Erabat errealistak izan behar dugu
Zalantzarik gabe, ezohiko egoera politiko eta ekonomikoan aurkitzen gara. Gogoan dut 2024. urtean enpresa-foroetan parte hartu izana eta Donald Trumpek garaipena lortu ez zezan itxaropena mantentzen zutela gehienek.
Azken hilabeteetan, Draghi eta Letta txostenen inguruko analisi optimistak irakurri eta entzun ditugu. Europar Batasunak plan bat omen zeukan; hurrengo bost urteetan AEBetan administrazio demokrata bat baino ez zuten behar mundu multipolar batean lehiatzeko gai izango zen Batasun baten oinarriak ezartzeko. Gure herriaren etorkizun sozial eta ekonomikoa txosten horietan jasotako planteamenduen bidetik proiektatzen zen.
Aurtengo aurreikuspen ekonomikoak nahiko baikorrak ziren. Esaten zen munduko jarduera ekonomikoak ez zuela ahulezia zantzurik erakutsi, inflazioak desazelerazio bideari jarraitzen ziola eta tasen jaitsiera finkatzen ari zela.
Ziurgabetasunaz ere ohartarazten zen, eta begirada Alemaniako industria-krisian jartzen zen, baina, hala eta guztiz ere, urte honetarako %2,1eko hazkunde-aurreikuspena egiten zen, eta gure ekonomiaren eta lan-merkatuaren osasun ona berresten zen, kanpo-merkataritzaren hazkundean eta langabezia-tasa %6,8ra murrizteko aurreikuspenean oinarrituta.
Hala ere, aurreikuspen okerrenak bete egin dira: Donald Trump AEBetako presidentea da eta internazional erreakzionario baten buru da plutokrazia teknologiko baten eskutik; Alemania eta Frantzia krisi politiko banatan murgilduta daude, eta ultraeskuinak aurrera egiten du inkestetan Europako herrialde gehienetan. Ezinezkoa da Trumpek zer egingo duen jakitea, bera halakoa delako, baina orain arte entzun dugunaren arabera, badirudi prest dagoela kanpo politikaren mugak gainditzeko, merkataritza gerratik haratago, eta horrek eragin zuzen eta erabakigarria izango du Europako ekonomiaren orainean eta etorkizunean.
Aurrekontuen eztabaidan zehar, behin eta berriz esan dugu 2025eko aurrekontuen oinarri den zerga-bilketaren aurreikuspena zalantzagarria iruditzen zaigula, baikorregia, kontuan izanik 2024an ez dela bete diru-bilketaren aurreikuspena BEZaren kasuan, ezta Arabako sozietate-zergaren kasuan ere, eta kontuan izanik testuinguru geopolitiko berri honetan Europako ekonomiaren egoera nabarmen hauskorra dela.
Edonola ere, aurreikuspen makroekonomikoetatik harago, diskurtso instituzional apur bat autokonplazientea somatzen dugu, nagusitzen ari diren errealitateak ukatzen dituena, mezu ekonomiko lasaigarri bat artikulatzen saiatzen dena, diskurtso katastrofistetatik ihes egiteko beharra etengabe azpimarratuz. Diskurtso plazebo moduko bat.
LKS Next, ISEA, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak eta MIKek inkesta bat egin dute EAEko enpresetako 119 zuzendarirekin, eta aurtengo ekitaldiari begira inkesta horretan egiten den irakurketa baikorra ez dator bat elkarrizketa pribatuetan eragile ekonomikoen aldetik jaso ditugun iritzi batzuekin.
Ez ditugu aurreikuspen horiek zalantzan jartzen, industria sektore bakoitza ezberdina delako, eta enpresa bakoitza errealitate bat. Nabarmendu nahi dugun ideia da, oro har, gure herriak mundu berri honetan dituen erronka ekonomiko eta sozialekin bat datorren elkarrizketa publiko baten falta duela, eta horrek zorroztasun analitikoa eta ausardia eskatzen dituela eszenatoki politiko eta ekonomiko izugarri konplexu bati aurre egiteko eta aldaketa sakonak egiteko, luzaroago itxaron ezin dutenak.
