Burujabetzan aurrera egin eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean.

Soluzioa batetik, Jaurlaritza bestetik

Gaur egun, aberastea gero eta gutxiago dago lotuta lan egitearekin edo ekoiztearekin. Aberastasuna, batez ere, berez balioa handitzen duten jabetzak edukitzeagatik pilatzen da. Eta protagonista nagusia etxebizitza da. Ez da kontu hutsala etxebizitza izatea munduko aberastasun-gordailu handiena izatera iritsi izana —ekonomia global osoaren ia lau aldizkoa—. Aldaketa honek desberdintasuna leherrarazi du, eta gero eta zatiketa sozial sakonagoa sortu du: ondarea zutenek etengabe handitzen dela ikusten dute, eta gainerakoak atzean geratzen dira.

Desberdintasuna bere kabuz elikatzen da. Hazkunde eskaseko baina kapitalaren errentagarritasun handiko ekonomia batean, ondarea dutenek gizarte osoak baino askoz azkarrago pilatzen dute. Horren ondorioz, gero eta aberastasun eta botere handiagoa metatzen dute. Thomas Pikettyk ekonomilariak ohartarazi duenez, joera honek XXI. mendean inoiz ikusi gabeko desberdintasun-mailak ekar ditzake.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitzari buruzko datuek oso argi hitz egiten dute. Gazteak ia 30 urtera arte ez dira emantzipatzen, Europako batez bestekotik urrun. Etxebizitzen prezioak neurri gabe igo dira, azken urtean %10etik gorako hazkundearekin. Alokairuan duin bizi ahal izateko, soldatapeko gazte batek egungo soldata baino %75 gehiago beharko luke; 25 urtez azpikoa bada, soldata ia bikoiztu egin beharko luke. Eta erosteari dagokionez, egoera are okerragoa da: diru-sarrera bikoitza baino gehiago beharko litzateke.

2008ko krisiaren ondoren soldatek zertxobait egin dute gora, baina alokairuen igoerak ia erabat jan ditu hobekuntza horiek. Eta hemen gazteen langabezia Europakoa baino txikiagoa bada ere, lanak prekarioagoak dira, eta behin-behinekotasuna ia zazpi puntu handiagokoa da. Horregatik, lana egonda ere, emantzipazioa etengabe atzeratzen da. Bien bitartean, etxebizitza sozialerako itxaron-zerrenda etengabe handitzen ari da. Zortzi urtean bikoiztu egin da etxebizitza behar dutenen eta benetan eskaintzen denaren arteko aldea.

Datuek argi hitz egiten dute: gero eta gazte gehiagok ezinezko ikusten dute bizitza autonomoa garatzea 30 urteak pasata. Ez da kasualitatea, beraz, sistemarekiko eszeptizismoa haztea, jaiotza-tasa beherantz joatea edo eskuin muturrak gazteen artean indarra irabaztea. Prekarietatea eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak atsekabe sozialerako gasolina dira. Eta desafekzio horretatik elikatzen dira proiektu autoritarioak.

Inork ez dio etxebizitza larrialdia konpontzeko erraza denik. Baina irtenbidea ezaguna da, eta hemen baditugu baliabideak berau martxan jartzeko: alokairua arautzea, etxebizitza turistikoak mugatzea, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta, batez ere, babes publikoko etxebizitza-parke zabal eta egonkor baten aldeko apustua egitea. Azken hau azpiegitura estrategikoa delako. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritza kontrako norabidean doa: Etxebizitzaren, lurzoruaren eta hirigintzaren arloko presako neurrien legeak etxebizitza publikoaren estandarrak jaistea dakar, eta 2026ko aurrekontuarekin berriro ere modu erabakigarrian inbertitzeko aukera galtzen dute.

Sarritan esaten da nahikoa dela eskaintza handitzearekin prezioak jaisteko. Baina hori ez da egia: merkatua arautu ezean, eskariaren aldetik esku hartu ezean eta apustu publiko sendo eta zabala egin ezean, arazoa are larriagoa bihurtuko da. Politika honekin, Eusko Jaurlaritza ez da krisia konpontzen ari: areagotzen ari da.

Burujabetzan aurrera egin eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean.