Horren berri izan zuen unetik bertatik, EH Bilduk publikoki adierazi zuen Ayesaren erosketa babesten zuela, gure herriarentzat enpresa estrategikoa dela ulertzen duelako, bai subiranotasun teknologikoaren bai zibersegurtasunaren ikuspegitik. Hala ere, zalantzak daude proiektuaren inguruan eta haren garapenaz. Eztabaida publikoa dago ea industria-bazkidea (Teknei), %1-2ko partaidetza hutsalarekin, egokia den edo Ayesaren garapena kudeatzeko nahikoa esperientzia duen. Zurrumurruak ere badaude etorkizunean Ayesa burtsara ateratzeko asmorik ote dagoen.
Joan den ostiraleko kontroleko osoko bilkuran, lehendakariari galdetu nion zergatik, haren iritziz, den Ayesa gure herriarentzat enpresa estrategikoa. Galdera egin nuen, orain arte lehendakariak ez zuelako publikoki adierazpenik egin gai horren inguruan; eta, esan bezala, eztabaida publikoaren erdigunean dagoen proiektu baten inguruan —Eusko Jaurlaritzak Indartuz funtsaren bidez 40 milioi euroko inbertsioa egin du— jarrera argia falta zelako.
Inork ez du autokritikarik egingo aurreko hamarkadan Ibermáticaren salmentagatik, baina gaur badakigu akats estrategikoa izan zela. Ibermática punta-puntako enpresa teknologikoa zen, eta ustez banku-arauketak eta finantza-krisiak behartuta saldu genuen. Gero jakin genuen, esaterako, La Caixak bere fundazioaren bidez hainbat enpresatan partaidetzak mantendu zituela. Alegia, Ibermática saltzeko alternatibak bazeuden, baina korronte neoliberalari jarraitzea erabaki zen. Errektifikatzea jakintsuen kontua dela esaten da; kasu honetan, ordea, faktura izugarria ordainduta. Mereziko luke parlamentuko saioen egunkaria berrikustea eta gobernuko alderdiek EH Bilduren aurka esandakoak azaleratzea, Ibermática edo Euskaltelen salmenta kritikatu izan duenean (hau da, enpresa estrategikoen deserrotzea aktiboki sustatu denean).
Baina aurrera begiratzeko garaia da. Eusko Jaurlaritzaren industria politikan aldaketa bat dago. “Industria politikarik onena egiten ez dena da” esatetik “industria politika aktiboa behar dugu” esatera igaro gara. Industriaren errotzea eta sektore publikoak enpresa estrategikoetan parte hartzea —duela gutxira arte tabu ziren gaiak— industria politikaren epizentro bihurtu dira. Pradales lehendakariak kargua hartu zuenetik, urtebete baino gehiago itxaron dugu azken hamarkadetan etengabe gobernatu dutenek industria plana eta inbertsio plana aurkez zitzaten. Halaber, finantza-aliantza bat aurkeztu da, Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantza Erakundearen eta Indartuz Funtsaren bidez parte hartzen duena, 1.000 milioi euroko zuzkidurarekin.
Aurrerapausoa txalotzen dugu. Baina definizioa falta da. EAJren baitan eta finantza-aliantza osatzen duten eragileen artean Ayesaren kasuan agerian geratu diren desadostasunek erakusten dute industria politikaren oinarriak ez daudela behar bezala finkatuta. Irizpide desberdinak daude Ayesa edo Uvesco, esaterako, benetan interes sozialekoak diren baloratzeko, eta, beraz, planteatutako inbertsioak justifikatuta dauden ala ez erabakitzeko.
Erantzunak, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren industria planak eman behar zituen; baina beldur gara definizio faltak erdibidean uzten gaituela gaur egun behar dugun industria politikaz hornitzeko bidean. Esan bezala, pozten gara ukazio fasetik (“ez dugu berezko industria politikarik behar”) industria politika egiteko garaia dela onartzera igaro izanaz; norabide onean egindako urratsa da, zalantzarik gabe. Baina ez da nahikoa.
Zertan oinarritu behar da industria politika, edo zein izan behar dira haren ezaugarri bereizgarriak? Hor dago eztabaida nagusia, eta ez Ayesaren egoitza soziala Bizkaian ala Gipuzkoan kokatuko den, egunotan gertatzen ari den bezala. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako dokumentua aztertu ondoren, lau alor funtsezkotan definizio handiagoa behar da:
- Interes publikoa: Industria planak sektore estrategiko batzuk identifikatzen ditu eta “proiektu irabazle” batzuk aukeratzen ditu. Baina aurkezten dituen erronken eta aukeratutako proiektuen artean helburu zehatzak identifikatzea falta da. Horrek esan nahi du sektore estrategikoak eta proiektu irabazleak identifikatzetik balio publikoa sortuko duten misioak helburu dituen industria politika batera igaro behar dela.
- Lankidetza publiko-pribatua: Onartzen denean sektore publikoak traktore rola izan behar duela, unea da lankidetza hori nola artikulatuko den argi definitzeko. Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza interes publikoak baldintzatuta egon behar da. Baina nola ulertzen da interes publikoa? Erantzuna arbitrarioa izan ez dadin, interes publikoaren neurketa operatiboa behar da, enpresa-jarduera batek interes hori zenbateraino bilatzen duen zehazteko. Gure ustez, interes publikoak hiru alderdi nagusi biltzen ditu: balio publikoaren sorrera (enpresa-jarduera industria politikak aurre egin nahi dien erronkekin zenbateraino lerrokatzen den), lurralde-errotzea —ohikoa baino ikuspegi zabalagoan ulertuta— eta enpresa-eredua.
- Esku-hartze tresnak: tresna finantzarioak, dirulaguntzak, zerga politika, zientzia eta teknologia politika, erosketa publikoa, enplegu zerbitzu publiko berritua, eta abar.
- Azpiegiturak: Zein dira mende honetako azpiegitura estrategikoak industria ikuspegitik? Konputazio-gaitasuna, datu-sistema, energia berriztagarriaren sorkuntza, etxebizitza parke publikoa, eta abar.
EH Bilduk, Eusko Legebiltzarreko bigarren indar politiko gisa duen arduratik, datozen hilabeteetan Eusko Jaurlaritzaren industria politikan ikusten dugun definizio falta horri erantzuten saiatuko da, aipatutako lau alorretako bakoitzean proposamen zehatzak eginez.