Lehenik eta behin, beharrezkotzat jotzen dugu adieraztea oposizioko lehen indarrarekin akordio bat lortzera bideratutako aurrekontuen negoziazioa, ezin dela azaroan hasi. Aurrekontu proiektuaren jendaurrean aurkeztu zenean izan zuen haren edukiaren berri EH Bilduk.
Aurrekontu proiektuak maniobra-tarte oso mugatua eskaintzen du behin edukia aurkeztu ostean. Jakina, edukia Jaurlaritza osatzen duten alderdien arteko aldez aurreko negoziazioaren eta sailen artean ezarritako oreken ondorio da. Aldi berean, gehiengo absolutua duen gobernu baten aurrekontu proiektuaren aurrean EHBilduren erantzukizuna sakoneko proposamenak egitea da, gure gizarteak dituen erronken tamainakoak.
Aurrekontu prozeduraren fase honetan, bereziki zaila da bi egoerak bateratzea. Aurrekontu negoziazio zorrotz bat maiatzean hasi beharko litzateke, aurrekontu jarraibideetatik abiatuta, alderdien lehentasunen arteko elkarguneak bilatzeko helburuarekin.
Bigarrenik, Jaurlaritza osatzen duten alderdiek jorratu nahi ez duten sakoneko eztabaida bat egiteke dago oraindik: zer baliabide publiko izan behar ditugu zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatzeko aldaketa soziodemografikoen aurrean eta, aldi berean, beharrezko eraldaketa sozial, kultural eta ekonomikoei ekiteko? Diru-sarrera publikoak gastu-beharrak baino erritmo txikiagoan hazten dira, eta, 2027an, jada ez dira izango Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen baliabideak, Europako funtsak deiturikoak. Ondorioz, planteatu daitezkeen aurrekontu lehentasun berriak beste eremu batzuetako baliabideak murriztuz finantzatu beharko dira.
Eztabaida sakon eta presazkoa eskatzen duen egiturazko gai baten aurrean gaude. Erantzunak, jakina, defendatzen den gizarte ereduaren araberakoak izango dira. Hala ere, badago helburu partekatu bat: baliabide publikoak ahalik eta eraginkortasun handienarekin erabiltzea. Ikuspegi horretatik, gure ustez beharrezkoa da herrialdearen zati honetako lau erakunde nagusien — Eusko Jaurlaritza eta hiru Foru Aldundiak — aurrekontuak batera lantzea. Kontua ez da negoziazio bakarra bultzatzea, baizik eta lau negoziazio prozesu aldi berean eta koordinatuta antolatzea. EH Bilduk azken bi urteetan egin du proposamena, EAJren eta PSEren aldeko jarrerarik gabe. Aurten ere ezin izan da norabide horretan aurrera egin. Gure ustez aukera galdu baten aurrean gaude.
Testuinguru horretan, eta azaroaren 9an egindako bileran EH Bilduk aurkeztu zuen hasierako planteamenduari buruz Jaurlaritzak egindako balorazioak ezagutu ondoren, honako negoziatzeko proposamen hau egiten dugu:
Gaur egungo izapidetze-fasean aurrekontu proiektuak maniobra tarte mugatua duenez, EH Bilduk proposamen bat egin du. Proposamen horretan beharrezko baliabide publikoen jatorriari buruzko errealismoa eta politika publikoen bidez aldaketa sistemikoak ekarriko dituzten egiturazko eraldaketak sustatzeko asmoa uztartuz. Helburu horrekin, gure proposamena lehentasun estrategiko bakarrean biltzea erabaki dugu: etxebizitza.
Lehentasun honek errealitateari erantzuten dio Izan ere, euskal Soziometroaren arabera, etxebizitza da herritarren kezka nagusia. Eta honakoa ez da kasualitatea: etxebizitza eskuratzea kontratu sozialaren higadura-faktore nagusietako bat bihurtu da, eta ondorio sozial eta ekonomiko sakonak ditu.
Horregatik, EH Bilduk honakoa proposatzen du.
1.- Zorpetzearen bidea aktibatzea, datozen hamar urteetan etxebizitza publikoen sustapen eskuragarria finantzatzeko
Europako funtsen desagerpenak, azken ekitaldietako gastu-egiturari eusteko kontu publikoek jasaten dituzten tentsioek eta Jaurlaritzaren hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenek agerian uzten dute eskala handiko etxebizitza publikoa sustatzeko politikak zorpetzera jo behar duela finantzaketa tresna gisa. EH Bilduk aurreko ekitaldian ere planteatu zuen premia hori.
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoaren zorpetze marjina 2.000 milioi eurotan handitzea ahalbidetu zuen akordio bat lortu zen. Halaber, iaz, Eusko Legebiltzarrak, EH Bilduren botoekin, industria eraldatzeko inbertsioetara bideratutako 1.000 milioi euroko zor publikoa aktibatzen zuen lege proiektua onartu zuen.
Gure ustez, etxebizitza eskuratzeko krisiak sortutako larritasunak etxebizitza publikoaren sustapena bultzatzeko tamainako ahalegina exijitzen duela, aurre egin behar diogun arazo sozial eta ekonomiko nagusietako bat baita. Proiekzio ofizialen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 60.000 etxebizitza baino gehiagoko eskaria egongo da datozen hamar urteetan. Dagoeneko eraikita dagoen parkeko etxebizitzak kontuan hartuta ere, etxebizitza publiko berri eskuragarrien beharrak Jaurlaritzak iragarritako 10.000 unitateak baino handiagoak izango dira.
Jaurlaritzak Etxebizitzako Gizarte Funtsari 400 milioi euro emateko asmoa agertu du, eta kopuru horrek, bere aurreikuspenen arabera, finantzaketa gehigarria mobilizatzea ahalbidetuko luke, 10.000 etxebizitza horiek eraikitzeko beharrezkotzat jotzen den 2.000 milioi euroko inbertsio bolumena lortu arte. Hala ere, ez da behar bezala argitu hitzartutako 400 milioien jatorria zein izango den.
2027rako aurrekontu-proiektuak 20 milioi euroko ekarpena aurreikusten du Finantzen Euskal Institututik, 5/2025 Lege-proiektuak eraldaketa industrialerako esleitutako 1.000 milioi euroei dagozkienak. Gaur egun, Finantzen Euskal Institutuak 400 milioi euro pasatxo ditu, oraindik inbertitu ez diren zuzkidura horren baliabideei dagozkienak. Ez dugu uste funts horien zati handi bat datozen urteetan Etxebizitzaren Gizarte Funtsera bideratu daitekeenik. Ez dugu egokitzat jotzen hori egitea, industria eraldaketari legez esleitutako baliabideak baitira honakoak.
Horregatik guztiagatik, gure ustez, egungo baldintzetan, zorpetzera jotzea ezinbestekoa da etxebizitza publikoko politika baten garapena planifikatzeko, dauden premien neurrira. Badago horretarako tartea, eta uste dugu guztiz justifikatuta dagoela hori erabiltzea. Era berean, zorpetzeko bide hori akordio politiko baten bidez aktibatu beharko da.
2.- 2027an Etxebizitza publikoak sustatzeko VISESAren aurrekontua 100 milioi euro handitzea:
Bigarren proposamena zorpetzetik datozen 100 milioi euro mobilizatzean datza, 2027ko ekitaldian etxebizitza publikoaren sustapena bultzatzeko. Jarduketa horren irismena zehazteko, beharrezkoa da ekitaldi horretan etxebizitza publikoak sustatzeko benetako gaitasuna ebaluatzea: lurzoruaren eskuragarritasuna, VISESAren gaitasun operatiboa eta sustapen berriak gauzatzeko aukerak.
Gure ustez, Jaurlaritzak beharrezko baliabide publikoak gaitu behar ditu 2027an dagoen jarduteko gaitasuna ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Azken urteotan, VISESAk urtean batez beste 570 etxebizitza sustatu ditu. Hala ere, 2000ko hamarkadan urtean 1.250 etxebizitza sustatu zituen, eta horrek erakusten du posible dela gaur egungoa baina jarduera maila nabarmen handiagoa lortzea.
