Burujabetzan aurrera egin eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean.

Gutxieneko soldata hemen erabakitzearen alde

Eusko Jaurlaritzak bizkarra eman dio berriro ere milaka euskal herritarren borondateari. Bizi-baldintzak duinduko dituen soldata nahikoa eskatzen baitu jendearen gehiengoak, herri honetako gehiengo sindikalak aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari emandako babesaren bidez.

Ziurgabetasun ekonomikoa eta kontratu sozialaren haustura indar politiko gehienen diskurtsoaren parte diren honetan, akatsa da EAJk eta PSEk horrekiko koherentzian ez gobernatzea. Lan prekarietatea, etxebizitza larrialdiarekin batera, gero eta jende gehiagoren bizi proiektuak garatzeko oztopo nagusia bilakatu da, bereziki euskal gazteriarena. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi igorritako txosten batek ohartarazten zuen bezala, euskal gazteen emantzipazioa ia lau urte atzeratu da Europako batez bestekoarekin alderatuta.

Egoera horrek ondoez emozionala sortzen du, diskurtso politikoan onartzen dena, baina horren zergatiak ez dira politika publikoen bidez jorratzen. Egoera honetara ekarri gaituzten politika berdinekin jarraitzea ez da aukera bat, eta Herri Ekimen Legegile batek ordezkatzen duen ariketa demokratikoa ez aitortzea akats larria da, erakundeak kalera hurbildu nahi dituela dioen Gobernu baten aldetik. Jarrera horrek, gainera, deskonfiantza elikatzen du, batez ere argudio tranpatietara jotzen denean.

Izan ere, EAJ koherentea balitz bere argudioarekin, “arlo soziolaboralean Euskadik tresna propioak behar dituela eta ez delegatuak”, uko egin beharko lioke langabeziagatiko prestazioen transferentziari. Duela hilabete eskas, “historikotzat” jo zuen transferentzia hori, Estatuak araugintzarako gaitasunari eutsiko diolako, adibidez, prestazioen zenbatekoak aldatzeko aukerari dagokionez. Hau da, gutxieneko soldata propio bat eskumen-delegazioaren bidez ezarri beharrean, euskal lan-harremanen marko bat arautzeko gaitasun subiranoa lortzea helburu izan behar dugula dioen argudioak balio beharko luke, era berean, langabeziaren prestazioaren transferentzia ukatzeko ere, baldin eta hori ez bada egiten gizarte segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa osoaren esparruan. Izan ere, horrek bakarrik ahalbidetuko luke prestazioen eta laguntzen zenbatekoei, sarbide-baldintzei eta iraupenari, edo gizarte-kotizazioen muga eta ehunekoei buruzko legeria propioa egitea. Gauza bera esan liteke, adibidez, aireportuen kudeaketaren transferentziari dagokionez ere.

Gainera, adierazgarria da argudio hori erabiltzea, Gernikako Estatutuari muinean eragiten dion Estatuaren prozesu inbolutiboa oso nabarmena baita duela urte batzuetatik hona gure eskumen ia guztietan.

Horregatik guztiagatik, Confebasken beto ahalmena berresteko erabiliko den pisuzko arrazoia baino gehiago aitzakia dela uste dugu. EH Bilduk argi dauka: Eusko Legebiltzarrean gehiengo sindikalak eta euskal gizarteak ordezkatzen duten gehiengoaren eskaerarekin bat eginez, gure errealitate sozioekonomikoarekin bat datorren Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baten aldeko Herri Ekimen Legegilea izapidetu daiteke eta izapidetu behar da.

Burujabetzan aurrera egin eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean.