeta laburrak edota luzeago eta egituratuagoak. Jarraian lehen hiru gaiak aurkezten ditugu, azken hilabeteetan hizpide izan ditugunak: hezkuntza, euskararen normalizazioa eta politika ekonomikoa. Ondoren etorriko direnak formatu digitaletan egingo ditugu publiko.
Hezkuntza legea onartu da ia hiru urteko prozesu baten ondoren. Zein izan da ariketa honen funtsa?
Denbora da herri honek herri adostasunak edo estatu itunak behar dituela esaten ari garela. Ez gaude ondo. Euskal Herriaren garapen adierazle askok kezkarako motiboak ematen dizkigute. Datu bakar bat: 2021ean euskarazko liburuen salmentak % 10 inguru egin zuen behera eta ez dago esplikazio komertzialik, hau da, jaitsiera hori testuinguru baten ondorioa da: euskal kulturgintza sistema ahultzen ari da. Hezkuntzara etorrita, hezkuntza sistemaren egoera ikusita eta datozen urteetako prospekzioa eginda, eraldaketa disruptibo bat gauzatzen ez bada, egoera oso makurra izango da.
Bi aukera zeuden: EH Bilduk gehiengoz gobernatzen duen arte itxarotea “gure” legea egiteko (Espainian egiten duten bezala, sei-zortzi urterik behin legea aldatuz alternantziaren ondorioz) edo herri adostasun baten ondoriozko legea saiatzea. Bigarren hau da egiten saiatu garena. Izan ere, herri hau gehiengo osoz gobernatu ezin daitekeenez gero, adostasunak eraikitzera kondenatuta gaude herri eraikuntzarekin zerikusia daukaten funtsezko gaietan. Horretan saiatu gara gure gaitasun guztiekin. Beraz, hau ez zen “gure” legea, baizik eta lurzoru komun bat marraztu zezakeen lege bat.
Hezkuntza sistemak datozen urteetan izango dituen erronkei ezin dakieke erantzun EAJ gabe ez eta EH Bildu gabe ere, hizkuntza politika berri bat martxan jarri ezin daitekeen bezala EH Bildu gabe eta EAJ gabe. Jende gehiago behar da, noski, baina, gure herriaren soziologia kontutan hartuz, bi ardatz horiek ezinbestekoak dira, gustatu ala ez. Beraz, gure saiakera izan da oinarrizko herri adostasuna eraikitzea.
Egon da lege berri baten beharrik ez dagoela adierazi duenik…
Hiru megafaktore daude hezkuntza sistema goitik behera zeharkatuko dutenak eta egoera erabat konplexua ekarriko dutenak: jaiotza tasaren beherakada (datozen hamar urteetan ikasleen herena galtzea aurreikusten da), migrazioen gorakada (segregazioa areagotu dezakeena eta haustura sozialaren arriskua dakarrena) eta digitalizazioaren etorrera, zeinak aldaketa handiak ekarriko dituen ikas-irakaskuntzan. Bada nahikoa motibo sistemaren eraldaketa handi bati ekiteko. Halako eraldaketa batek zoru legitimatzaile berri bat eskatzen du eta tresna eta estrategia berriak diseinatzea.
Esango genuke berandu goazela. Aurreko bi legegintzaldiak galdutako urteak izan dira tresna eta estrategia berriak diseinatzeko orduan. Beste behin ere esan behar dugu: Iñigo Urkulluk azken hiru legegintzaldietan gidatutako Gobernu honek ez du jakin etorkizuna prestatzen. Orain, baldintzak ez dira onenak gauzak patxadaz egiteko: euskararen irakaskuntzak agertzen dituen hutsuneek, jaiotza tasaren beherakadak sortzen duen lehiak zein segregazioaren ondorioek sistema bera eta hezkuntza komunitatea asko tentsionatu dute.
Zein momentutan dago euskal hezkuntzagintza?
Gure ustez, fase berri bat irekitzeko unea da. Aurrez aurre ditugun faktoreek, aipatu ditugunek, hala eskatzen dute. Egungo status quoa iraunaraztea ez da aukera bat. Galdera da zein den herri gisa eman dezakegun aurrerapausoa, zer-nolako adostasuna den posible sistemaren antolaketari dagokionez.
Konfluentziaren hipotesia instituzionalizatu eta abiarazteko momentu dela esan izan dugu. Hau da, Euskal Herrian ditugun hezkuntza tradizio bakoitzaren ezaugarri onenak hartu eta zerbait berria sortzen hasteko momentua dela, hezkuntza kalitatean, ekitatean eta euskalduntzean jauzia eman ahal izateko.
Euskal Herria da markoa: ikuspegi nazionala behar dugu hezkuntzaren alor guztietan, eta euskal lurraldeen arteko lankidetzan jauzia emateko unea da hezkuntzari dagokionez ere. Eta hiru puntu kardinal dauzka eraikuntzaren fase honek: euskal hezkuntza sistemaren eraikuntza garaikidearen hirukia:
Lehena: ikastetxe autoeratuen garapena. Hauxe da euskal hezkuntzagintzaren euste puntua: ikastetxe eredu jakin baten alde egitea da eraldaketaren oinarria, ikastetxe eredu hori baita behar dugun oinarria eraldaketaren atal desberdinak gauzatu ahal izateko. Zeri deritzogu ikastetxe autoeratua? Hiru ezaugarri egozten dizkiogu: 1/ autonomia du (autonomia garatzeko gaitasun aski) lidergo pedagogikoa garatzeko, bere burua antolatzeko eta hezkuntza jarduera kudeatzeko; 2/ komunitatearen partaidetzaz osatu eta garatzen den hezkuntza proiektua du; 3/ legez definitutako balio publikoari atxikitzen zaio. Hain beharrezkoa dugun eraldaketa pedagogikoak ikastetxe eredu hori eskatzen du.
Bigarrena: Euskara eta hizkuntzen ikas-irakaskuntza: euskal hiztun eleaniztunak sortzera eramango gaituen hizkuntzen ikas-irakaskuntza; testuinguru eleaniztunean eta multikulturalean, euskal hiztun oso eleanitzak sortuko dituen hizkuntzen didaktika, gure berezko hizkuntza den euskararen diglosia egoera aintzat hartzen duena.
Hirugarrena: Klase eta jatorriagatiko segregazioari aurre egitea. Inklusioan eta ekitatean jauzia ematea, hezkuntza sistemak gizarte kohesioari dagokionez duen ardura bere gain hartuz.
Eta hiru megafaktore ageri dira eraldaketa prozesu hau sakonki baldintzatuko dutenak: jaiotza tasaren beherakada, migrazioen areagotzea eta digitalizazioa.
Goazen atalka. Ikastetxe autoeratuak: sakondu horretan mesedez.
Uste dugu iraganean euskal hezkuntzagintza lastatu duen publiko-pribatu eztabaida ikastetxe ereduaren inguruko eztabaida bilakatu behar dela. Gai berdinari eusteko ikuspegi berri bat litzateke, esango genuke emankorragoa herri ikuspegitik.
Ikastetxe autoeratuak lirateke Euskal Hezkuntza Zerbitzua eskainiko luketen ikastetxeak. Galdera da: nola sortu baldintzak ikastetxeek ibilbide bat egin ahal izan dezaten autonomia irabazteko, partaidetza komunitarioa ahalbidetzeko eta balio publikoari lotzeko. Sistemaren zer motako gobernantza behar dugun horretarako eta zein baldintza sortu behar diren gaur egun existitzen ez direnak.
Uste dugu horretarako sistemaren gobernantza berri bat behar dugula: sistema zentralista eta burokratizatu batetik ikastetxeetako hezkuntza proiektuen zerbitzura egongo den sistema eraginkor batera egin behar dugula salto; sistemaren ekitatean aurrera egiteko mekanismo berriak behar ditugula, gehiago behar duenari gehiago emanez; eta balio publikoa zerk ematen duen legez definitu eta horrekiko konpromisoa betetzen ez duenak Euskal Hezkuntza Zerbitzua eskaintzeko eskubidea galdu behar duela.
Lege honen mamiak hauxe behar zuen hain zuzen: sistemaren gobernantza berri hori ezarri behar zuen, modu argian.
Titulartasunak ez al du eraginik?
Badakigu euste puntu honek oreka zaila duela. Hau da, ez gatoz esatera titulartasunak eraginik ez duenik. Badu. Ukaezina da segregazioa ikastetxe publikoetan metatzen dela, adibidez, egiturazko arrazoien ondorioz. Eta, aldi berean, ukaezinak dira hezkuntza administrazio publiko autonomiko honen ezinak euskararen irakaskuntzak eta euskal kulturaren transmisioak eskatzen duena gauzatzeko, edota ikastetxeen autonomia efektiboa posible egiteko (Eskola Publikoaren Legearen bosgarren tituluak ez du garapenik izan azken hiru hamarkadetan).
Beraz, joko zelai berri bat definitu behar da, Euskal Hezkuntza Zerbitzua deitu duguna, non joko arauak garbi egongo diren eta administrazioak betearazi egingo dituen; eta sistemaren gobernantza berri bat jarri behar da martxan.
Ikastetxe autoeratuetara ikastetxe kontzertatuek zein publikoek egin behar dute bide bat: Ikastetxe kontzertatuak balio publikoari lotu behar zaizkie orain arte egin ez duten moduan; eta ikastetxe publikoak autonomia garatu behar dute orain arte egin ez duten moduan, lidergo pedagogikoa garatzeko, bere burua antolatzeko eta hezkuntza jarduera kudeatzeko.
Beraz, hemen badago interpelazio deseroso bat ikastetxe kontzertatuei. Eta ez ditugu denak poltsa berean sartzen, ez. Hurbil sentitzen dugu ikastolen mugimenduaren proiektua, argi eta garbi esan izan dugu, eta ez dugu beharrik sentitzen arrazoietan sakontzeko. Baina uste dugu argi eduki behar dugula sistema osoa eraldatzeko garaia dela, ez autoerreferentzialtasunean sakontzeko. Jauzia emateko unea da, ez da erresistitzeko garaia, orain arte egin duguna egiten jarraituz atzera egingo baitugu.
Bestalde, Andoaingo Ondarreta herri eskolaren inguruan interpelatu izan naute sare sozialen bidez. Bai, ezagutzen dut bertako egoera. Berriro esango dugu: titulartasuna egiturazko ezaugarria da segregazioa eskola publikoan metatzea dakarrena. Hori egitate bat da. Besterik da esatea egoera hori ezin zuzen daitekeenik joko arau argiak ezarriz eta betearaziz, edo pentsatzea ikastetxe guztiak publikoak balira segregaziorik existituko ez litzatekeenik.
Eta hemen badago ere interpelazio deseroso bat sare publikoari. Uste dugu ezkerrak ikuspegi kritiko bat mantendu behar duela administrazioarekiko. Are, ikuspegi kritikoaren galerak kalte egiten diola ezkerreko proiektuari. Har dezagun XXI. mendean gobernu ardurak izan dituen eta printzipioei leial mantendu zaion ezkerra. Har dezagun Pepe Mujica, adibidez, eta entzun dezagun zer dioen Uruguaiko prozesu eraldatzaileak administrazioan aurkitu dituen oztopoen inguruan. Beharrezkoa da “Semillas al viento”, Garak berriki publikatutako elkarrizketa liburuaren hirugarren kapituluan Pepe Mujikak esaten duenaz konplexurik gabe gogoetatzea. Bide batez, elkarrizketa liburu horretan, aurreragoko beste pasarte batean, Thomas Piketty aipatzen du sozialdemokratak zein komunistak estatizazioan itota gelditu zirela esateko, eta kogestioaren zein kooperatibismoaren bideak alboratu zituztela, eta horrek burokratizazioaren arazoa ekarri duela, zeinak prozesu eraldatzaileak zamatu dituen.
Gure ustez, hamar urteko epean, herri gisa, hiru herrialdeotan, jar dezakegun ortzi muga da Euskal Hezkuntza Zerbitzua egonkortzea. Hau da, ikastetxe autoeratuak garatzea eta sistemaren ekitatean jauzia ematea.
Baina, eraldaketa horretarako ez al dago eskola publikoa desabantaila egoeran?
Bai, eta behar da plan estrategiko bat eskola publikoa baldintza berdinetan jar dadin eraldaketa prozesu horretarako. Gure ustez hiru zutoin behar ditu plan horrek: Lehena, sistemaren beraren eraldaketa da, kalitatean jauzia ematea posible izan dadin, eskola publikoak ikastetxe autoeratuetarantz bidea egin dezan beharrezko baldintzak sortuko dituena.
Egiturazko baldintza horietako bi lirateke langileen behin-behinekotasun altuarekin amaitzea. Bigarrena litzateke eskola premia berriei begirako baliabideak gehitzea. Zentzu honetan, jaiotza tasaren beherakada aldeko faktorea da, ikasle gutxiago baldin badago errekurtso gehiago izan ahalko delako. LAB eta Interinoakekin sinatu den akordio sindikalean konpromiso politikoa jaso da enplegu kopurua mantentzeko, zeinak aukera emango lukeen ratioak jaitsi eta behar hezitzaile berriak identifikatzeko. Sinatu da baita ere behin-behinekotasuna % 5era jaisteko konpromisoa.