Horregatik, 100 milioiko ekarpenaren bidez, 250 milioi eurora igoko litzateke VISESAren aurrekontua, 2027an 1.200 etxebizitza sustatzen hasteko helburuarekin. Jaurlaritzak zuzkidura bizitokien bidez zuzenean garatzen dituen jarduketei gehituta, kopuru hori 1.500 etxebizitzara irits daiteke. Gure ustez, badago lurzoru nahikoa helburu hori lortzeko.
3.- Etxebizitzaren erosketa publikorako 100 milioi euro erabiltzea, alokairu eskuragarriko parke publikoa handitzeko:
Etxebizitza publiko berriaren sustapena dagoeneko eraikita dauden etxebizitzak erosteko politika aktibo batekin osatu behar da, alokairuko parke publiko eskuragarria handitzeko eta herritarren bizitegi premiei epe laburragoan erantzun ahal izateko. Etxebizitzaren erosketa publikoa tresna estrategikoa da parke publikoa handitzeko, eta ez dago soilik lurzoruaren eskuragarritasunak, hirigintza-izapidetzeak eta sustapen berriak eraikitzeak eskatzen dituzten epeen menpe. Era berean, lehendik dagoen bizitegi parkean zuzenean esku hartzeko eta etxebizitzak mobilizatzeko aukera ematen du, alokairu publiko eskuragarrira modu iraunkorrean bideratzeko.
Hori dela eta, proposatzen dugu 2027an 100 milioi euro bideratzea zorpetzetik etxebizitza publikoak erostera, lehentasuna emanez etxebizitza eskuratzeko zailtasunak bereziki handiak diren udalerri eta eremuetako jarduketei. Zuzkidura horrek aukera eman beharko du planifikatutako eskuratze-politika bat garatzeko, banakako etxebizitzak erostera zein eraikin osoak edo bizitegi-sustapenak erostera bideratua, betiere higiezinen baldintza ekonomikoek eta ezaugarriek parke publikoan modu egokian sartzea ahalbidetuz gero.
Gure ustez, jarduera ildo hori etxebizitza berrien sustapenaren egiturazko politika osagarri gisa ulertu behar da, bizitegi ondare publikoa modu iraunkorrean handitzeko eta etxebizitza duin eta eskuragarrirako sarbidea bermatzeko erakundeek duten gaitasuna indartzeko. Etxebizitza publiko berriaren sustapena eta lehendik dagoen etxebizitzaren erosketa konbinatuz, epe labur zein ertain luzean jardunez, etxebizitza politika publikoen erantzun gaitasuna handitu ahal izango da.
4.- Mahai tekniko bat eratzea, EH Bilduk izendatutako adituen parte hartzearekin, Etxebizitzako Gizarte Funtsaren arkitektura adosteko:
Hirugarren proposamena EH Bilduk izendatutako adituek parte hartuko duten mahai tekniko bat eratzean datza, Etxebizitzaren Gizarte Funtsaren arkitekturarik egokiena adosteko eta tresna horrek datozen urteetan etxebizitza publiko eskuragarrien sustapena modu eraginkorrean bultzatzeko aukera emango duela bermatzeko.
EH Bildu izan zen Etxebizitzarako Gizarte Funtsa eratzeko beharra planteatu zuen lehen talde parlamentarioa. Hasiera batean kimen hori,eremu pribatuan helarazi zen, jendaurrean aurkeztu aurretik. Ordutik, Posible30K proposamena garatu dugu, Jaurlaritza osatzen duten alderdiekin kontraste tekniko eta politikoa egiteko behar besteko zehaztasun maila duen proposamena. Orain arte, kontraste hori egiteari ezezko erantzuna eman zaio.
Jarrera hori eta ezezkoa beraz ulertzen zailak dira. Izan ere, etxebizitza publikoen sustapena udal ondarea osatzen duten lurzoruetan garatu behar da eta EH Bildu da lehen indar munizipalista. Gainera, behin eta berriz eskatzen zaio EH Bilduri udal lurzorua Jaurlaritzari lagatzea errazteko, eta hori egiten ari da. Gure ustez, etxebizitza publiko eskuragarria sustatzeko politika bultzatzeko beharrezkoa den erakundeen arteko lankidetzak Etxebizitzaren Gizarte Funtsa bezalako tresna estrategikoaren diseinua partekatzea eta adostea eskatzen du.
Konpromiso hau akordio politiko baten bidez zehaztu beharko da.