Gaur gure industria gerraren ondorioetatik babesteko zein neurri hartu behar ditugun eztabaidatzen ari gara, baina atzo gerrak eskaintzen zizkigun aukerak balioan jartzen genituen. Oraindik oihartzuna dute Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren 2025eko otsailaren 4ko hitzek, armagintza-industria babestearen eta garatzearen alde egin zuenean (gerraren aurkako aldarriarekin nahiko kontraesankorra, bide batez). Gaur neurri ekonomiko garestiak hartzera behartuta gaude, AEBk gerra globaleko agertoki batera bultzatzen gaituelako; agertoki horrek, beste hainbat kontu alde batera utzita, ondorio negargarriak ekar ditzake gure herriko industriarentzat.
2025eko udan sinatu zen AEBen eta EBren arteko merkataritza-ituna. Akordio hori Europako interes estrategikoen aurkakoa da, eta Europa zatitu eta ahultzeko asmoa publikoki adierazten duenaren interesekin lerrokatuta dago. Akordio horren bidez, Europak autonomia estrategikoa sakrifikatu zuen eta European Green Deal izenaz ezagutu zen berrindustralizatze berdea alboratu zuen. Akats estrategiko itzela. Gaur, armak erosiz, gerraren zerbitzura dagoen AEBetako industria militarra sustatzen dugu, eta horrek neurri ekonomiko garestiak hartzera behartzen gaitu; gaur, gas natural likidotua beste merkatu batzuetan baino askoz garestiago erosten diegu AEBei, haiek eragiten dituzten gerrek sortutako energia-prezioen igoera arintzeko asmoz Errusiako petrolioari zigorrak kentzen dizkioten bitartean.
Lehendakariak ez du hitz argirik esan gerra-ekonomiak gure industrian eragiten dituen kalteen inguruan. Ez dugu ikusi haren aldetik jarrera garbirik Europako autonomia estrategikoaren alde (funtsezkoa gure herriaren interesentzat), ezta hainbeste jokoan genuen hiru trantsizioen bidezko berrindustrializazioari heltzeko ere. Bakearen ekonomiaren aldeko lidergo politiko sendo baten falta sumatzen da lehendakariaren partetik.
Venezuela eta Iranen aurkako erasokiekin, AEBk modu nabarmenean urratu du nazioarteko zuzenbidea, eta, bide batez, interes geoestrategikoak indar gordinaren bidez ezarri nahi diren mundu bati hasiera eman dio. Herri honen zati honetako erakunde-ordezkari nagusiari ere ez diogu entzun Europako Batzordeko presidentearen eldarnioei buruz ezer esaten, hark esan zuenean Europak ezin duela arauetan oinarritutako mundu-ordena batean fidatu eta kanpo-politika errealistagoa hartu behar duela.
Europaren gainbehera politika neoliberalen zuzeneko ondorioa da: elite oligarkikoen esku dagoen Europa, porrot egin duen Europa da. Alabaina, giza eskubideak eraginkor eta exijigarri egiteko deitua dagoen sistema juridikoari uko egiten dion Europa, eta, beraz, Ilustrazioaren printzipioei uko egiten diena, Europa hila da. Baina, gainera, Europako eliteen buruan proiektu politiko gutxieneko humanista edo berdinzalerik geratzen ez dela onartuta, planteamendu pragmatiko gizagabe baten aurrean etsiko bagenu, azal diezaguke Ursula von der Leyenek zer etorkizun itxaroten dion Europari araurik gabeko mundu batean? Zer indar-harreman du bere interesak balioesteko aktore hegemoniko gerratiarren aurrean? Erantzunak hain dira begi-bistakoak, non lehendakariaren gaitzespen baten falta sumatzen baita bere alderdiaren botoekin Europako Batasunaren interes orokorra ordezkatzeko hautatua izan den eta, finean, guztiz kontrakoa egiten ari den horren aurka.
Gaur gure industria gerraren aurrean babesteko hartu beharreko neurriei buruz eztabaidatzen ari gara. Hala ere, ikuspegi koiunturaletik harago, ahaleginak gure herria aldaketa handiko garai historiko nahasi honetan kokatzen saiatzera bideratu behar dira: planetako botere-orekak berregituratzen ari dira, eta aldi berean gizarte-antolaketaren eta produkzio-prozesuen eraldaketan azelerazio historiko bat gertatzen ari da; hori guztia, gainera, krisi ekologiko larri baten testuinguruan. Adimen artifizialaren garapena eta matrize energetiko berriztagarrirako trantsizioa gizarteak termino antropologikoetan moldatzen dituzten eta ekonomia berriak sortzen dituzten prozesuak dira. Gizateriaren historian ez da inoiz gertatu horrelako eraldaketarik sakontasun antropologikoari, eskalari eta abiadurari dagokionez. Eta gertatzen ari den ezer (pandemia, Ukrainako gerra, Gazako genozidioa, Venezuela eta Iranen aurkako erasoak, politika protekzionistetarako itzulera, etab.) ez da horretatik kanpo geratzen.
Urteak daramatzagu esaten: ziklo ekonomiko berri baten aurrean gaude. Etenaldi jakin batzuei aurre egiteko talka-neurriak hartzea ondo dago (eta beharrezkoa da), baina mundu berri hau interpretatu eta industria-politika birpentsatu behar dugu. Eta horixe da, hain zuzen, egin gabe daukagun etxeko lana.