Agian iritsi da momentua erradikalki errealistak izateko: politika plazebo horrekin amaitu eta une historikoaz jabetzeko. Autokonplazentzia zantzu oro alde batera utzi eta zintzotasunez armatu, Euskal Herriak fase historiko honi nola aurre egingo dion pentsatzeko.
Eta egoera horri bere konplexutasun osoan aurre egingo badiogu, lurzoru analitiko bat ezartzen hasi beharko dugu, ohiko adierazle makroekonomikoetatik harago begiratuko duten ebidentzia zientifikoetan eta irakurketa ekonomikoetan oinarrituta. Bi egia saihestezinak dirudite:
Lehenengoa: Hazkundea aurrerapenaren motore gisa zalantzan jarri ezean, ez dago biderik ikuspegi klimatikotik segurua den eta maila geopolitikoan arrisku existentzialik suposatzen ez duen mundu baterantz joateko. Talka egin dugu planetaren muga biofisikoen aurka. IPCC argia da klima larrialdiari buruz egin duen seigarren txostenean. Baina berotze globalaz harago, dagoeneko gainditu ditugu planetaren bederatzi mugetatik sei. Mugarik gabeko hazkundea zalantzan ez jartzea termino ekosistemikoetan bizigarria izango ez den planeta baterantz zamalkatzea da, gero eta urriagoak diren baliabide naturalez jabetzeko lasterketa beliko batean murgiltzea, kostu ekonomiko eta giza kostu kalkulaezinak onartzea.
Ebidentzia zientifikoaren argitan, gero eta argiago dago hazkundeari dagokionez harreman berri bat behar dugula, geure buruari galdetuko diona zerk hazi behar duen, zergatik eta zenbat denboraz. Harreman berri bat non edozein hazkundek giza ongizate handiagoa eta planetaren osasuna xede izango dituena. Horri dagokionez, aipagarria da “Beyond Growth. Pathways Towards Sustainable Prosperity in the EU”, Europako Parlamentuak 2023an egina, eta Orkestrak argitaratu berri duen “Lurralde Garapena Larrialdi Klimatikoaren aurrean”.
Baina, gainera, aurrerapenak, lanpostu hobeak eta, beraz, ongizate material handiagoa dakartzaten produktibitate-tasa gero eta handiagoak lortzea bezala ulertuta, arazo erantsi bat dakar: Industria-iraultzaz geroztik lehen aldiz, berrikuntza teknologikoek ez dute espero zen produktibitate-hazkunderik eragiten, eta horrek zalantzan jartzen du lan-banaketak eta teknologiak gero eta enplegu hobeak sortuko dituztela eta, ondorioz, jendearen bizitza hobetuko dela, lanak gero eta hobeak izango direlakoan. Historikoki mendebaldeko aurrerapena bultzatu duen motorea husten hasi da, horrek esan nahi duen guztiarekin.
Errealitate horrek zibilizazio-krisi bat marrazten du, eta gainezka eta indarge sentitzen gara horren aurrean, eta, hain zuzen ere, gure eskuetan ez dauden aldaketa globalak eskatzen ditu. Horrek, dena den, ez gaitu salbuesten dagokigun erantzukizunaren zati txikia asumitzetik, adibidez, gure herriaren garapen sozioekonomikoa pentsatzeko edo azpiegitura estrategikoak ebaluatzerako orduan. Baita termino klimatikoetan.
Adibidez, ez al lirateke irizpide horren menpe jarri behar turistifikazioarekin oso lotuta dauden zenbait apustu, Urdaibaiko Guggenheim kasu? Josu Jon Imazek aldarrikatzen duen neutraltasun teknologikoa baliozko premisa da? Armagintza industriak benetan etorkizuneko aukera izan behar du? Lamiakoko ibai-azpikoa azpiegitura egokia da, Aldundiaren beraren txostenen arabera trafikoa % 30 handituko bada? Benetan aro digitalean gure herriaren kohesio nazionala eta bere lehiakortasuna Ezkio-Itsasotik pasatzen da? Ez al genuke subiranotasun digitalarekin bat egin beharko kontrol publikoa duten datu-zentro jakin eta oso zehatzen alde eginez eta, gainerakoan, manufaktura-industria lehenetsiz, energetikoki oso intentsiboak diren eta enplegua sortzeari dagokionez estentsiboak diren datu-zentro pribatuen aurrean?
