Egoera globala aztertzeko orduan, udan ikusi ditugun bost argazki aski dira bizi dugun garai historikoari neurria hartzeko:
- Europak EEBBei entregatu die bere proiektua. Europa EEBBen kolonia bat bihurtu da. Hau errendizioa da bai formetan eta bai edukietan. Eta ondorio larriak izango ditu Europaren ongizate ereduan. Gastu militarraren hazkundearen zati handi bat EEBBei armak erosteko izango da. Pikutara autonomia estrategikoa eta itun berdea.
- Klima larrialdiaren azkartzea. Bero boladak eta suteek berretsi dute aldaketa klimatikoa espero baino azkarrago eta bortitzago gertatzen ari dela.
- Ultraeskuinaren igoera. Europak eskuinerantz biratu du nabarmen, ultraeskuina geroz eta gobernu gehiagotan dago eta geroz eta gobernu gehiago baldintzatzen ditu. Ultraeskuinak geroz eta gaitasun gehiago du eztabaida publikoa markatzeko.
- Israelek erabaki du palestinarrak Gazatik erauziko dituela, genozidioa azken muturreraino eramanaz; EEBBen sostenguarekin eta EBren pasibotasunarekin. Giza eskubideek deus balio ez duten mundu bat marrazten ari da, non joko araurik ez dagoen. Zorionez gobernuak egiten ez direna gizarte zibila ari da hartzen bere gain.
- Etxebizitzaren prezioa maximo historikoetan dago, alokairua zein erosketa. Etxebizitza espekulaziorako ondasun gisa ari da baliatzen, kontratu soziala hautsiz.
Nahiko ados egon gaitezke guztiok Espainiako egoera politikoa baloratzeko orduan ere: Espainiako politikagintza toxikoa da, ez dakar ezer onik. Muturreko polarizazioa ageri da baina komeni da harago joatea: baliteke eskuinak erabaki estrategiko bat hartu izana Zapaterorekin hasi eta Sanchezekin bukatzen den aldi honen ondoren: “78ko erregimena eutsi duen sistema politikoak mutazio bat behar du: ahaztu ditzagun euskal zein katalan abertzaleak eta gobernatu dezagun estatua agenda zentralista, supremazista eta eskuin muturrekoarekin”.
Uste dugu oinarrizko diagnosi honekin denok egon gaitezkeela ados, gutxi gora-behera, ñabardurak ñabardura. Hori horrela bada, hurrengo oinarrizko bi printzipioetan ere ados beharko genuke:
- Herri-ikuspegi sendoagoa behar dugu. Eztabaida politikoaren grabitate zentroak gure herrian behar du. Ezin dugu Europar Batasunean zein Espainian gertatuko denari begira EGON. Herri ikuspegiko politika publikoak pentsatu eta garatu behar ditugu, ahal dugun neurrian EGIN, eta horretarako herri-akordioak behar ditugu.
- Edozein izango dela ere etorkizuneko eskenatokia Espainian, aukera-leiho hau aprobetxatu egin behar da estatus politikoaren eztabaida ebazteko. Ikuspegi nazionaletik argi dago beste autogobernu bat behar dugula. Eta, estatuaren ikuspegitik ere (guretzat ikuspegi internazionalista dena), ultraeskuinaren hautu estrategikoari hautu progresista eta plurinazionala ezarri beste aukerarik ez dago.
Hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua da. Legegintzaldiari zentzua eta euskal agendari edukia eman behar zaie, ezberdinen arteko elkargunea izan baitaiteke. Horren bidez, herri-ikuspegiarekin, politika publikoak garatu eta estatus politiko berri bat lortzeko akordioak eman daitezke. Euskal agenda, beraz, herri honen zati honen garapen nazionala zein soziala bermatuko duen ekimena izan daiteke, kanpoan gertatzen dena gertatzen dela eta datozen hilabeteetan datorrena datorrela.
Hori dela eta, politika orokorreko plenoan, lau errailetako lan eskema bat proposatuko dugu urte politiko honetarako:
- Nola jardun huts egin dutela frogatu den politika publikoen kasuan?
- Akordio partzialak erdietsi ditzakegun politika publikoen kasuan, nola?
- Zein herri-akordio dira posible?
- Estatus politiko berriaren ariketa ebazteko konpromisoa.