Pello
Otxandiano
Kanpo

Begiradak

Erradikalki errealistak: kontratu sozial postneoliberal baten alde

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektuaren azterketa sintetiko batek funtsezko hiru elementu egiaztatzen ditu:

1. Distantzia handia dago Gobernuaren egungo erretorikaren eta kontuek ahalbidetzen duten benetako jarduera-marjinaren artean. 2025ean arau fiskalak indarrean sartzen dira eta Europako funtsek desagertzera joko dute. Zorra (iaz baino %53 handiagoa) erabili da iazko gastu-mailari eusteko. Finantzei dagokionez, aurrekontu kontinuista da, iragartzen diren jauzi politikoetarako marjina errealik gabea, nahiz eta Finkatuz funtsa aktibatu, aurreko urteetan baino inbertsio-maila txikiagoa planteatzen da.

2. Eta hori, ziurrenik, une ekonomikoarekin bat ez datorren diru-sarreren aurreikuspen baikorregian oinarritzen delako da:

  • Mutualistei itzulitako diruaz gain, ez da bete 2024rako bilketaren aurreikuspena, ez BEZaren kasuan, ezta Arabako sozietateen gaineko zergaren kasuan ere. Datu horiekin ez dirudi nahikoa oinarri dagoenik aurrekontu hauek diseinatzeko erabiltzen den 2025erako diru-sarreren aurreikuspenari eusteko.
  • Gainera, Gobernuak koadro makroekonomiko kezkagarria marraztu du: Eurogunea ez da indartzen (izoztu egiten dela ez esatearren), Alemaniaren ahultasun kronikoa (krisi politiko bat gehitu zaio), protekzionismoa indartzen duen Trumpen garaipena AEBn. Nahikoa zeinu dago Europarentzat oso zaila den une ekonomiko batean sartzen ari garela esateko.
  • Inflazioaren desazelerazioa, azken urteetako “gain-bilketa” ezabatzen duena. Zerga-bilketaren ikuspegitik ezohiko egoera bizi izan dugu (langabezia gutxi eta inflazio handia), salbuespeneko egoeraren ondorio.

Testuinguru honetan, 2007koaren tamainako erreforma fiskal sakon bati ekiteko garaia iritsi dela uste dugu, baina kontrako norabidean; bestela, ezinezkoa izango da zerbitzu publikoei eustea etorkizunean, eta are gutxiago iragarritako jauzi politikoei ekitea.

3. Kontinuismoa esparru askotan: ideia berri gutxi. Diru-sarrerak handitzen ez badira, gastua berrantolatu eta birbideratu behar da. Ildo horretan ere ez da berrikuntza garrantzitsurik ikusten. Badira salbuespenak, hala nola, zientzian, berrikuntzan eta unibertsitateetan inbertitzea eta energiaren esparruan autokontsumoaren aldeko apustua egitea.

Honenbestez, berriro nabarmendu nahi dut EH Bilduk hiru lurraldeetako erakunde nagusien aurrekontuei modu globalean heltzeko egin zuen proposamena. Ikuspegi horrekin, lehen tekla garrantzitsu bat ukitzen dugula uste dugu, testuinguru historiko honetan politika publikoetan behar den eraginkortasuna eta efizientzia bilatze aldera. Izan ere, bistakoa denez, hobetzeko tarte handia dugu gure ahalmen instituzionalak ustiatzerako orduan, eta zeregin horrek sobera gainditzen du Lehendakariak iragarri duen sistema instituzionalaren desburokratizazioa. Hauxe da egin dugun proposamenaren logika nagusia.

Bigarren proposamena, bigarren tekla

Joan den asteartean lehen bilera egin genuen D ‘Anjou sailburuarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuari buruzko bigarren proposamen bat jarri genuen mahai gainean. Gure ustez, proposamen horrek une honetan beharrezkoa den bigarren tekla bat ukitzen du: bide postneoliberala ibiltzen hasteko beharra; hemen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baitaude baldintza soziopolitiko onenak horretarako.