Bigarren egia zera da, aberastasunaren banaketa berri bat gabe ez dagoela ez kontratu sozialik, ez justizia globalaren ideiara hurbiltzen den ezer. Kontua da Donald Trump huts egindako eredu ekonomiko baten sintoma besterik ez dela, gizartearen geruza zabalei oparotasuna eta segurtasuna bermatzeko gai ez den eredu ekonomiko baten sintoma.
2008an, mendebaldeko elite politiko eta ekonomikoek krisi ekonomiko-finantzarioari azeleragailu neoliberala zapalduz erantzun zioten: ekonomiaren finantzarizazioa, merkatuen desarautze handiagoa eta austeritate fiskal hedakorraren dogma bereganatzea, eta horrela estatuei botere politiko erreala kendu zitzaien eta inoiz ezagutu ez den botere oligarkikoaren kontzentrazioa bultzatu zen. Ondorioz, ezberdintasun sozialek eta errenta ertainetako langile klaseen bizi baldintzen pauperizazioak izugarrizko desafekzio politikoa sortu dute eta demokrazia liberalak kolokan jarri dituzte, eskuin muturra arrakastaz bideratzen asmatzen ari den zerbait. Hori da azken hamarkadetan politika neoliberalak sostengatu eta defendatu dituztenen ardura.
Enpresa-ereduen eraldaketa digitala eta antzeko faktore berriek desberdintasunaren arrakala handitzearekin mehatxatzen dute, faktore horiek direla eta ekonomia automatizatuetan giza lanak BPGan duen pisua gero eta txikiagoa izango baita, eta horrek errenta ertainak pixkanaka ahultzea ekarriko du.
Eta aldi berean, erabat pragmatikoak
Ikuspegi pragmatiko huts batek, kontratu sozial berri bat artikulatzeko behar diren politikak planteatzeak, neoliberalismoa inpugnatzera garamatza. Bai eta adostasun postneoliberal bat eraikitzeko beharra planteatzera ere, zibilizazio krisiari aurre egiteko lehen premisa bezala.
Hori da Berlingo Adierazpenaren proposamena, Forum New Economyk babestua, eta hala dio: (i) merkatuak berak bakarrik ez du geldiaraziko klima-aldaketa, eta ez gaitu aberastasunaren banaketa orekatuago batera eramango; (ii) epe motzera enpresa-inbertsioa sustatzeko eta epe luzera gizarteari oro har mesede egiteko, enpresei eta aberatsei zergak murrizteak, isurketa-efektua deiturikoak, porrot egin du; (iii) sektore publikoa erakunde aktibo eta dinamiko gisa ulertu behar dugu (aro neoliberalean ez bezala, ez erakunde araugile eta diziplinario soil bat). Merkatuaren funtzionamendua interes publiko edo sozialeko helburuen mende ipiniko duen erakunde gisa, garapen ekonomiko eta berrikuntza teknologikoaren norabidea proiektatuko duena, instituzioak eta enpresak, elkarrekin, merkatuaren sortzaileak izanik, arriskuak partekatuz, baina etekinak ere bai.
Gero eta ahots gehiagok, ezkerreko tradizioetan derrigorrez militatu gabe edo euren analisiak parametro ideologikoetan oinarritu gabe, paradigma neoliberala gainditu beharraren ezinbestekotasuna onartzen dute. Zer da Draghi Txostena bera azken finean? Azken hamarkadetan politika neoliberalak gidatu dituztenen aldetik, hain zuzen ere, porrot egin dutenaren aitortza baino ez da, etsipenetik egindako dei bat.
Gaur egun, Europa oso ahul dago autonomia estrategiko faltagatik, eskuin muturraren mehatxupean eta krisi existentzial bati aurre egiteko ikuspegi bateratu batetik urrun. Europar Batasunaren etorkizuna ez dago berrindustrializazio-estrategia baten mende, proiektu politikoaren oinarriak birdefinitzearen mende baizik. Gure ustez, proiektu politiko hori Berlingo Adierazpenean jasotako printzipioetan oinarritu ahal izango litzateke. Gaur egun, tamalez, ez dago horretarako baldintzarik.
Ez daude baldintzak, lehenik eta behin, porrot egin duen paradigma baten inertziatik atera gabe jarraitzen dugulako, aurrekontu-egonkortasunaren arauen itzulerak frogatzen duen bezala, esaterako. EAJren eta PSEren arteko itun fiskala horren erakusle da, hain zuzen, eta argiak izan nahi dugu horren inguruan. Proposatzen duten zerga-doikuntzari dagokionez, gure jarrera kritikoa lau gai nagusitan oinarritzen da:
- Argi eta garbi aitortzen da zerga-doikuntza honek diru-bilketan murrizketak eragingo dituela. Era berean, urtean 1.000 milioi eurotan kuantifikatzen da eraldaketa sozioproduktiboa bultzatzeko behar den inbertsio publikoa, eta, prospekzio guztien arabera, osasungintzan eta gizarte-zerbitzuetan egiten den gastu publikoa izugarri igoko da hurrengo urteetan, biztanleriaren zahartzearen ondorioz. Galdera berehalakoa da: Nola ordainduko da inbertsio produktiboa eta zerbitzu publikoen sostengua hurrengo urteetan? Gai hori argi eta garbi erantzuteko gai ez bada, ez litzateke Administrazioaren diru-sarrerak murriztuko lituzkeen zerga-erreforma baliozkotzat jo beharko, are gutxiago EAEn zerga-presioa Europako batez besteko zerga-presioa baino bost puntu beherago dagoenean.
- 2007tik zerga tasa desberdinak daude lan errentetarako eta kapital errentetarako. Kapitalaren errentagarritasunak gero eta pisu handiagoa hartu du lan faktorearen errentagarritasunaren aurrean. Hori ondorengo ideian oinarritzen da: kapitala sakrifizioaren eta aurrezkiaren emaitza da eta, beraz, eskuzabaltasunez ordaindu beharreko entitate bertutetsua da. Kapitala benetan ematen duenagatik ordainduko bagenu (kasu batzuetan asko, arriskuak hartzen dituelako, baina beste batzuetan gutxi, hala nola higiezinetako inbertsioan edo kotizatutako akzioen jabetzan), eraldaketarako aukera oso bat irekiko litzateke.
Paradigma neoliberala berretsiz gero bakarrik, esperientzia historikoaren argitan mendebaldeko demokrazia liberalak auzitan jartzera iritsi den paradigma hori berretsiz gero bakarrik, egin daiteke zerga-erreforma bat, lana eta kapitala zergapetzen dituzten zerga-tipoak hurbiltzen ez dituena. Horri dagokionez, ezkerrarekin bat ez datorren Minouche Shafik-en “What we owe each other” liburua (bereziki fiskalitateari buruzko kapitulua, nola ordaintzen dugun kontratu sozial berri bat) irakurtzea gomendatzen dugu. Bide batez, Shafik Imanol Pradalesek aipatu zuen inbestidura hitzaldian.
- Sozietate Zergari dagokionez, Euskal Herriak marko egonkor bat eskaini behar du, enpresei ziurtasuna eta segurtasuna emango diena epe ertain-luzean. Alde horretatik, bultzatu nahi dugun enpresa-eredua eta, beraz, eredu ekonomikoa zein den definitzea da kontua. Gaur egun, bi ikuspegi kontrajarri daude, eragile politikoen eta ekonomiko-enpresarialen adierazpen publiko eta pribatuei erreparatzen badiegu. Lehenengo ikuspegiak erregulazio bigun bat proposatzen du, atzerriko inbertsioa erakartzeko eta dinamismo ekonomikoa bultzatzeko estrategiarik onena bezala. Madril hartzen da fiskalitate-eredu gisa.
Bigarrena, berriz, inbertsio berritzaileak behar dituen baldintza sozialak eta instituzionalak aztertzen dituen ikuspegia da. Horri dagokionez, ELGEren “Rethinking Regional Atractiveness in the New Global Environment” azterlana irakurtzea gomendatzen dugu. Ikerketa horrek zerga-pizgarrietan eta desarautzean oinarritutako eredu tradizionaletatik urrun dagoen erakarpen baten alde egiten du.
