Datorren astelehenean Nueva Economía Forumen parte hartuko dut, eta une ekonomikoaz eta industria politikaz EH Bilduk duen ikuspegia azaltzen saiatuko naiz. Legegintzaldiaren erdialdera iritsi gara, eta uste dut momentu egokia dela orain arte egindakoaren balantzea egiteko; hori izango da nire hitzaldiaren ardatza. Legegintzaldiaren lehen erdi honen azterketa kritiko, zintzo eta eraikitzailea egin nahi dut, eta, aldi berean, gure ustez etorkizuna gidatu behar duen norabidea proposatu.
Horretarako, blog honetako azken sarrera amaitzeko erabili nuen baieztapenetik abiatuko naiz: etxeko lanak ez ditugu egin. Eta amaieran, berriz, herri-akordioak lortzeko dugun determinazioa berretsiko dut: estatu-ikuspegia duten akordio nazionalak behar ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, konbentzituta baikaude garai historiko honetan hori dela herri honen interesak babesteko alternatiba zentzuzko bakarra.
Pradales Lehendakariak logika hori ondo identifikatzen du, mundu mailako desorden egoerari aurre egiteko Europar Batasunari egiten dizkion dei etengabeetan. Hala ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erakusten duen lidergoa ez dator bat gai estrategikoetan herri-akordioak sustatzeko egiten dituen adierazpenekin, are gehiago kontuan hartuta parlamentuan gehiengo kualifikatuak dituela eta hemengo testuinguru politikoa, berak aitortu bezala, nahiko aldekoa dela. Kanpora begirako diskurtsoa eta barne-jarduna ez datoz bat.
Egia da legegintzaldi honetan badaudela akordio handiak eraikitzeko oinarri izan daitezkeen adostasun guneak. Baina gutxietsi egiten dira, edo zuzenean mespretxatu. Kezkatik diogu: eremu estrategikoetan ekintza-batasuna lantzeko baldintza politikoak gutxiestea luxu bat da, eta herri honek ezin du halakorik onartu.
EH Bilduri dagokionez, gogorarazi nahi dugu Etxebizitza Legea, Migraziorako Euskal Itun Soziala, Hezkuntza Ituna eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea sinatu ditugula; industria politikan lurzoru komuna marrazteko eztabaida monografikoa sustatu genuela iaz Eusko Legebiltzarrean, eta 1.000 milioi euroko zorpetzea babestu genuela industria finantza-aliantzen bidez indartzeko. Uste dugu beste arlo batzuetan ere posible dela oinarri partekatuak zehaztea, hala nola administrazio publikoaren modernizazioan eta hizkuntza politikan. Eta iritsi beharko da, halaber, fase negazionista gainditzeko unea, eta Ertzaintzan dugun arazoari kudeaketa partekatuaren bidez heltzekoa.
Osasun Mahaia ere aipagarria da. Gobernuko alderdien arabera, EH Bilduk ez zuen akordioan parte hartu nahi izan. Baina errealitatea bestelakoa da: eztabaidatutako edukien bi heren babestu genituen; zortzi txostenen aurka bozkatu genuen, hamaikaren alde, eta bostetan abstentzioa eman genuen. Osakidetzaren arazoen ukaziotik gentozen, eta EAJk eta PSEk dute kudeaketaren erantzukizuna; horregatik, apaltasun handiagoa espero zitekeen. Kontakizun zintzoago batek aitortuko luke osasun publikoari eragiten dioten gaien %67tan adostasun sendoa egon zela, eta desadostasunetan lanean jarraitzeko borondatea badagoela.
Hala ere, hilabete luzez landutako 24 ponentziak galdera bakarrera mugatu ziren: “Itunean zaudete ala ez?”. Eta Lehendakaria bera ia ez zen agertu prozesuan, nahiz eta legegintzaldiko ekimen nagusietako bat bezala aurkeztu.
Migrazioa, hezkuntza, trantsizio energetikoa, industria politika, administrazioaren modernizazioa, hizkuntza politika eta zerbitzu publikoak eztabaida konplexuak dira, baina aldi berean estrategikoak. Horietan guztietan lehendakariak badu aukera, eta beraz erantzukizuna, adostasun zabaletan oinarrituta herria eraikitzeko. Baina EAJk erabaki du ez duela EH Bildurekin akordiorik nahi; nahiago du aurrekonturik ez egotea, Legebiltzarreko bigarren indar politikoarekin —eserleku kopuruan lehenarekin berdinduta dagoenarekin— adostea baino (gogoratu Gasteizko Udalaren aurrekontuen auzia urte hasieran).
Eta Lehendakaria? Zein da bere jarrera? Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehendakaria herritar guztiena da. Akordio nazionalak dira, gure ustez, garai nahasi honetan herriaren bidea gidatzeko aukera bakarra. Aberri Egunak horri buruz hausnartzera gonbidatu beharko gintuzke.
Badirudi, ordea, lehendakariak eztabaida konplexuak saihestu eta bere irudia babestea lehenesten duela, politikoki errentagarriak ez diren gaietatik urrunduta. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak Ayesan 40 milioi euro inbertitzen baditu, lehendakariari dagokio erabaki hori azaltzea: zergatik den proiektu estrategikoa, zein diren arrazoiak, eta nola bermatzen den gardentasuna eta konfiantza.
Era berean, auzitegiek hizkuntza-eskakizunen sistemaren aurkako epaiak ematen dituztenean, eta Eusko Legebiltzarrean gehiengo zabal batek interpretazio hori partekatzen ez duenean, lehendakariak ezin du albo batera begiratu. Gai honek sistema instituzional osoari eragiten dio. Albo egiteak Enplegu Publikoaren Legearen erreformari buruzko eztabaida blokeatu eta nahi ez den gatazka soziala areagotu du. Lehendakariak baldintzak sortu behar ditu tradizio politiko nagusien artean akordioa errazteko; gaur-gaurkoz, ez dirudi horretan ari denik.
Immigrazioaren kudeaketak datozen urteetan izango duen garrantzia kontuan hartuta, lehendakariak gidatu beharko luke Migraziorako Euskal Itun Sozialaren garapena, eta ez luke onartu behar alde bakarreko ekintzarik, ezta bere alderdiaren aldetik ere. Unea da adostasun horren gainean herri mailako migrazio politika eraikitzeko. Eta gaur gaurkoz, hori ez da gertatzen ari.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren beraren argitalpenek zalantzan jartzen badute eskumen esklusiboen benetako irismena, eta agerikoa bada XXI. mendeko erronkei aurre egiteko botere-oinarri berri bat eta blindaje-bermeak behar ditugula, lehendakariak bere kapital politikoa jarri beharko luke estatus politiko berriaren eztabaida erdigunean kokatzeko. Hala ere, agenda politikoa oraindik ere higatuta eta estrategikoki trabatuta dagoen estatutu baten transferentzietan ardazten da.
Nueva Economía Forumen parte hartu nuen azkenengoan esan nuen pragmatismoak begirada eta indarrak herrian bertan jartzera eraman behar gaituela. Zintzoak bagara, euskal erakundeek eragin mugatua izango dute Europako politikan, bizi dugun krisi politiko sakonaren testuinguruan. Horregatik, gure esku dagoen horretan egin behar dugu indarra: barrura begira, agertoki zailenetan herri honetatik onena ateratzeko. Eta gaur ere ideia horretan berresten naiz. Has gaitezen etxetik.