Bigarrena: segregazioaren kontrako planifikazio estrategiko bat, denboran tasatua, herri itun zabal baten markoan garatu behar dena. Eta hirugarrena: ekipamendu eta azpiegituretan anbizio handiko inbertsio plan bat.
Goazen bigarren erpinera: Euskara eta hizkuntzen ikas-irakaskuntza.
Legearen laugarren tituluan egiten den planteamenduak bi egitate ditu oinarrian: 1/ Errealitateak ereduen sistema gainditu egin du: gaur egun, ezin bereiz daitezke ikastetxeak ez eta ikasgelak ere hiru ereduren arabera (hamarnaka hizkuntza dauzkagu gure eskoletan, eta hiztun profil askotarikoak). 2/ Ereduen sistema ez da gai Hezkuntza Akordioan adostutako hizkuntza helburuak betetzeko. Ohar gaitezen D ereduko ikasle asko eta askok ere ez dutela B2 maila lortzen derrigorrezko eskolaldiaren bukaeran. Hizkuntzen ikas-irakaskuntzaren paradigma bera ari da huts egiten, egiturazko arazoa da.
Bi baieztapen horiek egiteko nahikoa ebidentzia daukagunez gero, lege proiektuan paradigma berri bat planteatzen zen hizkuntzen irakaskuntzarako, hizkuntza ereduen paradigma atzean uzten zuena. Izan ere, badira hainbat arrazoi ereduen sistema alboratzeko:
– Ereduen sistema elebiduna da, ez eleaniztuna, ez du hirugarren hizkuntzarik kontsideratzen irakas-hizkuntza gisa; eta, bi hizkuntzen ikas-irakaskuntza modu isolatuan jorratzen du. Egun testuinguru eleaniztunean bizi gara, teknologia tarteko, eta kulturartekoan. Horrek hizkuntzen tratamendua birpentsatzea eskatzen du: paradigma berri bat behar da, non hizkuntzen tratamendu integral eta integratua egingo den, hizkuntza desberdinen irakaskuntza modu bateratuan diseinatu eta inplementatuz, printzipio metodologiko eta ikuspegi didaktiko berdinekin, aintzat hartuz, beti ere, hiru hizkuntzetako bat, berezkoa duguna, euskara, diglosia egoeran dagoela.
– Teknologia analogikoa zen garaian diseinatu zen. Digitalizazioak aukera berriak sortzen ditu hizkuntzen irakaskuntzarako ereduen paradigmak oztopatzen dituenak.
– Metodologia berriek hezkuntza jarduera erabat aldatu dute. Hizkuntza ereduak lehen hezkuntzako jarduera bost orduz mahai batean testuliburuak landuz irudikatzen zen garaikoak dira. Egun proiektuka lan egiten da sarri, metodologia aktiboak baliatzen dira eta espazioa bestela erabiltzen da. Horrek aukera berriak eskaintzen ditu hizkuntzen irakaskuntzarako ereduen sistemak galarazten dituenak.
– Azken 30 urteotan gurasoen hautua garbia izan da: euskara ardatz duen irakaskuntzaren alde egin da, modu naturalean. Badago adostasun sozial zabal bat bi hizkuntzen ezagutza ahalik eta handiena ekarri behar duen irakaskuntzaren alde, beraz, ereduen sistema gainditzearen alde.
Bestalde, inklusioaren ikuspegitik ere ereduen sistema gainditzea premiazkoa da:
– Ereduen sistema segregazioaren katalizatzailea da, Eva Silvanek ondo azaldu duenez: A eta B ereduetan metatzen dira kanpoko jatorriko ikasle gehienak.
– Euskal Hezkuntza Zerbitzuak titulartasun desberdineko ikastetxeak batzea du helburu, zeintzuk, haustura sozial bat ekidin nahi badugu, konplexutasun indize bera izatera iritsi beharko diren segregazioari aurre eginez (legeak hala jasotzen du). Bada, hizkuntza ereduak oztopo nabarmena dira helburu horrek eskatzen dituen politikak inplementatzeko orduan (adibidez, zerrenda bikoitzaren bidez ikasleak banatzea).
Eta azkenik, ereduen sistema mantentzea sistemaren konfigurazio berrirako barrera ere bada: konfluentzia oztopatzen du, A eta B ereduak ikastetxe pribatuetan baitaude neurri oso handian, eta ondorioz, (ereduak mantentzeak) eskubide eta betebeharrei dagokienez berdinak liratekeen ikastetxeek osatuko luketen Euskal Hezkuntza Zerbitzurantz egin beharreko ibilbidean egiturazko oztopo bat ezartzen du.
Ereduen inguruan funtsean dagoen eztabaida honakoa da: helburuekin ados baldin bagaude, zerk determinatu behar du hizkuntzen tratamendua ikastetxeetan? Helburu horiek betetzera zuzendutako irizpide pedagogikoek ala aldez aurretik ezarritako eta herri honetan gutxiengo batenak diren irizpide ideologikoek?
Lege proiektuaren laugarren tituluak behar zituen hainbat zuzenketa eta zehaztapen, baina, oro har, hor zeuden gakoak. Baina, ondoren, ereduen gaineko eztabaidan sartu gintuzten beste eztabaida batzuk egiten beharko genukeenean. Adibidez, zein baliabide behar dituzten hizkuntza proiektuek, zein dimentsio landu behar diren hizkuntza proiektuen bidez, nolako estrategiak garatu, zein garapen emango diogun datozen hamar urteetan…
PSEren arduragabekeria izan da gai hau modu perbertsoan politizatzea, boto apur batzuen peskizan. Eta EAJrena PSEri horretarako aukera ematea.
Eta goazen hirugarren erpinera eta itxi dezagun hirukia: segregazioa.
Segregazioari dagokionez, bi gauza esango genituzke:
Lehena: Hirukiaren goiko bi erpinak altuera berean daude, parean. Esan nahi baita, segregazioaren kontra zein euskalduntzearen alde, bietan ez badugu jauzia batera ematen, bietan egingo dugula atzera. Hau da, datozen urteetan, migrazioen gorakadaren ondorioz, segregazioak gora egiten badu, haustura sozial bat gertatuko da udalerri askotan: gizarte haustura bat gure herrian. Izango ditugu ikastetxe batzuk puntako hizkuntza proiektuekin, baina, eskolaz kanpo, nazio eraikuntza ezinduko duen haustura soziala izango dugu. Eta hizkuntzen erabilera eta irakaskuntzan ez badugu jauzia ematen, euskararen erabileran eta euskal kulturaren transmisioan atzera egiteaz gain, hizkuntza ereduak segregazioaren katalizatzaile izango dira.
Beraz, ez da bata ala bestea. Eskema hori atzerakoia izateaz gain ez litzatekeelako eraginkorra. Biak dira, biak aldi berean: bietan egin behar dugu jauzi aldi berean eta denbora gehiago galdu gabe. Horregatik, hizkuntza ereduak mantentzea ez da soilik euskalduntze prozesuari egiten zaion kaltea, segregazioari aurre egiteko oztopo handi bat ere bada, gizarte kohesioaren ikuspegitik herri gisa behar dugun aurrerabidea zamatzen baitu.
Proposamen bat egin genuen gure zuzenketetan uste duguna oso interesgarria dena: Hizkuntza Konplexutasun Indizea. Ikastetxeen konplexutasun soziolinguistikoa definitzea du helburu, ondoren ikastetxe bakoitzari Hezkuntza Akordioan ezarritako helburuak lortzeko behar dituen baliabideak eskaini ahal izateko. Indize honek aukera emango luke ikastetxeen ezaugarri soziolinguistiko eta sozioekonomikoen araberako hizkuntza proiektuen tipologia bat definitzeko, gehiago behar duenari gehiago emateko kontratu programen bidez.
Eta bigarrena: prest al gaude? Benetan gara kontziente esku artean dugun erronkaz? Prest al gaude bakoitzari tokatzen zaizkion ardurak hartzeko? Uste dugu zintzotasun intelektual eta politikoz erantzun behar dugula galdera bat: prest al gaude bide honi ekiteko berarekin dakarren guztiarekin, asumituz herri gisa ez daukagula beste aukerarik? Ematea tokatuko zaigula jasotzea baino gehiago, eta erreaktiboki baino proaktiboki jokatu beste aukerarik ez dagoela? Prest al gaude segregazioaren kontrako herri itun batera batzeko haustura soziala ekidin behar dugunez gero?
Zein da Legeak ekarri behar zuen tresneria berria?
Gure ustez zazpi dira legeak ekarri behar zituen tresna nagusiak:
1. Euskal Hezkuntza Zerbitzua, ikastetxe autoeratuak batu behar dituena eta joko arau garbiak ezarri behar dituena sistemaren gobernantzan. Hemen planteamendu argi bat egin behar da eta Legeak hobekuntza nabarmenak eskatzen ditu. Euskal Hezkuntza Zerbitzua ondo jaso behar da araubidean (Legea zuzendu edo osatu beharko da erreglamenduzko garapenaren bidez) eta galdera bati erantzun behar zaio: zer gertatzen da eskubideekin betebeharrak betetzen ez direnean? Erantzuna, ikastetxe kontzertatuen kasuan, da kontzertua galtzen dutela.
2. Udal Hezkuntza Kontseiluak: sistemaren gobernantzan udalak eragile bihurtzen dira. Udalerrietan ekosistemak eraikitzera jo behar dugu, ikastetxeen arteko kooperazioa lehiaren gainetik jartzera. Eskola eskaintzaren planifikazioak zein matrikulazioak udalen esku-hartzea eskatuko du. Baita hezkuntza ez-formala eta hezkuntza formala batzeko ahaleginak ere. Ezinbestekoa iruditzen zaigu, adibidez, eskolaz kanpoko eskaintza bateratzea, ikastetxe ezberdinen arteko lankidetza abiatzea. Horretarako, Udal Hezkuntza Kontseiluak estrategikoak dira.
3. Sistemaren ekitatea hobetzeko mekanismoak. Gehiago behar duenari gehiago eman behar zaio. Deszentralizazioa, ikastetxe autoeratuen aldeko apustua, ekitatean eta kalitatean jauzia egiteko bidea izan behar da. Honek ez dio Gobernuari erantzukizunik kentzen, gehitzen baino. Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzari behar duen neurrian eman behar dio. Kontratu programak horretarako tresna egokia izan daitezke ondo baliatuz gero.
4. Sistema ebaluatzeko ikuspegi berri bat, esperimentazioa eta hortik eratorritako etengabeko berrikuntza posible egingo duena.
5. Segregazioari eta euskararen irakaskuntzari eusteko marko berria eta egiturazko neurriak.
6. Ikastetxeen arteko konfluentzia aukerak aztertzeko bideak eta horretan esperimentatzeko aukera.
7. Euskal lankidetza posible egitea (beste euskal lurraldeekin lankidetzazko harremana), marko nazional argi batean kokatuz hiru herrialdeotako euskal hezkuntza sistemaren datozen urteetako garapena.
Lege on bat izango bagenu ere, aipatu dituzun megafaktoreak medio, datozen urteak oso konplexuak aurreikusten dira. Jaiotza tasaren beherakadak zein modutan eragingo du eta nola kudeatu hori?
Esan bezala, jaiotza tasaren beherakada da megafaktore horietako lehena. Datozen hamar urteetan ikasle kopurua % 30 jaistea aurreikusten da. Horrek tentsio handia sartzen du sisteman eta lehia areagotzen du, kooperazio logikak atzenduz.
Eskola mapa egokitu beharko da eta horrek herriz herri eragingo du. Irakasle kopurua mantendu behar da, ratioak jaitsiz eta hezkuntza beharrizan berrietarako errekurtsoak jarriz. Baina, halere, eskola mapa errealitate demografiko berri honetara egokitu behar da.
Oso modu orokorrean, hiru sareetatik kristau eskola bat da sistemaren katebegi ahula, matrikulazioan gehien sufritzen ari dena. Beraz, ondorengo bilakaera aurreikusi daiteke termino orokorretan: badago eskola publikoaren aldeko tentsio sozial bat bere lekua bermatuko diona, Ikastolek eutsiko diote sustrai sendoak dituzte-eta, eta badago kristau eskola elite bat bere publikoa daukana ere. Sistemaren konfigurazio berrian status aldaketa bat gertatu beharko da, esan dugunez, joko zelai berri bat marraztu beharko da, joko arau berriekin, eta horrek, pentsatzekoa da, eragina izango lukeela eskola planifikazioan. Baina, soilik egungo joerei erreparatuta, uste dugu, kristau eskolek pisua galduko dutela sisteman eta eskola publikoak, proportzioan, irabazi.
Edozein kasutan, prozesu gatazkatsua izango da herri ikuspegi sendo batekin egiten ez bada. Eskola planifikazioa tokian toki egitea eskatuko du, modu partekatuan, eta horrek esku-hartze komunitario sendoak. Kataluniako onarpen dekretuak ireki du horretarako bidea, adibidez. Hemengoa motz gelditu da. Eskola planifikazioaren ariketa herriz herri egin behar da: ikastetxe autoeratuak nahi ditugu, ados, bada nolakoak eta non? Jar ditzagun irizpide pedagogikoak erdigunean eta ikastetxeen arteko kooperazio logika sustatu, logika lehiakorra azpiratuz.
