Bidezkoa da aitortzea bai pentsiodunek urte luzez egin duten borroka, bai gaur Eusko Legebiltzarrean aurkeztu den Herri Ekimen Legegilea. Ekimen historikoa da, ez bakarrik bildutako sinadura kopuru handiagatik, baizik eta, batez ere, demokrazia parte-hartzailearen adibide delako.
Tamalez, beste behin ere EAJk eta PSEk euren erretorika eta praktikaren arteko distantzia handitzea erabaki dute. Bizkarra eman diote pentsioak duintzeari, uko egin diote milaka pentsiodunen bizitza hobetzeari –bereziki emakumeena– eta alferrik galdu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ditugun baldintza politiko eta sozioekonomikoak aprobetxatzeko aukera.
Gaur-gaurkoz ez gara burujabeak pentsioei buruz erabat erabakitzeko, eta Gernikako Estatutua beteko balitz ere ez ginateke izango. Horregatik, ezinbestekoa da estatus politiko berrirantz aurrera egitea. Bitartean, gure esku ditugun tresnak erabiliz eta erantzun politiko zehatzak eskainiz bidezko aldarrikapen bati erantzuteko ardura dugu. Horien artean, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko formulak daude, eta halako garrantzia duen eztabaida legegile bat ezin da arinkeriaz baztertu. Hain zuzen ere, horretarako balio behar du Legebiltzarrak: eztabaida hauei espazioa emateko eta herritarrek merezi duten mailan egoteko.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek gaur Legebiltzarrean adierazi duten bezala, eskubideen eta askatasunen konkistan esperientzia zabala dute. Aurrerapenak iraunkortasunaren eta borrokaren bidez soilik lortzen direla dakiten belaunaldikoak dira. Horregatik dira eredu, esperantzaren eta inspirazioaren sinbolo guretzat ere.
Lanean jarraitzen dugu pentsioak eta bizitzak duintzeko, justizia kontua izateaz gain, etorkizunerako inbertsioa ere badelako.