Donald Trump AEBetako presidente karguaz jabetuta, internazional erreakzionarioaren ofentsiban mugarri bat formalizatuko da gaur: azken urteetako ofentsiba kulturala eremu politiko-instituzionalera eramatea lortzen ari den eskuin muturreko olatua. Gaur egun, zibilizazio krisiak markatutako testuinguru historikoan, eskuin muturrak gobernu ardurak hartzen ditu mendebaldeko potentzia nagusietan.
Orain, inoiz baino gehiago, olatu atzerakoi honen arrakastaren faktore sakonei helduko dien analisi politiko kausal bat behar dugu, sintometan soilik zentratu beharrean. Izan ere, egia esan, Donald Trump porrot egin duen eredu ekonomiko baten sintoma besterik ez da, gizartearen geruza zabalei oparotasuna eta segurtasuna bermatzeko gai ez dena.
2008an, mendebaldeko elite politiko eta ekonomikoek krisi ekonomiko-finantzarioari azeleragailu neoliberala zapalduta erantzun zioten: ekonomiaren finantzarizazioa, merkatuen desarautze handiagoa eta austeritate fiskal hedakorraren dogma bereganatzea, horrela estatuei benetako botere politikoa kenduz eta inoiz ezagutu ez den botere oligarkikoaren kontzentrazioa bultzatuz. Ondorioz, ezberdintasun sozialek eta errenta ertainetako langile klaseen bizi baldintzen pobretzeak izugarrizko desafekzio politikoa sortu dute. Honek kolokan jarri ditu demokrazia liberalak eta eskuin muturrak modu arrakastatsuan bideratzen jakin izan du egoera, eta hamarkadetan politika neoliberalak sostengatu eta defendatu dituztenen ardura da hau.
Internazional erreakzionarioa ez da kasualitatez sortutako fenomeno bat. Jendearen egonezinaren arrazoi sakonek inoiz esperimentatu gabeko errealitate historikoekin lotzen baikaituzte, hala nola zibilizazio moderno-industrialak talka egin duela planetaren muga biofisikoen aurka, edo industria-iraultzaz geroztik lehen aldiz, berrikuntza teknologikoek ez dituztela sortzen espero ziren produktibitate-hazkundeak, eta horrek lan-banaketak eta teknologiak gero eta enplegu hobeak sortuko dituztela eta, ondorioz, jendearen bizitza hobetuko dela, lanak gero eta hobeak izango direlako zalantzan jartzen du. Historikoki mendebaldeko aurrerapena bultzatu duen motorra huts egiten hasi da, horrek esan nahi duen guztiarekin.
Abagune historiko honetan, plutokrazia teknologiko baten eskutik internazional erreakzionarioak aterabide autoritarioa irudikatzen du, gaur arte globalizazio neoliberala gidatu duten elite politiko eta ekonomikoak shock egoeran daude eta ez da aurreikusten molde progresista eta berdinzalea izango den erantzun global bat artikulatzeko aukerarik. Agian, autokonplazentzia zantzu oro alde batera utzi, zintzotasunez aritu eta Euskal Herriak abagune historiko honi nola aurre egingo dion pentsatzeko unea iritsi da.
Izan gaitezen erradikalki errealistak bizi ditugun fenomeno sozial, kultural eta ekonomikoen kausazko azterketa batean oinarritzerako orduan, eta izan gaitezen erabat pragmatikoak euskal eskalan egin behar ditugun eraldaketa sozial eta instituzionaletan zentratzeko zentzuan, gure mugak geure eginez baina gure gaitasun komunitarioak ongi baliatuz.