Esatea erraza da baina oso prozesu konplexua da. Tresna administratibo eraginkorrak bai, baina herri prozesurik gabe, hau da, hezkuntza komunitatearen partaidetza sendorik gabe, aro gatazkatsu bat da hurrengo urteetan datorrena. Horregatik behar dugu araubide argi bat, ausarta eta ortzi-muga eraldatzaile itxaropentsu bat marraztuko duena. Ez da aukera bat erdibidean gelditzea. Baina, horrez gain, herri gaitasunak aktibatu beharko dira. Askotan esan dugu: Kristau Eskolan lehen sindikatua ELA da, erretorika erradikalena duen sindikatua. Demagun ELAk negoziazio kolektibora eramaten duela Kristau Eskoletan segregazioaren kontrako neurri efektiboak martxan jartzea (ezagunak dira, oso tasatuak daude) edota Santillana eta Anaya alboratu eta Ikaselkar erabiltzen hastea. Ez al luke horrek edozein neurri administratibok baino gaitasun eraldatzaile material handiagoa?
Eta, honi dagokionez, gogoeta bat egin nahi dugu: azken urteetan jende askorekin hitz egin dugu gaiaz, beste kultura politiko batzuetako jende askorekin. Badago kultura politiko bat administrazioaren eta hiritarren artean ez duena apenas ezer ikusten. Horregatik, administrazioari eskatzen dizkio berme guztiak. Beste batzuok administrazioaren eta hiritarren artean herri bat ikusten dugu bere burua birsortu nahian. Hau da, gaitasun komunitario bat, eta, ondorioz, bermeak ez ditugu soilik administrazioan bilatzen. ELAren adibidea jarri dut, baina geure buruaz hitz egin ahalko genuke, EH Bilduk Udal Hezkuntza Kontseiluen bidez egin dezakeen lanaz.
Entzun ditudan balorazio batzuetan ez da inolaz ere balioan jartzen, adibidez, lege honek udalei sistemaren gobernantzan ematen dien lekua. Hor badago politika antineoliberal argi bat, komunitatearen partaidetza sustatzen duena. Bide batez, esango dugu, hor ikusten dela, adibidez, EH Bilduren lorratza lege proiektu honetan. EAJk orain dela bi urte ez zuen hau usaindu ere egiten.
Zergatik lortu da Aretako eskola txikia ez ixtea eta ez zenbait anbulatorioetako zerbitzua ez murriztea? Bada, Aretako eskola txikiaren kasuan, komunitate bat dagoelako zerbitzu publikoaren prestazioari atxikia, zerbitzu publikoaren subjektu dena eta ez soilik objektu. Ikastetxeen dimentsio komunitarioaren garapena da kalitatezko zerbitzu publikoari eusteko bide eraginkorrenetako bat.
Aipatu dituzun hirukiaren erpinak, baldintza hauetan, hirurak dira prozesu benetan konplexuak. Lege bat ez da inolaz ere aski halako erronkei heltzeko…
Hala da, hiru prozesu horietako bakoitza oso konplexua da, zer esanik ez hirurak batera egin behar direnean. Lehenik eta behin, esan behar da, beste behin ere, ez dugula jakin etorkizuna prestatzen, denbora asko galdu dugula eta oraingo baldintzak ez direla onenak. Horregatik, hain zuzen ere, behar dugu herri prozesu bat, izan ere, gure gaitasun instituzional eta komunitario guztiak lerratzea lortzen ez bada, prozesuak ez du arrakastarik izango hiru erpinetako batean ere ez, eta hirurak dira beharrezkoak. Beraz, araubide bat eta ortzi-muga eraldatzaile partekatu sendo bat behar ditugu.
Hezkuntza Akordioa behe-kanpalekua izan bazen, Hezkuntza Legea behe-kanpaleku aurreratua izan behar zen. Berriro diot, araubide ausart eta argia behar dugu, eta, ahalik eta adostasun zabalenak behar ditugula onartuta, ez dezagun ahaztu hau ezin daitekeela egin EAJ gabe ez eta EH Bildu gabe ere, prozesu honek komunitateak zeharkatuko baititu udalerriz udalerri.
Eta azkenik, nahikotzat jotzen ez den Lege bat onartu delarik, zertarako momentua da orain?
Uste dut balantzea egitea tokatzen dela. Prozesu honetatik irakaspenak atera behar ditugu denok, ez soilik alderdi politikoek, baita hezkuntza eragileek ere. Akatsa litzateke karpeta itxi, kaxoira sartu eta aurrera egitea hau guztia gertatu izan ez balitz bezala. Zeren eta, prozesu honetan izan dira gauza interesgarriak, berritzaileak; eta izan dira, baita ere, akatsak eta zuzendu beharreko jokaerak. Guztiarekin, esperimentazio prozesu bat izan da, aurrera begira askotariko irakaspenak uzten dizkiguna.
Irakurri izan dut balorazioren bat edo beste prozesuaren porrotaren karga guztia alderdi politikoengan jarriz. Gure kritika ezaguna da EAJ eta PSErekiko, ez dut hemen errepikatuko, baina begirada zabalagoa behar da. Prozesu hau hasi zen hezkuntza komunitatean polarizazio handia zegoen garaian, eta bukatu da polarizazio egoera berdinarekin. Adostasunak soziopolitikoa izan behar badu, uste dut hezkuntza eragileek ere gogoeta serioa egin behar dutela. Ez baldin bagara gai herri ikuspegia interes korporatiboen gainetik jartzeko (eta honek denontzat balio du, alderdi politiko zein eragile) eta eskuzabaltasunez jokatzeko zentzu horretan, ezinezkoa izango da herri prozesu bat bideratu dezakeen oinarrizko adostasunik erdiestea. Eta zinez uste dut ez dagoela beste biderik.
Udal mailan has gaitezke beste ezeri itxaron gabe: Udal Hezkuntza Kontseiluak martxan jar daitezke. Hiru lehentasun ikusten ditut: eragin eremu bakoitzean eskola eskaintza modu bateratuan pentsatzea; matrikulazioa bateratzea horretarako udal bulegoak sortuz; eta eskolaz kanpoko eskaintza bateratu eta euskalduntzea, D eredua haur eta gazteen aisialdira zabalduz.
Euskalduntze prozesua: non gaude?
Urteak dira euskalgintzak euskalduntze prozesua biribilgunean bueltaka ikusten duela. Impasse egoeran dagoela ere esan izan da. Oro har, aurrera egiteko ditugun zailtasunen jabe gara guztiok baina diagnosi partekatua osatu eta horren araberako norabideak finkatzea kostatzen ari da.
Euskaltzaindiaren abaroan garatzen ari den Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaile den Jon Sarasuak orain urtebete inguru aurkeztu zuen ponentzia hartuko dut hizpide, uste dudalako etorkizun ikuspegi partekatu bat osatzeko saiakera serioa dela. Bertan, iraganaren balorazio bat egiten da, 60ko hamarkada hasi zen euskalduntze prozesua zerk elikatu duen aztertuz; gaurko egoera aztertzen da, diagnosi kualitatibo bat osatuz; aro berri baterako bisioa formulatzen da, helburuak barne, eta garabide egitura bat marrazten; garabide horren araberako “erreakzio egitura” bat (lau jauzi eta zazpi pausu) osatzen da eta itun politiko bat proposatzen, denboran gertu beharko lukeena, ez baikaude, ponentzian bertan esaten den bezala, beste hamarraldi bat galtzeko moduan.
Gaur arte ekarri gaituen euskalduntze prozesuaren ibilbideari eta egungo egoerari dagokionez, honela laburbil daiteke bertan jasotakoa: i. Egin duguna ikaragarria da; ii. Ez gaude ondo, euskarak minbizia du. Botilak zuloa du eta norabide krisia daukagu. Honako argi gorriak identifikatzen dira: arnasguneen ahultzea, kulturgintzaren erreferentzialtasunaren galera, telebistaren gainbehera, kontsumoaren fragmentazioa eta erabilera kurbaren estankamendua.
Diagnosi kualitatibo hau Iñaki Iurrebasok bere tesian agertzen duenarekin erabat uztartzen dela deritzot. Iñakik, adierazle berriekin, orain artean itzalpean egon diren alderdiak ekarri ditu argitara. Esango nuke azken urteetan proposatu diren hainbat ekimen oinarritzeko egin izan den diagnosia ere zuzendu egin duela partzialki: arazoa ez dago soilik erabileran, edo, hobe esanda, erabilera eta ezagutzaren arteko harremana gehiago problematizatu behar da. Hau da, zeri deritzogun ezagutza, edo zer (nolako) ezagutza den zer erabilera ispilatzeko gai, eta ondorioz non eta nola eragin behar den.
Datorren mundua ere marrazten da ponentzian: gizarte aldaketak, teknologia aldaketa eta hainbat egiturazko ezintasun (zatiketa administratiboa, botere politikorik eza eta demolinguistika konplexua). Guztiarekin, honako sintesi eragilea proposatzen da: orain arte egin duguna egitearekin ez dugu aurrera egingo, eskala handiko erreakzio bat behar da. Erabat ados orain artekoarekin.
Helburutzat hartzen da datozen 20 urteetarako euskal hiztun osoen nukleo sendo eta zabala osatzea, ahalik eta sendoena eta ahalik eta zabalena, ohartarazpen bat utziz: errealismo politikoz joka dezagun, anbizioaren eta errealismoaren arteko oreka gordez. Ados horrekin ere.
Lau jauzi (hezkuntza, hedabide sistema, haur eta gazteen aisialdia eta lan mundua) eta beste zazpi pausu (corpusa, kulturgintza, administrazioa, teknologia, helduen euskalduntzea, etorkinen harrera linguistikoa) proposatzen dira. Zera azpimarratuko nuke hemen: hizkuntza politika osoa errebisatu beharra mahaigaineratzen da, edo, nahi bada, guztiari (edo ia guztiari) pentsaldi sakon bat emateko ezinbestekotasuna. Izan ere, ia guztia aldatu da Euskal Herrian eta euskal gizartean azken 40 urteotan. Gizarte konplexuotan, gainera, ez dago ezer modu isolatuan aztertzerik, ikuspegi holistikoa behar da hizkuntza politikaren eremu bakoitza aztertzeko orduan.
Zuhaitzaren irudia hartzen da euskararen garabidearen egitura irudikatzeko: sustraiek elikatzen dute zuhaitza (berrasmatu beharrean den herri kontakizuna, gizarte aktibazioa eta erakundeen bultzada) eta adarrek euskararen garabideak marrazten dituzte.
Estrategia egitura horretan planteatzen den adar bakoitza mundu bat da, noski, eta iruditzen zait asko dagoela hitz egiteko. Adar bakoitzak zeharkatzen dituen sektoreetan aditua den jendearen esperientziak baino ez ditzake bideak argitu. Baina egiten den planteamendu orokorra zuzena dela deritzot.
Beste gauza asko ere badira, tartean, hizkuntza politikaz gain, komunitate estrategia baten beharraz mintzo da, ametsa ekoizteaz, kontakizuna eguneratu eta barreiatzeaz: herri mugimendu bat arnasberritzearen beharraz. Honi dagokionez, uste dut azken urteotako ekarpenik interesgarriena Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelek egin dutela (Trikua esnatu da).
Enborra
Etorkizun ikuspegi sendoa iruditzen zait, uste dut hor badaudela zumeak adostasun politikoak osatzeko. Egiten den planteamendua osagarritze aldera, eta zuhaitzaren irudia aintzat hartuta, zera gehituko nuke: sustraiez eta adarrez gain, zuhaitzaren enborra ere definitu egin behar dela. Sustraiek elikatzen dituzten adarrak zerk eusten dituen, garabideek non duten abiaburua. Esan nahi baita, zein den garabide egituraren oinarri politikoa edo hizkuntza politikaren paradigma.
EAEko 1982ko Euskararen Legea onartu zenetik indarrean egon den hizkuntza politikaren paradigma honakoa izan da: bi hiztun talde daude euskal gizartean, euskal eta erdal hiztunak, eta bakoitzari bere hizkuntza eskubideak aitortzen zaizkio. Paradigma honetan hizkuntza politikaren helburua da hiztun talde bakoitzari bere hizkuntzan aritzeko eskubidea bermatzea gizarte funtzio nagusietan. Garai hartako jauzi politikoa izan zen euskal hiztunoi eskubideak aitortu zitzaizkigula lehen aldiz (euskaraz ikasteko, informazioa euskaraz jasotzeko, administrazioaren aurrean eta baita beste gizarte funtzio batzuetan euskaraz aritzeko).
40 urteko ibilbidearen ondoren, zer esan dezakegu? Hain zuzen ere, egin duguna ikaragarria dela. Leku, modu, bide askotatik egin da. Instituzioen bultzada erabakigarria izan da eta herri mugimenduaren arnasik gabe ezingo zatekeen egin. Pizkundea instituzionalizazio prozesu modernoa baino lehenago gertatu zen eta, ondoren ere, euskal hiztun komunitateak sen autoeratzaileari eutsi dio euskararen garabidearen eremu askotan.
Eta bai, ekidin beharko genuke, guztiok ere, euskararen egungo egoeraren gaineko eztabaidak baliatzea iraganean egin genituen hautuak legitimatzeko. Eta hala balitz, albo batera utzi beharko genituzke aurreiritziak ere, desaktibatu beharko genuke besteek emandako edozein iritzitan iraganean egindako hautuak legitimatzeko saiakerak hautemateko hipersentsibilitate hori.