Zentzu berean, ezkerreko alderdi bateko kide izateaz susmagarri ez den Mariana Mazzucatoren hitzak ekarri nahi ditugu hona: “Enpresen inbertsioak (batez ere inbertsio berritzailea) ez dituzte baldintzatzen, neurri handi batean, zergek, baizik eta nazio baten oinarri zientifikoaren sendotasunak, haren kreditu-sistemak eta haren hezkuntzaren kalitateak, eta, beraz, haren giza kapitalak. Zerga murrizketek ez dute berrikuntzan inbertsio gehiago sortzen, aberastasunaren banaketan eragitera mugatzen dira. Arrazoi beragatik, ia soilik pizgarri fiskaletan eta arauketa bigunagoan zentratuta dauden “enpresa-guneak” ez dira, oro har, berrikuntza-guneak. Hobe litzateke diru hori aurreztea edo ezagutza-sisteman behar bezala inbertitzea, frogatuta baitago berrikuntza sortzen duela. Guztiaren gainetik, funtsezkoa da legegileak zuhur aritzea “zergez eta burokraziaz” kexatzen diren enpresen aurrean, nahiz eta argi dagoen beren ekintza globaletan islatzen dutela, hain zuzen ere, Estatua inbertitzen ari den arloak lehenesten dituztela”. Uste dugu bigarren ikuspegi hori askoz gehiago hurbiltzen dela gure herriaren garapen sozioekonomikoa historikoki ezaugarritu duen euskal eredura, enpresen errotzearen eta balio ekonomikotik harago balio soziala sortzearen alde eginez. Beraz, ezin dugu abalatu sozietateen gaineko zergaren berrikuspen sakon bat planteatzen ez duen, ezagutzaren ekonomian oinarritutako ekonomia- eta enpresa-eredu bat estrategikoki definitzen ez duen eta lurraldean errotutako ekoizpen-sare bat sustatzen ez duen zerga-erreforma bat. - EAJk eta PSEk adostutako doikuntza fiskal hori justifikatzen da gazteek etxebizitza eskuratzeari, genero-berdintasunari edo enpresak deskarbonizatzeari dagokionez ekarriko lituzkeen onurekin. Gogoratu beharko litzateke zerga-sistema ororen helburu nagusiak diru-bilketa eta aberastasunaren birbanaketa direla, eta osagarri gisa soilik izan daitekeela baliagarria politika publiko jakin batzuk sustatzeko. Doikuntza hori, neurri handi batean, kenkarien bilduma bat da, eta, horietako bakoitza teknikoki baloratzen hasi gabe (hurrengo asteetan argitaratuko dugun azterketa), horiek defendatzeko erabiltzen den argudiategia oso esanguratsua da, erakusten duelako zenbateraino blaitzen duen diskurtso politikoa ideologia neoliberalak guztiaz hitz egiteko, baina, egia esan, ezertaz edo ia ezertaz. Duela gutxi Francisco Javier Caballero EHUko katedradun emerituak Noticias de Navarra egunkarian argitaratu duen artikulu batean, “1025-2025: Volvemos al feudalismo” izenburukoan, esan duen bezala.
Izan ere, merkatua baliabideak esleitzeko sistema ia perfektu gisa aurkezten da, eta, ikuspegi horren arabera, sektore publikoari haren akatsak konpontzea dagokio. Etxebizitza-politikan, adibidez, bistakoa da hori ez dela horrela: gero eta gehiago da prestazio eta kenkarietara bideratzen den diru publikoa eta gero eta gehiago da merkatu librean alokairu bat ordaintzeari aurre egin ezin dion jendea, ekonomikoki ere jasanezina den gurpila elikatuz.