Publikoki balioan jarri dugu Jaurlaritza honek bere lehen urratsetan planteatutako erretorika. Esan dezagun (inozoak izateko arriskuarekin), inplizituki, Jaurlaritzako alderdiek eta EH Bilduk bat egiten dugula politika neoliberalek porrot egin dutenaren ideian. Hala ere, gure ustez, bizi dugun une ekonomikoaren azterketaren erroa ongi azaleratzea falta da: neoliberalismoaren porrotaren aurrean gaude.

2008ko krisi ekonomiko-finantzarioari errezeta neoliberalen areagotzearekin erantzun zitzaion: merkatuaren erabateko nagusitasuna autoerregulazioaren mitoa ontzat emanez, austeritate hedakorra, ekonomiaren finantzarizazioa. Politika horiek, sufrimendu sozial izugarria ekartzeaz gain, krisi sistemiko bat eta kontratu sozialaren haustura areagotu dituzten kontuetan sakondu dute: estatuek boterea hustea oligarkien alde, krisi ekologiko-klimatikoa eta desberdintasun sozialak areagotzea. Trump eredu ekonomiko baten sintoma da, eta dagoeneko ez da gai gizarte-kapa zabalei ongizatea, segurtasuna eta aurrerapena eskaintzeko, demokrazia liberalen egonkortasuna ahulduz.

Dragui txostena (ere) ia etsipenetik egindako deia da: Europar Batasunaren krisi existentzialeko une batean aurkitzen da eta ez dago adostasunik txosten horrek planteatzen duena inplementatzeko (ez Alemania ez frugal izeneko herrialdeak ez daude ados Draguik planteatzen duen orientazioarekin): Marshall plan bat (EAEren kasuan 5.000 milioi eurokoa da: gaur egungoa baino % 20 handiagoa den aurrekontua). Aitzitik, Europar Batasuneko egoera da gaur egun Next Generation funtsak desagertu egiten direla eta arau fiskalak indarrean sartzen direla.

Badirudi Gobernu honen itxaropenak ehin handi batean Draguik planteatzen duenaren antzeko erreakzio komunitarioan jartzen direla. Jakina, gure herriaren tamaina kontutan hartuta, behar den eraldaketa sozioproduktiboak kontinente mailako erreakzioaren beharra dauka. Ukaezina da. Hala ere, horrelakorik gertatzen ez den bitartean, geldialdian gaude; eta, gaur egun, aurrera ez egitea atzera egitea da. Egoera honetan ekin behar zaio Eusko Jaurlaritzaren lehen aurrekontuak diseinatzeari. Zer egin, beraz? Gure ikuspuntutik, kontratu sozial postneoliberal bat ehuntzen hasi: zentzu komunitarioaren galera higatzen ari diren kausei erreparatzea, neurri handi batean neoliberalismoaren ondorio sozialak iraultzean datzana.

Zentzu horretan zerbitzu publikoen degradazioarekin batera, errentaren banaketa desorekatua da zuzendu beharreko funtsezko faktorea: Genero-arrakala termino berdinetan mantentzen da azken 21 urteetan, Eustaten datuen arabera; Lan-errentak errenta osoaren %66,8tik %58,3ra pasa dira bi hamarkadatan. Aberastasuna lan-etekinetatik bereiztea eta dagoeneko kapitala duenaren inbertsioekin lotuago egotea albiste txarra da gizarte osoarentzat; halaber, errenta adin-tarte handiagoetara mugitzen ari da, eta gazteek gero eta gutxiago parte hartzen dute guztizko errentan.

Errentaren banaketarako joera iraultzen ez bada, zerbitzu publikoak bermatzeko aurrekontu-ahaleginek ez dute eragin nahikorik izango gizarte-kohesioan: Errenten banaketa berri bat behar dugu lurzoru material gisa, egungo egoerak eskatzen dituen eraldaketa sozioekonomiko handiei aurre egin ahal izateko. Funtsean, errentaren banaketari dagokionez, politika neoliberalen ondorio sozialak zuzentzen hastea da kontua.