Izan ere, asko egin da ertz eta lubaki ezberdinetan egon den jende askori esker. Utz dezagun horrela. Eta horri esker badugu hamarraldi luzeetako ibilbide bat nondik irakaspen partekatuak atera ditzakegun: i. Ezagutza-erabilera binomioari dagokionez, hizkuntza gaitasunen eta motibazio sistemaren garapenean urratsak eman gabe erabilera kurbak ez du gorantz egingo; are, beheranzko joerari eustea zaila izango da. ii. Euskararen kontrako oldarraldi politiko-juridikoa egiturazkoa da, eta 1982ko adostasunak ere auzitan jartzera iritsi da. iii. Mundua zeharo aldatu da, XX. mendeko hizkuntza politiketako askok ez digute XXI. mendean balio.
Hizkuntza politika: zertan gaude?
Eta zertan gaude hizkuntza politikari dagokionez? Uste dut, eskura dugun soziolinguistika onenari kasu eginez, mundua norantz doan erreparatuta eta azken hamarraldietako esperientzia jasota, erraz esan dezakegula hizkuntza politikan jauzia eman eta adostasun politiko berriak eraikitzeko momentua dela honako hau; eta ez, ez gaudela beste hamarraldi bat galtzeko moduan. Euskalgintzaren Kontseiluaren Batuz Aldatu proposamenarekin sintonian, horrela ezaugarrituko genuke XXI. mendean behar dugun hizkuntza politika:
XXI. mendeko hizkuntza politikaren helburuak:
Hiztun komunitate sendo eta zabala/herritar euskaldun eleaniztunen multzo zabal eta trinkoa/euskal hiztun osoen nukleo sendo eta zabala osatzea. Horretarako:
– Zenbait lurraldetan ezagutzaren unibertsalizazioa erdiestea.
– Funtzio nuklearrak ziurtatu eta egonkortzea euskara hautatu eta eroso erabili ahal izateko.
XXI. mendeko hizkuntza politikaren oinarriak:
1. Euskarak ofiziala behar du euskararen lurralde osoan, euskal herritarrei aitortu egin behar zaie funtzio guztietan bi hizkuntzatan aritzeko eskubidea.
2. Eskubidea aitortzeaz gain, bermatu egin behar zaie eskubide hori. Horrek, Iñigo Urrutiak ondo azaltzen duen bezala, hiztun taldeak bereizten ez dituen hizkuntza politika eskatzen du, norbanakoak euskalduntzera baino eremuak euskalduntzera bideratua, beti ere herritar guztien hizkuntza eskubideei kalterik egin gabe, baina modu integratuago batez. Hauxe litzateke, hain zuzen ere, paradigma berria. Eta hauek eremu estrategikoak: administrazioa, hezkuntza, haur eta gazteen aisialdia, komunikazio sistema, lan mundua.
Errealismo politikoz jokatu behar da, lurralde eremu bakoitzaren errealitate zehatzetik abiatuz: lurralde eremu batzuetako hizkuntza politika beste batzuetakoa baino aurreratuagoa izango da. Zentzu honetan, iradokitzailea deritzot Garikoitz Goikoetxeak proposatu duen zonifikazioaren ideia: zonifikatu dezagun euskararen lurraldea, ez hizkuntza eskubideei dagokionez baina bai hizkuntza plangintzari dagokionez.
3. Zenbait funtziotan euskara lehenetsi egin behar da, beste batzuetan minoritarioa izango dela aintzat hartuz. Zehazki, tokiko funtzioetan, haur eta gazteen aisialdian eta kulturgintzan.
4. Arreta berezia eskatzen duten eremuak: ikus-entzunezkoak, hizkuntza teknologiak, etorkinen harrera planak.
Hiru probintziotan (beti jartzen du lurralde eta honetan probintzia) helburuak beharko luke 2, 3 eta 4 oinarriak ere bere egingo lituzkeen hizkuntza politika eta horri lege babesa emango liokeen Euskararen Lege berria.
Euskalgintza: nola gaude?
Eta nola dago euskalgintza momentu hain inportantean? Inkesta soziolinguistikoei erreparatuz, badakigu gizartearen gehiengo bat euskararen aldekoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan. Hau da, euskararen aldeko iritzi soziala sendoa dela hiru herrialdeotan. Horren froga da azken hamarraldietan D ereduak, gurasoen hautuz, izan duen gorakada eta B eta A ereduen gainbehera.
Hori egia den bezala, egia da “inposizioaren” diskurtsoak sarbide erraza aurkitzen duela gizarteko hainbat sektoretan. Euskara inposatu nahi denaren diskurtso soziala, batzuetan lozorroan dagoela dirudien arren, indartzen ari delakoan gaude: “etorkinak beharko ditugu lan merkatuan eta euskara traba zaigu”; “hizkuntza eskakizunak lan eskubideen kontrakoak dira eta malgutu egin behar dira”; “euskararen aldekoak inklusioaren eta gizarte berdintasunaren aurkakoak dira, edo, gutxienik, bata lehenesten dute bestearen aurrean”; “D ereduak porrot egin du ingurune soziolinguistiko ez euskaldunetan eskaintzeak zentzurik ez duelako, eta gainera ikasleen ibilbide akademikoa kaltetzen ari gara”; “hizkuntza politika berri bat planteatzen ari direnak autogobernuaren oinarrizko adostasunak apurtzen ari dira”. Beraz, oldarraldia ez da soilik politikoa eta judiziala: euskarak espazio berriak irabaz ditzan beharrezkoak diren politiken kontrako korronte sozial bat ari da gorpuzten, noiz eta euskalduntze prozesua aipatu dugun puntuan dagoenean.
Euskalgintzak azken hamarraldietan intuiziotik eta dinamika solte samarretatik ikuspegi estrategikora, egituratzera, profesionalizaziora egin du jauzi, eta horretan urrats nabarmenak egin eta sendotasun ukaezina erakutsi du. Baina, aldi berean, azken garaiotan, mugimendu euskaltzalea apaldu eta lausotu egin da. Momentu honetantxe, begi bistakoa da diskurtso indartsu bat plazaratzeko ezina. Trantsizio bat gertatzen ari dela dirudi, eta, pixkanaka bada ere, euskararen aldeko diskurtsoa eta praxia ari dela gaur egungo mundura egokitzen, berritutako eta egokitutako diskurtsoekin.
Baina bada garaia fase berri bat irekitzeko: euskalgintza sozialak eta instituzionalak nork bere bidetik egin du azken 40 urteotan, egon dira elkarlanezko egitasmoak, baina puntualak eta partzialak izan dira. Inoiz ez dugu, modu sistemikoan, esperimentazio gune seguru bat definitu eta denboran garatu. XXI. mende honetako baldintza sozial eta politikoek (gizarte indibidualizazioa, demokrazia ordezkatzailearen krisia, ehundura komunitarioen ahultzea, identitate kolektiboen fragmentazioa) eta datorren mundu honen ezaugarriek (aurrez aipaturikoak) beharrezko egiten dute bide partekatu bat: herri gisa dugun ahalmen komunitarioa askatzeko gai diren elkarlan dinamika eraginkorrak martxan jarriz baino ez daiteke pentsa euskalduntze prozesuan aurrerapen kualitatiborik posible denik. Euskalduntze prozesuak behar du lankidetzazko ekosistema bat oraino ezagutu gabea.
Uste dugu hizkuntza politikaren auzian momentu erabakigarrian aurkitzen garela. Azken urte luzeetan inboluzio prozesu bat gertatzen ari da, esan dugunez, dimentsio politikoa, judiziala eta soziala duena. Eragile politikook dugu, zalantzarik gabe, egoerari neurria hartzeko erantzukizun behinena, eta, gu, sinetsita gaude euskararen ezagutza eta erabilerak kohesio sozialaren alde egiten dutela, hiru hizkuntzen jabe egingo gaituen hizkuntza politika dela modernoa, europarra, berdintasunaren aldekoa, guztion hizkuntza eskubideekiko errespetuzkoa. Inboluzioaren aurrean, diskurtso politiko argi bat agertzeko beharra dugu, irmoki defendatuko duena aniztasunaren kudeaketa demokratikoa, eta horren alde egiteko gehiengo demokratiko sendo bat egon badagoela euskal gizartean. Hizkuntza politika hori ebidentzia soziolinguistikoa eta literatura zientifiko onena eskutan defendatu behar da, konplexurik gabe, euskarak XXI. mendean tresna eta baliabide berriak behar dituela adieraziz.
Jauzi baterako aukera: D eredua berrasmatu beharraz
Hizkuntza politika berrirako lehen jauzia hezkuntzan saiatu behar delakoan gaude, ardatz identitariotik aparte, euskal gizartean adostasun zabala baitago eskolak euskaldun eleaniztunak sortu behar dituela dioen iritziaren inguruan. Baina horrek norabide argi bat finkatzea eskatzen du, zeina honela laburbil daitekeen: D eredua berrasmatu eta orokortu.
Zergatik berrasmatu D eredua? Hezkuntza eragile zenbaiten diskurtso publikoan errazegi onartzen da, D eredua nabarmenki orokortzen ari denez gero, bide onetik goazela. Zalantzarik gabe, garaipena da D ereduaren orokortzea. Gurasoek, hautu librez, D ereduaren alde egin dute. A eta B ereduak gainbehera datoz, ordezkapen prozesu argia gertatzen ari da Lehen Hezkuntzan. Besterik da DBHn (nahiz hemen ere joera nabarmena den), Batxilergoetan eta Lanbide Heziketan.
Lehen Hezkuntzari begiratzen badiogu, A eredua hondarrekoa da eta B eredua sare batean gotortu da. D eredua neurri handian orokortu dela esan dezakegu, beraz. Baina garaipen horrek badu bere ifrentzua. Batetik, gaur egun, hiztun profil berriak ditugu D ereduko ikastetxeetan (H1, H2 eta H3 elkarrekin hezigune berdinetan), eta horrek ondorio sakonak ditu hizkuntzen ikas-irakaskuntzari dagokionez. Izan ere, gaur egun, euskara da eskolaz kanpo euskararekin inolako kontakturik ez duten ikasle askoren ikas eta irakas hizkuntza. Eskolak ez die (neurri handian ezin die, eskolak soilik ezin baitu) aski hizkuntza gaitasun eta motibazio eman, eta, ondorioz, euskara, eskola hizkuntza (status quo-ak ezartzen diena) besterik ez da beraientzat. Horren guztiaren baturak euskararekiko kontrakotasuna ere sortzen (ahal) du ikasle hainbatengan.
Bestetik, D eredua orokortu bai baina, kasu askotan, lausotu ere egin da. Esan nahi baita, euskararen presentziak atzera egin du ikasgeletan (hizkuntza paisaia, erreferentzia kulturalak…) zein ikastetxeetako harreman informaletan (patio orduetan, ikasle-irakasle zein irakasle-irakasle harremanetan…). Hau da, gaurko D eredu batzuek B ereduaren antz handiegia dute. Ondorioz, ez dago D eredu bat eta bakarra, D eredu asko daude, ikastetxearen ingurune soziolinguistiko eta sozioekonomikoaren arabera.
Egoera hau delarik, konstatazio bat: oro har, D ereduak ez du behar beste euskalduntzen. Hots, ez ditu beharrezko hizkuntza gaitasunak ematen eta ez du motibazio sistema sendorik eskaintzen. Euskara irakastea eta euskaraz irakastea ez baita inolaz ere aski testuinguru soziokultural honetan (digitalizazioa, aniztasun kulturala, globalizazioa) diglosia egoeran dagoen hizkuntzaren kasuan. Are, beharrezko gaitasunak eta motibazioa eskaintzen ez duen euskararen ikas-irakaskuntzak hizkuntzarekiko atxikimendu galera eta, kasurik okerrenean, kontrakotasun esplizitua ere sor dezake ikasleengan.
Ohar gaitezen euskalduntze prozesuan urrats kualitatibo berriak ematearen kontra daudenek D ereduaren “porrota” hartzen dutela, hain zuzen ere, beren diskurtsoa legitimatzeko abiapuntutzat, ondoren oso bestelako ipar bat planteatzeko, noski: “Arazoa da D eredua eskaintzen ari gatzaizkiela D ereduan ikasi behar ez duten ikasleei. Izan ere, beren ingurune soziolinguistikoa euskalduna ez bada, eskolan ez dute euskara ikasiko eta, gainera, kaltetu akademikoa jasoko dute. Hau da, gurasoak okerreko hautua egiten ari dira, D ereduan matrikulatu ordez B ereduan matrikulatu beharko lituzkete beren seme-alabak; hori da konponbidea, eta ez, akatsa areagotuz, bide honetan (euskara gehiago) sakontzea”.
Jakina denez, guztiz bestelakoa da gure iparra. Eskolak soilik ezin du, noski ezetz. Horregatik, hain zuzen ere, behar dugu hizkuntza politikaren ikuspegi holistikoa. Baina eskolak egin dezakeen guztia egin behar du, eta, ebidentzia zientifikoaren arabera, nahikoa baliabide ezarriko balira, planteamendu egoki bat ez lihoake euskara lehen hizkuntzatzat ez duten ikasleen arrakasta akademikoaren kaltetan.