Joseph Stiglitz-ek, ezkerreko aktibismoagatik ere nabarmentzen ez denak, azaltzen du: “Ekonomialariek eztabaidatzen ari garen gai askori heltzeko ohiko modua da galdera hauek egitea: Zer egoeratan ez dute merkatuek bakarrik eraginkortasun ekonomikora eramaten? Eta nola zuzentzen ditugu merkatuaren akats horiek? Ikuspegi horrek lehentasuna ematen dio merkatuari. Merkatuak dira lehenetsitako aukera, gure analisia hasi eta bukatzen dugun lekua; gobernuaren papera, berriz, gauzak konpontzea da. Ikuspegi hori erabilgarria da, eta hortik ideiak atera ditzakegu, baina ez nago ziur ikuspegi zuzena den ala ez. Nire lanaren zati handi bat, bai teorian, bai praktikan, ikuspegi horretan oinarritu da. Baina konturatu naiz testuinguru askotan, merkataritzakoak ez diren beste mekanismo instituzional batzuek, gobernuek barne, oso ondo funtzionatu dutela. Hain ondo, non sinistu baitut ez geniekeela nahitaez lehentasuna eman behar merkatuei”.
Azterketa horren arabera, pragmatismoa da, hain zuzen ere, aurrean ditugun erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko behar adina politika planteatzeko beharra, eta horrek EAJk eta PSEk proposatutako doikuntza fiskala ez babestera garamat
Hirugarren Eraldaketa Nazionala
Pragmatismoak eraman behar gaitu gure begirada eta gure energiak Euskal Herrian zentratzera. Izan gaitezen zintzoak, euskal instituzioek ez dute eragin nabarmenik izango Europar Batasunean krisi politikoa hain nabarmena den une honetan, lehenik eta behin ez garelako estatu bat. Nazioartean dugun presentzia areagotu behar dugu, zalantzarik gabe, baina eskura ditugun aukera errealak neurriz kanpo baloratu gabe. Bestela politika plazeboa egiten ariko ginateke.
Errealitate politiko eta ekonomikoaren zein zatitan eragin dezakegu? Errealitatearen zein zati alda dezakegu, oso txikia izan arren? Zer dago gure esku gure posiziotik eta gure eskalatik mundu berri honetan eta bide-orririk gabeko Europa baten aurrean? Horrek izan behar du euskal ekintza politikoaren erreferentzia-sistema. Begiradak barrurakoa izan behar du, egoerarik txarrenean herri honen onena ateratzen saiatu gaitezen.
Denbora asko galdu dugu. Askotan esan dugu: herri hau hobeto prestatuta egon zitekeen abagune historiko honi aurre egiteko. Uste dut hori nabarmena dela energiaren, hezkuntzaren, osasunaren edo industria politikaren arloan.
Nola deskribatzen du Draghi Txostenak Europar Batasunaren funtzionamendua? Ikuspegi politiko argirik ez izateak erregulazio-karga handiegia eta zatitutako merkatu bakarra ekarri dituela adierazi du. Kritikatu du, adibidez, helburu komunak ezartzea, baina lehentasun argirik ez jartzea eta helburu horiek lortzeko politika bateratuak ez hartzea. Horri bigarren elementu bat gehitzen dio, baliabide komunen xahuketa deitzen duena. Aipatzen duen hirugarren elementua politika fiskal eta komertzialen koordinazio falta da. Laugarrenik, Draghik kritikatu egiten ditu erabakiak hartzeko arauak: sistema konplexu eta kontrakotzat jotzen du, eta haren moteltasuna eta partzialtasuna kritikatzen ditu, erabakiak eragile askok elkarri eragiten dioten gaien arabera banatzen baititu. Ez al da argazki hau gure errealitate instituzional propioaren isla zehatza?
Eta prospektiba estrategiko eskasa eta sormenerako gaitasun gutxi ikusten jarraitzen dugu. Zein dira gure herriaren garapena bultzatu behar duten proiektu estrategikoak? Zein misiok gidatu behar dute euskal nazioaren eraikuntza XXI. mende honetan? Gaur egun estrategikotzat jotzen diren proiektu gehienak edo bigarren zatiak dira edo, bestela, ikuspegi desberdinetatik oso zalantzan jartzen den garapen eredu baten inertziari eusten diote.
Abagune historiko honi aurre egiteko beharrezko baldintza gisa ondo zimendatutako herri proiektu bat behar dugula defendatzen dugu. Eta herri proiektu horrek, ezinbestean, tradizio politiko desberdinen arteko proiektu partekatua behar du izan. Datozen hogeita bost urteetarako funtsezko eraldaketa prozesuei buruz oinarrizko adostasunak artikulatzea izan daiteke herri honek demokrazia liberalaren krisiari emango dion erantzuna. Euskal nazioaren eraikuntza zibilizazio-krisiaren aurreko estrategia gisa: Hirugarren Eraldaketa Nazionala, ezegonkortasun politiko handiko une historiko honi herri eta gizarte gisa eman beharreko erantzun positibo gisa; izan ere, gure herriak eraldaketa sozial, ekonomiko eta kultural izugarria izango du aldaketa soziodemografikoen, disrupzio teknologikoaren eta krisi ekologikoaren ondorioz.