Horretarako, jarduera-eremu nagusiak etxebizitza merkatua, lan-merkatua, zaintzak eta fiskalitatearen bidezko birbanaketa dira. Gure ustez, 2025ak izan behar du honako erreforma politiko hauek egingo diren urtea:

  • Etxebizitza politika publikoa abian jartzea.
  • Lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzea.
  • Zaintzen prestaziotik irabazi-asmoa ezabatzea.
  • Zerga-sistema postneoliberalaren oinarriak jartzea.

Lau esparruetako bakoitzean neurri zehatzak eta egingarriak jasotzen dituen proposamena helarazi genion asteartean D ‘Anjou sailburuari, eta 2025eko kontuei EH Bilduren babesa emateko negoziaziorako deia egin genion Jaurlaritzari.

Oraingo honetan, etxebizitzaren inguruko proposamena testuinguratu nahiko nuke:

Egungo etxebizitza-politikan merkatua da etxebizitza-hornitzaile nagusia eta ondoren sektore publikoak akatsak zuzentzen ditu zerga-kenkarien, prestazioen eta erosketa-abalen bidez. Politika honek porrot egin duela frogatu da.

Gaur egun, 150 milioi euro bideratzen dira prestazioetara (Bizigune: 41M, Gazte-lagun: 25M, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa: 30M, Emantzipa: 53M) eta 300 milioi euro inguru erosketa bidezko kenkarietara. Guztira, erosketarako prestazio eta kenkarietara bideratutako zenbatekoa 450 milioi eurotakoa da. Erreferentzia gisa, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren aurrekontua, guztira, 446 milioikoa da. Prestazioetara eta kenkarietara bideratutako zenbatekoa nabarmen handitu da azken urteotan, baina etxebizitzaren arazoa larriagotu baino ez da egin.

Etxebizitza-politika neoliberalismoaren porrotaren adibide garbia da, eta higiezinen merkatua kontrolik gabeko merkatuarena. Premiazkoa da prezioak erregulatzeko gai diren esku-hartzeko tresnak dituen etxebizitza-politika publiko batera pasatzea. Europako herrialde aurreratuenak erreferentziatzat hartuko dituen etxebizitza-politika, alegia. Gaur egun badugu nahikoa tresna eta segurtasun juridiko bide hori egiten hasteko, eta horixe da, hain zuzen ere, mahai gainean jartzen dugun proposamenetako bat: egungo legediaren marjina gorena baliatuta egingo den etxebizitza politika publiko proaktiboa.

Alternatiba honen aurrean, eskaintza sustatzean jartzen dute arreta batzuek modu itxaropentsuan, etxebizitza-politika errotik aldatu gabe arazoak konponbidea izan dezakeelakoan. Komeni da begirada altxatu eta Europako testuinguruan gertatzen ari dena aztertzea: Etxebizitzak eraikitzeko inbertsio berria, EB-27n, higiezinen burbuilan dagoen mailara iritsi da. Eraikuntza (herrialdeen arteko ezberdintasunekin) suspertu egin da eta, hala ere, etxebizitzen prezioak etengabe igotzen ari dira. Faktoreak askotarikoak eta konplexuak dira, baina etxebizitza inbertsio-aktibo gisa erabilia izateko aukera gakoa izaten ari da. Joko arauak aldatu gabe eskaintza handitzeak egungo egoera okertu besterik ez du egingo.

Erradikalki errealistak izan behar dugu, eta nahikotasunezko politika publiko nahikoak abiarazi behar ditugu, aurrean ditugun gizarte-erronkei aurre egiteko eta kontratu sozial postneoliberal bat josten hasteko.

BESTE BEGIRADA BATZUK