Horretarako berrasmatu behar da, hain zuzen ere, D eredua. Zer zentzutan? Eskolak bere esku dauzkan tresna guztiak ahalik eta modu eraginkorrenean baliatze aldera eman dezakeen guztia eman dezan ikasleei beharrezko hizkuntza gaitasunak eta motibazio sistema eskaintzeko. Hiztun osoak sortzeko eskolak duen ahalmenaren mugetara iristen den eredua, horretxeri deritzogu D+ eredua. Eta honek aldaketa asko ekarri behar ditu: hizkuntzen didaktikan, heziguneetan jarraitu beharreko estrategia soziolinguistikoetan, landu beharreko dimentsioetan, irakasleen formazioan, hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko uztarketan eta abar.
Beharrezko hizkuntza gaitasunak eta motibazio sistema eskuratzen duen hiztun profila dimentsio anitzekoa baita. Hizkuntza adierazpenaz eta corpusaz gain badira beste alderdi eta gaitasun batzuk hiztun oso bihurtzen gaituztenak: hizkuntzarekiko jarrera eta atxikimendua, hiztunekiko begirunea, hizkuntzaren estatusa, motibazioa eta abar. Hizkuntza minorizatuen kasuan, balio motibatzaile nagusietako bat dimentsio kulturala da, hain zuzen ere. Euskaldun eleaniztunak sortzeko, hizkuntzaz gain, euskal gizarteko eta kulturako adierazpenak barneratu behar dituzte ikasleek: euskal kultur sistemaren transmisioan eragin behar da.
Hizkuntza ereduak alboratuko dituen hizkuntzen ikas-irakaskuntzarako marko teoriko eta estrategiko berria behar dugu, hizkuntzen trataera integratu eta integralean oinarritzen dena, testuinguru kulturartekoari begiratuko diona eta hizkuntza guztien irakaskuntza printzipio didaktiko eta oinarri metodologiko berdinen gainean gauzatuko duena. Horri deritzogu euskara ardatz duen esparru eleaniztuna eta honako hauek dira bere tasun funtsezkoenak:
– Euskararen ardaztasuna: Aipatu arrazoiengatik, euskara ardatza da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Beraz, hiru hizkuntzak dira irakas hizkuntza baina euskara da irakas hizkuntza nagusia. Eta irakaskuntzan duen presentzia irizpide pedagogikoen arabera zehazten da, hezkuntza eremu guztiak eta ikaskuntza baliabide guztiak barne hartuta.
– Irteera profilak: Ikastetxeetako hizkuntza proiektuen helburua da derrigorrezko hezkuntzaren bukaeran ikasleek B2 maila izatera iristea bi hizkuntza ofizialetan eta B1 maila atzerriko hizkuntza batean. Beraz, ikastetxeetan egin beharreko hizkuntzen tratamendu integral eta integratuak helburu horri erantzuten dio.
– Euskararen irakaskuntza eta euskal kulturaren ezagutza eta transmisioa eskutik hartzen dira, hizkuntzaren jabekuntza funtzional hutsean baino komunikazio sinbolikoan, afektiboan eta kultur komunikazioan jarriz arreta. Euskara ikasi eta irakastea ez ezik, euskaraz eta euskaratik mundua ulertzeko ikuspegia ematen du, ikasleen errepertorio kulturalean eta ikuspegi historiko eta sozialean eraginez.
– Hizkuntza proiektuak derrigorrezkoak dira Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen duten ikastetxe guztientzat, hau da, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztientzat. Ondorioz, euskara ardatz duen esparru eleaniztuna ikasteredu orokortua da Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko osoan.
– Ebaluazioa: Ikastetxeetako hizkuntza proiektuak ebaluatu egiten dira hizkuntzen irakaskuntza prozesuaren bilakaerari erreparatuz eta ahozko eta idatzizko emaitzak kontuan hartuta. Hezkuntza administrazioak finkatzen du ebaluazio horren nolakotasuna eta ezartzen ditu beharrezko baliabideak. Helburuak betetzen ez diren kasuan, beharrezko zuzenketak agintzen dira.
– Ikastetxeek beharrezko baliabideak jasotzen dituzte hizkuntza proiektuek legeak ezarritako helburuak bete ditzaten. Ingurune soziolinguistiko eta sozioekonomiko zaurgarrian dauden ikastetxeek baliabide gehiago jasotzen dituzte: gehiago behar duenak gehiago jasotzen du.
– Ikastetxeetako euskal giroa: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren parte diren ikastetxeek arnasgune funtzional izan nahi dute. Ikastetxeetan euskara da ohiko komunikazio hizkuntza harreman mota guztietan.
– Hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko uztarketaren bidez, ikasleen aisialdia euskaraz eskaini eta haur eta gazteen aisialdian euskararen normalizazioa planifikatzeko helburua du.
Zein da bide honi aurreikusten diogun garabidea? Gure ustez, hiztun osoak sortzeko gaitasunari dagokionez, datozen hamar urteetan, bide honek ekarri beharko luke A ereduaren desagerpena, B ereduak D ereduetara igarotzea eta D ereduak D+ ereduetara igarotzea. Azken urteetako matrikulazio joerak aintzat hartuz, beharrezko bultzada politiko eta soziala eta elkarlanerako disposizioa balego, uste dugu herri hau gai dela halako eraldaketa prozesu baterako. D eredua berrasmatu eta orokortzea, horixe da iparra.
Alabaina, argi izan beharko genuke guztiok hori ez dela egun batetik bestera egiten den zerbait. Gutxiago irudikatu dezakegu lege bidez edo dekretu bidez egin daitekeen jauzi baten gisara. Prozesu bat izango da, ikastetxez ikastetxe egin beharrekoa (ikastetxe bat, hizkuntza proiektu bat) eta, esan bezala, eragile askotarikoen elkarlan estrategiko baten ondorioa. Araubide egokia behar dugu, ziurtasun juridikoa emango duena, baina argi izanik legeek, beren kabuz, ez dutela errealitate sozialik sortzen. Herri prozesurik gabe ez da eraldaketarik gertatuko. Herri honen historia modernoan izan diren prozesu herrigile eraldatzailerik sakonenen pareko zerbait da irudikatzen duguna. Eta gaude badugula horretarako oinarri komunitario nahikorik.
Fase berri bat
Euskalduntze prozesuaren egoeraren diagnostikoan bat baldin bagatoz eta hartu beharreko bidearen inguruko adostasun lauso bat baldin badugu, ez dago aitzakiarik estrategia partekatuak eraikitzen hasteko. Ezin du egon. Premisa batetik abiatu ahalko genuke denok: instituzioek, beren kabuz, inoiz baino gaitasun transformatzaile mugatuagoa dute. Garaiko baldintza politikoetan, ez daiteke pentsatu hizkuntzaren biziberritzea den bezalako prozesu sozial-komunitario bat instituzio formalen agentzia hutsez garatu daitekeenik. Berdin esan daiteke herri mugimenduak edo gizarte zibil antolatuak inoizko potentzial mugatuena daukala gizarte baldintza hauetan. Ondorioz, estrategia partekatuak diseinatu eta martxan jartzera kondenatuta gaude. Euskalgintzaren fase berri bat abiarazteko unea da.
Esperimentazio prozesu seguruak martxan jarri eta lankidetza mekanismo efektiboak abiatzeaz ari gara. Euskalduntze prozesuaren bide garaikideetan martxan gaudenaren sentipen kolektiboak soilik emango digu indarra kontrako korronteari aurre egiteko. Konpromiso horiek aktibatzeko unea da.
Hurrengo lerroetan, euskal ekoizpen sarea sustatzeari eta haren kokapen estrategikoa hobetzeari buruzko zenbait ohar eskaini nahi dira. Beraz, industria politika esaten zaion horretan oinarritzen da. Helburua da arlo horretako politika ekonomikoaren orientabideei buruzko eztabaida sustatzea, ikusmena eta eremu publikotik jarduteko marjinak zabaldu eta birbideratzeko elementuak eskaintzeko.
Une ekonomikoa ondo irakurtzeko premia
Ezinbestekoa da une ekonomikoa ondo irakurtzea, azken urteotan ez baita asmatu hori egiten. Ez da jakin zein une ekonomikotan geunden irakurtzen eta korronte neoliberalak arrastaka eraman gaitu (ikus “Inertzia kudeatu da” atala).
Ez da jakin zein une ekonomikotan geunden irakurtzen, eta azpiegitura handiak sustatzearen aldeko apustua egin dugu, haien etekin sozial eta ekonomikoa ondo aztertu gabe. Azpiegitura handi batzuen kostu/irabazi emaitza positiboa ukatu egin du eremu akademiko eta profesionalak eta beste batzuena zalantzan dago (Abiadura Handiko Trena, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea), eta bide beretik jarraitzen dugu (Guggenheim Urdaibai, ibai azpikoa), trantsizioei aurre egiteko eta gure gizarte egiturak aro berrira egokitzeko inbertsioaren eta gastu publikoaren premiak oso handiak izango diren testuinguru ekonomiko batean. Egoera horretan, lehen azaldu den bezala, administrazio publikoek berriz planteatu behar dituzte giza garapen jasangarriaren printzipioen gainean jarduteko lehentasunak eta baliabideen esleipena, planteamendu irmo batekin.
Frantziak logika bera aplikatu du Bordele-Hendaia tartea abiadura handira egokitzea 2040ra atzeratzeko orduan: orain ez da lehentasunezkoa; beste lehentasun batzuk daude. Gizarte eta ekonomia digital batean pertsonak ez dira datuak adina mugituko, euskal Y-ak ez ditu salgaiak garraiatuko, eta Frantziarekiko eta Gaztelako mesetarekiko konexioa sine die atzeratu dira. Gainera, bidaiarien mugikortasun beharren zati txiki bati baino ez dio erantzuten, %90 baino gehiago probintziakoak edo eskualde artekoak baitira. Nahikoa elementu iruditzen zaizkigu hemen logika bera aplikatzeko: beste lehentasun batzuk daude.
Ezin da jarraitu ezer gertatu ez balitz bezala. Izan ere, gauza asko ari dira aldatzen: abiada bizian goaz ekonomia digital baterantz, krisi klimatikoaren testuinguru baterantz eta ekonomia deskarbonizaturantz. 2024an norbait ez bada gai atzean uzten ari garen garapen eredu baten inbertsioak berraztertzeko, bietako bat: edo ez daki ezer momentuaren konplexutasunaz, edo ez da gai eraldaketa handi horri aurre egiteko. Lamiakoko ibai azpikoaren aldeko apustua ere horren adibide garbia da. Paris hiria klima aldaketara egokitzeko hirigintza birmoldaketa bat egitea planteatzen ari den bitartean, mugikortasunaren paradigma aldatzearen (ibilgailu ez-motordunak sustatuz, oinezkoentzako espazioak antolatuz, ibilgailu motordunak hiriaren erdigunetik aterata) eta hirigunea birnaturalizatzearen aldeko apustua eginez, Bizkaiko Foru Aldundia Getxon ibai azpikoa eraikitzea planteatzen ari da, eremuan ibilgailu motordunen trafikoa % 30 handitzea ontzat emanda. Garaiotako haizearen aurka joatea baino ez da hori.
Azkenik, ez dugu irakurtzen jakin zein une ekonomikotan geunden, eta ez gara prestatu trantsizio energetikoari ekiteko: 2021eko maiatzean, Espainiako Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea onartu zen, Estatuko lurzoruan aztarnategi fosilak bilatzea eragozten duena. Ordura arte, Eusko Jaurlaritzak Subijanako gas putzuak esploratzeko ahaleginetan tematuta jarraitu zuen. Hiru urte igaro baino lehen, hiru alderdiok akordio bat lortu dugu fosilen sektorean zeuden aktibo publikoak desinbertitzeko, Euskadiko Hidrokarburo Baltzuaren likidazioan eraginez.
2009an aho batez onartu zen Eusko Legebiltzarrean Legez Besteko Proiektu bat, Eusko Jaurlaritzari energia eolikoaren Lurraldearen Arloko Plan (LAP) berri bat idazteko eskatuz. 2024an ez daukagu energia berriztagarrien LAP bat onartuta, eta dagoeneko potentzia gehiago tramitatzen ari gara –eolikoan nahiz fotovoltaikoan– prestatzen ari den LAPak hurrengo 20 urteetarako antolatzea aurreikusten duen guztia baino. Blokeo egoeran gaude energia berriztagarrien arloan. Ez dugu jakin une ekonomikoa eta gauzatzen ari zen trantsizio energetikoa irakurtzen.
Ezin dugu autokonplazientzian erori
Zein da euskal ekonomiaren egoera? Egia esan, egoera ez da katastrofikoa, ezta gutxiagorik ere. Baina beldur gara ez ote den autokonplazentziazko azterketa behartu bat zabaltzen ari, euskal ekonomiaren hipozentroan gertatzen ari dena arretaz aztertzea eragotziz.