Inbestidura-saioan planteatu nuen, eta gaur hemen berresten dut: gure ikuspuntutik, herri proiektu horrek bi oinarri nagusi izan behar ditu: autogobernu berria artikulatzeko Euskal Herriaren aitortza nazionala eta politika neoliberalak gainditzea.
Zehaztu ditzagun XXI. mendeko autogobernuaren oinarriak, hirugarren eraldaketa nazional baten palanka gisa balioko diguna, eta zehaztu dezagun programa eraldatzaile bat etika komunitarioan oinarrituta: eskubide guztiak pertsona guztientzat eta betebehar berberak pertsona guztientzat.
Argi luzeak pizteko unea da. Denbora gehiago galdu gabe martxan jarri beharko liratekeen zazpi eraldaketa handi identifikatzen ditugu. Zazpi erronka handi dira, eta, gure iritziz, gure metabolismo komunitarioa suspertzea dugu jokoan, zenbait arlotan, puntu jakin batetik aurrera, atzeraezina izan daitekeen prozesu dekadente baten aukera errealaren aurrean. Gaur ez dugu horietako bakoitzean sakonduko, denbora faltagatik, baina hurrengo asteetan egingo dugu:
- Sistema instituzionalaren modernizazioa. Eraginkortasuna, efikazia eta inteligentzia instituzionala irabaztea, gure sistema instituzionalaren egiturazko modernizazio-prozesu baten bidez, adimen artifizialaz baliatuz prozesu burokratikoak automatizatzeko.
- Hezkuntza eraldatzea eta ezagutza sistema indartzea. Disrupzio teknologikoa eta aldaketa soziodemografikoak direla eta, hezkuntza sistemak eraldaketa handia behar du. Gure zientzia- eta teknologia-sarea oinarri hartuta, aurrerapauso bat eman behar dugu, ikerketan eta berrikuntzan inbertsioa handituz eta sistemaren integrazio handiago bat sustatuz.
- Hizkuntza politika berria eta komunikazio sistema nazional baten artikulazioa. Euskara eta euskal kultura gure nortasun nazionalaren funtsezko elementuak dira, komunikazioaren eta ikus-entzunezkoen esparruetan proiektatu behar den gure zentzu komunitarioa indartzeko funtsezko elementuak.
- Industria politika ekintzailea. Lankidetza publiko-pribatu orekatu eta arduratsuan oinarritutako industria politika proaktiboa, balio erantsi handiko ehun industriala, zirkularra eta lurraldeari errotutakoa bilatzen duena.
- Eremu soziosanitarioaren birdefinizioa. Osasun sistema publikoa birpentsatzea, osasun-determinatzaileetan eraginez, eta sinergiak artikulatzea zainketa-sistema publiko-komunitario baterantz doan gizarte zerbitzuen euskal sistema batekin.
- Etxebizitza politika publiko proaktiboa. Alokairura bideratutako etxebizitza babestuen parke handi bat, eta beharrezkoa den eta kontrolik gabe dagoen merkatuan esku hartzea.
- Lurralde plangintza trantsizionala. Lurraldea xehe-xehe planifikatzea, trantsizio energetikoari ekiteko, elikadura burujabetza bultzatzeko, biodibertsitatea babesteko, uraren zikloak errespetatzeko eta lurraldea klima aldaketara egokitzeko.
Ez digute balio aldaketa inkremental txikiek; eraldaketa esponentzialak martxan jartzeko unea da. Eta horrek eskatzen du une historikoaren kontzientzia argia, ortodoxia liberaletik askatzea, zentzu komunitario indartsua eta kultura politiko bat epe luzeko ikuspegia berehalakotasunaren eta epe motzeko politikaren gainetik jartzeko gai dena. Hemen eta orain.