Beti bezala, ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak daude, eta horiek identifikatzen jakin behar da. Honako taula honetan azalduko ditugu horietako batzuk:
Zuri-beltzeko ebaluazio sinpleetatik urrunduz, ezkortasunetik eta espejismoetatik urrun, alderatze azterketa sakonagoak kezkatu beharko gintuzketen bektoreak zehazten eta autokonplazentziak baztertzeko balio behar du. Ondoren, EAEko industria sarearen ezaugarri batzuk jaso dira. Europako erregioekin alderatuta (Eustaten eta Eurostaten datuen arabera, NUTS-2 sailkapenean oinarrituta):
– 2010etik 2021era bitartean, Erosteko Ahalmenaren Parekotasuneko per capita BPG % 12,94 handitu da, hain zuzen ere 30.900 €-tik 34.900 €-ra. Igoera hori inflazioaren gehikuntzaren azpitik dago (KPIa % 17 igo zen). Europako erregioen artean 24 posizio galdu dira, 47. posiziotik 71. posiziora pasatuz.
– Industriaren eta enpresarekin lotutako zerbitzuen (hala nola jarduera profesional, zientifiko, tekniko eta laguntzaileek) pisua, balio erantsi gordinaren % 32 eta % 36 artekoa izan zen 2000. eta 2022. urteen artean. Manufaktura industriak, aldiz, beheranzko joera izan du aldi horretan. 2000. urtean % 28,5ekoa izan zen eta 2022an % 22,2koa.
– Industriako enpleguak ia 3 puntu galdu ditu 2008. eta 2022. urteen artean enplegu osoarekiko, % 24tik % 21era pasatuz. Europako erregioen sailkapenean 16 posizio galdu ditu, 66. postutik 82.era pasatuz.
– Itxurazko produktibitatea (langile bakoitzak sortutako APAren araberako BPG gisa neurtuta) % 17 hazi da (KPIak neurtutako inflazioaren antzekoa, eta BPGaren deflaktorea baino 9 puntu handiagoa, aldi horretan % 8 handitu zena), 70.000 eurotik 81.900 eurora pasatuz. Europako erregioen sailkapenean 5 posizio galdu dira, 38. postutik 43.era igarota.
– Industria egiturari dagokionez, sei jarduerak hartzen dute EAEko manufaktura balio erantsiaren % 82: metalurgia eta produktu metalikoak (% 27); energia elektrikoa, gasa, ura eta saneamendua (% 14); makinen eta ekipamenduen fabrikazioa (% 14); garraio materiala (% 12); kautxua, plastikoak eta beste ez-metaliko batzuk (% 9); eta elikagaien eta edarien industriak (% 6). Produktuaren tipologiari erreparatuta, autonomia erkidegoko manufaktura bitarteko ondasunen eta ekipamendu ondasunen ekoizpenean kontzentratuta dago, esportatzeko bokazio argiarekin. Espezializazio horren ondorioz, ziklo ekonomikoetan zehar industria produkzioaren indizeak gehiago aldatzen dira kontsumo ondasunekiko, inbertsio erabakien mende daudelako.
– 2000. urtetik aurrera, maila teknologiko ertain-altuko eta maila altuko esportazioak moteldu egin dira. 1990-1999 aldian, maila teknologiko baxuko eta maila teknologiko baxu-ertaineko esportazioak murriztu egin ziren pixkanaka-pixkanaka eta etengabe, % 63tik % 45era. Baina joera hori mende aldaketarekin eten zen, 2013an % 55era iritsi arte. Gaur egun, % 44-47ko tartean gabiltza. Ez da lortu maila teknologiko altu eta ertain-altuko esportazioen % 56ko atalasea gainditzea. Gainera, maila teknologiko altuko esportazioek ez dute % 3 gainditu 2005etik.
Zuri-beltzeko ebaluazio sinpleetatik urrunduz, ezkortasunetik eta espejismoetatik urrun, alderatze azterketa sakonagoak kezkatu beharko gintuzketen bektoreak zehazten eta autokonplazentziak baztertzeko balio behar du. Ondoren, EAEko industria sarearen ezaugarri batzuk jaso dira. Europako erregioekin alderatuta (Eustaten eta Eurostaten datuen arabera, NUTS-2 sailkapenean oinarrituta):
– 2010etik 2021era bitartean, Erosteko Ahalmenaren Parekotasuneko per capita BPG % 12,94 handitu da, hain zuzen ere 30.900 €-tik 34.900 €-ra. Igoera hori inflazioaren gehikuntzaren azpitik dago (KPIa % 17 igo zen). Europako erregioen artean 24 posizio galdu dira, 47. posiziotik 71. posiziora pasatuz.
– Industriaren eta enpresarekin lotutako zerbitzuen (hala nola jarduera profesional, zientifiko, tekniko eta laguntzaileek) pisua, balio erantsi gordinaren % 32 eta % 36 artekoa izan zen 2000. eta 2022. urteen artean. Manufaktura industriak, aldiz, beheranzko joera izan du aldi horretan. 2000. urtean % 28,5ekoa izan zen eta 2022an % 22,2koa.
– Industriako enpleguak ia 3 puntu galdu ditu 2008. eta 2022. urteen artean enplegu osoarekiko, % 24tik % 21era pasatuz. Europako erregioen sailkapenean 16 posizio galdu ditu, 66. postutik 82.era pasatuz.
– Itxurazko produktibitatea (langile bakoitzak sortutako APAren araberako BPG gisa neurtuta) % 17 hazi da (KPIak neurtutako inflazioaren antzekoa, eta BPGaren deflaktorea baino 9 puntu handiagoa, aldi horretan % 8 handitu zena), 70.000 eurotik 81.900 eurora pasatuz. Europako erregioen sailkapenean 5 posizio galdu dira, 38. postutik 43.era igarota.
– Industria egiturari dagokionez, sei jarduerak hartzen dute EAEko manufaktura balio erantsiaren % 82: metalurgia eta produktu metalikoak (% 27); energia elektrikoa, gasa, ura eta saneamendua (% 14); makinen eta ekipamenduen fabrikazioa (% 14); garraio materiala (% 12); kautxua, plastikoak eta beste ez-metaliko batzuk (% 9); eta elikagaien eta edarien industriak (% 6). Produktuaren tipologiari erreparatuta, autonomia erkidegoko manufaktura bitarteko ondasunen eta ekipamendu ondasunen ekoizpenean kontzentratuta dago, esportatzeko bokazio argiarekin. Espezializazio horren ondorioz, ziklo ekonomikoetan zehar industria produkzioaren indizeak gehiago aldatzen dira kontsumo ondasunekiko, inbertsio erabakien mende daudelako.
– 2000. urtetik aurrera, maila teknologiko ertain-altuko eta maila altuko esportazioak moteldu egin dira. 1990-1999 aldian, maila teknologiko baxuko eta maila teknologiko baxu-ertaineko esportazioak murriztu egin ziren pixkanaka-pixkanaka eta etengabe, % 63tik % 45era. Baina joera hori mende aldaketarekin eten zen, 2013an % 55era iritsi arte. Gaur egun, % 44-47ko tartean gabiltza. Ez da lortu maila teknologiko altu eta ertain-altuko esportazioen % 56ko atalasea gainditzea. Gainera, maila teknologiko altuko esportazioek ez dute % 3 gainditu 2005etik.
Eta hau guztia gertatzen ari zelarik, hemen aspaldi iraungi zen garapen ereduaren logikan jarraitu da, zementuan eta asfaltoan oinarritutako inbertsio erraldoietan itsututa. Eurostat-eko estatistikak eskuan, Europako mendebaldeko herrialde aurreratuenekin alderatuta zein posiziotan gauden begiratu daiteke. Emaitza bitxiak, asaldagarriak ez esatearren, ikus daitezke Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez, ez horrenbeste Nafarroa Garaiaren kasuan. Mendebaldeko Estatuetan (Europa-15, Norvegia, Suitza, Liechtenstein eta Islandia) dauden 206 erregioetako errepide sareko ezaugarriekin egin da ariketa. Honako hauek dira emaitzak:
– Azalerarekiko erreparatuta, EAE da Km2ko autobia (autopistak barne) gehien duen 17. erregioa. Europako mendebaldean batez bestekoa 16 Km autobia/1000 Km2 bada, EAEn 77 Km da. Aurretik dauden Bremen, Rotterdam, Utrecht, Düsseldorf, Viena, Hanburgo, Berlin edo Zurich bezalako dentsitate handiagoko eta azalera txikiagoko erregio urbanoetara parekatzen da gure autobien egitura.
– Errepide kilometro guztien % 12,86a autobia da. Zortzigarren proportzio altuena. Europa Mendebaldeko batez bestekoa % 1,99 da.
– Autobia kopurua biztanleko neurtuta, 44. postuan legoke EAE. Baina neurketa hau ez da oso egokia, azalera eta dispertsio urbano handiko erregioak aurrea hartzea logikoa baita, Gaztela-Leon erkidegoa bezala. Aldiz, populazio dentsitatearekin neurtzen badugu efektu hori zuzentzeko, EAE 24. posizioan legoke, oso goian berriro ere.
– Gure azterketa hobeto fintzen badugu, eta erregio guztiekin egin beharrean, azaleran eta biztanle kopuruan antzekoak diren 36 erregioekin alderatzen badugu, hau da, gune metropolitarrak alboratuz, ondorioa argigarriagoa da. Azalerarekiko autobia gehien duen laugarren erregioa da. Are, sare osoarekiko autobia proportzio handiena du, alde handiz hurrengoarekiko Biztanleriarekiko laugarrena eta populazio dentsitatearekiko hirugarrena.
Laburbilduz, Europako mendebaldeko erregioekin alderatuta ondoriozta daiteke autobia eta autopisten proportzio altuenetarikoa dugula, azalera, errepide sare oso, biztanleria eta dentsitatearekiko neurtuta. Errealitate horrek hainbat galdera formulatzera eraman beharko luke. Adibidez, zein izan da asfaltoan egindako inbertsio erraldoi honen aukera-kostua? Berrikuntzaren sustapenean edo industri politikan inbertitu izan bagenu, lehiakortasun indizeetan ez al geundeke gorago? Hausnarketarako azken datua. Aldi batzuetan, sistematikoki inbertsio gehiago bideratu da errepideetara, I+Gra baino. Zehazki, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeetatik 2007-2014 bitartean, 2.538 milioi euro errepideetara eta 2.409 milioi berrikuntzara.
Beraz, ez da azterketa ekonomiko ona esatea langabeziak behera egin duela eta BPGa igo egin dela, eta horren ondorioz inoizko inbertsio sozial handiena dugula. Hori da, funtsean, EAJk ekonomiari buruz duen kontakizuna. Langabeziaren datua aurkezten den bezala aurkeztea ere autokonplazentziaren adierazgarri da. Gaur egun, egia esan, teknikoki ia enplegu osora iristen den lan egoera batean gaude gure ingurunean. Baina, gaur egun, lan merkatuek beste arazo batzuei egin behar diete aurre, hala nola, prekarietateari, behin-behinekotasunari eta enpleguaren kalitateari; lanpostu bat izateak pobrezia arriskua ez saihestea, hainbat eragilek (Caritasetik Eusko Jaurlaritzara) adierazten duten bezala; ahultasuna egonkortasun eta sustapen ibilbideak eskaintzean, gazteei bizitza proiektuak eraikitzea ahalbidetuko dutenak; errelebo zailtasunak, langile faltagatik; edo lanaren inguruan enpresetan dagoeneko agertzen ari diren kultura patroien aldaketak.
Erronka demografikoaren lan arloari dagokionez, estimazio kezkagarri batzuk egin daitezke. Hego Euskal Herrian 55 urtetik gorako 243.000 langile erretiratuko dira hurrengo hamarkadan. Adin talde horretako 115.000 langile zeuden 2002. urtean, hau da, bikoiztu egin da. Beste muturrean, 25 urtetik beherako 51.000 langile daude orain; 2002an 105.000 zeuden, hau da, erdiratu egin dira. Gazteen laneratze mailak aldatzen ez badira, 2030erako 30 urtetik beherako 166.000 langile sartuko dira lan merkatuan, hau da, aldi horretan erretiratutakoak baino 77.000 gutxiago. Horrek esan nahi du lan merkatuan 77.000 pertsona gutxiago sartuko direla aldi horretan erretiratuak baino. Gehitu bekio defizit horri eskatutako kualifikazioen eta lortutakoen arteko bat-etortze ezak sortutako zailtasunak.
ADECCOren arabera, gure herrialdean honako hauek falta dira dagoeneko: mantentze teknikariak, tornulariak, fresatzaileak, arotzak, robotikako ingeniariak, osasun arloko fakultatiboak, eskorga gidariak, delineatzaile mekanikoak, galdara teknikariak, iturginak, igeltseroak, argiketariak, soldatzaileak, doitzaileak, automobil mekanikariak, forjatzaileak, arrain saltzaileak, harakinak, programatzaileak, datu analistak eta zibersegurtasuneko adituak. Bestalde, 2021eko datuek adierazten dute EAEk Estatuko beste erkidego batera doazenak kendu ondoren jasotzen duen gazte kualifikatuen saldoa negatiboa dela, eta Estatuko gainerako erkidegoekin alderatuta, taularen beheko erdian gaudela. Ondorioa: talentua galtzen ari gara.
Jarduera zehatzen azterketan sartuz, bi sektoreren bilakaerak ezin gaitu utzi autokonplazientzian erortzen. Teknologia eta finantza sektoreaz ari gara. Azken urteotan, EAEko IKT enpresak atzerriko (EAEtik kanpokoak) eskuetara pasatu dira (enpresa partaidetzak saldu dira). Sektore estrategikoa izanik, ez da egon atxikitzeko eta errotzeko politika proaktiborik eta talentua sustatzeko eta erakartzeko politikarik. Adibideak:
– EUSKALTEL. Adibide paradigmatikoa da: Eusko Jaurlaritzak zuntz azpiegituran (Euskalnet) inbertitu zuen, eta gero pribatizatu egin zuen. Euskaltel 1995ean sortu zen, ekimen publiko gisa eta helburu sozialarekin. Aski da ikustea zein ziren lehen akziodunak: Eusko Jaurlaritzaren % 40, “ad hoc” sortutako Euskalnet sozietatearen bidez, eta euskal aurrezki kutxen (Kutxabank) % 60. Azkenean merke saldu zen (pribatizatuz) eta orain % 100 pribatua da (Masmóvil – Orange). Bitartean, Espainiako estatuak Telefonicaren % 10 erosi du, kontrola bermatzeko.
– Sektore teknologikoko enpresek erabakimena eta errotzea galtzea: IBERMATICA (-> Ayesa), Informática Euskadi (-> Accenture), Bilbomática (-> ALTIA)… euskal kapitala izatetik atzerriko kapitala izatera igaro dira, inbertsio politika publikorik gabe eta errotzeari eusteko bermerik gabe. Bitartean, euskal enpresetan inbertitzeko Eusko Jaurlaritzak dituen tresnek ez dute trakziorik egiten.
Noiz eta ‘Industria 4.0’ deritzana bazetorren garaian, EAEko sektore teknologikoa desegituratzen utzi dugu, eta administrazioak uko egin dio euskal sektore teknologiko errotuari eusteko beharrezko lidergo paperari. Marketin politikotik haratago, ‘Industria 4.0’-ri lotutako teknologien erabilpen mailari buruzko datuek ahulezia eta gabezia nabarmenak erakusten dituzte. EAEko enpresen artean egindako inkestaren arabera, soilik informatika eta Internetari loturiko oinarrizko teknologiak dute hedapen esanguratsua: enpresen % 55-47ak zibersegurtasuna, gizarte sareak, hodeia (cloud computing) eta telefonia zerbitzuak erabiltzen dituzte. Makineria automatizatua, gauzen Internet, eta M2M (machine to machine) enpresen % 45-36ak erabiltzen du. Aitzitik, industria 4.0ko teknologia sofistikatuenen artean, Big Datak, gehikuntzako fabrikazioak, simulazioak eta robotikak enpresen % 29-21ean izan dute sarrera. Eta adimen artifizialak, errealitate areagotuak, zibersistema fisikoak eta biki digitalak enpresen %15-8an soilik (Kamp, Martínez, Oyon & Vázquez, 2019: “Basque digital transformation in the global economy: industry 4.0 and backshoring reconfiguration of global value chains”).
Ekoizpen sarean eragiten duten finantza tresnei dagokienez, aipatzekoak dira enpresen errotzea lortzeko tresnen ibilbide apala eta banku sistema ahultzea, euskal enpresen sustapenari dagokionez.
Jaurlaritzak 2021 urtean “Finkatze Kapitala Finkatuz, SA” sozietate publikoa sortu zuen. Bere helburua sektore estrategikoetako (aeronautika; elikadura; automobilgintza; biozientziak; eduki digitalak; ekoindustriak; energia; makinak; produktu eta instalazio siderurgikoak; teknologia elektronikoak eta informaziokoak; garraioak, mugikortasuna eta logistika) enpresa handietan (krisi egoeran ez dauden eta 100 milioi eurotik gorako fakturazio bolumena eta gutxienez 50 langile dituztenak) epe luzeko finantza partaidetzak eskuratzea da, enpresen errotzea eta trakzio izaera mantentzeko. Hasierako kapitala 160 milioi eurokoa izan zen eta aurreikusi bezala legealdi amaieran 307 miliotara iritsi da. Hala ere, interbentzio apala izan du, kapitalaren %34 baino ez baitu erabili hiru enpresatan. 2024 hasieran 104 milioi erabilita dauzka hiru enpresetako kapitaleko partaidetzatan baino ez: CAF (kapital sozialaren % 3a, 17 milioi euro), Kaiku (% 7,31a, 6,6 milioi euro) eta ITP Aero (% 6a, 80 milioi euro).
Gainera, azken urteotan, Europako banku autoritateek ezarritako arauek bultzatuta neurri batean, Kutxabank-ek bere sustapen eta errotze funtzioak ahuldu egin ditu, Euskaltel, Ibermatica, NH Hoteles, Itínere, Enagas eta Deoleo enpresetako jabegoan zituen partaidetzak salduz. Gaur egun partaidetza hauek mantentzen ditu: Petronor (14%), CAF (14%), Ingeteam (16%) eta Iberdrola (1,6%, % 5a gainditzera iritsi zen arren).
Berriro diogu euskal ekonomiaren egoera ez dela katastrofikoa, ezta gutxiagorik ere, baina ezin dugula autokonplazientzian erori. Beraz, nola deskribatu daiteke egoera termino kualitatiboetan, ekuanimoak izateko eta etorkizuneko politika ekonomikoa pentsatzeko behar den analisi egokia planteatzeko asmoz? Bat gatoz Zedarriak-ek 2022ko apirileko bere lehen txostenean egindako azterketarekin (txosten horretan aurkezten diren datuak orri hauetan aurkeztutakoak osatzera datoz), baina ez gatoz bat kausen irakurketarekin eta soluzio gisa planteatzen dituen politika askorekin. Mendebaldeko euskal ekonomiaren egoera argi eta garbi desplazamenduzkoa da, eta belaunaldi baten epemugan erreakzionatzen ez badugu gainbehera fasean sartzeko arriskua dugu.
Orain arte egindako azterketaren argitan, argi eta garbi baieztatzen dugu Eusko Jaurlaritzak uko egin diola industria politika proaktibo bati eta korronte neoliberalaren mende utzi duela bere burua. Baita Europan sektore publikoaren esku-hartze handiagoko industria politika bateranzko norabide aldaketaren aldeko ahotsak nagusi zirenean ere. Future Policy Lab-en 2023ko maiatzeko “Industria politikaren itzulera” txostenak dioen bezala, “orain industria gaitasunak garatzeko kezka dago, eta adostasuna dago Estatuak ekonomian zeregin aktiboagoa izatearen inguruan. Europako Batzordea ez da heterodoxiaren susmagarri, eta industria politikari buruzko dokumentu berri batean azaldu duenez, ‘(i) sektore batzuetako ekoizpena beste batzuetakoa baino desiragarriagoa da, eta (…), horregatik, (ii) gobernuek ahalegin aktiboa egin behar dute ekoizpen egitura bideratzeko’. Adostasun berria argia da: berriz ere politika industriala egin behar da. Lan akademikoek, politika publikoko dokumentuek eta jatorri orotako txostenek erakusten dute. Mendebaldeko gobernu gutxi dira beren dokumentu ofizialetan eta lege erreformetan berrindustrializazioa, industria autonomia, ekoizpen subiranotasuna eta antzeko beste termino batzuk aipatzen ez dituztenak.”
Garapen eredua eta politika ekonomikoa finkatzeko ordua
Esan dugun bezala, gure ekonomiaren posizioa Europan ez da puntakoa, goi-erdikoa baizik. Bestaldetik, administrazio publikoak izan beharko lukeen funtzio aitzindaria, planifikatzailea, sustatzailea eta proaktiboa are ahuldu egin da azken bi hamarkadetan. Hau oso nabarmena izan zen Next Generation funtsen deialdi publikoak egin zirenean: Eusko Jaurlaritzak aholkularitza enpresetara jo zuen proiektu estrategikoen erlazio bat definitu ahal izateko, zeina Euskadi Next dokumentuan jaso zen. Dokumentu horretan nabarmena da herrialdeen artean ez dagoela bisio bateraturik, proiektu deskonektatuak bai, baina misioa logikarik ez: proiektu estrategikoen erlazioa Diputazio bakoitzaren eta hiriburuetako udalen proiektu propioen nahasketa da hein handian.
Bi egiaztapen horietatik abiatuta, euskal ekoizpen sareak hainbat erronka izango ditu datozen hamarkadetan. Erronkei aurre egiteko gaitasuna, besteak beste, administrazioak dituen tresnen eta eskuduntzen mailaren arabera baldintzatuak egongo dira, baina baita dinamika sozial eta instituzionalen arteko gobernantzaren eta inplikazioen arabera ere.
Erronka ekonomikoak ugariak eta askotarikoak dira, hala nola, bizitza duintasuna eta kalitatea hobetzea, lan merkatuak hobetzea eta langileen posizioa errentaren banaketan hobetzea, desparekotasun sozialak eta generoari loturikoak murriztea, zerbitzu publikoak sendotzea, aldaketa klimatikoari aurre egitea, populazioaren zahartzearen eta zaintzen erronka, gastu publikoaren iraunkortasuna ziurtatzea, ekonomiaren finantzarizazioa murriztea, sistema ekonomikoaren demokratizatzean aurrera egitea, elikadura subiranotasun edo autonomia maila handitzea, eta beste hainbat. Hala ere, jarraian ehun produktiboari hertsiki loturiko hiru erronka nagusiei baino ez diegu erreparatuko:
– Globalizazioaren baitan izaten ari diren eraldaketek (neurri batean eremu geografiko ezberdinen arteko gerra komertzial eta teknologikoek zein eremu horien autonomia estrategikoa indartzeko planek eraginda) eta berrikuntza disruptiboek, mundu mailako erronka klimatiko eta energetikoek eta kontsumitzaileen eta bestelako aktoreen eskarien eraldaketek, balio kateak eraldatuko dituzte maila global zein kontinentalean. Euskal ehun produktiboak, azaldu ditugun ezaugarriengatik (bitarteko ondasunetan eta ekipo ondasunetan duen espezializazioagatik eta merkataritza irekiera altuagatik, besteak beste) bere posizioa berrasmatu beharko du eraldaketa horien argitara.
– Energia iturri fosilak ordezkatzea energiaren kontsumoan intentsiboa den industrian. Abiapuntua zaila da: iturri energetiko berriztagarrien pisua baxua da Hego Euskal Herrian (% 17koa).
– Biztanleria piramidearen inbertsioak hainbat hamarkada daramatza sendotzen, eta datozen urteetan langile falta izango dugu enpresa askoren eskaerari erantzun ahal izateko. Ez dirudi langileen ordez automatizazio eta robotizazio prozesuak ezartzea eta produktibitatea handitzea langile falta hori arintzeko soluzioa denik.
Erronka horiei aurre egiteko, gure eredu ekonomikoa eta industriala eraldatu behar dira ezinbestean, eta orain hasi behar dugu lan horretan. Erregai fosiletan oinarritutako ekonomia linealetik energia berriztagarriek bultzatutako ekonomia digitalizatu eta zirkularrera igaro behar dugu eta ekonomia horrek, nahitaez, askoz ere banatzaileagoa izan behar du enpleguari eta aberastasunari dagokienez. Horrek dakarren guztiarekin, batez ere gure industri ehunari dagokionez. Gure ahulezien eta indarguneen azterketa zorrotz eta errealista batetik abiatuta, zein industri sektoreren aldeko apustua egin eta zein birmoldatu behar den erabaki behar dugu eta, aldi berean, gure industria lurraldean errotzea bermatzeko tresnak diseinatu behar ditugu.
Horretarako, administrazio publikoaren zeregina ezin da mugatu sektore pribatuari apustu estrategikoetan modu akritikoan laguntzera (Petronorren kasuan, erregai sintetikoekin), ez funts publikoek hartutako arriskuaren araberako itzulerarik ez duten ekintzailetza ekosistemetan parte hartzera eta ez I+G bultzatzeko dirulaguntzak ematera berrikuntza estrategia argirik gabe. Are gutxiago proiektu estrategikoak martxan jartzera, azkenean eskaintzaile onenari saldo prezioan saltzeko. Eraldaketa handiko une honetan, haratago joan behar dugu. Administrazio publikoek etorkizuneko apustu handiak babestu behar dituzte, gure ehun ekonomiko eta industrialaren eraldaketa bideratuko dutenak.
Errepaso historikoa egiten badugu, 1990eko hamarkadaz geroztik industria, zientzia eta teknologia politikak eta berrikuntza politikak hedatzen joan direla ikusiko dugu. Lehen hamarkadetan, izaera erreaktiboa eta izaera proaktiboa konbinatzen jakin zuten, berregituraketa eta birmoldaketa egoerei aurre eginez, eta plangintza adierazgarriko tresnak (SPRI, SODENA, kluster elkarteak, kalitate planak, enpresa proiektuak, espezializazio adimenduneko plana, 4.0 industria, etab.) eta azpiegitura teknologikoak (zentro teknologikoak, zientzia eta teknologia sarea, etab.) bultzatuz.
Hala ere, denborarekin ikuspegi liberalagoa nagusitu da, arlo publikotik esku ez hartzekoa eta izaera subsidiariokoa; lankidetza publiko-pribatua desorekatu egin da interes pribatuen alde (Next Generation proiektuetan ikusten den bezala); bultzada proaktiboa galdu egin da eta, milurtekoaren hasieratik, arlo publikotik ez da inolako enpresa proiekturik bultzatu; gehiago funtzionatzen da marketin politikoaren arabera (4.0 Industria Planean asko, adibidez); klusterrek, salbuespen batzuek izan ezik, ez dute anbiziorik eta batzuk ez dira eraginkorrak; enpresa errotzea bultzatzeko tresnak gutxiegi erabiltzen dira (Finkatuz, S.A.ren kasua); banku erakunde parapraktikoek (Kutxabank) ahuldu egiten dute lurraldearekiko konpromisoa eta ahuldu egiten dute beren enpresa eta industria bokazioa.
Lankidetza publiko-pribatua, bai, baina lankidetza orekatua eta arduratsua. Izan ere, gaurko ereduan administrazio publikoak egiten ditu inbertsio handienak kostu finko eta ziurgabetasun handieneko azpiegitura fisiko eta giza azpiegituratan; oinarrizko ikerketan inbertitzen du; enpresei berrikuntza prozesuan parte hartzeko aukera ematen dieten inbertsioak diruz laguntzen ditu; ikertzaile akademikoak industriako adituekin harremanetan jartzen laguntzen du; ikerketa partzuergoak eta klusterrak sustatzen eta dinamizatzen ditu, enpresa horiek lehiatzeaz gain elkarrekin lan egin dezaten; merkatu berriak sortzen ditu eta berrikuntzak eskaintzen ditu negozioak sortzeko, merkaturatzearen bitartez. Eta, hala eta guztiz ere, esparru akademikoan eta instituzionalean gero eta sarriago planteatzen den galdera luzatu behar da: trukean bidezko itzulerarik gertatzen da, lurraldearekiko erantzukizun partekatuari dagokionez esate baterako? Desoreka eremu honetan kaltegarria da berrikuntza sistema orekatua, denboran jasangarria eta inklusiboa finkatzeko.
Lankidetza sistema publiko/pribatu orekatu eta arduratsu baterantz aurrera egiteko, sistema fiskal justu eta progresiboaz gain, hainbat instantzietatik mekanismo osagarriak planteatzen ari dira, pribatizatutako onuretatik modu zuzenean bidezko errentak biltzea ahalbidetuko dutenak. Adibidez, diru publikoarekin finantzatu diren berrikuntza disruptibo aplikatuei royalty publikoak ezartzea; gardentasuna I+G arloko inbertsio publikoetan eta lankidetza publiko-pribatuetan; mailegu eta diru laguntza publikoetan baldintzak ezartzea, besteak beste, mozkin maila jakin batetik aurrera laguntzaren zati bat itzuli behar izateko; laguntzak jasotzen dituzten enpresa pribatuetan kapitalean parte hartzea; edo inbertsio eta garapen banku publikoen bidez jardutea.
Inoiz baino garrantzitsuagoa da Eusko Jaurlaritzak iraganean izan zituen eta denborarekin galtzen joan diren, oso modu nabarmenean azken hamarkada honetan, anbizioa eta ikuspegia berreskuratzea. Trakzio rola bete behar du, egin beharreko eraldaketa ekonomikoak bideratu ahal izateko. Alde horretatik, ekonomia eta industria politika ezin da diseinatu industria jakin baten interes partikularren arabera, epe luzeko interes orokorrari erantzun behar dio, eta herri administrazioen eta ekonomia eta industria eragileen arteko apustu partekatuak eragin behar ditu. Horretarako, diagnostikoa partekatzeko eta etorkizuneko apustuak definitzeko lankidetza eremuak antolatu behar ditugu. Eremu horietan, epe laburreko interes partikularrak epe luzeko interes orokorrari lotuta egon behar du. Halaber, lankidetza eremu horrek administrazio publikoei balio behar die dagokien rola garatzeko aukera emango dieten esku hartzeko tresna berriak diseinatzeko.
Amaitzeko, industria politika ekonomiko berritu baterako zenbait giltzarriren zirriborroa egingo dugu:
1. Industria politika ekintzailearen aldeko apustua egitea. 2023ko maiatzean aurkeztu genituen oinarriak. Merkatua, baliabideak esleitzeko sistema gisa, sistematikoki inperfektua da. Ez daki aukeratzen epe luzera herrialdeari ongizate handiagoa ekar diezaioketen sektoreak. Horregatik, sektore publikoak esku hartu behar du, eta ez noizean behin, modu jarraituan baizik: eraldaketa produktiboaren norabidea orientatzeko xedeak definituko dituen bultzada behar da norabidea finkatzeko. Zertan datza esku-hartze hori? Eragileak koordinatzean; politiken koherentzia gordetzean; sektoreak helburu batekin hautatzeko irizpideak ezartzean; ekoizpen eraldaketekiko egokitzapena bultzatzean; eta balio erantsi handiko adarretarako ekoizpen sarearen dibertsifikazioa sustatzean datza, besteak beste. Ikuspegi estrategiko sendoa eman behar diogu geure buruari, prospektiba estrategikorako gaitasun handiagoa duena. Non kokatu nahi dugu euskal ekonomia 2040. urtean? Agertoki hori ikusteko gai izan behar dugu.
Horrelako industria politika batek, gutxienez, arlo hauek hartu beharko lituzke barne (ikus “Industria politika ekintzailerako oinarriak” dokumentua): (i) Enpresa ertain eta (>100 langile) handien posizionamendua hobetzea; (ii) enpresa txiki eta ertainen (< 100 langile) posizionamendua hobetzea; (iii) erabakiguneak eta lurraldearekiko erantzukizuna hobetzea eta mantentzea; (iv) euskal industriaren deskarbonizazioaren erronkari aurre egitea.
2. Lan Harremanen Euskal Esparru bat egituratzea, enplegua eta sortutako aberastasuna hobeto banatzeko eta gure lan merkatua modernizatzeko aukera emango duena lanaren etorkizuneko eraldaketa handien testuinguruan: negoziazio kolektiboa garatzea estatu esparruen interferentziarik gabe, lanaldiaren murrizketa diseinatzea, prebentzioko, babeseko eta gizarte segurantzako sistema integral baterantz joatea, enpresaren demokratizazioari ekitea langileen parte-hartzearen bidez, etab. 2017ko Lanbide arteko Akordioaren garapenaren bidez hasi behar da hori egiten.
Enpresa demokratizatzea (kudeaketa aurreratua sustatzea, eredu inklusiboak, kooperatibak inplikatzea…) hurrengo urteetarako ezinbestekotzat jotzen dugun ardatzetako bat da, baita enpresek merkatuan duten posizionamenduaren ikuspegitik ere. Ohikoa da ikustea nola, enpresa-errendimenduaren hobekuntzari dagokionez, ekoizpenaren eta lanaren antolaketari lotutako alderdiak ahaztu edo bigarren mailan uzten diren.. Horren adierazgarri da industria politikaren bilakaera eta ardatz hauetan oinarritu da hainbat fasetan: prestakuntza, IKTak sartzea, kalitatea, nazioartekotzea, berrikuntza eta, azkenaldian, 4.0 industria izenekoa.
Hala ere, enpresaren barne antolakuntzan eta langileen kudeaketan hobekuntzak bilatzen dituzten jarduera bereziak falta ohi dira. Produkzioaren eta lanaren antolamendua jarduera osoari eragiten dion dimentsio gakoa bihurtzen da, eta hobetzeko marjina oso esanguratsuak ditu. Epe labur eta ertainean, produktibitatea eta emaitza modu esanguratsuan handitzeko aukerak irekitzen ditu, eta, gainera, hobekuntza horiek enpresaren barruan berritzeko gaitasunarekin berrelikatzen dira. Gaur egun, ekoizpena eta lana behar bezala ez antolatzeagatik, eraginkortasun gabezia handiak dituzten enpresa asko daude. Antolaketa eraginkortasun falta horiek konponduz gero, esperientziak erakusten du produktibitate igoera garrantzitsuak ekar ditzaketela.
Antolamendu egokitzapenek, aldi berean, barne harremanak eraldatzea ere behar dute joera demokratiko eta inklusibo argiarekin, aurreko hamarkadetako akats bera egin nahi ez bada; hau da, Japoniako antolaketa teknika iraultzaileak ezartzen saiatu behar da, lan harreman taylorista eta fordista zaharkituak gainditu gabe.
Eraldaketa handi horretarako zumeak badaude. Alderdi tekniko hutsari dagokionez, honako hauek ditugu, besteak beste: Euskaliten Kudeaketa Aurreratuaren Eredua, eta Gipuzkoako Aldundiak 2014 urtean bultzatutako enpresa txikientzako Garaituz Plana. Funtsezko hobekuntzak eragitea dute xede komunikazioaren, partaidetzaren, autonomiaren, erantzukidetasunaren eta soldata egitura berdinzaleagoen arloan. Harremanen alderdiari dagokionez, “Arizmendiarretaren Lagunak” elkartea bultzatzen duen enpresa eredu berria da beste adibide bat; izan ere, kudeaketan, irabazietan eta jabetzan langileek parte hartzearen aldeko apustua egin du eta indar politiko guztien babesa jaso du Euskal Herriko bi legebiltzar autonomikoetan.
3. Gure ezagutza sistema berritzearen aldeko apustu irmoa egitea: euskal unibertsitate sistemari arrazionaltasun sistemikoa ematea, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak jasotako ikuspegia garatuz; zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren euskal sarea indartzea eta I+G+b arloan inbertsioa handitzea. Aurrekontu ahalegin handiagoak egin beharko dira, zalantzarik gabe. Euskal aurrekontu publikoek oraindik baliabide gutxi bideratzen dituzte helburu horretara. Enpresaburuek eta sindikatuek ere, balio erantsian eta, ondorioz, teknologian eta berrikuntzan oinarritutako garapen ereduaren aldeko apustua egin behar dute. Azken batean, gizarte osoa eta gizarte egitura guztiak birkokatu behar dira modu aktiboan erronka horren aurrean: kalitatezko I+G+b eraginkorra eta hezkuntza sistema eta enplegu politika bizkorrak eta kalitatezkoak bultzatzea, gazteen eta enpresen premiei erantzun ahal izateko eta pertsonak 5.0 industriaren etorrerak dakarren aldaketara egokitzeko prestatzeko gai izango direnak.
4. Gure finantza sistema indartzea: esku-hartze publikoko tresnak garatzea Eusko Jaurlaritzak dituen tresnen bidez, aurrezki publikoa gizarte beharretara eta ekoizpen inbertsiora bideratzeko aukera emango duen euskal finantza sistema publiko baten sorreran aurrera egiteko. Alde horretatik, garrantzitsua da Finantzen Euskal Institutuak (FEI) duen zeregina “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza ekintzako tresnak indartzera eta, finantza erakundeekin lankidetzan, euskal enpresen finantza gaitasuna areagotzeko Ekonomia produktiboaren aldeko finantza neurriak garatzera” bideratutako erakunde gisa.
Finantzen Euskal Institutua eta bere tresnak suspertu eta indartu behar dira, ESG (Environmetal, Social, Governance) parametro argien arabera euskal industria eraldatzeko. Gainera, bankuen finantzaketa mekanismo alternatibo berrien oinarriak ezar litezke, hala nola enpresa txiki eta ertainak kapitalizatzea xede duen Burtsa Merkatu Alternatiboa. Proiektu txikiagoetarako crowdfundinga arautzea (laguntza mekanismoak, bermeak eta abar ezartzea).
Finantza sektore publikoaren panorama honetako beste tresna interesgarri batzuk dira arrisku kapitaleko sozietate publikoak (premiazkoa da sektorea berrantolatzea) edo Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Entitate publiko bat edo Rating Agentzia Publiko bat eratzea.
Azkenik, Kutxabanki buruz hitz egin nahi dugu. Aski ezaguna da kutxen jatorri publikoa eta soziala eta, ondorioz, baita bankua eratzeko oinarri gisa erabili ziren funts eta aktiboena ere; halaber, jakinekoa da banku fundazioek, erakundearen jabetzaren egungo titularrek, ez dutela inola ere bermatzen haien kontrol demokratikoa. Horregatik, guk uste dugu, euskal herritarren interes orokorrarekiko jarrera arduratsu eta konprometitutik abiatuta, erakundeek ahalmen handiko finantza tresna izan litekeenaren kontrola berreskuratzeko bide guztiak aztertu behar direla, gure herriaren garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko.
Bigarren jarduera ardatza aurrezki pribatuen erabilera jakin batzuk sustatzea izango litzateke. Jarduera produktiboetarako edo herrialdea garatzeko estrategikoak diren jardueretarako kreditua sustatzeko neurri batzuk inplementatu beharko lirateke, esaterako: (i) BGAEei buruzko araudia aldatzea, industria, enpresa edo gizarte intereseko proiektuetan inbertsio handiagoa sustatzeko; (ii) EAEko banku eta kutxekin arriskuak estaltzeko eta aliantzak egiteko politika bultzatzea, hala nola, mikrokredituak sustatzeko edo enpresentzako abalen sistema indartzeko hitzarmenen bidez; (iii) bankuei produkzio enpresetan inbertitzeko nahitaezko koefiziente bat ezartzea, haien pasiboen arabera; kontu horri dagokionez eta ondorio gaiztoak eta nahi ez direnak saihesteko, legeria zehatza eta gainbegiratze zorrotza garatuko lirateke.